Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995

 

HIZKUNTZALARIAK

 

        Hizkuntzalaritza eta Beronen Inguruko Zientzien Nazioarteko Kongresuari bukaera eman zion txaloketa gogotsuaren ostean, takigrafi neska ederra arkatzak eta paperak jaso eta irteerarantz abiatu zen ehunen bat hizkuntzalari, filologo, semiologo, kritiko estrukturalista eta deskonstrukzionistaren artean bide eginez eta guzti-guztiek jarraitu zioten, glosematikarekin parekatzeko moduko mirespenaz, haren ibilera lirainari.

        Bat-batean gorputz fonikoa hartu zuten burmuin-irudiek:

        —Nolako sintagma!

        —Zelako polisemia!

        —Ze esanahia!

        —Nolako diakronia!

        —Zein exemplar ceterorum!

        —Zelako Zungenspitze!

        —Nolako morfema!

        Takigrafi neska axolagabe eta goibel iragan zen fonema oihan hartan barrena.

        Soil-soilik piztu zitzaion iribarrea atezain gazteak, atea zabaldu baino lehentxoago, belarrian xuxurlatu zionean: «Polittori».

 

Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995