Hiltzailea euripean
Raymond Chandler

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1995

 

10

 

        Bostak jo ondoren, Randall Placeko apartamendu-etxearen aurrean gelditu nuen autoa. Ordurako, leiho banaka batzuk argiztaturik zeuden eta irrati-aparatuak alarauka zebiltzan irratsaioen burrunbara gozakaitza eskainiz. Igogailuan sartu eta laugarren bizitzara joan nintzen. 405 apartamendua pasabide luzearen amaieran zegoen, non lurreko tapiza berdea eta hormetako apaindura boli kolorekoa baitziren. Haize lasterra sartzen zen pasabidean larrialdiko eskaileretara egiten zuten ateetatik.

        405eko atearen ondoan bolizko txirrin txikia zegoen. Sakatu egin nuen.

        Aldi luze baten ondoren gizon batek atea zabaldu eta oin beteko tartea irekita utzi zuen. Gizon hanka-luzea zen, argala, begi arre ilunak zeuzkan eta aurpegi beltzarana. Ile latza zeukan buruaren atzealdean, eta aurrealdean, berriz, bekoki beltzaran hanpatua. Begi arre haiek batere zirrarrarik gabe ikertu ninduten.

        Esan nuen: «Steiner?».

        Gizonaren aurpegia ez zen ezertan aldatu. Zigarroa ate atzetik ekarri eta astiro kokatu zuen ezpain beltzaran tinkatuen artean. Ke bafada bota zidan eta haren atzetik honelako hitzak: «Zer esan duzu?». Halako ahots hotz, mantsoa zeukan, gorabeherarik gabea.

        «Steiner. Harold Hardwicke Steiner, Liburuen gizona».

        Baiezka egin zuen buruz. Neure aipamena presarik gabe gogoan erabili, zigarroaren puntari arin begiratu, eta esan zidan:

        «Uste dut ezagutzen dudala. Baina ez da hona etortzen. Nork bidali zaitu?».

        Irribarre egin nuen. Ez zuen gogoko izan. Esan nion:

        «Zeu zara Marty?».

        Aurpegi beltzaran hura gogortu egin zen. «Eta zer? Ziriren bat sartu nahi didazu ala denbora pasa ari zara?».

        Ezkerreko oina mugitu nuen isilpean, berak atea danbatekoaz ez ixteko moduan.

        «Zuk liburuak dituzu» esan nion. «Nik bezeroen zerrenda daukat. Zer moduz elkarrekin hitz egiten badugu?».

        Martyk ez zizkidan begiak kendu aurpegitik. Berriz ere, eskuineko eskua atearen atzealdera eraman zuen, eta sorbaldan igarri nion zerbait egiten ari zela eskuaz. Atzealdeko gelan halako hots ñimiñoa aditu nuen, oso ñimiñoa. Gortina-aroren batek klask egin zuen hagatxoan lerratzean.

        Orduan Martyk atea zabal-zabalik utzi zuen. «Zergatik ez? Zerbait daukazula iruditzen bazaizu» esan zidan hoztasunez.

        Haren ondotik igaro eta gelan sartu nintzen. Gela alaia zen, eta altzari onak baina urriak zituen. Paretako ateleihoak harrizko portxeaz bestaldeko mendiei begira zeuden. Ordurako ilunabarra zen eta kanpoaldean gorritzen hasia zuen. Leiho ondoan atea zegoen, itxita. Beste ate bat zegoen pareta hartan, txokotik hurbilago, baina gortinak zabalduta zeuzkan aurrean, atalburuaren azpian kokatutako latoizko hagatxotik zintzilik.

        Sofan eseri nintzen aterik ez zeukan paretari bizkar emanda. Martyk atea itxi eta gela zeharkatu zuen haritzezko idazmahai handi eta iltze koadratuez apaindutako batera hurbiltzeko. Idazmahaiaren hegalean zedrozko zigarro kutxa bat zegoen, erro doratuak eta guzti. Begiak nire gainetik kendu gabe, Martyk zigarro-kutxa jaso eta besaulkiaren ondoko mahai txikiaren gainean ezarri zuen. Bera besaulkian eseri zen.

        Sonbreroa neure ondoan ezarri eta berokiaren goiko botoia askatu nuen, Martyri irribarre eginez.

        «Tira, adi nago» esan zidan.

        Zigarroa amatatu zuen, zigarro-kutxaren estalkia altxatu eta pare bat puru handi atera zuen.

        «Pururik?» galdetu zidan ezustean, eta bat helarazi zidan.

        Purua hartzera joan eta inozoarena egin nuen. Izan ere, Martyk beste purua kutxan atzera ipini eta pistola atera zuen trebezia handiz.

