Ipuinak GURUTZAKETA BAT Animalia bakana dut, erdizka katutxo, erdizka aharito. Neure aitaren jabetzetako batekin heredatu nuen. Halere, ene denboran baizik ez da garatu, lehenago gehiago baitzeukan aharitoarenik katutxoarenik baino. Orain izaera bietatik erdibana du. Katuarenik, burua eta behatzazalak; ahariarenik, neurria eta jasa; bienik, begiak, basati eta izekiak; ile leun eta ongi jarria; mugimenduak, batzuetan saltariak, eta beste batzuetan geldoak. Eguzkitan, leihoaren aurrealdean, kiribildurik egoten da urrumaka. Larrean lasterka egiten du, eroturik bezala, eta ia ez dago bera harrapatzerik. Katuengandik ihes egin eta ahariei erasotzen saiatzen da. Ilargi-gauetan teilak ditu biderik maiteen. Ezin du miaorik egin eta arratoiei higuina die. Ordu luzeak eman ditzake zelatan oilategiaren aitzinean, baina orain arte ez da inoiz baliatu hiltzeko aukeraz. Esne gozoaz elikatzen.dut; horixe da ongien doakiona. Bere hortz zorrotzen artetik edaten du zurrutada luzetan. Jakina, hori ikuskari aparta izaten dute haurrek. Igande goiza bisitordua da. Animaliatxoa neure belaunen gainean jartzen dut eta auzategi osoko haurrak ene inguruan gelditzen dira. Orduan galderarik miragarrienak formulatzen dira, ezein gizakik ezin erantzun ditzakeen horietakoak: ea zergatik dagoen honelako animalia bakar bat; zergatik, hain zuzen, neuk dudan; ea lehenago ere horrelako animaliarik izan ote zen, eta behin hil eta gero nolakoa izanen den; ea oso bakarrik sentitzen den; zergatik ez duen kumerik; nola deitzen den, etab. Ez dut erantzuteko lanik ere hartzen, eta nahikoa dut dudana erakustearekin. Batzuetan umeak katuekin etortzen dira, eta behin bi ahari ekarri zituzten. Baina, haien esperantzak zapuzteko, ez zen elkar-ezagutzeko eszenarik gertatu. Animaliek elkarri lasai begiratzen zioten, animali begiekin, eta nork bestearen existentzia jainkozko gertakaritzat jo zuten zalantzarik gabe. Nire altzoan animalia honek ez daki beldurra zer den eta inori jarraikitzeko gogorik ere ez du. Ene kontra konkorturik sentitzen da ongien. Bera hazi zuen familiaganako atxekimendua dauka. Hau, egia esan, ezin kontsidera daiteke ohi ez bezalako fideltasun-erakutsitzat, baizik eta lurrean, agian odolkide bakar bat ere ukan ez arren, kontaezineko ahaide politikoak dituen animalia baten instintu zuzen gisa, eta horrexegatik, gure artean aurkitu duen babesa sakratua du. Inoiz, usnaka dabilkidanean, barre eragiten dit, ene hanken artetik limurtuz, eta orduan ez dago enegandik aldentzeko erarik. Katu eta ahari izateaz aski ez duelarik, laia txakur ere izan nahi du. Behin, edozeini gerta dakiokeen bezala, ez nuen aurkitzen neure negozio-arazoetarako irtenbiderik, ez eta horiei doakien guztirako ere, eta guztia alde batera uztea pentsatu nuen; horrelako gogo-egoeran nengoela hamakan barrena hondoratu nintzen, animalia belaunetan nuela, eta beherantz so egitean haren bizarreko ile luze-luzeei negarra zeriela ohartu nintzen ustekabean. Eneak al ziren? Harenak ote? Ahari-arima zuen katu hark ba al zeukan, halaber, giza handigurarik? Ez dut neure aitarengandik gauza handirik heredatu, baina herentzia hau bederen erakusteko modukoa da. Kezka biak dauzka bere baitan, katuarena eta ahariarena, bata eta bestea hain bereziak izan arren. Horregatik larrua hestua du. Batzuetan jarlekuaren gainera jauzi egiten du, ene ondora, aurreko zangoak nire sorbaldan jartzen ditu, eusteko, eta musturra belarriaren ondoan ipintzen dit. Zerbait esanen balit bezala, eta orduan aurrerantz makurtzen da eta aurpegira begiratzen dit, komunikazio horrek egin didan zirrara ikusteko. Eta harekin atsegina izateko, zerbait ulertu banu bezala egiten dut, buruaz baietz esanez. Orduan berak behera salto egin eta ene inguruan dantzaka hasten da. Beharbada harakinaren ganibeta askabide izan lezake animalia honek, baina herentzian jaso dudanez, ukatu behar diot. Horregatik itxaron beharko du arnasa berez falta dakion arte, batzuetan giza begi ulerkorrekin behatzen didan arren, era ulerkorrez obratzera bultzatuz. Ipuinak |