www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Usauri
Augustin Anabitarte
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

XXI
USATEGIAN

 

        Erri barruan etxeek mendiak estaltzen dituzte; erritik urruti, berriz, mendiek etxeak ostentzen. Baño goi ura oso gora zegoala-ta, naiz txirripitiña, Usauri erria ederki ikusten zan goitik. Mendi aundiz inguratuta ageri zan eta zolaren zakonenean erria. Noizbait mendi gain batean jarritako erria irristatu ta zulokotean erori zala esan zitekean. Etxe zuriek ardiak ematen zuten eta elizak, artzaia. Egun batzutan odei lodiak beeraño jetxi ta erria ezkutatzen zan. Bazirudian ondazuloa betetzen ari zala, edo-ta, erria ito larrian.

        Baño egun artan egualdia ezin obea. Etxeak zuri-zuri eguzkitan. Gorañoko bide luzea bein bai zan, bein ez zan; bein agertu, bein ezkutatu. Gora orduko, jira-birak zirala-ta, lozorroan dagoan suge zurizka ematen zuan bideak. Mendilepo zelai artatik ederki igarri zitekean Juantxok eta irurak ibillitako jeistea.

        Garai ederreko eguraztea!

        Belardi goxo batean exerita Martin eta Mirele, biak alkartasunik onenean. Mirele elur maluta esango genukean, sasoiak ukatuko ez baligu; ain zuria zitzaion soñekoa.

        Martin ala ari zan:

        —...ta ortatik datorkio gure erriari Usauri izena: «Uso-uri». Ikusten dezunez kanpotik datozkigu txoloma txuriak.

        Ta Mirele-ren jantzi argiari begiratuta geldiro jarraitu zuan: «Zu ere kanpotik etorri zatzaigu».

        Mireleri polita zitzaion Martinen jarduna. Oso bizituta zegoan. Arpegi alaia jarri ondoren onela galdetu zion mutil atsegiñari:

        —Ni usoa banintz eta zu eiztari zer egingo ninduzuke, aize zabalean joaten utzi ala sarepean sartu?

        —Biak.

        —Eta nola bada?

        —Elizondora joaten utziko nizuke, baño nere sarean... —ez zuan bukatu.

        Ordea, Mirelek ederki asmatu aren esanaia. Ikusi:

        —Eta nola jakingo zenuke zure sarean banengo ala ez?

        —Ondoen zeorrek esango zenuke.

        Mirelek burua makurtu ta aldameneko belarrak esku txikiarekin tiraka moztu. Ixilune baten ondoren jarraitu zuan;

        —Esaidazu, bada, nola atxitzen dituzten usoak emen.

        —Etxalarren arrapatzen dituzten era berean —asi zan Martin—. Udazkenez etorri oi dira usoak, batez ere egoaizearekin, eta badoaz pillaka itsasotik egoalderat. Batzutan uso samalda izugarria izaten da. Alakotan guztiak batean ilda eroriko balira, lurra zurituko lukete; aidean dijoazela, itzal aundia egiten dute.

        «Antziñako uso eizkera au lilluragarria da. Uso zerrendaeri begira bai atsegin egoten dala. Ikusten dezu auzko itsas-egi alaiak nola agiri diran? Andixe erortzen dituzu. Sareak, berriz, lepo-sarrera onetan egoten dira, arbola orien eta onuntzkoen arteko aizebidean. Abe batzutan lotuta, xirrika batzuen bidez erori sareak. Andik onerakoa sarebide zabala dezun, mendialde aundiak baztarrean. Orra ba eize tokia».

        «Ikusi orain eiztariak. Badira abatariak, trapariak eta sarezaiak».

        «Abatariak dituzu mutil kozkorrak ala gaztetxoak. Abatariek eun zuria makil baten muturrean izaten dute eta tutu bat ere bai. Abatariak urrutieneko txokotan egoten dira, tarteka. Ezker-eskubi badira iru-lau abatari alde bakoitzean, azkenekoak emengo aldean».

        «Trapariak, berriz, onuntzago. Ikusten dituzu orreko ortan bat, an bestea... aritz galdurroan etxoltxo lerdenak? Or egoten dira trapariak. Lau trapari dituzu. Ok izaten dute arrabeteko pala kizuztatua, karearekin zuritua, ta saski bat».

        «Sareak sei dira ta sarezaiak beste ainbeste. Gorgonioren sei zakurrek bezela bakoitzak bere izena badu elutra, mearra, ustekabia, jortuna, kalamua ta munua. Sarezaiak orma baten kerizpean egoten dira ezkutaturik, bakoitza bere sarea zaintzen».

        «Abatariak, trapariak eta sarezaiak argi asi orduko beren tokietan egoten dira ta illunak ortxen arrapatzen ditu».

        «Ezkutune ortan ikusten dezun etxolean, ikusleak gordeta egoten dira, orren eizkera poli-polita ikustera etorri berriak».

        «Alako batean "usoak, usoak!", "atozte laister!" ta sarrerazten dituzte».

