www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Usauri
Augustin Anabitarte
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

XII
«ITSASOA LAÑO DAGO...»

 

        Andre Axentxi Martinen etxetik atera zan, esanaz:

        —Nereak asko ez ditutala besteen miñekin gaizkitua nago.

        Ta bere maatsara abiatu zan Martinen izeba. Ordea, ixkiñeko goxotegian sartuta kopa erdi bat pattar eskatu zuan.

        —¿Con poco dinero poco meneo? —andrea Axentxik—. Ez nuan oraintxe aitu. Naiago nuke orduko sasoia baneuka, pasia pasa.

        Ta ttotta atera bitartean patrika-zuloan usmatuta ogi-apurrak billatu zituan. Goitik beera asi zitzaion apurrak botatzen pattarrari. Ta arritu itxuran ala dio:

        —Ogi prantzesa? Berak ean du. Bete ezazu beste erdia.

        Martin gixajoak bai neska atsegin, baño bai aritu ere gizonki. Biotza gizonak ez du emakumearentzat bakarrik bear. Gizona beti gizon. Oreidegiko gizon epelak, larru bi ta lau anka.

        Oean zetzan orain. Arriak izugarrizko zauria egin zion kopetan, kopeta eta illeak arrapatzen zizkiola. Ausarki ibillita, aurreneko tokietan, kaskatekoa artuta atzera etorri zan. Min aundia zuala igarrita ez zion iñori esan nai izan, ari zitezela gogor, jo zezatela bizkor, ez beintzat berari begira guztiak egon. Ta iñork uste gabe borroka tokian utzi ta, bide bide, orduerdiko bidean, odola arpegitik beera zeriola bera bakarrik etxeratu zan. Sendalariari deitu, miña garbitu, josi ta lortu ta buruzuri zan oeratu. Artean, irri ta santsoka garailariak zetozenean, Antonio besoan eta Martin ezta ere gogoan.

        Beren eginkizuna ain ixilik eta ain poliki eraman zutelako gazteak arrotu zitezkean; baño onontzean ez ziran ain begiratuki ibilli. Ta bai orretxengatik eta bai zaurituak izan ziralako, Simon Gorra ezik, erriko guztiak jakiñan gañean zeuden gertatutako borrokaz. Baño garaipenaren poza neurriz gañetik zijoakiela, ajola zien bost gerokoengatik.

        Ajola, ez ajola, errita batzuk ezik, utsean atera ziran. Erlojeruari galdetu zioten batean —«ni eraman egin naute», erantzun zuan eta galde bera Antoniori eginda, ixilik ezin egonik, —«ori berriz ekarri egin dute» ta «ji-ji»ren ordez doi-doi itzul egin zuan makilkatu ez zutenean. Oriek dituzu, irakurlea, biak mallu batez joak.

        Biotzean zauria ta buruan ere bai. Burukoa, aundi xamarra izanarren, ez zan ajol aundikoa. Idikia itxiko zitzaion, jost-aria kendu ta berriz ere izango zan mutil. Kaxildak ederki zaitzen zuan bere anaia. Bi bear ere. Len esana daukagun bezela, anaia-arrebak bizi ziran bakarrik, gurasorik gabeko seme-alabak bai ziran. Erriko sendalariak sartu-aldiak egiten zituan etxe artan. Gizon atsegiña ala ere. Jardunean ederki gozarazten zien beta. Mugaz beste aldean asko maite omen zuten. Aras errira joaten bazan ez zan aterik bertatik deituko ez zutenik. Europako gerratean zenbatetan ez ote zan joan Prantzi menpeko erri artara bertako sendalaria... sendatu bearrean iltzera eraman zutelako. Eta Usauri erriak ere zenbat ogi ta arraultza ez ote zituan bidali arasko gizajoak bizi zitezen. Usauri ta Arasen erdian muga ta berek tajutu gabeko muga aren joan-etorriagatik alkar asko maite zuten. Len Usaurikoak Araskoengandik laguntza artuak ziran ere. Orra bi benetako euskalerri.

        Ta onelaxe kontatzen zituan zenbait gertaera. Baño Anakleto zarra bakarrik bizi zanaren eriotzak bezela ez zion eriotzik orrenbesterañoko ikutua egin. Auzokoek deitu ta etxean sartu zanean gorputz zegoan. Sukaldean sartu zaneko batean kaioletako txori guztiak goseak ilda, orduari geldik.

