Ipuinak
Franz Kafka

euskaratzailea: Xabier Kintana
Milabidai, Erein, 1995

 

ETXEKO JAUNAREN
BURUHAUSTEAK

 

        Batzuek uste dutenez, Odradek hitza eslaviar jatorrikoa da, eta horretan oinarriturik etimologia azaltzen ahalegintzen dira. Beste batzuk, aldiz, etorkiz alemana delakoan daude eta, diotenez, eslavieratik eragina besterik ez du. Interpretazio bien zehaztasunik ezak, ordea, hauxe pentsarazten digu oker egoteko arriskurik gabe, bietatik bata bera ere ez dela zuzena, bietako batekin ere hitzari adiera bat aurkitzea ezinezkoa delako, batik bat.

        Noski, inor ez litzateke ikerketa hauez arduratuko benetan Odradek deritzon izakia ez balego. Lehen begiradaz piru-harilko bat dirudi, motz eta izar itxurakoa, eta, izan ere, inguruan hariak loturik dituela ematen du; baina hari pusketa zahar eta hautsiak besterik ez dira, era eta kolore askotakoak, eta korapilatuak ez eze, elkarren artean endredatuak ere bai. Baina ez da harilko hutsa, izarraren erdian makilatxo bat baitu, eta horren gainean, angelu zuzenean, beste bat datxekio. Azken barratxo horri esker, alde batetik, eta izarren izpietako batez baliatuz, bestetik, multzoa hanka biren gainean bezala altxa daiteke.

        Izaki horrek behiala nolabaiteko itxura ulergarria izan zuela eta orain hautsirik dagoela sinesteko gogo luke norberak. Baina ez dirudi hori frogaturik dagoela; ezerk ez du hori horrela erakusten behinik behin; ez da inondik ageri eranskinik edo haustura-azalik, uste hori indartzeko; multzo aski zentzugabea da, baina bere tankeraren barruan ongi mugatua. Edonola ere, berataz xehekiago mintzatzerik ez dago, Odradek, izugarri arina izanik, ezin harrapa daitekeelako.

        Aldizka ganbaran, eskaileraren hutsunean, korridoreetan eta atarian ezkutatzen da. Batzuetan hilabeteak pasatzen dira bera ikusi gabe, seguraski beste etxe batera aldatua delako; baina azkenean beti, zintzoki, gurera itzultzen da. Sarritan, norbera atetik irten eta bera eskaileraren kontra jarririk aurkitzen duenean, hari mintzatzeko gogoa etortzen zaigu. Jakina, ez diogu galdera zailik egiten, aitzitik haur baten gisa tratatzen dugu —haren neurri txikiagatik seguraski—.

        —Tira, nola duk izena?

        —Odradek —dio berak.

        —Eta non bizi haiz?

        —Bizileku ezezaguna —dio, eta barre egiten du; birikarik ez duen norbaiten barrea da, baina gutxi gora behera orbelaren xuxurla bezalakoa da. Eta eskuarki elkarrizketa honela bukatzen da. Bestaldetik, ez du beti erantzuten; maiz luzaro ixilik geratzen da, bera egina dagoeneko zura bezala.

        Alferrik baina, neure buruari galde egiten diot hartaz zer izanen ote den. Bera hiltzea gerta al daiteke? Hiltzen den guztiak nolabaiteko asmoa, nolabaiteko iharduera izan beharko zuen, horretan agortua izateko; baina Odradekez ez dago hori esaterik. Gerta al daiteke, hortaz, nire seme-alaben eta nire seme-alaben seme-alaben oinen aurretik berak eskaileretatik jira-biraka segi eta hari-pusketak narras eramaten irautea? Bistan da; inori ez dio kalterik egiten; baina ni hil ondoan bera oraino bizi daitekeela pentsatzeak ia-ia mina ematen dit.

 

Ipuinak
Franz Kafka

euskaratzailea: Xabier Kintana
Milabidai, Erein, 1995