        «Ona nola izan oi dan uso-eize txoragarria».

        «Abatari batek badakus uso samalda itsas-gañetik eta tutuz adieraziko du nontsotik datorren eta nora dijoan. Aguro ikusiko dute trapariek eta bereala esango diete laguneri non dan, nora dijoan eta multso txikia ala aundia dan...»

        Martin eta Mireleren ondotik bazijoan baserritar kaxkar bat eta zer ari ziran igarrita bat-batean asi zitzaien:

        —Bai, jauna, bai: andixe etortzen dire. Usoak lerro-lerro azaltzen direnean, abataria tu-tu-tu-tu-tu... asten da. Trapariak ikusi dituanean «Larrekoa yoizak» erraiten dio abatariari ta onek su ta gar urre!, urre!, urre! urre!... bere abata dingi-danga, dingi-danga dantzatuz. Abatariak ekarri ta bideratzen ditu usoak eta sare tokirat balin badoaz ixilik utziko dituzte trapa-ondo arte.

        «Urrena trapariek pala emanaz xfxt, xfxt, botako die bertzea ta bertzea iii-auauauauau! oyua ta garresia dagiela sarerat sartu arte ta blanba! antxen botako dituzte sareak eta lurrean iraulka ibilliko dire sarepetik egatu nairik. Alperrik, ordean; sarezaien eskuetan dire beilaxe ta saretik ateri ala arrasta, arrasta bizirik doazi oken zorrotarat eta otik etxola ala sare berexirat».

        «Ta sare gañetik ala sayestik iges-bidea artzen dutenak, an dituzte tinpi.tanpa izkilodun eiztariak. Izkilloa bizkarrean ameka amaren seme badabil ondikotz. Orixe ibilliz zaudeten! Arratsalde on, pasatu ongi».

        —Agur gizontxoa —erantzun zion Martinek.

        Bi oinka egin zituaneko Martin eta Mirele arpegiz arpegi jarrita par gozoa ezpañetan.

        Kristau bat irri antzean iduri onekoa izan oi da. Irria arpegiaren ederkuna da. Arpegi iguingarrienak atsegiñak biurtzen dira irriz daudela. Biotz oneko kristauak geienean irrizaleak izaten dira, edo-ta, irrizaleak geienetan biotz onekoak izaten dira. Parra darion bitartean ez da bildurgarririk. Ta Mirele neska lirain eta polita bazan, igarri Martinek zer ikusi zuan. Aren arpegi txuri leguna, begi garbiak, sudur me ta ezpain gorriak! «Gaztetasunaren lurrin gozoa», botikarioak esan lezakeana. Doi-doi zimurtu zitzaion kopeta par egiterakoan. Mireleren kopetak zion neska ona zala. Gañetik ille orixka ongi orraztua. Nor ausartuko litzake buru ura ikutzera!

        Ez da bada arritzekoa. Martin aal zuan guztian begira egotea. Irria ezpañetan aitu zitzaien. Martin ala ere begira. Mirelek burua makurtu. Ixilik zeuden.

        Orain Martin ari zan belarrak moztutzen. Burua baztarrera begira beatzeri eragin. Zerbait esan nai zion.

        —Gaurko eguna ez zait beñere aztuko —asi zan—. Egundaño ez det nere burua ikusi onen ongiz. Zorion osoa atxitu nezake. Gaitua nagoala diot. Baño zorion orrek, zillarbiziaren gisan dabilkitela, aldizka poza, aldizka tristetasuna, ematen dit. Ta ituna ematen didanean ere alako naigabe gogozkoa zait. Ez dakit ene oraingo itun au zer dala-ta nere biotzean dabillen. Agidanean badakit eta ez nuke nai jakin, badaukat eta ez nuke nai izan. Bildur ikaragarria ematen dit utsegiteak. Mirele, orren urruti zagoke neregandik?

        Bat-bateko erazo arek zerbaitxo larritu zuan Mirele. Jakiña ez jakin onela itzegin zion:

        —Erdiak ez dizkitzut ulertzen. Alkarrekin egonda urruti gaudela baderizkiozu... Triste baño pozik naiago zaitut. Nik naiago det zure atsegin izan ez zure kalte.

        Ta ari ura beatzarekin alderatuko balu bezela,

        —Ta uso eizeaz ari giñala ez zuk ez gizontxo arrek (parra zegian len bezela) ez didazute esan zer dala-ta palak botatzen dituztenean usoek beerakoa egiten duten —galdetu zion Mirelek.

        Naiago zuan Martinek orain-oraingo izketara jarraitzea; baño Mirelek agintzen eta aren esaneri begiratu bear. Gero ere arituko ziran eta nork zekian, nork...!

        —Palak botatzen dituztenean usoari egazti arraparia iruditzen zaio ta igesbidea beetik artzen du. Aldiak badira, ordea, pala artzen ez dutenak, agitz gogorrak datozenak eta orduan alper gorrian aritzen dira lanean usazale gaxoak, bele zarrak aña axola diote palari. Baño ondi etorrita ere ez da eunetik, ezta geiagotik, ez da bat erortzen; ala ere astean millakoa sareratua badaukate. Igarri nolako samalda ikaragarriak joaten diran.

