Hiltzailea euripean 12 Ukalondoa Isham inspektorearen bulegoko intxaurkizko mahai handiaren muturrean jarrita, hatz artean zigarro piztua zeukala arduragabe, honela esan zuen Guy Sladek, neuri begiratu barik: «Eskerrik asko neu ere saltsan sartzeagatik, satorra. Gogoko dut komisaldegiko mutilak noizean behin ikustea». Begi txokoak kizkurtu, eta irribarre ozpindua egin zuen. Mahaiaren albo baten ondoan eserita nengoen, Isham bestaldean neukala. Isham luzanga zen, ile urdina zeukan eta sudur-betaurrekoak erabiltzen zituen. Ez zen txakurren tankerakoa, eta ez zuen txakurrek bezala jokatzen, ez hitz egiten ere. Violets M'Gee eta detektibe irlandar arraitsu bat, Grinnel izenekoa, pare bat aulki bizkarralde biribileko hartuta zeuden bulegoa eta sarrera-aretoa bereizten zituen manpara kristaldunaren ondoan. Sladeri esan nion: «Odola lasterregi aurkitu zenuela iruditu zitzaidan. Oker nenbilen, nonbait. Barkatu, Slade jauna». «Bai. Ezer gertatu izan ez balitz bezala, ezta?». Zutitu egin zen, eta mahai gainetik eskularrua eta Malakako makila jaso zituen. «Hori da dena niretzat, inspektorea?». «Gaurkoz, horixe da dena, Slade». Ishamen ahotsa lehor, hotz, eztenkaria zen. Sladek kirtenetik heldu zion makilari, eta eskumuturrean ipini zuen atea irekitzeko. Handik irten baino lehenago, irribarre egin zuen gelan zehar begiratuz. Azken begirada nire lepoaren atzealdeari egingo zion, nonbait. Nolanahi ere, ni berari bizkarra emanda nengoen. Ishamek esan zidan: «Ez dizut zertan esan zer iruditzen zaion polizi sailari hilketak horrela estaltzea». Hasperen egin nuen. «Tiroak» erantzun nuen. «Hildakoa lurrean. Neska aulkian, drogaturik eta biluzik, zer gertatu zen jakin gabe. Harrapatzerik ez neukan hiltzailea, zuek ere harrapatzerik ez zeneukatena... orduan, behintzat. Honen atzean langile urratu bat zazpi ahaleginak egiten dena ondo eramateko, estu eta larri bazebilen ere. Tira, ba, bota errua neuri. Ez zait damutzen». Ishamek eskuaz baztertu zuen hura guztia. «Nork hil zuen Steiner?». «Ilehoriak esango dizu». «Zeuk esatea nahi dut». Sorbaldak goratu nituen. «Neuk asmatzea nahi baduzu... Dravecen txoferrak, Carl Owenek». Ishamek ez zirudien harrituta. Violets M'Geek ozen murmuriatu zuen. «Zergatik uste duzu hori?» galdetu zidan Ishamek. «Aldi batez Marty izan zitekeela iruditu zitzaidan, batez ere, neskak hala esan zuelako. Baina horrek ez du ezer esan nahi. Neskak ez zekien, eta berehala heldu zion aukerari Martyren bizkarrean aiztoa sartzeko. Gainera, neska horri buruan zerbait sartzen zaionean, ez dirudi hortik erraz kentzen duenik. Baina Martyk ez zuen hiltzailea bailitzan jokatu. Gainera, Marty bezalako tipo hotzak ez zukeen korrika aldegingo, eta nik atea kolpatu nuenerako, hiltzailea hanka eginda zegoen. «Jakina, Slade ere izan zitekeela bururatu zitzaidan. Baina Slade ez da tankera horretakoa, dena den. Bi pistolari eramaten ditu berekin, eta halako kasuan borrokaren bat izango zatekeen. Gainera, Sladek benetan harrituta zirudien odola lurrean aurkitzean. Sladek negozioren