Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995

 

URTE ASKOTARAKO

 

        Taberna baten barraren ondoan ezagutu zuten elkar, nork bere garagardo pitxerra aurrean zuela, eta solasaldiari ekin zioten, hasiera batean, ohi denez, eguraldiaz eta krisiaz, gero gai orokorren eta ez beti arrazionalki loturikoen gainean.

        Gizon argala idazlea omen zen; bestea, berriz, gizon arrunta. Argala idazlea zela jakin bezain laster, bestea artista izaera laudatzen hasi zen, bere esanetan «idatzi ahal izatearen pribilegio soila».

        «Etzazula pentsa hain ederra denik», esan zion argalak. «Badira ere babesgabe sakonean zauden uneak, norberak idatzi duen guztia zaborra besterik ez dela pentsatzen duen uneak. Baliteke horrela ez izatea, baina norberak horrela dela uste du. Begira, urrutira jo gabe, aspaldi ez dela nire lan argitaragabe guztiak bildu (urte askotako lana, alegia), nire adiskide onenari dei egin eta zera esan nion: "Begira, honek ez dik batere baliorik, baina ulertuko duk erraustea mingarriegia dela niretzat. Beraz, egidak mesedea: erre ezak. Zin egidak erreko duala." Eta zin egin zidan.»

        Gizon arrunta hunkiturik gelditu zen jarrera autokritiko haren aurrean, baina ez zen inolako komentariorik egitera ausartu. Isilune luze baten ondoren, garondoan hazka egin eta garagardo pitxerra altxatu zuen. Bat-batean honakoa esan zuen: «Aizu, tarte luzean aritu gara hizketan eta elkarren aurkezpena ere ez dugu egin. Ernesto Chávez dut izena, merkatal bidaiaria». Eta eskua eskaini zion.

        «Urte askotarako», esan zion besteak, eskua atzamar hezurtsuez estutzen ziola. «Franz Kafka, zure esanetara».

 

Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995