www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Usauri
Augustin Anabitarte
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

VI
ARRATSEAN

 

        Ez degu esan Josune jaien aurregunean Iruingo ortzalariari zai zegokionik. Ortzat antolatzeko batean izketatu ta aurreko arratsalde artan utsik egin gabe etorriko omen zan; ez, ordea, etorri. Ta naiz Josune asko zekian neska azkarra izan, eta ixil-poltsa baño ezkutuago bere asmoak gorde, ala ere, ederki igarri zezaiokean aren utsak eman zion larria, lenengoz, ta atsekabea gero.

        Baño... Karmele ortzalariaren adiskidea izaki ta arek egingo zion idazkia —ta egin ere bai— berez deituko balio bezela.

        Ori zala-ta, musikariek beren eginkizuna bukatu zutenerako, arratsaldeko zortziretan, ortzalaria «Tukulu»eneko arrotzetxean zan. Zortzietatik amarretako tarte luze artan nai bezelako lasaitasunarekin apaldu zitekean, amarretatik aurrera zanko-jokoari eragin bear balitzaio ere.

        «Tukulu»eneko ostatuan, beraz, jendea bazetorren eltxoa aña. Lenbiziko bizitzan maiak jarriak zeuden. Itsasaldiak ostatuko atea jo ta gazte-jendeak eskalleran gora palax-palax lekune zabala bete. Mai luzea erdian —iru edo lau alkarri josiak—: onenbeste txali, ainbeste lagunen tokia. Bai, asieran; ez, ordea, geroxeago soñuaren ondotik etorri ziranekin:

 

                «Lertxunak lerro-lerro

                bidean doazi

                beroaren lekurat

                otzaren igesi».

 

        Baztarreko gelan bost lagun zeuden apaltzen: Iruingo ortzalaria, Bedoyako notarioa, Karmele ta Durangoko senar-emazteak, Ameriketan urteak eginda, etorri berriak. Josunek ez zien lagundu gau artan txotx berriko apaldarreri. Belarria ikustea nai ez ta burua erakutsi. Orrengatik, sartu zaneko batean, Bedoyako notarioak, zerbait zekianak, belarriratu zion:

        —Ez nau arritzen orrenbeste arretaz zure ortzak antolatzeak. Atzenean dana beretzat izango bai-du.

        —Oi ene! —ta musugorri zegoanak marrubi antza artu.

        Norbaitek ojuegin zuan:

        —Baño adizu, Katalin: ate ori itxi, gortuko gaitzute.

        Aldameneko «tropa» berriketa bizian zegoan: platerak, labanak eta ontzi guztiak, gizonen mingañaz gañera, izketa nastua zerabilkiten. Ura eromena! Neskamea, ontziak eskuan, atea idiki bakoitzean, etxea lertzen zala ematen zuan eta ikaratuta uzten zuten beren jardun gozoa gela-barrengoek.

        Senarrak emazteari ematen zizkion ekarritakoak; notarioak artu ta aurrenekoz Karmeleri eskeñi. Senarrak emaztea bezin ondo, notario gazteak Karmele zaitu. Iruingoak destaña egiten zion geienean neska gazteari; onek beste ainbeste, eta alkarri zirika beren aspaldiko ezaguera erakusten zuten:

        —Artzan, nai baden.

        —Eskarrik asko gizontxo.

        —Uste al den beatzak erretzeko gogoa detala?

        —Gaitza litzake, gazte: ire oñazeak min emango lidakek neri ere; ire odol tanto bakarrarengatik, titare añako malkoak itxuriko nizkikek; baño gaitz orrek iñoren agin onak erraietatik kentzea galaziko balikek, poztu egingo nindukek, to.

        Notarioak par, senar-emazteak par eta guztiak par; batez ere andreak gogoz egiten zuan irria: —«Qué grasia tiene la señorita»— ta ostera irriari erazota bere gorputz lodia dar-dar jartzen zuan.

        Ortzalaria, orregatik, ez zan ase ta beste erantzun bigunagorik abora etorri ez eta auxe bultzatu zion:

        —Ire abokoak beintzat, ez lidateken lan aundirik emango —alegia onik ez zuala.

        —Ematea bat, egitea beste bat; lan geiegitxo izango ukek aste baterako —bereala pasa zion neska gazteak.

        Aparia, beraz, atsegiñez zijoan bi gazteeri eskerrak. Gure amerikanak lenengoa asi ta azkena bukatzen zuan parrez: —«Caray, ori don emakumea».

