www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Usauri
Augustin Anabitarte
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

XX
BIDEZ BIDE

 

        Igande goizean, mezatarakoan, Mirele ta Martin batean gelditu ziran alkarrekin ibiltzearen toki ta garaiaz.

        Irakurlea arrituta egongo da azteazkenetik iganderaño alkarrekin egon gabe nola diteken. Zer asko badago, ordea; batetik beti aukerarik ez, bestetik asieratik guztien aurrean azaltzea ondo iruditzen ez. Baño, batez ere, bestea kontua. Mirelek abindu zion igande arratsaldean biak alkarrekin joango zirala eguraztera. Orrekin asko ta asko poztu zan Martin. Martinek zorion guztiak opa zizkion bere buruari. Burua arreta eske zegokion gazteari. Eskea, eskerra.

        Baldin biotzak «oakio» esaten bazion, buruak «ez estutu»; baldin arek «atera adi», onek «egon geldik». Ta kilimolo orretan auxe zebillen tarteko: bat edo bestegatik igandekoak utsegin lizaiokearen bildurra. Bildur ematen zion-eta, nola-ala asita, edo-zerbait tarte zala, joaneziña aipatuko ote zion. Ez nai Martinez orrelakorik entzutea. Uste bakarrak ikaratzen zuan. Luzeak zitzaizkion egunak; baño luzeak luze, nekez bazan ere, gogoz pasako zituan, azkenez Mirelerekin Usategira joateko zoria izango balu.

        Bein edo begiratu zuan zubito beretik garai berean Mirele ote zijoan. Orduan, noski, bearrekoa izango zuan arenganatzea. Munduko maitale guztiek onela alkar aditzen dute. Bein batez ikusi ta atsegin duten neska-mutillek, beste aztarnik ez badakite, urrengo egunean garai ta toki berean azaltzen dira; iñork esan gabe ere badakite ori.

        On dana ongi utzi oi degu obearen itxaropenean. Naiago izaten degu itxoegitea ta muxika ondo elduta jatea.

        Beste aldez, bat-bateko alkartzeari edozerk kendu lezaioke itxura. Gerik askotan ez gera izaten guk nai bezelakoak. Utsak oker aundiak lekazkike, ezin zuzendu alakoak askotan, berdintzeko abagunea galdu bada. Usategirako txango artan, ordea, naiko denbora izango zuan eta, edo berak uste baño txaldanago izan, ala aldarte txarra ontzeko arteza izango zuan.

        Martin, beraz, pozik zegoan.

        Ordu bi t'erdiak baño lentxeago Martin zai zegoan Olarte deritzan Usauriko auzoan. Zutik, eskutzik, zeregiñik gabe, egonaldiari itxura kentzearren, batean txistua jo, bestean eskuak sakelan sartu ta lurrari begira, bazebillen, an orduko emen, joan etorriak egiten. Bestetan, oargarria zitzaion ainbeste aldiz ikustez aspertuta zegoan edozer. Ez-ikusia egiten zuan geienetan. Bidez zijoazenak ez zioten kezkarik ematen: «arratsalde on» eta ixo. Lagunen bildur zan. Baita ere iñongo leiotik bururen bat azaltzen bazan.

        Ordu bi t'erdiak baño geroxeago enparantzen erditik zear bazijoan Mirele. Zuria soñekoa, zuriak oñetakoak, espartziñak; buruko illea oria ta mototsaren galartzua gorria. Ezagun zuan arpegi garbitu berria.

 

                «Oñak zebilzkin aidean».

 

        Kale illun artatik zetorrela Martinek ikusi zuanean osoa zimaur tartean iruditu zitzaion. Artu zuan poza ez da esatekoa. Begiratu lezaiotekean orain. Bi bider poztu zan, bein bakartsu geiago ez egoteagatik eta Mirelerekin alkartzeagatik berriz. Bere gogoz laisterka joango zitzaion. Buru-biotzak, orain ere, atze-aurrera bultzatzen zuten eta, dapa-dapa, irria ta zoriona zerizkiola, bideratu zitzaion.

        Martinek arratsalde onak eman bitartean Mirelek onela itzegin zuan.

        —Ez goaz Usategira.

        Egia esateko arrituta gelditu gintzaion zubiko asmoaz. Bein asi bear eta biak bakarrik arratsalde guztirako mendian gora asiko al ziran ba? Garaia bertaratu bezela, gero ta bildurgarriagoa zitzaion egiteko ura. Lagundu, bai, lagundu; ote zuan orren urruti joateko bearrik? Agidanean geiegizko abintzea egin zion. Martinekin egoteko gozoak uste baño aurreragoko joatea eskatu nonbait. Orra bada, damutu.

        Martinen ametsek bat-batean lurra jo zuten. Orduan bai eskutsik belditu zala ta buru-uts ere bai.

        Biak oso-oso sendatuta zeudela esatea aztuta geunden. Martinek ez zuan lotallurik kopetan. Ordea, orain berriro kemenak galdu zituan. Mirelek ere igarri ta biak zimeldu ez ote ziran. Usategiko arazo ura ainbestetan buruan zebilkiola, ainbeste amets zoro zekazkion arazo arek, orain bat-batean igesi ta aren tokian utsa, noski. Urrengo egunean «agur» esango zion Usauriri.

        Baño gose diranek zer janaren billa buru argia izaten duten bezela, irudimena oso bizitu zitzaion Martini. Ta Usategira ez zijoala esan bazuan, iñora ez joateko asmorik aipatu al zuan? Gela illun batean leioa idiki zioten mutillari. Besterik ezean, urrutikoa aldean. Beste edozein tokitan ere ederki ibilli zitezkean. Ta bein biak aterata, baldin bide beretik, nork zekian norañoko txangoa egingo zuten neska pozik eukitzeko arteza izatekotan?

        Arrigarria, Usategira ez joatea besterik buruan ez neskak, norabait joatea ondo zerizkion.

        Mirele zerbaitxo txospertuta gero, Martinek eldu zion.

        —Usategira joatea nai ez badezu, ez degu bearrezkoa ara joatea. Alegia, Mirele Usategia urrutitxo baderizkiozu, asi asi egingo gera ta zuk nai dezunean, an edo emen, etxerako bidea artuko degu. Nik aalik eta geien zurekin egotea nai nuan, toki ura ezin politagoa dalako. Baño «zer»a bestea bada, nereganako uste onak utsegin badizu, orretara ez dizut geiago eskatuko, emendik aurrera ez ginjoazke.

        Mutillak bere ontasuna onela erakutsi. Mirele beartuta zegoan uste txarrik ez zuala azaltzera. Danetara ere ongi iruditu zitzaion mitillaren asmo zintzoa, naiz beñere okerrik bururatu ez eta onela erantzun zion:

        —Txarrik ez det iñoiz zuregan uste izan. Ori bazenekike.

        Ta onetan ari zirala, Martinek aurrea artuta, bazebillen poliki Mirelerekin. Gutxi palta ta zubia ikusten zaneko tokira iritxita, gelditu egin ziran alde artara begira. Zubia ikusteak lengo alkarrekin egona zekarkien gogora bieri:

        —Ondo-ondo jarri ziñan, Mirele?

        —Eta zu ere bai?

        Ta ustegabean biak asi ziran bidez bide. Atsegiña dagoan lekuan, aldaparik ez...

 

aurrekoa hurrengoa