www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Usauri
Augustin Anabitarte
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

XIX
ANTON BAT ETA ANTON BI

 

        Aurrena Juantxo, urrena Antonio ta azkena erlojerua, irurak lurrera begira, ozta-ozta ikusten zutela, ixilik zijoazen: batetik lendik naiko itzegiñak eta bestetik abo-zulotik ere indarra joaten dala.

        Gizon sendo batek atsegin izaten du mendian dabillenean zamaren bat eramatea, batez ere ondo lotu ta eutsita baldin badarama, ez dezaiola iñongo kozkorrik erakutsi. Orrez gañera makil berarizko bat baldin badarabilki, besoari zeregiña emateko eran, gazte indardunak gogoz artuko duan ibillialdia izango du. Ta nik uste atsegiñagoa dala gisa orretara gorputz osoak ekiten diolako, ez zakoekin bakarrik. Baño aitortu bear dan gauza da aldapa erpiñetan asierako asmo ibilkorrak bereala aitu ta atsegiña gaitzagiña biurtu. Zankoek aldapako nekeari ta bizkarreko beerakoari eutsi bear izaten diote; orretara, aspoak lan eta lan, aunatu egiten da ibilkaria.

        Onelaxe iritxi ziran len aipatuta atseden-tokira. Ta naiz egonaldia luzetxoa izan, aguro berritu zitzaizkien lengo miñak. Irurak, beraz, bazijoazen gora ta gora nekatu samarrak. Erlojeruaren musinkak ez iztuan iñork ikusten. Juantxo sugearen burua zan, Antonio gerria ta erlojerua isatsa. Bira bakoitzean lenengoz Juantxo asten zan eta azkenez erlojerua, noski. Buruzagiak zankoa altxa, makillari eutsi ta aupa egiten bazuan, beste biak ari bera iruten. Artean arnasak eta oin otsak bakarrik itzegiten zuten.

        Arian-arian, zugatz, arri kozkor ta sasi tarteetatik, mendia menderatu ta gaña azpiratu zuten. Une onetan, Juantxo nora jo ez zekiala, bat-batean geratu zen. Antonio, beti aurrera, kokotzarekin jo zuan aurrekoa marmarizoka. Ta berak egindako atzerakarekin, urrena erlojeruak eman zion ordaña itxuan zetorrela. Utsagatik ez zuten iskanbilla jarri. Ordea Juantxok eskubira jo ta besteak aren atzetik.

        Garai artan doi-doi zan oartzekoa toki ura; baño egunez toki zelai zabala ikusten zan. Goiko aize otzak, ango ixiltasunak, bertako aunditasunak, oriek guztiek bakartu egiten dute dabillena, naiz eta lagunen artean joan. Oituta ez dagoanak erraz izango luke mendi-miña alako toki ikaragarrian. Arbola bakarra ezik, billutsik zegoan zabal ura. Ta auzko arbola ura ere makurtuta, buruak ia lurra jotzen zuala. Arako arkaitz aiek, berriz, isua ematen zuten biotzean. Arrese olerkariaren irudimenez, arkaitz biurtutako zantzoak.

        Gure taldea zegoaneko aldamenean ardi-babaz jositako tokia izaten zan. Ordea, gau illunean ez dira oartzekoak ikuskizun auek eta Juantxok, zerbait jakiña, agiria utzi ta garo zalapartako bidea artu zuan bere lagunekin.

        Tanto me-meak arpegian jotzen asi zitzaizkien eta baten-batek «euria degu» esanda, irureri bururatu zitzaien —baldin erlojerua bere buruaren jabe zijoala esatekoa bada— mugazaiak aterpean gordeazi añako euria egingo ote zuan, beren jantziak eta, batez ere, zorro-barrenean zeramazkitenak ez ondatu ainbeste.

        Garo aundia zapalduz muturrera iritxi ta beerakoa zuten. Jetxi ala gaztañondo pillo luzea agiri zan. Naiz eta azpitik zijoan bidea gurdibidea izan, ordea ez zan ain agiria, gaztañondoak zirala-ta, eta emendik jo zuten buruak gorde.