        —Eizkera ori oso polita da —zion Mirelek—. Txoloma txuriak sarean bizirik askoz ikusgarriagoak dira tiroz ildakoak baño. Oso nago eizkera orren antzemana. Ala ere naiago nuke neronek ikustea. Baldin nere aitari eskatuko banio, sasoiz oneratuko nintzake; baño aitarekin berarekin etorri bearko nuke... —txirristatu zan esatea.

        —Alegia gu biok obeto giñakeala? —eldu zion mutillak.

        —Ez... ez nuan ori esan nai. Badakizu... nere aitak ez dakiala zuk bezin ondo emengo berri. Arekin ez nukeala ikusiko zurekin bezenbat gauza. Gu ibilkoiagoak gerala, asper gaitzagoak...

        —Zure aitaren laguntza ala nerea zein dezun naiago galdetu gabe ta urrengoa urrengorako utzita, esaidazu, Mirele, pozgarria zaizu gu biok alkarrekin egotea?

        —Nola ez onen toki politan ta orren giro ederrarekin?

        —Ez dizut ori esaten. Ni neroni naizelako, edota, beste edonor ni baño geiago jakiña ta egualdi obearekin naiago zenuke?

        —Ez, naiago zaitut —azkenez aitortu zuan Mirelek.

        Martinen poza ez da ukatzekoa. Gogoz artuko zion eskua ta bete-betean estutu. Biotz barrendik esker bero-beroak zemazkion alako neska zintzo ta txukunari. Gero ta bertago zitzaion lengo urrutitatsuna. Zoriona abo-beteta edango al zuan? Jadanik an bertan zegoan. Diruaren atsegiñak ez dira ezer ezti-dario orren aldean. Txurrupaka asi zan. Beste edonor baño naiago omen zuan bera. Norañoko maitasuna ote zion? Urrengo egunean bazijoan Elizondora. Eta sarea? Leiatu bear zuan eta leiatuko zan. Egun berean banatuko zituan azalak eta mamiak. Eta zion:

        —Ni zeñen pozik nagokizun...

        —Ez dezu esan triste zaudela?

        —Aldizka triste, aldizka pozik. Nere biotza batzutan zimur, bestetan amor ematen du. Na zinduzket, enea. Ez dakit nere adiskidetasuna nolakoa zaizun. Ez da adiskidetasun utsa. Zer beste geiago. Eta aundiago. Nere «tasun» orrek orren ideko «tasuna» bearrekoa du. Zuk ezik iñork ezin lezaioke eman. Orretxengatik, «tasunez tasun» ariko ez bagiña, ni triste; orrelakorik balitz, ni atsegin. Zuk nere atsegiña izatea naiago dezula esan dezunean orrelakorik esatea uste al zenuan? Ez, noski. Esango al zenuke?

        —Zu ari zera; baño nik ez dakit nola esan. Zure «tasunik» ez dakit —zion Mirelek.

        —Ona bada, ni zurekin edonorekin baño atsegiñago nago. Ni zu gabe osatu gabe nago. Nik egunez eta gauez zauzkat gogoan... biotzean, orain eta len: enparantzako iturri ondoan, eskaratzeko arratsalde artan, zubian giñanean eta baita ere... Donibaneko egun gaxo artan. Ni biziko banaiz bear zaitut. Nik, zu gabe, nukeana nukela, ez nuke ezere. Nik, bein batez esango dizut, nik maite zaitut.

        Biak ixilik gelditu ziran. Martinek eskua artu zion Mireleri. Puxka batean eskutik artuta egon ziran.

        —Ondo baderizkiozu abiatzea, illunduko du-ta —galdetu zion Mirelek.

        Zutitu ziran, belaunetako nagiak kendu ta etorri ziran toki beretik azken-eguneko azken bidea artu zuten.

        Beeraka zijoazen eta eguzkia ere bai. Doi-doi mendietako gaña urratu zuan. Usauri errixka polita mendi gerizpeak arrapatu zuan. Eguzkiak artu, gerizpeak artu, ura beti an.

        Egun artan Usauri txikiak iñoiz ez bezelako lillura zeukakion biko gazteari. Atsegiña gañezka, zoriona tontorka, pozik zijoazen maldan beera gero ta aurrerago. Martinen itzak ez ziran alperrikakoak izan. igarri zion. Aal zuan ondoen, gero ta geiago, jarduna maiteago. Mirelek Martin gogozkoa zitzaiola aitortu zuan.

        Ta ibillian-ibillian, errira irixteko garaian, Martinek onela galdetu zion Elizondoko usoari:

        —Maite al nazu, Mirele?

        Ixilune baten ondoren neskaren erantzuna:

        —Sarezai yayoa zagokit.

 

aurrekoa hurrengoa