        Adeitasunez begiratu nion pistolari. Poliziako colt beltza zen, 38koa. Une hartan ez neukan inolako argudiorik arma hari aurre egiteko.

        «Zutitu apurtxo batez» esan zidan Martyk. «Egin urrats pare bat aurrera. Arnasa apur bat har dezakezu hori egitean». Larregi behartzen zuen ahotsa lasai antzean hitz egiteko.

        Barruak janda nengoen, baina irribarre egin nuen. Esan nion:

        «Gaur pistola eskuan zeukan beste gizon bat ezagutu dut eta bera ere sinetsita zegoen mundua eskuan zerabilela. Baztertu pistola eta hitz egin dezagun».

        Martyren bekainek bat egin zuten, eta gizonak kokotsa aurreraxe eraman zuen. Begi arreak kezkatuta samar zeuzkan.

        Elkarri begira geunden. Ez nion begiratu ezkerraldeko atearen gortina azpian ageri zen abarketa beltzaren muturrari.

        Martyk traje urdin iluna zerabilen, traje urdin iluna eta gorbata beltza. Haren aurpegi beltzaranak goibel ematen zuen kolore heltzen aldean. Leun mintzatu zen, oso ahots astirotsuaz:

        «Ez gaizki pentsatu nitaz. Ez naiz gizon gogorra, baina badakit kontuz jokatzen. Ez dakit zer arraiotan zabiltzan. Nik dakidala, hiltzaileren bat izan zintezke».

        «Ez dakizu kontuz jokatzen» esan nion. «Liburuen jokaldia nahikoa ganorabakoa izan da».

        Arnasaldi luzea hartu zuen eta zaratarik gabe bota. Gero, atzera etzan zen eta hanka luzeak gurutzatu zituen colt beltza belaunean jarrita.

        «Ez izan inozoa. Hau erabili behar badut, erabili egingo dut. Zer istorio kontatu behar didazu?».

        «Esaiozu abarketako lagunari irteteko» esan nion. «Nekatuta dago arnasari eusteaz».

        Burua itzuli gahe, Martyk dei egin zuen:

        «Etorri hona, Agnes».

        Ate aurreko gortinak alde batera korritu zituzten, eta Steinerren dendako ilehori begi berdea gure gelan sartu zen. Ez nintzen gehiegi harritu bera han ikusteaz. Emakumeak amorruz begiratu zidan.

        «Kaka zaharra! Ondotxo nekien arazoak ekarriko zenituela» esan zidan haserre. «Kontuz ibiltzeko esan nion Joeri».

        «Ixo» moztu zion Martyk. «Joe kontu handiz ibili da. Piztu argia eta horrela tipo honi tiro egiteko adina ikusiko dut, hala behar izanez gero».

        Ilehoriak lanpara hankadun handia piztu zuen. Lanparak pantaila gorri eta koadratua zeukan, eta emakumea haren azpian eseri zen balusez tapizatutako sofa handi hatean, aurpegian irribarre tinko eta mingarriari eusten ziola. Hain izututa zegoen, non indarrak akiturik baitzeuzkan.

        Eskuan neukan purua gogoratu eta ahora eraman nuen. Martyren colt beltzak zuzen-zuzen apuntatuta nindukan, pospoloak hartu eta purua piztu nuen artean.

        Kealdia hartu eta ke artetik hitz egin nuen: «Aipatu dudan inozo zerrenda zifratuta dago. Beraz, oraindik ezin ditut izenak irakurri, baina badira bostehun bat inguru. Bi kutxa liburu dauzkazu, hirurehun, esan dezagun. Beste horrenbeste edo gehiago mailegaturik egongo dira. Esan dezagun bostehun, denetara, azpitik jota. Zerrenda ona eta erabilgarria bada, eta liburu guztiak mailegatzerik baduzu, 250.000 dolar aterako zenituzke liburuak mailegatuz. Batez besteko mailegatzea merke-zurrean ezarri, adibidez, dolar batean, nahiz eta gutxiegi izan. Tira, esan dezagun dolar batean. Gaur egun diru piloa da. Baten bati hildakoa leporatzeko nahikoa».

        Ilehoria alarauka hasi zen: «Zoratuta zaude, uste baduzu.».

        «Itxi ahoa!» esan zion Martyk neskari biraoka.

        Ilehoria lasaitu egin zen eta burua aulkiaren atzealdean bermatu zuen. Kinka larriak eragindako oinazea ageri zuen aurpegian.

        «Negozio hau ez da alprojentzat» aurrera egin nuen neure hariari lotuz. «Konfiantza eduki beliar duzue, eta horri eutsi. Nire ustez, txantaiaren kontua oker handia izan da. Hori alde batera uztekotan nauzue».

