Ipuinak
Franz Kafka

euskaratzailea: Xabier Kintana
Milabidai, Erein, 1995

 

ABOKATU BERRIA

 

        Abokatu berria dugu, Bukefalo doktorea. Deus gutxi du bere kanpoitxuran Alexandro Mazedoniakoaren borroka-zaldia izan zelako garaia gogorazteko. Baina halere, zirkunstantzia horren berri duenak zerbait nabari du. Eta duela gutxi, sarreran atezain xume batek mirespenez behatzen ziola ikusi ahal ukan nuen, ohiko gorazalearen begiradaz, Bukefalo doktoreak, izterrak dotoreziaz altxatuz eta bere pausoekin marmolean hots sorteraziz, mailaz maila eskailera igoten zuen artean.

        Oro har, Magistraturak begi onez dakusa Bukefalo onartua izatea. Zorroztasun harrigarriaz, badiote, gizartearen gaur eguneko antolakuntza kontutan izanda, Bukefalo egoera zail xamarrean aurkitzen dela, eta, beraz, historia unibertsalean duen garrantzia ere kontsideraturik, errezibitua izatea, bederen, merezi duela. Gaur —inork ezin uka lezake hori— ez dago Alexandro Handirik. Badira hiltzen dakiten asko; ez da falta, halaber, adiskide bat lantzada batez, jataldi bateko mahaian zehar, asasinatzeko behar den abilezia ere; eta anitzen ustez Mazedonia hertsiegia da eta, beraz, Filippo madarikatzen dute, aita, baina inork, inork ere ezin dezake biderik egin Indiaraino. Haren egunetan ere Indiako ateak esku ororen helmenetik landa zeuden, baina haien norabidea erregearen ezpatak markatzen zuen. Gaur, ordea, ate horiek beste nonbait dira, urrunago, gorago. Inork ez du bidea erakusten; askok ezpatak daramatzate, baina airean erabiltzeko besterik ez, eta horiei darraien begirada, zorabiatu besterik ez da egiten.

        Horrexegatik, beharbada, Bukefalok egin duena egitea dateke hoberena, zuzenbide-liburuen irakurketan murgiltzea. Askerik, zaldizkoaren izterrak bere alboak hertsatu gabe, lanpararen argi lasaipean, Alexandroren batailen zaratotsetik urrun, gure antzinako textuen orrialdeak irakurri eta pasatzen ditu.

 

Ipuinak
Franz Kafka

euskaratzailea: Xabier Kintana
Milabidai, Erein, 1995