        Adiskideak ere, tarteka, etorri zitzaizkion Martini. Guztiek aitzaki berbera, alegia berei esan balie, ez zutela zaurituta ikusi, ikusi balute zer esanik ez berari laguntzen egiñaala egingo zituztela.

        Manuelek zion: —Naiago nikek ire miña artu ta ez Paulinoren borroka ikusi gabe egon; baño il bi kalte izan dituk.

        Arranopoletak: —Garbitu genizkiken, baletozke berriz.

        Erlojeruak urrena: —Ez ote dik Antoniok buruan kok egin?, orrek ortzak galdu dizkik.

        Ta Antonio asi zanean guztiak parrez lertu bear, Martinek ere. Ortzen bearrez itzak «fi-fa»ka zijoazkion abotik kanpora: —«orrenfeste istillu arri koxkor fatek fi odol tanto atera dizkiolako».

        —Eta ik non dituk ortzak an «granorik» azaldu ez bazan, edo iretsi egin itukan?— ekin zion Juantxok.

        Erlojeruak: —Balijoake Iruinera... berriak jartzera.

        Urrena Paulino sartuta eskua luzatu ta ala zion Martinek: —«Nere osto zimela josi akiok ik ondo irabazitako garaipen-uztaiari».

        Zer par-egin ederki ematen zioten Martini aietako batek edo bestek etxeratzen zitzaizkionean, buruko miña izanagatik. Zauriagatik bazegokean txutik lotarako baizik oeratu gabe; baño odol-ixuria mara-mara joan zitzaiola-ta, ederki auldu zan gaztea. Zurikail eginda nekez zijoakion bakartasunean arratsaldeko beltzurra.

        Oean gaxorik gutxitan gelditzen danarentzat ez da jasangaitzagorik arratsaldeko ordu triste luzeak baizik. Gaxoa bere buruaz erruki da. Bat da osasundunen mundua; bestea osasungabekoena. Donostian izango baziñateke, erriko eritegia ta zezenlarien plaza aurrez-aurre ikusiko zenituzkete; batzuk gogoz ojuka, besteak oñazez karraxika. Bizidunen eta illen munduen tartean gaxoena jarri diteke, ez bizidunak ez illak ez diralako. Eta askotan zenbatek nai lukete, gorputzari atsedena ematearren, eridun mundutik illenera joatea! Ta naiz Martin orren tankera ikaragarrian ez egon, ezta gutxiago ere, bere arreba zeregiñetara joanda bakarrik uzten zuanean, kanpoko argia ta bizia nai.

        Gela ixiltasun gorrenean zegoan. Leiotik zear, oean zegoala, zeru-apai urdiñaren puska ikusten zuan. Aren azkena zein goian zegoan! Bigarren atsaldez ikusten zuan aurreko etxea eguzkitan piztuta. Eguzkia berantz zijoaneko garaian itzala kurkulloa bezin geldiro gorantz zijoan, azkeneko leioa atzeman, gañeko tellak atxitu ta plist! urrengo goiza arte printzarik ez ikusi.

        Eguna joaten dan garai ortan guztia bukatzen dala iruditzen zaio eridunari. Txoriak ere joan oi dira. Erria ixilpean. Orrengatik otsa zabaldu egiten da. Ta urruti xamar ez badago ongi entzuten da. Martini nabari zitzaion Gaztieneko itz-susmurra. Aiek an, bera oean. Baita ere belarriratzen zitzaizkion mutil bat edo besteen oju zolia, itzai baten «aida» ere bai.

        Udazkenean «gaztain erre-beroak!» ojuztatzen duan gaztaña-saltzale andre lodi aren tokian, kaleko muturrean, orain «bostean bi laranja!», beltzez jantzitako emakume batek. Arrotz batek «mielero, miel, miel di Alcarria!». Ondarribitik etortzen dan emakume arrantzaleak, bestetan karramarroak ere saltzen dituanak, abots bizi batez «txardin bizi-biziaaa...!» deadar egiten du.

        Ta kristaurik ikusten ez badu ere, ojuak, mamuen itxura artuta, kaleetan barrena, bi zanko zintzilik iruditzen zaizkio Martini. Martinek ederki daki zein garaitan zein ojulari etorri bear duan eta len noizbeingoak zerizkionak, orain berak oiezko garaian egunero pasatzen dirala badaki.

