Ipuinak LEGEAREN AURREAN Legearen aurrean atezain bat dago. Atezain honengana baserriko gizon bat etorri eta legean sartzen uzteko eskatzen dio. Baina atezainak, erantzunez, oraindik ezin utz dezakeela sartzen diotso. Gizonak gogoeta egin eta galde egiten dio ea geroago sartzen utziko ote duten. Litekeena duk diotso atezainak, baina orain ez. Legerako atea irekirik dago, ohi bezala, eta atezaina alde batera doanean, gizona okertu egiten da, barruan zer den ikusteko. Atezaina, hartaz konturaturik, barre egin eta honela diotso: Hire nahia horrenbestekoa bada, saia hadi sartzen, nire debekua gora behera. Baina kontutan har: ni ahaltsua nauk. Eta ez nauk azken atezaina besterik. Aretotik aretora badituk, halaber, atezainak, zein zein baino ahaltsuagoa. Eta hirugarren atezaina hain ikaragarria denez, nik neuk ezin diat haren itxura jasan. Baserriko gizonak ez zituen eragozpen hauek aurretik pentsatu; legeak guztien eskumenean izan behar luke, pentsatzen du, baina orain atezainaz ohartzean, haren larruzko soingainekoarekin, haren arrano-sudur handiarekin, haren tartariar bizar luze, urri eta beltzarekin, itxarotea hobe dela erabakitzen du. Atezainak aulkitxo bat eman eta atearen alboan jezartzen uzten dio. Han egunetan eta urtetan itxaroten du. Kontaezineko aldiz sartzen saiatzen da eta atezaina bere erreguekin nekarazten du. Atezainak maiz harekin elkarrizketa laburrak izaten ditu, haren sorterriaz eta beste hainbat gauzaz galdetuz; horiek, ordea, arduragabeko galderak dira, jaun handienak bezalakoak, eta, bukatzeko, beti berresaten dio oraindik ezin utz dezakeela sartzen. Gizona, bidaiarako anitz gauzaz horniturik, dena sakrifikatzen du, duenik baliotsuena ere, atezaina erosteko. Horrek, izan ere, guztia onartzen du, baina honela diotso: Onartzen diat, ahaleginen bat egin gabe utzi duala pentsa ez dezaan. Urte luze horietan gizona ia etengabeki atezainari adi dago. Beste atezainez ahantzi eta legearen sarreratik duen oztopo bakarra hauxe dela pentsatzen du. Bere zoritxarra madarikatzen du, lehen urteetan arriskupean eta boz goraz, eta geroago, zahartuz doan heinean, bere kautarako murmurikatuz ez besterik. Haurtzarora itzultzen da, eta atezainari urtetan egin dion behaketa luzean haren larruzko idunekoaren arkakusoak ezagutzeraino heldu denez gero, arkakusoei ere otoi egiten die laguntzeko, atezaina komentzi dezaten. Azkenean, haren ikusmena ahuldu eta jadanik ez daki benetan argi txikiago ote dagoen ala begien engainua besterik ez ote den. Baina iluntasunaren erdian halako distira nabarmentzen du, legearen atetik iraungiezinik irtena. Jadanik ez da luzaz biziko. Hil aitzin, bere buruan denbora luze horretako esperientzia guztiak galdera bakarrean biltzen dira, ordurarte atezainari egin ez diona. Atezainari keinu egiten dio, hurbil dakion, heriotzaren laztasunak gorputza gogortzen dio eta. Atezainak harekin mintzatzeko hagitz makurtu behar du, altuera ezberdintasuna gehitua baita, gizonaren kaltean. Zer jakin nahi duk orain? galdetzen dio atezainak. Aseezina haiz. Guztiak legera heltzen ahalegintzen dira dio gizonak; hortaz, nola izan daiteke, hainbeste urtetan, ni izan ezik, hemendik beste inor sartzen ez saiatzea? Atezainak gizona azkenetan dagoela ulertu eta, haren zentzu ahulek bere hitzak adi ditzaten, belarrira oihuz honela diotso: Ez zian inork hemendik sartzerik, sarrera hau hiretzat besterik ez baitzen. Orain bera ixtera noak. Ipuinak |