        Martyren begi arreek hotz-hotzean begiratu zidaten aurpegira. «Oso gizon xelebrea zara» esan zidan hitzak goxo ebakiz. «Nork dauka negozio gutiziagarri hori?».

        «Zeuk daukazu» esan nion. «Ia-ia».

        Martyk ez zuen ezer esan.

        «Tiro egin zenion Steinerri negozioaz jabetzeko» esan nion. «Bart gauean, euria ari zuela. Oso eguraldi aproposa tiro egiteko. Arazoa da ez zegoela bakarrik hura gertatu zenean. Ez zenuen ondo ikusi edo izutu egin zinen. Hanka egin zenuen, baina behar beste adorerik izan zenuen atzera itzultzeko gorpua nonbait ezkutatzera... horrela liburuak arazterik gabe eskuratzeko, kasuak lehertu baino lehen».

        Ilehoria hots motela egin, aurpegia bihurtu, eta hormari begira gelditu zen. Atzazal zilarreztatuak esku ahurrean iltzaturik zeuzkan eta ezpainak hortzak estuturik.

        Martyk ez zuen begirik itxi. Ez zen besaulkitik mugitu eta colta ez zitzaion eskutik mugitu. Aurpegi beltzarana egurra bezain gogorra zeukan.

        «Hara, mutil. Arriskatu egiten zara, gero!» esan zuen leun, azkenean. «Zorte ikaragarria daukazu, Steiner hil ez dudalako».

        Irribarre egin nuen, alaitasun gutxiz, baina. «Berdin dio, dena dela, zeuri leporatuko dizute» esan nion.

        Martyren ahotsa xuxurla lehorra izan zen. «Zer uste duzu, hildakoa neuri leporatuko didatela?».

        «Zalantzarik gabe».

        «Nolatan?»

        «Norbaitek hala gertatu zela esango die»

        Marty biraoka hasi zen. «Neskatxa purtzil hori! Ziurrenik, berak egingo... kaka zaharra!».

        Ez nuen ezer esan. Esandakoa hausnartzen utzi nion. Ezari-ezarian aurpegia argitu egin zitzaion eta colt beltza mahai gainean ezarri zuen, eskura zuela, baina.

        «Zu ez zara nik ezagutzen ditudan iruzurtien antzekoa» esan zidan astiro, begiak ñirñir, betazal ilun meharren azpian. «Eta ez dut txakurrik ikusten inguruotan. Zer nahi duzu?».

        Purua hartu eta begirada egin nion esku armatuari. «Steinerren kamerako negatiboa. Hortik egindako argazki guztiak. Orain eta hemen. Zeuk daukazu, zeren bestela ez zenukeen jakingo nor izan zen han bart gauean».

        Martyk burua apurtxo bat baztertu zuen Agnesi so egiteko. Honek artean ere aurpegia hormari begira zeukan eta atzazalak ahurretan iltzaturik. Martyk atzera begiratu zidan.

        «Horretan akerraren adarra baino okerrago zabiltza, mutiko» esan zidan.

        Buruari eragin nion. «Ez. Belarrietaraino sartuta zaude, Marty. Erraz asko leporatuko dizute hilketa. Berez gertatuko da. Neskak bere istorioa kontatu behar badu, argazkiek ez dute ezertarako balio izango. Baina berak ez du ezer kontatu nahi».

        «Detektibea zara?».

        «Bai».

        «Nola aurkitu nauzu?».

        «Steinerren atzetik nenbilen. Zerbait egin zion Draveci. Draveci parra-parra dario dirua. Zeuk ere zerbait jaso duzu. Steinerren dendatik hona etorri nintzen liburuen atzetik. Gainontzekoa erraza izan da, behin neskaren istorioa entzundakoan».

        «Steiner garbitu nuela esan du?».

        Baiezko keinua egin nuen buruz. «Baina agian oker dabil».

        Martyk hasperen egin zuen. «Begitan hartuta nauka» esan zidan. «Pikotara bidali nuen. Dirua eman zidaten hura egiteko, baina hala egingo nukeen, nolanahi ere. Zoroegia iruditzen zait».

        Esan nion: «Ekarri argazkiak, Marty».

        Astiro jaiki zen, colt beltzari begiratu, arma hartu, eta patrikan sartu zuen. Honenbestez, eskua bularreko poltsikora eraman zuen astiro.

        Orduan baten batek txirrina jo zuen, eta hantxe segitu zuen jo eta jo.

 

Hiltzailea euripean
Raymond Chandler

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1995