bat zeukan Steinerrekin eta zaindu egiten zuen, baina ez zuen hil, ez zeukan inolako arrazoirik Steiner hiltzeko, eta zergatia izanda ere, ez zukeen horrela hilko, lekukoen aurrean». «Baina Carl Owenek bai. Behin maite izan zuen neska, eta ziurrenik ez zuen inoiz hura gainditu. Bazuen aukerarik neskaren kuxkuxean ibiltzeko, nora zihoan eta zertan ari zen jakiteko. Begitan hartuta zeukan Steiner; honenbestez, etxearen atzealdetik sartu, argazki biluzien saioa ikusi, eta garunak lehertarazi zizkion gizonari. Odolkiak ordainetan eman zizkion. Gero, ikaratu egin zen eta korrika alde egin zuen». «Baita Lidorako bide osoa egin ere, kai muturretik behera jauzi egiteko» esan zuen Ishamek lehor. «Ahaztu zaizu Owen gazteak kolpe zauria zeukala lokian?». Esan nuen: «Ez. Eta ez zait ahaztu Martyk bazekiela nola edo hala zer zegoen negatiboan, edo behintzat bazuela halako susmoa Steinerren etxera haren bila joateko eta gorpua garagean ezkutatzeko, denbora irabaztearren». Ishamek esan zuen: «Ekarri Agnes Laurel hona, Grinnell». Grinnellek berehala utzi zuen aulkia eta bulegoa zeharkaturik atetik kanpora joan zen. Violets M'Geek esan zidan: «Hi haiz hi adixkide ederra, txikito!». Ez nion begiratu. Ishamek zintzur-sagarraren gaineko larruazaletik tira egin zuen, eta beste eskuaren atzazalei begiratu zien. Grinnell atzera itzuli zen, ilehoria berekin ekarrita. Emakumearen ilea lardaskatuta zegoen beroki idunaren gainean. Kenduta zeuzkan eraztun beltzak. Nekatuta zirudien, baina jadanik ez zirudien beldurtuta. Patxada handiz Slade eserita egon zen aulkian eseri eta eskuak gurutzatu zituen atzazal zilarreztatuak erakutsiz. Ishamek ahots apalez esan zion emakumeari: «Ondo, Laurel andereñoa. Orain zure istorioa jakin nahi genuke». Emakumeak esku gurutzatuei begiratu zien, eta zalantzarik gabe hitz egiten hasi zen, mantso-mantso, ahotsa behartu gabe. «Orain hiru hilabete edo ezagutu nuen Joe Marty. Nirekin adiskidetu zen Steinerrentzat lanean ari nintzelako, nonbait. Orduan uste nuen atsegin ninduelako izan zela. Steinerri buruz nekien guztia kontatu nion. Lehendik ere berak bazekien zertxobait. Carmen Dravecen aitarengandik jasotako dirua gastatzen ibilia zen, baina ordurako xahututa zeukan eta sos apur batzuk baino ez zitzaizkion gelditzen. Prest zegoen beste zerbaiti ekiteko. Erabaki zuen Steinerrek negoziokidea behar zuela eta gizona jagoten hasi zen ikusteko ea tipo gogorren bat ote zuen inguruan bizkarra zaintzen. «Gau hartan autoan sartuta zegoen Steinerren etxearen atzealdera egiten duen kalearen behealdean. Tiroak entzun zituen, baita mutikoa ikusi ere eskaileretan behera arineketan, sedan handian sartzen eta ospa egiten. Joek jarraitu egin zion. Hondartzara bidean zihoala harrapatu zuen, eta bidetik irtenarazi zuen. Mutikoa pistola eskuan azaldu zitzaion, baina oso urduri zegoen, eta Joek jo eta konortea galduta utzi zuen. Konorterik gabe zegoen bitartean, Joek arakatu egin zuen eta nor zen ikusi zuen. Mutikoa bere onera itzuli zen, eta orduan Joek poliziarena egin