Ipuinak
Franz Kafka

euskaratzailea: Xabier Kintana
Milabidai, Erein, 1995

 

PROMETHEO

 

        Lau legendak ematen digute Prometheoren berri: lehenaren arauz, Jainkoak eta gizakiak traditu zituelako, Kaukason kateatu eta Jainkoek arranoak bidaltzen zizkioten, haren gibela jan zezaten, beti berriro hazten zitzaiona.

        Bigarrenaren arauz, mokokaden oinazeagatik, Prometheo haitzaren aurka gero eta gehiago zapaltzen zen, azkenean harekin bat eginik gelditu arte.

        Hirugarrenaren arauz, milaka urteren buruan haren traizioa ahantzia izan zen, Jainkoek ahantzi zuten eta arranoek eta berberak ere ahantzia zen.

        Laugarrenaren arauz, guztiak nekatu ziren arrazoirik gabe gertatu zenaz; Jainkoak nekatu ziren, arranoak nekatu ziren, zauria nekaturik itxi zen.

        Ezin azalduzko haitz hura gelditu zen. Legendak azalezina azaldu nahi luke. Egiazko oinarritik datorrenez gero, azalezinean amaitu beharra dauka.

 

Ipuinak
Franz Kafka

euskaratzailea: Xabier Kintana
Milabidai, Erein, 1995