Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995

 

RAYUELA, 7. ATALA

 

        Zure ahoa ukitzen dut, behatz batez zure ahoaren ertza ukitzen dut, marraztuz noa zure ahoa nire eskutik bertatik sortuko bailitzan, zure ahoa oraintxe lehen aldiz irekiko bailitzan, eta nahikoa zait begiak ixtea guztia desegin eta berriz ere hasteko, desio dudan ahoa sorrarazten dut aldi bakoitzean, nire eskuak aukeratu duena eta zure aurpegian marrazten duena, aho bat aho guztien artean aukeratutakoa, askatasun osoz nik aukeratutakoa zure aurpegian nire eskuz marrazteko, eta ulertzen saiatzen ez naizen halabehar baten aginduz, nik marraztutakoa guztiz bat dator zure benetako ahoarekin, nire eskuak marrazten duzunaren azpian irribarre dagienarekin.

        So egiten didazu, gertutik so egin ere, gero eta gertuago, eta orduan ziklopearen jolasa hasten da, gero eta gertuagotik begiratzen diogu elkarri eta begiak handitu egiten dira, elkarren ondora hurbilduz, bata bestearen gainean jarriz eta ziklopeak elkarri begira ari dira, nahasirik eta arnasestuka, gure ahoek batak bestea aurkitzen dute eta borroka epelean hasten dira, ezpainekin hozkatuz, mingaina hortzen artera apenas labainduz, hango barrutian jolasean, aire astuna lurrin zahar batekin eta isiltasun batekin batera joan-etorrian dabilen barruti hartan. Orduan nire eskuek zure adatsean murgildu nahi dute, zure ilearen hondo sakona soseguz laztandu, musuka ari garen bitartean ahoa lorez edo arrainez beterik bagenu bezala, mugimendu arinez, urrin-gozo ilunez. Eta haginka eginez gero eztia da gure mina, eta bion aldibereko arnasaldi sutsuren batean itolarrian jarriz gero, une bateko heriotza hori ederra da. Eta aho-gozo bakarra dugu eta fruitu helduaren zapore bakarra, eta nire kontra sentitzen zaitut dardarka, ilargia ur gainean bezala.

 

Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995