        Irakurlea konturatu bedi alako zori txarrean biotzako zauria nola eukiko zuan. Gure mutilla oeratu zanez geroz, garaipenaren berria jakinda, Mirele besterik ez zuan bere buru gaizkituan. Lenbiziko egunean alaitu zan artutako miñaz. Alegia bera orren tankera txarrean zegoela jakiñik, maitasunez ikututa beratuko ote zan, mutilla erruki ta naia xamuturko ote zitzaion. Martin pozik zegoan berarengatik neskak ere biotzean nekea zeramakealako. Ez berari gaizki nai ziolako; ala balitz, benaz bereganatuta zeukalako baizik. Eta berak oartu aal balezaioke, ordañak tontorka emango lizkioke. Berak ikusi Mirelek zer egin. Bear bazan, eskumuñak emango zizkion. Ura poza ala balitz: —«nola esan dizu?», galdetuko zion zekazkienari. Agian jakin naiez beterik Kaxildagana joango zan. Ura zoriona baldin ala gerta: —«ni ikusteko gogorik ez al dizu erakutsi?», egingo zion bere arrebari. Albait... bere etxera etorriko ote zan? Ura zoramena orduan. Etorria ezajola egingo zion Mirelek, berak bazekian ori, emakumeak alakoxeak izaten dira; artean barrenen naiko lan.

        Laugarren aldiz ikusten zuan Martinek gañeko tximini muturra illuntzen. Ta iñondik susmorik ez. Lau eguneko beltzuria pillotu zitzaion gizajoari. Edo ala iruditu beintzat, maindireak kokotz azpiraño ezin ekarri. Baal zitekean Mireleganako usteaz orain ere oker egotea? —«Baño egia zer da ta zer gezurra?», egiten zion bere buruari. Ta kontuak aterata adiskidetu ziranez geroz bi bider eman zion eskua; bein iturri ondoan, esku bustia; bestea eskaratzean, esku beroa, biak alkarrekin, bakarrik, egon ziran apal aurreko artan. Berak luzatu zion eskua. Ta Martinek gogora ekartzen neskatxaren ibillerak, itzak eta xeetasun guztiak.

        Martin ez zegoan oker. Berak ala zion. Alkar arteko begitarte ona egiazkoa zan, benazkoa. Ta bere burua gutxietsiko al zuan galdetzeagatik? Ez al zuan Josunek galdetu, ostatuko neskarekin zer ikusi gutxiago izanagatik? Eta beste buztiak?

        Ta Martin guztian zuzen zegoan onetan ez besterik: beste iñork baño zer ikusi geiago zualako, orretxegatik beragatik, ez zuala antzik eman nai.

        Gañerakoan, an bakartsu zegoalako, ezerk galazten ez ziolako, Martinek jator zeukan adimena. Oiezko argitasunarekin milliskatzen zituan burutapen ariñenak. Ez zan itxu-mustuan ari zan mutilla. Arrika aritu zalako neskari itxuski iruditu ta muxin egin ote zion pentsatzen ere jarri zan. Baño orretaz ez zuan bururik autsi nai, ez zitzaion atsegin neska bati mutilla adoretsua ala koldarra berdin iruditzea.

        Ordukoz buruari geldialdia emateko gogoa etorri ta ala galdetu zion bere arrebari:

        —Esaidan, Kaxilda: nortzuk galdetu diten neregatik?

        —Ba apaizak, botikarioak, bere bi alabek ere bai; Santusteneko andreak, mugazai gazte orrek, Juantxok ere bai, berriz goizean...

        —Baño ire lagunarteko neska oriek..., —geiago eziñik esan zion anaiak.

        —Ba Josunek, Esterrek, Bittorik.

        —Ez iñork geiago ez?

        —Ez.

        —Ea ondo gogoratu.

        —Ez det uste.

        —Nortzuk daude or leioko bean?

        —Ba mutil gazteak, neska batzuk ere bai; Margerite ere ortxe dago.

        —Utzi nazan pixka batean, arren, bakarrik. Lo egingo diñat.

        Lo... zera. Len baño okerrago. Atal onen izenarekin asiera duan kanta ezpañetan zerabilkian. Biotza eztarriraño igo zitzaion.

        Odei beltzak beteta alkarganatzen diranean euria botatzen dutela diote.

 

aurrekoa hurrengoa