Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995

 

ITZULPENAK

 

        Gauza bera gertatzen zitzaion beti. Norbaitek bere poemaren bat erdararen batera itzultzen zuenenan (berak zekizkienen artekoa bazen behintzat), bereak ziren neurtitz haiek jatorrizkoan baino hobeto ematen zioten. Horregatik ez zen harritu bere «Denbora eta kanpaia» izeneko poemaren bertsio frantses hura, miresgarria, zorrotza eta mamitsua iruditu zitzaionean.

        Bi urte geroago, gazteleraz ez zekien itzultzaile italiar batek bertsio frantses hura itzuli zuen, eta nahiz eta bera sekulan ez zen zeharkako itzulpenen zale izan (ez zuen ahazten, hala ere, beroriei esker ezagutu zituela aspaldian Tolstoi, Dostoievski eta baita Konfuzio ere), gozamen handia hartu zuen bere poema «in italico modo» harekin.

        Hiru urte geroago, itzultzaile ingeles gehienek bezalaxe gazteleraz ez zekien itzultzaile ingeles batek beraren poema itzuli zuen, bertsio frantsesetik egindako italierazko bertsioan oinarrituta. Hain urrutiko jatorria izanik ere, harekin hartu zuen gozamenik handiena iturburuko egile gaztelaniadunak. Apur bat harritu zen baina (egia esan, hain ugariak direnez, erratatzat jo zuen), zeharkako bertsio berri honek «Burnt Norton» izenburua izateaz eta ustezko egilearen izena T.S. Eliot delako bat izateaz. Hala ere, hain gustuko gertatu zitzaion ezen gaztelerara itzultzeko erabakia hartu baitzuen.

 

Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995