zuen: mutikoak negarrez hasi eta gertatutakoa aitortu zion. Joe gogoetan zebilen zer egin behar ote zuen eta orduan mutikoak adorea hartu zuen, eta Joeri zartakoa eman eta autotik botata, ihesi joan zen. Marty Steinerren etxera itzuli zen. Gainontzekoa badakizue, nik uste. Joek negatiboa errebelatzera eraman zuen eta han zer zegoen ikusi zuen. Honenbestez, erabaki zuen kolpe arina jotzea hiritik alde egiteko, poliziak Steiner aurkitu baino lehen. Steinerren liburu batzuk hartzera gindoazen, horrela negozioa beste hiri batean zabaltzeko». Agnes Laurel eten egin zen. Isham tarrapataka hasi zen mahai gainean, eta emakumeari esan zion: «Martyk dena kontatu zizun, ezta?». «Bai». «Ziur zaude ez zuela Carl Owen hil?». «Ni ez nintzen han izan, baina Joek ez zuen jokatu norbait hil izan balu bezala». Ishamek baiezko keinua egin zion buruz. «Oraingoz, horixe da dena, Laurel andereño. Hori guztia idatziz nahi dugu. Hemen geratu beharko duzu, jakina». Emakumea zutitu egin zen. Grinnellek kanpora eraman zuen. Emakumeak ez zion inori begiratu kanpora irtetean. Ishamek esan zuen: «Martyk ez zeukan jakiterik Carl Owen hilda zegoela. Baina ziur zegoen mutikoa nonbait ezkutatzen ahaleginduko zela. Guk mutikoa atxilotzerako, Martyk hanka egingo zukeen, Dravecen dirua kobratuta. Martyren neskaren istorioak sinesgarria dirudi, nik uste». Inork ez zuen ezer esan. Une baten ondoren, Ishamek honela esan zidan: «Akats larria egin zenuen. Ez zeniokeen Marty aipatu beharko neskari, gure gizona zela ziur jakin arte. Hori dela eta, bi lagun hil dituzte inolako beharrik gahe». Esan nuen: «Bai, horixe. Agian hobe dut atzera joatea dena berriz egitera». «Ez egin gogorrarena». «Ez naiz gogorrarena egiten ari. Dravecentzat ari nintzen lanean, eta ez nuen nahi berak halako nahigabea sufritzerik. Ez nekien neskatxa hori halako txoroflauta zenik, ezta Dravec tripak erreta ibiliko zela. Argazkiak nahi nituen. Ez zidan axola handirik honelako zaborragatik: Steiner, Joe Marty edota honen emaztegaiagatik, eta orain ere ez dit axola». «Ondo, ondo» esan zuen Ishamek luzetsita. «Dagoeneko, ez zaitut behar. Epaitegian galdera piloa egingo dizute-eta». Isham zutitu egin zen, eta ni ere zutitu egin nintzen. Eskua eman zidan. «Baina horrek ikaragarri on egingo dizu, kaltea barik» erantsi zuen lehor. Bostekoa eman nion eta kanpora irten nintzen. M'Gee nire atzetik irten zen. Elkarrekin jaitsi ginen igogailuan, elkarri hitzik esan gabe, baina. Kalera irten ginenean, M'Gee nire Chryslerraren eskuinaldera joan eta auto barrura sartu zen. «Baduk edatekorik hire kobazuloan?». «Ugari» esan nion. «Goazemak zerbait hartzera». Autoa martxan jarri eta mendebalderantz egin nuen 1. kalean barrena, tunel durundiotsu eta luzea zeharkatuz. Tuneletik irtendakoan, M'Geek esan zidan: «Beste bezero bat bidaltzen diadanean, ez diat espero haren berri emango didaanik, motel». Aurrera egin eta Berglundera jo genuen gau giro isil hartan. Nekatuta nengoen, zaharkituta, inori ere laguntzeko ezgauza nintzela. Hiltzailea euripean |