        Urrena mendian gora asi ziran berriz ta bidez, kanpotik zijoazela, euria orduantxe geituta, zugatz eder baten oñari ingurtu zitzaizkion belardi baten erdian, erlojerua barca baño motelago. Toki arek Endarlatza-koarekin zerbaiten antza bazeukan. Norbait edo norbaitzuk su-iskilluz il bear dituztenean, badirudi alako zugatz bakarreko tokiak egokiak dirala, il bear dutenen ezurrak abar-ostoek babestu ditzaten.

        Eta an bertan erlojerua itoko ez ote zuten ez dakigu; baño ostera, gero ta larriago, aioska asi zitzaienean, asmo gogorrak artzeko ez ote zebiltzan uste izatekoa zan.

        Erlojeruak ezetz eta ezetz, ez zuala zama arekin jarraituko, ezin zuala geiago, miña gero ta jasangaitzagoa zitzaiola ta an egongo zala bear ba-zan gau guztian euritan.

        Iñon diran irain eta disapiyuak bota ta gero, naiko gutxietsi ta ezetsita, Antonio azaldu zan gizon: bota zitzala bere zorrora nai zituan guztiak, ez zala bera erlojerua bezelako «erdipurdiko gaztea», «baezpako gizasemea», «lotsik ez duan gizona». Erlojeruari ajola gutxi; bai pozik, ordea, bizkarra lasaitzearekin; erdiak eta geiago pasako zizkion. Ta bota zizkion bere ajola gutxiak utzi zion artean. Ta Antonioren zorroa aunditzen zan araberan, erlojeruarena gutxitu. Antonio ez zan bein esanda itza jaten duan gizona. Ta erlojerua makurtuta ari zan bitartean, bera zutik ezpañak itxita.

        Aldaketa egin ondoren, zerbait geiago egon ziran zugatzaren azpian, biak erlojeruari erritan, eta euria txirtxildu ta geldiro zetorrela, ibiltzeari ekin zioten. Banakatu ziranean erraz igarri zitekean Antonioren zama zein zan. Bazirudian ganbelu aundi baten bi konkor aundiak bat eginda zeramazkiala.

        Gaña arrapatuz geroz aurreko goiari oarka jarri zitzaizkon, buruak ondo gordeta. Muga-lerra andixe zijoan. Bat emen, bestea an, tarteka mugazaien txabolak zeuden jarriak. Ta txabolatik txabolara, bai egunez, bai gauez, ibillialdiak egiten zituzten mugazaiek, bakoitzak bere aldeko artara. Txabolaekin, beraz, bideak itxitzen zituan katea zegoan. Aietako bien tartean igaro bear zuten gure patariek.

        Ajol aundia zien mugazaia batetik bestera ibilli ala txabola barrenean egoteak. Juantxok ixiltzeko keñua egiten zion Antoniori beatza sudurraren aurrean luzatuta. Andik aurrera ixilik eta oñetako takatekorik gabe ibiltzeko. Gaua beltz-beltza. Ez mugazairik, ez txabolarik, ezin zuten somatu. Muga-lerrari ondoratzea erabaki zuten. Lenengoz ezkerrera jetxiko ziran eta gero eskubira igo, ibil-bide uraxe zan ezkutuena. Lerraren ondora iritxita, geldi, mugazaia zebillen ez ote zebillen.

        Ta bien txabolan zegoala usteta, lerrak daukan tokirik txigor ta mearrenari aldez beste gin. Orrez gañera alderdi artan beerakoabereala zegoan.

        Juantxoren aburuari ezin akatzik jarri. Iñork ez zuan uste oberik azaltzea. Esanak esan eta abiatu ziran, bada, asmatu bezela. Orduan konturatu zein zalla zan lagunen arteko berriketan ain erraza zirudian egiteko ura. Ezta itzik ere, Antonioren susmurruren bat ez bazan. Arria jo, eskuak urratu, ezta kinkik ere. Euriak ez zien gogaiteragiten, illuntasuna naiago.

        Beeraño iritxi ta gorakoa artu zuten: Juantxo lenbizi, Antonio ta erlojerua, beti bezela. Aldapagorak polliki joatera beartu zituan; bestela ere ez zan laisterka aritzeko une egokia. Iru patariak ba'zikoazen neurriz baztar guztiak oarturik. Juantxok adierazi zien arako sasiaren atzean makurtuta egoteko, zugazpetan ibillita gero.

