Hiltzailea euripean 2 Hurrengo egun osoan euria egin zuen. Ilunabar aldera han nengoen Chrysler urdinaren barruan eserita Boulevardeko zeharkale hartan, denda txiki baten aurrean, zeinen gainean kaligrafiako hizkietan egindako neoi berdezko idazkuneak honela esaten baitzuen: «H. H. Steiner». Euria gogor ari zuen espaloian eta zipriztinak jendearen belaunetaraino heltzen ziren; estolderiak beteta zeuden, eta polizia handikoteak, pistola kanoiak baino distiratsuagoak ziruditen ziraz jantziak, ondo baino hobeto pasatzen ari ziren balusezko galtzerdiak eta plastikozko botatxo pollitak zerabiltzaten neskatoei leku txarrak zeharkatzen lagunduz, bai eta neskatoei zirri-mirriren bat edo beste eginez ere. Euria zalapartaka ari zuen Chryslerraren sabaian: gainaldeko estalki zurruna jo eta urratu, zirrikituetatik barrura sartu, eta ur putzuak egin zituen autoaren zolan, oinak sartuta neuzkan lekuan, hain zuzen ere. Scotch botila handia neukan aldean. Zenbait aldiz erabili nuen eta horrela ez nintzen aspertu. Steiner lanean ari zen, eguraldia halamoduzkoa bazen ere; beharbada, eguraldia halamoduzkoa zelako ari zen lanean. Oso auto dotoreak gelditzen ziren denda aurrean, eta oso jende dotorea sartzen zen isilpean, baita berriz ere isilpean irteten ere, besapean bildutako fardelak zeramatzatela. Zer esanik ez, erosketa haiek liburu zaharrak eta luxuzko argitalpenak izan zitezkeen, noski. Bost t'erdietan, larruzko jaka zerabilen mutiko zuldartsu bat dendatik irten eta kalean gora joan zen arin-aringa. Berriro itzuli zen coupé gris-krema polita ekarrita. Steiner dendatik irten eta coupé barruan sartu zen. Larruzko gabardina berde iluna zerabilen, eta zigarroa anbarezko bokilan sartuta ere bai. Sonbrerorik gabe zihoan. Ez nion antzeman kristalezko begia, urruti zegoelako, baina banekien erabiltzen zuela. Jakako mutikoak aterki bati eutsi zion Steiner espaloi tartean babesteko. Gero aterkia itxi eta coupé barruan sartu zuen. Steinerrek mendebaldera egin zuen Boulevarden zehar. Nik mendebaldera egin nuen Boulevarden zehar. Negozioen barrutia igarota, Pepper Canyonen iparraldera egin zuen eta erraz jarraitu nion etxalde bateko tartea utzita. Ziur nengoen etxerantz zihoala, eta hura ez zen aparteko kontua. Pepper Drive utzita, Steiner La Verne Terrace zeritzon porlan bustiko zerrenda bihurria hartu eta handik gora igo zen, ia goialderaino. Errepidea meharra zen, alde batean mendixka pikoa zegoela, eta bestaldeko muinoan etxe zabal batzuk ageri ziren behealdean, etxola tankerakoak. Etxeen teilatuak errepidearen mailara heltzen ziren, askoz gorago ez, behintzat. Aurrealdeak, berriz, sasiek ostenduta zeuden. Zuhaitz urasetuak ur-jarioka zebiltzan hango bazter guztietan. Steinerren gordelekuak ezpelezko hesia zeukan aurrealdean, xuxen-xuxen ebakia alde guztietatik, leihoa baino gorago. Sarrerak labirinto itxura zeukan; izan ere, etxeko atea ez zegoen agerian errepidetik. Steiner coupé gris-krema garage txikian sartu, kanpoko ateari giltza eman, eta aterkia irekita zeukala labirintoan barneratu zen. Azkenean argia piztu zuen etxean. Horretan ari zela, etxe ondotik igaro eta muinoaren goialderaino joan nintzen. Han autoa biratu eta atzera egin nuen Steinerren bizilekuaren gainean zegoen lehen etxearen aurrean aparkatzeko. Bazirudien etxea itxita edo hutsik zegoela; baina ez zeukan inolako iragarkirik agerian. Honenbestez, scotch botilarekin elkartu eta eserita geratu nintzen, beste barik. Seiak eta laurdenean kaleko argiak piztu ziren. Ordurako nahikoa ilunduta zegoen. Auto bat gelditu zen Steinerren hesiaren aurrean eta handik kanpora irten zen ziraz jantzitako neska bat, segail eta luzea. Hesiaren artetik argi izpi bat iragazten zen, eta honela ikusi nuen neska beltzarana zela eta beharbada ederra. Euriak ahotsak ekarri zizkidan. Etxeko atea itxi zuten. Chryslerretik irten eta aldapan behera joan nintzen, neskaren autoa argi-lapitzaz ikustera. Packard estalkigabea zen, gorri ilun edo arrea. Gida-baimenaren izena, Carmen Dravec, 3596 Lucerne Avenuekoa. Atzera itzuli nintzen neure autora. Ordubete tinko eta mantsoa igaro zen, eta ez zen autorik ageri aldapan gora edo behera. Oso auzotegi lasaia zirudien. Orduan, argi zuri biziko flash bat jalgi zen Steinerren etxetik, udako tximistaren antzera. Berriz ere ilunbea nagusitu zenean, halako garrasi motel eta tintinariak iluntasuna zeharkatu eta oihartzun motela egin zuen zuhaitz bustien artean. Azken oihartzuna iraungi zenerako, Chryslerretik kanpo nenbilen etxera bidean. Garrasia ez zen beldurrezkoa izan. Halako zirrara gozagarriaren kutsua zeukan, mozkorraldiaren doinua eta ergelkeria hutsezko ukialditxo bat. Steinerren etxauntza isil-isilik zegoela, hesiaren zuloarekin topo egin nuen, aurreko atea ostenduta zeukan ezpelezko tartearen ingurutik igaro eta eskua jaso nuen atea jotzeko. Une hartan bertan, baten bat horren zain egon bailitzan, hiru tiro danba! aditu ziren bata bestearen ondoren atearen bestaldean. Honen ostean, halako hasperen luze eta zakarra, bunpada bigun bat, eta etxearen atzealdera urrundu ziren oinots arinak. Denbora galdu nuen atea sorbaldaz jotzean, behar beste abaila hartu ez nuelako. Ateak atzera bota ninduen armadako mandoak ostikatu izan banindu bezala. Ate aurrean pasabide estua zegoen, zubitxo antzekoa, errepidetik zetorrena. Etxe alboan ez zegoen portxerik, ezta leihoetara egiteko lasterbiderik. Ez zen beste biderik etxearen atzealdera joateko, etxe barnetik igarota edota beheko kaleartean zegoen egurrezko maila piloa igota baizik. Eskailera horietan, hain zuzen ere, oinotsak aditu nituen. Horrexek eman zidan bultzada berriz ere atea jotzeko, ostikoz jo ere. Sarraila apurtu egin nuen, eta bi koxka jaitsitakoan gela handi, ilun eta gauzaz beterikako batean sartu nintzen. Orduan ez nuen ondo ikusi zer zegoen gelan eta etxea zeharkaturik atzealdera egin nuen. Alabaina, ziur nengoen han heriotza zegoela. Ni atzeko portxeraino heltzeaz batera, auto bat abian jarri zuten beheko kalean. Autoa arin joan zen, argiak piztu gabe. Huraxe zen dena. Honenbestez, egongelara itzuli nintzen. Hiltzailea euripean |