        Arrotzetxetan askotan gerta izan zaigu otorduetan guk ezagutzen ez ditugunak aurrean eukitzea. Itzegin nai genuke, ta zer esan jakin ez, edo itzik egiteko gogorik ez; baño iñork guregatik iritzi okerrik izan ez dezan zerbait esatera saiatzen gera. Ta badakigu bein baño geiagotan guk uste txarrez artu genuan maikidea, ez zala guk uste bezin loloa, ezta guri iruditu bezelako adimen kamotza; ezta ere guk susmatu añako zakarra. Askotan, uste ez genuala, gizon atsegin yayoak arkitu izan ditugu, gero edozein tokitan ikusita laguntzat artu gaituztenak. Baño egia da arpegiz-arpegi lenengoz jartzean zer nola ibilli bear degun ez dakigula, ta ontzi batetik biak artu bearra!... zu lenbizi, ni azken. «Ni lenbizi» txarra izaten bai-da zer artu ez dakigula.

        Ordea, danetan okerrena bi adiskide ta zu batean topatzea. Badiardute berek beren artekoz. Zu, zure irudian, kaxkartu egiten zera. Aiek zure izketaren bearrik ez dute. Zu aienean sartuko al ziñake? Eta zu ixilik zaudela ez al dute usteko zuk aien gauzak jakin gogo dezula?

        Esan degunez, San Juan arrats artan «Tukulu»eneko ostatuan, baztarreko gela txikian apaltzen ari ziran bost lagunek, ederki alkar artzen zuten batabesteak. Bedoyako notario leialak oraindik dar-dar zeukan besoa Karmeleri edontzian sagardo txinpartuna botatzen.

        —Ik diok —Karmele zion— sagardoa Oyartzungoa dala, ardoa Erriojakoa ta arkumea Naparrokoa. Sagardoaz eta ardoaz ezin nizaikek ezere esan; baño au Naparro-arkumea danik ez diat uste. Danetara ere, iru gauz oriek egiztatzen, orien jatorria ongi azaltzen, naiko lan izango ukek.

        —A neska —erantzun zion ortzalariak— «fedea» ez da beñere galdu bear.

        —I sinsituna nonbait.

        Ta aldamenekoen zarata aundia zala-ta, atea tarte izanagatik, ortzalaria ez zuan ondo entzun aal izan, ta galdegin zion:

        —Nor?

        —I.

        —E?

        —I.

        —A!

        Ustegabeko «i-e-i-a»k ederki jolastu zituan.

        —A, motel, izketan aztuko zaiguk —bukatu zuan Karmelek.

        Ortzalaria, itxuraz ez yayoenetakoa, bere ogeitasei urteekin iñoren aurrean sendo itzegiteko ajolik ez dutenetakoa zan. Ta maiburu batean jarrita (bestean notarioa), toki arek bere jakintasun kaxkarra zabaltzea eskatzen ziola uste. Ta puskatik puskara, jakiarekin ari zala, bai jateko, bai itzegiteko, erabillialdi polita ematen zion aboari. Ta guztiaz jardutzen zan: edozein uskeria zala, goien-goieneko burutsuen arloa zala; baño an begibakarrik ez.

        Bein edo bein ezagutzen ez zuan notarioari begiratzen zion, batez ere ongi ez esanen bat iruditzen zitzaionean, ordurañokoan ixillik zegoan gizona bai-zan.

        Ta ezer geiago gogora ez zetorkiola, neskameari —orduan etorritakoari— zerbait esatea otu.

        —Zuk ez al dezu dantzan egin bear gero, Katalin?

        —Ez nik.

        Ta orra non arlo berria abora etorri, ollo ixtar baten atzetik.

        —Arritzekoa da —asi zan— orain errixkaetan dantza lotua dala-ta asi diranekin. Toki guztietan or ari dira apaizak iñon diran eragozpenak berek baltseoa deitzen dioten dantzari jartzen. Badira erriak apaizek alkateengandik iñor dantza lotuan nai detan gauza da, baño neskakin geiegikeriak egiten dituztela esate ez det batere kezkarik.

        Ardo txurrupa bat artu ta jarraitu zuan:

        —A, neska gaxoak! Mutil batekin alkar artuta bein ibiltzea naikoa dute Mirenen alabaetatik botatzeko. Baidra bein alde eta ajolik ez dienak. Beste gixaxoak, dantzatu nai lutekenak, or egoten dira botako dituztelaren bildurrez. Aien lotsa ori gertatuko balitzaie!

        Iñork erantzun ez eta aurrera zijoan.

        —Ote dakite apaiz jaun oriek gaztetasuna zer dan? Gaztetasunari jolasa bearrekoa zaio ta esango al didate neri, ba, neska mutil bikoak alkar artuta dantzan egiteagatik oben egiten duala ere? Dantzan, soñuak, neurriak eta ibillerak ondo baño obeto artzen dute irurek alkarrekin, batez ere dantzan ondo jakiñez geroz. Nik ez det obenik ikusten. Artean apaizek, dantza lotuan aritu ote diran aitortzera beartzen dituzte.