        Noizbait iritxi ziran eta geldi. Juantxok poliki oartu zien:

        —Orain gauden emen txolarte batean atsedena artzen. Eta bitarte orretan igarri dezaiogun mugazaia ba ote dabillen. Egon aalik eta ondo-ondo jakin arte eta zuek aalbait zuen zorroak ez bustitzeko eran sartu barrenago.

        —Nerea ondo bustita dago beintzat eta, illunpean, Antonioren zorroa danaren aundia dalarik —erlojeru ajolagabeak zion— ez det ikusten, sudurraren kankarra urratzen didalarik. Mugazaiek baño sasipetik basakaturen bat atera liteken usteak bildur geiago ematen dit. Dagoan egualdiarekin botak ekarri bearrean alprejetak ekarri banitu, gaurko ainbeste izango nituan. Ez dakit nora joanda ibiltzeko gauden.

        Antoniok ezin eramanik, ostikoz jo zuan erlojerua iztarrean eta oneri irten naiean zebilkiona ots txiki batekin atera zitzaion atze aldetik. Erlojeruak eskua aboan jarri zuan par egiteko; obe, ordea, pixka bat lentxeago eskua tokiz aldatu balu.

        Juantxo ta Antonio ernai zeuden alde guztietara begira sasi gañetik doi-doi burua agertuz. Erlojeruari etzanda egoteko gogoa etorri zitzaion eta zamaz arinduta izketarako gaitu zanez geroz, orain ere an ari zan ortzaz gora:

        —Nik, baiki, ez det ezer ikusten, ezertxo ere. Baño ez det uste onelako egualdiarekin gora ta beera ibiltzeko gogoa daukan mugazai txaldanik ote dagonik. Txabola barrenean egon zitekean bezin ederki! Baina gu ere, obeto giñake geren etxeetan; ez emen euritan, garai onetan, toki onetan, ezkontza-errastuna sasi-tartean galdu balizaigu bezela. Ta ez da ori okerrena, arantz madarikatu auek sudurra lurratu didate, larrua bera uztez ez badet; eta, egia, uztekotan, naiago nuke-zorroarekin astea, balio duanagatik... I, Anton iru errial artzeko aut: lorra lor ta zorra zor.

        Ez zan iñortxo ikusten. Erlojeruarekin asper-asper eginda zeuden eta orduantxen aal zuanak aal zuala asi bear zuten «Tira, abia gaitezen», Juantxok deituta, bien artean ostikoz zutitu zuten:

        —Tira, segi neri aalik eta bizien iñon gelditu gabe —azkenengoz itzegin zuan.

        Agindunak agindu ta bereala antxen ikusi zitezkean illunpean, basakatuen antzera, iru lagun makurtuta muga pasatzeko unean. Bizkar-gañeko zamaz erraz ezagutu zitezkean zijoazenak: barrika ta meta aundia, Juantxo ta Antonio, ia alkarren ondoan; atzeraxeago, bakalluaren loditasunezko zorroarekin, erlojero alperra.

        Mugari aldez beste eginda bereala beerakoa zuten ta asitzea asi ta bat-batean urruti xamarretik «alto!» egin zuten. Juantxok korrikari geiago eman eta besteak ere bai. Andik pixka batera, osto ta adar tartetik azkarrik zijoazela, gar batez euri tanto guztiak argitu ta danba! tiro baten ots izugarria entzun zan. Ta Antonio gixajoa, goitik beera zilipurdika, mendian beera erori zan... bildurrez.

        Iñork ez zuan gelditzea uste. Bildurrak akullutu zituan eta berebiziko laisterka zeramaten irurek beren zamak eta guzti. Antoniok —bere zamarekin bi lagun alkarri lotuta esan zitekeana— naiko pirilika eginda gero altxa ta ekin zion, naiz buruko txapela bertan galdu.

        Laisterka errezago egiñarren, bidetxigor bateri lotu ziran eta itzik egin gabe —alkarrekin zetozela bai-zekiten— ekin eta ekin eten gabe beti malda beera zijoazen. Lur bustian irrixtatuta txandaka erori ta jaikitzen ziran. Ta Antonio alako batean lengoaz gañera erorita eskua atze aldeko gerri azpian zebillela, onela bota zion erlojero lasaitu asi-berriak:

 

                «Villagarsia,

                arraskazak atzia!»

 

ta «ji-ji»ari emanda ala ere bazijoan aurrera.

