Ipuinak TRAPEZIOKO ARTISTA Trapezioko artista batek jakina denez, varieté-agertoki handietako kupuletan praktikatzen den arte hau gizakiak eskuinenean dituzkeenetarik zailenetakoa da bere bizitza halako eraz antolatu zuen hasieran hobezintasunezko joera profesionalaz, eta ondoren ohituraz, berau geroago tiranikoa bilakatua, non enpresa berean lanean zegoen artean, egunez eta gauaz trapezioan gelditzen zen. Haren premia guztiak oso txikiak, bestalde morroiek betetzen zizkioten, horretan txandaka ibili eta behetik hari beha zeudenek. Goian behar zen guztia hartarako eginiko ontzietan igoten eta eraisten zioten. Honelako bizimodutik ez zen eragozpen berezirik segitzen munduko gainerakoentzat. Halere, goian gelditua zela ezin ezkuta zitekeenez gero, geldi egoten zen arren, inoiz eragozgarri xamarra gertatzen zen programako beste ikuskizunetan, publikoaren begiradaren bat beti harengana desbideratzen baitzen. Baina zuzendaritzak hori barkatzen zion, ohi ez bezalako artista zelako, ordezkaezina. Gainera, gauza jakina zen ez zela hala bizi nahikeria hutsez, eta era hartan lor zezakeela, soilki, beti entrenaturik egon eta bere artearen puntarengo hobezintasun hura. Gainera, han goian oso ongi egoten zen. Udako egun beroetan kupularen inguruko albo-leihoak zabaldu eta eguzkia eta airea zirkuaren arrastiri-giroan barnetzen zirenean, hura ederra ere bazen. Giza tratua, noski, oso mugatua zen. Noizbait sokatik gora gimnasiakideren bat igoten zen, trapezioan bere ondoan eseri, bata eskuineko soloari eta bestea ezkerrekoari eutsirik, eta horrela luzaro aritzen ziren elkarrizketan. Edo bestela, sabaialdea konpontzen ziharduten langileek goiko leihoetatik harekin hitzen bat tartekatzen zuten, edo galeriarik goreneko argi-harien egoera ikuskatzen zuen suhiltzaileak errespetuzko hitzen bat esaten zion oihuz, hura oso ulergarria gertatu ez arren. Holako uneetan izan ezik, haren ingurunea beti ixilik zegoen. Noizik behin, biao egiteko orduetan nekaturik, teatro hutsean nora ezean zebilen enplegaturen batek goitasun ia erakargarri hartara jasotzen zuen begirada, trapezista, behatua zela konturatu gabe, atsedenean egon edo bere Artean ariketak egiten zituen lekurantz. Horrela lasai bizi zitekeen trapezioko artista, tokiz tokiko ekidinezineko bidaiengatik izan ez balitz, horiek bera guztiz mintzen zuten eta. Egia da, ordea, enpresariak ardura izaten zuela sufrimendu hori behar baino gehiago luza ez zedin. Hirietako bidaietarako, ahal zelarik gauaz edo goizeko lehen orduetan, trapezista geltokirantz lasterketa-automobil batean irteten zen, kale hutsetatik abiadurarik handienean ibiliz; astiroegi, halere, trapezistaren nostalgiarako. Trenean departamendu bat prestaturik izaten zuen berarentzat bakarrik, han, maleten saretxoan bere bizimoduaren ordeko mizkina baina baliokidea nolabait aurkituz. Helburuko tokian trapezioa haren helduera baino askoz lehenago eraikia zen jadanik, oholak oraindik itxi eta ateak ere jarririk ez zeudenean. Baina enpresariarentzat instantik atseginena huraxe zen, trapezistak igoteko sokan oina jarri eta berehalako batez berriro ere bere trapezio gainean ezartzen zenekoa. Enpresariari hain ondo zihoazkion lekualdatze ugari haietan, hari bidaia berri bakoitza penagarri gertatzen zitzaion, zeren bidaiek, gainerako gauza guztiak alde batera utzita, zainak larriki nahasten baitzizkioten trapezistari. Behin, bidaiatzen ari zirela, artista saretxoan, ametsetan bezala, eta enpresaria liburu bat irakurtzen, leihoaren txokoan, trapezioko gizonak leunki erasan zion. Eta, hortzak ezpainetan, esan zion aurrerantzean bere bizitzarako beharko zuela, ez, ordurarte bezala, trapezio bat, bi baizik, bata bestearen aurrean. Enpresariak berehalaxe eman zuen baiezkoa. Baina trapezistak, enpresariaren onarpenak, beraren aurkakotasunak bezain garrantzi handirik ez zuela erakutsi nahi balu bezala, gaineratu zuen ez zuela inoiz, behin ere ez, trapezio bakar baten gainean berriro lanik eginen. Bazirudien hori inoiz gerta lekiokeelako ideiak ikaratu egiten zuela. Enpresariak, artistari geldiro behatuz, berriro ere bere adostasuna adierazi zion. Bi trapezio bakarra baino hobe dira. Gainera, ariketa berriak ugariago eta ikusgarriagoak izanen ziratekeen. Baina bat-batean artista negarrez hasi zen. Enpresaria, biziki hunkiturik, jauzi batez altxatu eta zer gertatzen zitzaion galdetu zion, eta erantzunik bat ere ez zuela eta, bere jarlekura igon, hura laztandu, besarkatu eta bere aurpegia harenaren ondoan hestutu zuen, bere azalean malkoak sentitu arte. Galdera eta hitz maitekor askoren ondoan, trapezistak honela esan zion, negar-zotinka: Eskuan barra bakarra izanez, nola bizi ninteke! Harrezkero, enpresariak erraz izan zuen hura kontsolatzea. Lehenbiziko geltokian, lehen geraleku eta ostatuan, telegrafiatuko zuela agindu zion, bigarren trapezioa ezar zezaten, eta bere buruari gogorki aurpegiratu zion krudeltasun hura, artista hainbeste denboran trapezio bakarrean lan egiten uzteagatik. Hortaz, azkenean barkaezineko huts hartaz konturaraztea eskertu zion. Era honetara, enpresariak artista lasaierazi eta bere txokora bihurtu ahal izan zen. Bera, aldiz, ez zegoen lasai; urduritasun handiz, liburuaren gainetik, epaiska, trapezistari so egiten zion. Horrelako pentsamenduekin jadanik penatzen hasia bazen, geldituko al ziren inoiz erabat? Ez al zuten egunez egun gehitzen segituko? Ez al zuten haren existentzia mehatxatuko? Eta enpresariak, larriturik, aurreko negarraldiaren amaierako lotaldi itxuraz lasai hartan, trapezioko artistaren haur-bekokian lehenbiziko tximurra marratzen ikusi uste zuen. Ipuinak |