Ipuinak
Franz Kafka

euskaratzailea: Xabier Kintana
Milabidai, Erein, 1995

 

SAIA

 

        Behin batean sai batek oinak mokokatzen ari zitzaidan. Zapatak eta galtzerdiak jadanik urraturik zizkidan eta oraingoan oinei erasotzen zien mokoka. Beti mokokada egin, urduri inguruka hegaz egin eta ondoren bere lanean segitzen zuen. Jaun bat iragan zen, zati batez adi begiratu zigun eta galdetu zidan ea zergatik saia jasaten nuen.

        —Defentsarik ez dut —esan nion— etorri eta mokoka hasi zitzaidan, uxatu nahi nuen, eta lepoa okertzea ere pentsatu nuen, baina animalia hauek oso indartsuak izaten dira eta aurpegira salto egin nahi zidan. Oinak sakrifikatu nahiago izan ditut; orain ia zati-zati eginik daude.

        —Ez utzi oinaze ematen —esan zuen jaun hark—, tiro bat eta akabu sai hori.

        —Hori uste al duzu? —galdetu nion—, arazo hori zeure gain hartu nahi al duzu?

        —Pozik egin ere —esan zuen jaunak—; etxera joan eta fusila ekartzea besterik ez dut. Ordu erdi gehiago egon al zaitezke?

        —Ez dakit —erantzun nion, eta une batez minaz gogorturik gelditu nintzen; gero gehitu nuen—. Mesedez, edonola ere egizu aproba.

        —Ederki —esan zuen jaunak—, arinka noa.

        Saiak gure elkarrizketa lasai aditu zuen eta begirada jaun haren eta nire artean erabilia zuen. Orain dena ulertu zuela nekusan: urruntxora hegaz egin zuen, atzera egin zuen behar zuen abiadura lortzeko eta txabalina jaurtikitzen duen atleta baten antzera mokoa ene ahoan sartu zuen sakonki. Atzera erori nintzenean halako asaskatzea sentitu nuen: ene odolean sakontasun guztiak bete eta bazter guztiak gainezkatuz, saia, erremediogabeki, ito egiten zen.

 

Ipuinak
Franz Kafka

euskaratzailea: Xabier Kintana
Milabidai, Erein, 1995