        Urrena ez dakigu amildegi baten zulora nola ez ziran joan. Mendi-ebakidura baten ertzetik, bide estua ala ere, aidean igaro ziran ia amildegi ikusten ez zala. An izango zan lenbiziko Antonio añeketa artan!

        Aien atzetik ez zan ezere nabaritzen. Laisterka ta laisterka muga bitartekoa askoz luzatu zuten, soka laga ta laga muturra erruz urrundu zitzaien.

        Mendi-bea arrapatzeko urren zebiltzan. Bean erreka, zabal xamarra; baño pasatzeko zubia ere bai. Araño iritxi ziran. Zubia egurtzar bat usteltzen asia besterik ez zan. Eraka bazan ere, dingili-dangala, Juantxok beste muturra arrapatu zuan. Bigarrena Antonio saiatu zan. Eta, edo azkarregi asi zalako, ala, nik uste detanez, zorroan bi lagunen partiak zeramazkialako, ala egurtzar arek noizbait autsi bear zualako, erdialdean dingili-dangala ari zan artan, egurra bi puska egin eta ikaragarrizko burrunbarekin ura jo zuan zubiak.

 

                Anton bat eta Anton bi

                Antonio putzura erori.

 

        Guk ez dakigu ur aundian erori balitz obeto edo okerrago izango ote zan, agidanean lotuta zegoan bezela ezin izango zuan igari egin. Bestetik arri ta ura tartean erorita sekulako tankatekoa artu zuan Antonio gizajoak. Erlojeruak orduantxe egiten zion oña jartzea zubiari ta utsarengatik ez ziran biak joan. Antonio erortzen ikusi zuanean, iñoren bildurrik ez duanaren lasaitasunarekin, «ji-ji»ari elduta lertu bearrean asi zan parrez.

        Juantxo aurrea artuta zijoana oso ikaratu zan autsiaren burrunbarekin; gero erlojeruaren parra nabarituta atzera etorri zan bareago. Otsak bereganatu zitzakean mugazaiak eta len urrutiratutako arriskoa bertaratu. Egiñaalean ari zan Juantxo azker ibilli zitezen, erlojeruak naiko «ji-ji» ezin egin artean.

        Erori, ez erori, larri asko ibilli zan erlojerua ere arri-tartean batetik bestera parrari ezin eutsirik. Antonio nolabait altxa ta, asieran nekez asita, ura ere azkarrean zan, erlojeruari ezere oartu gabe.

        Ez degu aiek «Bordategi»ra iritxi baño len ibilli zituzten gora ta beerak, ezker ta eskubirak, aipatzeko ustea. Erri-ingurutik ibilli ziran urruti xamar. Azkenez, «Bordategi»n sartu ziran: lenbizikoa Juantxo, bigarrena Antonio!, bere zama aundiarekin blei-blei eginda, ta azkena erlojerua bizkar utsik. Amildegi baztarretik pasa ziranean, goitik beera bota zuan bere zorroa ajolakabeak laisterrari bizi geiago emateko...

        «Gaztiene»en bitartean, Pirmin, lengoak aztuta, gogoz ari zen orain ere pilarmonika jotzen.

        Ordea, Manuel ari zitzaion madarikatzen: betiko kantak zirala, musika zatarra besterik ez zekiala, ez zuala musika «piña» jotzen...

        Onetan, Andre Axentxi sartu zan kandela billa.

        Manuelek:

        —Gabon, Andre Axentxi.

        —Gabon danoi. Oso itxura ederrekoa zaude, Manuel.

        —Bai, osasunez gaude, Jainkoari eskerrak.

        —Itxura onak egualdi ona egiten du.

        —Ardo txurrupa bat —eskeñi zion Manuelek—. Bein bat eta berriz ez, nere ardoak urik ez. Nai detena ez detela, nai deten tokira ekarri naute. Bego, Pirminek El Cafe de Mozart jo bear omen du. —Ta muxua eman zion.

        —¿Cafe de almorzar? Besterik edango ez ba-zenuteke a zer mesedea! Astean eder, jaiean kakatsu. Au muxuka asten danean, zerbait eskatu-mugan dago. Nola irabazten ez dakian jende onekin, bizitzea zenbat kostatzen dan. Leka eramantzazu ta ez dago alerik. Gero, idiak negar egin bearrean, gurdiak egin. Nere esanak ez diote biotza joko.

        Besteak parrez, kandela eskuan atera zan.

 

aurrekoa hurrengoa