Ipuinak
Franz Kafka

euskaratzailea: Xabier Kintana
Milabidai, Erein, 1995

 

ZARATOTS HANDIA

 

        Neure gelan eseririk nago, etxe guztiko zaratotsaren koartel nagusian. Ate guztiei kolpe ematen entzuten dut. Haien zaratari esker haien artean dabiltzanen oin-hotsak ez beste ekiditen zaizkit; oraindik dantzut sukaldeko labeko atea ixteko hotsa. Aita ene gelako ateen artetik sartu eta aurrera segitzen du, lo egiteko bata herrestan daramalarik; aldameneko gelan berogailuko errautsa marraskatzen da; Valli galdezka ari da, aretoaurretik zehar hitzak banan-banan oihukatuz, ea aitaren Isapela jada garbitu ote den; ezagun edo egiten zaidan ziztukada batek areago goratzen du erantzuten duen ahots baten heiagora. Norbaitek etxeko ateko krisketa altxatu eta eztarri katarratu baten moduko zarata egiten du; orduan atea, emakume baten ahotseko kantuarekin, gehiago ireki eta azkenean itxi egiten da, gizondar tirakada gor batekin, hots erabat arduragabearekin. Aita joana da; orain zarata leun, banatu eta desesperatuena hasten da, bi kanarien bozek gidatua. Jadanik orduan hartaz pentsatu nuen, eta kanariekin berriro ere bururatzen zait, ez ote nukeen atea ireki eta zirrikitu txiki bat utzi beharko, suge baten antzera aldameneko gelara narras joan eta, horrela, zoruaren gainean, neure arrebei eta haien andereñoari mesedez ixiltasuna eskatzeko.

 

Ipuinak
Franz Kafka

euskaratzailea: Xabier Kintana
Milabidai, Erein, 1995