        Onetan Durangoko gizonari berbaldia etorri zitzaion:

        —Autortea be, neuk ez dakit jenteak zer autortu bearrik daukon. Ez al dira geu bezelako gixonak abadeak? Gixonak gixonari, zer dala-ta esan bear dautso egin dauzan obenak? Parkamena, parkamena... Jaungoikoak emongo dau gura badau.

        «Neu...».

        Ta ementxe bukatu zan «amerikanuaren» elea. Bera asi zanez geroztik emaztea kopetillundu zitzaion. Lengo parrak ederki aztu zitzaizkan. Noski, argi aren azpian zeudenak ez ziran bere senarra bezela urrutiko baso ta lur landuetan ia kristaurik ikusi gabe urte ta urteetan egonak, lan eta lan. Gaizki artuko zutelaren bildurrez, oraintxe «neu» zenbat urtez geroztik aitortu ez zala esatera zijoanean, emazte izutuak jo egin zuan ukalondoarekin alboan, ez ikusteko eran.

        Notarioak igarri ta, Karmeleri maiteki maats mordo polita eskeñita, bere aldikoz erantzun zion ortzalariari.

        —Iruingo dentistak ez dit ukatuko neri dantza askoen gaiztakerien iturburua dala. Oso erraza da dantzan, soñua, neurria ta ibillera, gazte bat uste okerrik gabe artaratzeko niakoak dirala esatea; ez, ordea, bertatik gogo txarrik gabe ateratzea. Dentistak esan dituan gauzaz gañera emakumea besoen artean artzea jarri lezake atseginbide orietan. Au ezin ukatu liteken egia da. Gizonak gizonarekin ez du beñere dantzan egiten. Emakumeak emakumearekin... besterik eziñean. Galde zaiezu, edo zerorrek ondoena jakingo dezu, dantzari purrukatua zeranez geroz, ez al da atsegiñago neska polit batekin itsusiakin baño dantzan egitea? Dantzara joatean dantzari ona baño emakume ederra nai du gazteak. Esan detanarekin eta ez luzatzearren esan gabe uzten detanarekin, auxe esan nai nizuke, lengo soñu, neurri ta esandakoaz gañera, emakumea norberarekin artzeko gogoa izaten dala. Ta orrelako atseginbideetan...

        Notarioak bere aburua eman zuan, guziek entzun zioten eta bakoitzak esandakoaz bere iritzia zeukan. Notarioak lasai ta irria ezpañetan bukatu zuan. Baño maiburutik maiburura botatako alkarren aurrezkako usteak, azalpena eskatzen zuten eta ortzalaria ez zan erdipurdi geldituta ondo zegoan gaztea, ta erantzun zion:

        —Nik gauza bat aitortu bear det lenengoz: asko dantzara txarrera dijoazela. Ori egia da, ta egunero ikusi ta entzuten ditugunekin ezin ukatu liteken gauza da. Baño dantza berez animarentzat kaltegarri danik ez det uste; ori zein asmoakin joaten dan. Asmo likitsakin dijoanak, orrek aitortu bear luke bere gaizki egiña, ez dantzazaletasun utsez dijoanak. Gauza asko dira ez onak, ez txarrak, ez diranak; zein alderditik artzen diran orrelako edo alako izaten dira. Baño nik adierazi nai nizukeana, dantzan batere obenik egin gabe egin ditekela. Nik uste ori daukat, nik nere buruan ikusten detalako. Ni dantzari purrukatua naiz, egia diozu, ta dantza utsagatik askotan aritzen natzaizu. Nik iñork dantzara atera nai ez dituan neska gixaxoak, neronek askotan eramaten ditut nerekin, politak ez dirala ikusi ta ondo ala txarki badakiten jakin gabe. Zu zerori dantzan ibillia zera, ta, edo zure ustea okerra da ala, zuzena bada ere, zure naiarekin ez du bat egiten. Ez det uste esandakoa gaizki artuko dezunik, ez det izan nai zu asarretzea, zu gizon atsegiña ta jatorra zatzaigularik.

        Izketa aurrera zijoan.

        —Alaxe da —bare-bare ekin zion notarioak— dantzan egin izan det batzuetan. Iruingo dentistak ez dauka zer kezkatu ori esateagatik, ezta ere zer poztu ni erantzuteko larri jarri nauenik uste izan badu. Nik ezkerrak emazkiot, eta beroenak eman ere, bere nereganako itz ederrakatik.

