Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995

 

HORI

 

        Astean hiru bider egiten zioten galdeketa presoari «hori nork irakatsia ote zuen» jakiteko asmoz. Presoak isiltasun duin batez erantzun ohi zuen eta, orduan, zegokion tenienteak pikana hurbiltzen zion barrabiletara.

        Egun batean presoak honakoa erantzuteko inspirazioa izan zuen: «Marxek. Bai, orain gogoratzen naiz, Marx izan zen». Tenienteak, harriturik baina arretaz, «Ondo da. Eta Marx horri, nork irakatsi zion?» galdetzen asmatu zuen. Presoak, ordurako kontzesioak egiteko zabal, honakoa gehitu zuen: «Ez nago ziur, baina uste dut Hegel izan zela».

        Tenienteak, harro, irribarre egin eta presoak, lanbide-deformazioz agian, honakoa pentsatu zuen: «Ez al zen xaharra Alemaniatik mugituko!».

 

Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995