|
Istorio hiperlaburrak SUHILTZAILEAK Olegario, aurresentipenetan onena izateaz gain, oso harro egon izan zen beti bere ahalmen honetaz. Batzuetan gogoa beste nonbait gelditu une batez, eta gero esaten zuen: «Bihar euria ekarriko du». Eta euria ekartzen zuen. Beste batzuetan garondoan hazka egin eta iragartzen zuen: «Asteartean 57a izango da buru». Eta asteartean 57a ailegatzen zen buruan. Adiskideen artean mugarik gabeko mirespena zioten. Beren arteko batzuek gogoan dute oraindik haren igarpenik famatuena. Unibertsitatearen parean zebiltzala, bat-batean suhiltzaileen arrabotsak eta abiadak urratu zuten goizaldeko airea. Olegariok irribarre xumea egin eta esan zuen: «Baliteke nire etxea erretzen egotea». Taxi bati deitu eta suhiltzaileei gertutik jarraitzeko agindua eman zioten txoferrari. Rivera kaletik abiatu ziren eta Olegariok: «Ia segurua da nire etxea erretzen ari dena». Adiskideak begirunezko isiltasun adeitsuan egon ziren; horrenbesteko mirespena zioten. Suhiltzaileek Pereyratik jarraitu zutenean, urduritasunak goia jo zuen. Olegario bizi zen kalean sartu zirenean, lagunak tente jarri ziren, jakinminaren jakinminez. Azkenean, suhiltzaileen kamioia Olegarioren etxe ketsuaren pare-parean gelditu eta gizonak beharrezko prestaketa lanetan hasi ziren, bizkor baina lasai. Noizean behin, ezpalen bat erortzen zen firin-faran goiko solairuko leihoetatik. Patxada osoz, Olegario taxitik jaitsi, gorbataren korapiloa atondu eta, irabazle umilaren keinuaz, adiskide onen zorion agurrak eta besarkadak jasotzeko prestatu zen. Istorio hiperlaburrak |