Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995

 

ELKARREN SEGIDAN DIRA PARKEAK

 

        Zenbait egun lehenago zeukan irakurten hasita nobela. Presazko negozio batzuk zirela medio, laga egin zuen, eta berriro zabaldu basetxera itzultzean, trenean; apurka-apurka bere gogoan lekua hartuz joan ziren argumentuaren xarma eta pertsonaien irudiak. Arratsalde hartan, abokatuari karta egin ondoren, eta —lur banaketa arazo bat zela eta— maiordomoarekin eztabaidatxoa izan eta gero, liburuari ekin zion berriz ere langelaren patxadan, haritzez osaturiko parkera begira baitzegoen. Besaulki gustukoenean eroso eserita, ateari bizkar emanda (bisita desegokientzako sarbide haserregarri iruditzen zitzaionez, traba egingo lioke bestela), ezker eskuari behin eta berriz utzi zion tertziopelo berdearen gainetik labaintzen eta azkenaldeko kapituluak irakurtzeari lotu zitzaion. Erraz gordetzen zizkion memoriak pertsonaia nagusien izen eta gizairudiak; nobelaren lilurak berehala harrapatu zuen. Gozamen ia gaiztoa zitzaion lerrotik lerrora bere burua ingurunetik deslotzen sentitzea eta, aldi berean, burua besaulkiaren bizkarraldeko tertziopeloan eroso etzanda, zigarroak eskura zeudela oraindik ere, leihoez bestaldera arrats sentiko haizea hariztian barrena dantzan zebilela. Hitzez hitz, heroien hautatu-behar lizunak erakarrita, bata bestearekin ongi ezkondutako eta kolore-mugimenduz hornitutako irudi haien pera bere buruari jare eginez, mendiko txabolan gertaturiko azken enkontruaren lekuko izan zen. Sartu da andrea aurrena, mesfidakor; etorri da orain maitalea, aurpegian adar baten zartada daramala. Musuka garbitu dio andreak odola, baina gizonak uko egin die laztanei, ez da horretara etorria, beste behin ere orbelak eta isileko xenderek gorderiko ezkutuko pasio haren zeremoniak errepikatzera. Labana, bularrean estuturik, epeltzen ari da, eta bular azpian, makurtuta, jauzirako prest, taupadaka dabil libertatea. Orrialdeetan barrena isurtzen da, antsiaz beteriko elkarrizketa, suge erreka bailitzan, eta den-dena betidanik erabakita zegoela senti daiteke. Maitalearen gorputza endredatzen zuten laztanek ere —aldiberean hari eutsi eta atzera eragin nahian bailebiltzan—, suntsitu beharreko beste gorputz haren irudia marrazten zuten, higuingarriro. Ez zen ezer aidean geratu: bertan egon ez izanaren frogantzak, ustekabeak, balizko hutsegiteak. Ordu horretatik aurrera, une bakoitzerako bazen zehazki aukeratutako erabilpena. Bigarrenez egiten ari ziren kupidabako aurrikusketa, esku batek bestearen masaila fereka zezan gelditzen zen soil-soilik, eta doi-doi. Iluntzen hasia zen.

        Elkarri begiratu barik dagoeneko, egin beharreko lanari estu loturik, txabolaren atean banandu ziren. Emakumezkoa iparralderantz zeraman bidetik abiatuko zen. Kontrako xenderatik, burua jiratu zuen une batez gizonezkoak, bestearen korrikaldia —adatsa aidean aske— ikustearren. Korrika egin zuen berak ere, zuhaitz eta sasien atzealdean tarteka ezkutatuz, iluntzearen behelaino morean basetxera zeraman zumardia ikusi artean. Txakurrek ez zuten zaunkarik egin behar, eta ez zuten egin. Maiordomoa ez zen ordu hartan egon behar, eta ez zegoen. Sarrerako hiru mailak igo eta sartu egin zen. Belarrietan zalapartaka ari zitzaion odoletik emakumearen hitzak gogoratzen zitzaizkion: aurrena, egongela urdina; gero galeria, alfonbraz estalitako eskailera. Goian, bi ate. Inor ez lehen gelan, inor ez bigarrenean. Egongelako atea, eta orduan labana eskuan, leihoetako argia, besaulkiaren bizkarralde altu haren tertziopelo berdea, besaulkian buru bat, nobela bat irakurtzen ari zen gizonaren burua.

 

Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995