        «Alaxe da —jarraitu zuan— nik dantzan egin izan det eta orregatik beragatik ezin esan lezadake neri edozein apaizeri —esate batera— esan lezaiokeana: —"orrek dantza zer dan ez daki"— len gaztetasuna zer dan ez dakitela ia-ia esan die-ta. Ikusitakoaz da, beraz, nere mintzoa. Nik, orretxengatik, esan nezake. Eta ez du aloterik, ez zait dudarik jazten, nik nere egiteak aztertzen baditut eta ona zer dan eta txarra zer ezagutzen baditut, gure dentista adiskidea baño ni zuzenbideratu errazagoa edo urriago egongo naizela bera baño, jakindun gizona izanarren gaitza legokean tokian utsa ikusten dualako. Ez det uste txarrean artuko dituala esandakoak.

        »Bera batzuetan dana-dalarekin aritzeak, itsusia edo ez jakiña ba-da ere (bera neurrizalea), ez du argibide berririk ekartzen arlo onetarako. Berak errukia izan lezake baztarreko neska orietzaz, edo aintzako ongi-naia, badira-ta emakumezkoentzat birtute onenak dituztenak. Ez det iñolaz ere esango, dentista maitea, zu gizonezkoekin eratsua, begikoa ez zeranik; emen gurekin daudenak ez ninduteke utziko. Baño nik diotzut soñuaren eragintasunak emakumea bear duala gozagarritzat eta nik orretan obenbidea dakustala, bederik, eta arriskoan dabillena bertan galdu oi dala».

        Izketaldia naro, ez nai miñik eman.

        Dentistak ostera ere erantzun zion:

        —Nik diotzut dantzaren ondoren ez detala beñere gogamen txarrik izaten.

        Ta ordurarte ixilik zegoan Karmelek bat-batean bota zion:

        —Eta irekin dagoan emakumeak obenik egiten ez duala, seguru al dakik?

        Ateraldi arek mututuko zuan. Ez, bada; une artantxe atea zabaldu zuten eta bertatik etorri zitzaion laguntza. An sortu zan ikaragarrizko otsa ez itzegin ez entzutekoa zan. Apaltzeko guztian aldamenekoen iskanbilla gero ta gogorragoa zebillela esan bearrik ez dago. Areri eskerrak zer erantzun pentsatuko zuan.

        Atea itxita, Josunek (bera zan sartu berria) kafea nork nai galdetu zuan. Guzieri begiratu zien; notarioaren irria naikoa izan zuan ulertzeko. Lengo txandaz geroztik ez zan geiago ausartu sartzen.

        Zorioneko atea berriro itxi zanean erantzuten leiatu zan ortzalaria.

        —Ea, bada, Karmele maitea, nerekin dagoanak? Dagiala berak nai duana; begira beza berak nola edo zer dabillen; berarentzat izan du bere ibillera, zuzena izan ala edozein eratakoa.

        —Ori dek, ik eskuak garbitu. Artean besteeri oben eragitea ere obena da.

        Onetan jardunaldiak gar guztia galdu zuan. Ez zeuden izketako gogoarekin. Kafeak lurriña oparo botatzen zuan. Gizonek alkarri xigarroak eskeñi ondoren kea gogotik aidean. Kea goiko argiaren ondotik goraka; ormaetan kearen errañua. Maigañean platerak guriñez kutsutuak; matsa, patsa, udare ta laranja-azalak, eta botillak zokoratzeko zorian. Guziak eta guzietaz mintzatu ziran eta apari ura atsegiñez bukatu. Oraintxe jaikitzeko zeudenean atea idikita pilarmonikaren otsa sartu zan. Guztien arpegiak alaitu ziran. Baita ere dentistarena, len eskalleran gora zarataz zatozenean «asto jendea» esan zuanarena; orain, ordea, ederki apaldu ondoren, soñulariaren otsa bere barrengo alaitasunarekin batu zitzaion. Pozik zegoan ba, ta.

        —Au jende alaia, iñor madarikatu gabe ederki jolasten dakian jendea —esan zuan.

        Amerikanari toki egin zioten eta guztiak banaka kanpora abiatu ziran. Soñuaz gañera gazte jendea kantari asi zan eta iñork gortzea nai ez bazuan gogoz aldegingo zuan «Tukulu»eneko ostatutik kanpora.

        Arratseko amaikak. Illuntasunean pelota-tokiko argiak bizi ta jendea beltz.

        An zeuden nasteka an zebiltzan elkar-artuak zurrungilloaren antzera biraka mutil-neskatxak. Zeruan izarrak izillik. Enparantzan malats izugarria; aizea ostopil aundia biltzen; ura etorriala (musika), errotak jira. Ase ta ler dantzazale naasiak. Ara, antxen, «Sesiotegi»ko bi aizpak etorriak.

        Gaueko ordu bata zan. Kale batean gora, argi baten ondoan, Antonio bakarrik. Bere buruari ari zitzaion:

        —Baño On Antonio berori...?

        Mozkor-mozkor eginda zijoan.

 

aurrekoa hurrengoa