Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995

 

AMODIO BAT

 

        Osvaldo (hiru urte, bete berriak) telebistaren aurrean ezarri duten lehen aldian (asmo sakoneko drama britaniarra ematen dute) hipnotizaturik geratu da, ahoa erdi zabalik, begiak ikararen eraginez biribilduta.

        Umea irudien lilurak hain lotuta ikusirik, ama sukaldera abiatu da lasai. Hantxe, lapikoak eta zartaginak garbiketan aritu bitartean, ahaztu egin da umeaz. Ordu batzuk geroago gogoratu eta pentsatu du: «Loak hartuko zuen». Eskuak sikatu eta egongelara joan da haren bila.

        Pantaila hutsik dago, baina Osvaldok leku berean darrai, eta begirada tinko berberarekin.

        «Tira, goazen lotara», amak.

        «Ez», Osvaldok, ahoskera erabakiz.

        «Ezetz? Zer dela eta, mukizu hori?»

        «Zain nago»

        «Noren zain, ba?»

        «Beraren zain»

        Eta telebista seinalatu du.

        «Ah. Eta zein da bera?»

        «Bera»

        Eta Osvaldok, berriro ere, pantailarantz luzatu du atzamarra. Gero irribarre egin du, xalo, alai, itxaropentsu: Laztana esan dit».

 

Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995