www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Usauri
Augustin Anabitarte
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

I
IGANDE GOIZ BATEAN

 

        Egun artan Usarin igandea zan, eta beste tokietan ere bai. Edanontzi batean itxekita dauden bunbulloak uraren bidez azalera igo ta azkatzen diran bezala, alatsu, meza nagusiaren garaian, etxe-zulo bakoitzetik, edo beltzez jantzitako andrea pildumen oria eskuan, ala mototxa mantillaren azpitik agiri duan neska tuntuxa —errosarioa beatzetatik zintzilik— kale ta bidezkaetatik, batean bat, bestean beste, guztiek batera jotzen zuten; eta bein eliza-ateetan, len aipatutako bunbulloak bezela, ezkutatu egiten ziran. Oraindik ere nere begiek ikusten dituztela esango nuke, egun guztian mar-mar ari dan enparantzako iturriaren ondotik, oñak arritik arrira —errekatxoari akika— azkenik eliza-aurreko bidea artu ta illunpean sartzen dirala. Gurutze arria dagoan tokitik, berriz, bidea bee-aldera dijoa elizarako, jostundegia ta «Asentxi-n maatsa»ren ondotik pasata.

        Gauean bere erlojuaren joalearekin kanpotarrak etorriberrian tristetzen dituan elizan, orain, eguzkiak gain xamarretik artzen duala, ba dirudi egoak zabaldu ta, olloaren gisan, Usauri ta inguruko jendea gorde nai dituala.

        Bukatu dira pelota-plazako lei izarditsuak. Lerra-azpiko txokotik txamarrak jasota urrena ukaiarekin legortu dituzte kopetak. Galtzaleak aurretik abiatu dira; gero irabazleak, lasaiki. Pelotaka polita izan da. Gazteak gizonki airtu. Arrietatik kanpora bazegoan zenbait ikusle.

        Ardotegietan guztiontzat tokirik ez eta atarian bildutako baserritar mordoskak oraintxen sartu-ateratzeko asmotan dabiltz. Ederki alkartu dira meza-aurreko solasaldian: iganderoko ezagun eta adiskideak ikusi ta bideko nekeak nolabait arindu.

        Usaurin, arrotza baziña, onetxek joko zinduzke lenengoz: astegunetan, goizeko neska-mutillen dei ta ojuak, gurdien karrankak, zakurren zaunkak, astoen arrantzak eta, euria egin bazuan, eskalaproin-dantzak; igandetan, inguruetako mendietatik etorritako baserritar txamar-beltzdunak, ibillera oargarria ta izketa asko.

        Mezetan, guztiak giñan. Gure atzetik emakumeen arpegi gorrituak baizik ez genuan ikusten, pildumenak lurrean, gañerakoa illunpe beltzak arrapatzen zuan. Aurre-aulkiak, beteak; batez ere adiñeko gizonak, zenbait mutil kozkor ere bai. Aldare nagusian abade jauna bakarrik. Apaiz gutxitxo, esan zitekean, ain jende askorentzat. Alkatea ere an zan, bere lagunek buru zutela.

        Gu, bestetarrak, guztia oartu naiean jarri giñan; noski, Jainko-etxeari zor zaion lotsarekin. Opillak biltzen saskia eramaten duteneko artan arritu giñan, gure erri aundietan ez da orrelakorik ikasten. Inguruko aldare ezagungabeak zer ikusi bazeukaten. Bere garaian apaiz jaunak aurreko aldare aundia utzi ta sermoi-tokira igo zan berea egiteko. A zer itz ezti ta biotzekoak! Astiro-astiro, barrengo poza zeriola, asi zan. Aste artako egun batean obispo jauna izan zan Usauriko neska-mutileri bataio-baiespena ematen. Ta mutilak ezik, eta emakumeak ezik, gizon asko izan zan jaunartzen elizan. Berez biotzbera apaiza, negar eragiteko alaitasuna zerabilkian ezpañetan. Obispo jaunak, noski, urrengo bi errietan aipatu egin omen zuan Usauriko jendetza. «—Yarrai ezazute, ene kristau maiteak —zion gogoki— yarrai bide onetik atzera begiratu gabe». Ta elizako illunpean argi-argi ikusten genuan gure buru barrengo begiekin Usauriko artalde zuria ta artzai beltza atzetik...

        Meza bukatu zan. Berriro eguzkia ta zeru-zola urdiña agertu ziran begiak itxutzen zizkigutela. Len toki askotatik banaka etorritako jendea, orain pillaka, alkarrekin estututa, kanpora biurtu babarrunak urratutako zorro lodiaren zulotik atera oi diran antzera. Beraz, zabaldu jendea. Onela ustu zan Usauriko elizaren sabela; txitoak joan zitzaizkion egapetik olloari.

        Utzi ditzagun emakumeak beren zeregiñetara joaten. Baserritarrak astean errira beñere jeisten ez dirala-ta, beren artu-emanak igandeko meza nagusiaren ondorenerako uzten dituzte: bata, erritar bateri gauaz mendian emandako argimutilla jasotzera; bestea, erlojeruari zintzil-orduari zar-zarra eskatzera. Bitartean, ayuntamentuan batzarra artuta daude, enparantzako etxerik ederrenean, bigarren bizitzan; beerago, jatetxe ta etzalekua, eta beerago, ardotegia. Arratsero etortzen dan «Pidel-en tarrantak» emen egiten du geldialdia, baldin lendik zamarenzamaz aldapak igo eziñik, bide erdian geratzen ez bada, askotan gertatu oi dan bezala.

        Burnizko tutuak, zementozko zakuak, mugazai-karabineroen kutxa-zarrak, (Usaurin ere baziran mugazaiak) eta kristauak, guztiak lakarrekin etorri bezela, batean lurreratzen ziran zenbait gauza geiagorekin. Ustu ta bereala iru-bai-lau mutil sartuko zaizkio Pideleri tarrantan, eta elizko zokoraño bira bitartean, an joango zaizkio geldik ezin egonik.

        Bat... bi... iru adar-dei entzun dira. An dago pelota plazako arri koxka batean zutik irakurlea. Ayuntamentuaren erabakiak irakurtzera dijoa. Jendea bildu zaio. Izketak utzi dituzte eta oraintxe guztiak ixildu diranean, «Tukulu»eneko ardotegitik arreterik egiten ez dion ajolagabe baten itzak entzuten dira:

        —Sagardoa? Emendik bat... bi illabetera, eguzkia berotzen asten dan garaian.

        Batzuen-batzuek par egin dute. Asi da. Entzuleak buru-belarri dagozkio. Irakurleak bere lana bete ondoren arpegiak biurtu dira ta gizonak ere bai. Auxe da irteerako garaia. Azkenekoak badijoaz. «Tukulu»enean ia erritarrak besterik ez. Ta erabakiak ojoztatu bitartean sagardoaz mintzatu dana, «azkeneko baxo-erdiak egin zidak min» esanaz, etxerako bidean, zuzen-zuzen, erdi-erditik, batere baztertu gabe, bakar-bakarrik pasa da obispo jauna errian sartu zaneko erein-ostoz eta banderaz jositako uztaiaren azpitik...

 

aurrekoa hurrengoa