Hiltzailea euripean
Raymond Chandler

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1995

 

9

 

        Gizonak aurpegi zimela zeukan, eta traje marroia eta feltrozko sonbrero beltza zerabiltzan. Ezkerreko mauka tolestuta zekarren, eta orratz handiaz berokiari atxikia.

        Gizonak sonbreroa erantzi, ateari sorbaldaz bultzada eman, eta irribarre atsegina eginez Carmeni begiratu zion. Ile beltza zeukan, labur-labur moztua, eta aurpegi hezurtsua. Arropak ondo ematen zion soinean. Ez zirudien oso gogorra.

        «Guy Slade naiz» esan zuen. «Barkatu ustekabean sartu izana. Txirrina ez zebilen-eta. Steiner hemen dabil?».

        Ez zuen txirrina jo. Carmenek begirada egin zion zertaz ari zen ulertu gabe, gero neuri begiratu zidan, eta berriz ere Sladeri.

        Sladeri hitz egin nion: «Steiner ez dago hemen, Slade jauna. Ez dakigu non dagoen».

        Sladek buruari eragin, eta ukitua eman zion kokots luzeari sonbreroaren ertzaz.

        «Steinerren adiskideak zarete?».

        «Liburu bat jasotzera etorri gara, beste barik» esan nuen, eta era berean irribarrea bihurtu nion. «Atea erdi irekita zegoen. Atea jo dugu eta barrura sartu gara. Zu bezala».

        «Ulertzen dut» esan zuen Sladek pentsakor. «Argi dago»

        Ez nuen ezer esan. Carmenek ere ez zuen ezer esan. Sladeren mauka hustuari tinko-tinko begira zegoen.

        «Liburu bat, ezta?» aurrera egin zuen Sladek. Hura esateko moduak kontuan jarri ninduen. Bazitekeen berak ere Steinerren negozioaren berri jakitea.

        Ate aldera hurbildu nintzen. «Zuk ez duzu txirrina jo, ordea» esan nion.

        Lotsati samar agertu zen irribarre egitean. «Horixe. Atea jo beharko nukeen. Barka».

        «Gu bagoaz» esan nuen axolagabe. Carmeni eskutik heldu nion.

        «Errekadorik edo, Steiner itzultzen bada?» galdetu zuen Sladek xuabe.

        «Ez zaitugu nekaraziko».

        «Horixe txarra» esan zuen, eta horrekin gauza asko esan nahi zuen.

        Carmenen eskua askatu eta urrats mantsoa egin nuen haren ondotik alde egiteko. Artean ere, Sladek sonbreroa eskuan zeukan. Ez zuen zirkinik egin, baina atseginez kliskatu zituen begi sakon haiek.

        Berriz ere atea ireki nuen.

        Sladek esan zuen: «Neska joan daiteke, baina zurekin apurtxo batez hitz egin nahi nuke».

        Sladeri begira gelditu nintzaion, ez ulertuarena eginez.

        «Jolasgura, ezta?» esan zidan Sladek adeitasunez.

        Carmenek hots zakarra egin zuen, neure ondotik aldendu, eta atetik zehar korrika igaro zen. Une baten ondoren, neskaren oinotsak aditu nituen, aldapan behera zihoala. Etxera heldu nintzenean ez nuen Carmenen autoa ikusi, baina inguruotan izango zen, nonbait.

        Zerbait esaten hasi nintzen: «Ze arraio...?».

        «Ixo» moztu zidan Sladek hotz-hotz. «Hemen zerbait gertatu da. Zer den ikusi nahi dut».

        Harat-honat ibiltzen hasi zen gelan barrena, axolagabe... axolagabeegi. Bekokia zimurtuta zeukan, eta ez zidan arreta handirik eman. Honek zer pentsatu eman zidan. Leihotik kanpora zerbait begiztatu nuen, baina Sladeren autoaren gainaldea baizik ez nuen ikusi, etxeko hesiaren gainetik ageri zela.

        Sladek botilatzar biribila aurkitu zuen, bai eta idazmahaiko bi edalontzi moreak ere. Hauetariko bat usaindu eta higuinak sortutako irribarreaz ezpain meharrak zimurtu zituen.

        «Txuloputa nazkagarri hori» esan zuen gogaitu antzean.

        Idazmahaiko liburuei begiratu zien, haietariko bat edo bi ukitu, idazmahaiaren atzealdea inguratu, eta totem itxurako zutoinaren aurrean paratu zen. Bekoz beko begiratu zion totemi. Ondoren, begiak lurreratu zituen eta Steinerren gorpua izandako lekuan zegoen tapiz mehearen gainera jausi zitzaizkion. Sladek tapiza oinaz baztertu eta bat-batean atezuan jarri zen, lurrera begira.

        Antzespen ona zen, edo bestela Sladek usaimen ona zeukan, nire negozioan erabiltzeko aproposa. Artean ez nekien zer zen, baina pentsa eta pentsa ari nintzen hartaz.

        Slade belaun batean poliki bermatu eta lurra aztertzeko makurtu zen. Ez nuen ondo ikusten, idazmahaia gure artean zegoelako.

        Pistola hartu eta eskupean gorde nuen, eta esku biak atzean ezarrita, hormaren kontra jarri nintzen.

        Orduan, oihu arin zorrotza egin zuen Sladek, eta zutik jarri zen. Besoa tximista legez mugitu, eta hantxe atera zuen Luger luze beltza trebetasun handiz. Ni ez nintzen mugitu. Sladek hatz luze zurbilez heldu zion Lugerri, baina ez zuen niregana apuntatu, ez zuen leku jakin batera apuntatu.

        «Odola» esan zuen lasai, serio, begi larriak belzturik eta gogorturik zituela. «Odola dago lurrean, tapizaren azpian. Odol piloa».

        Irribarre egin nion. «Konturatu naiz» esan nion. «Odol zaharra da. Lehortua».

        Idazmahaiaren atzealdetik lerratu eta aulki beltzean eseri zen, eta telefonoa beregana ekarri zuen, aparatua Lugerraz inguratuta. Telefonoari begiratu eta bekokia zimurtu zuen, gero niri begiratu eta berriz ere bekokia zimurtu zuen.

        «Uste dut polizia etorriko dela» esan zuen.

        «Konforme».

        Sladek begi itxiak zituen, azabatxea bezain gogorrak. Ez zuen gogoko ni berarekin bat etorri izana. Planta guztiak bertan behera utzita, Lugerra zeukan tipo gogor eta ondo jantzia agertu zitzaidan aurrean. Sladek pistola erabiltzeko prest zegoela zirudien.

        «Nor arraio zara zu?» marmar egin zuen.

        «Detektibea naiz. Izenak ez dio axolarik. Neska hori bezeroa daukat. Steinerrek endredatu nahi izan du txantaia zikinen bat dela medio, eta berarekin hitz egitera etorri gara. Gizona ez zegoen hemen».

        «Etorri berriak, ezta?».

        «Hala da. Zer, ba? Steiner garbitu dugula uste duzu, Slade jauna?».

        Irribarre arin eta hotza egin zuen, baina ez zuen ezer esan.

        «Edo Steinerrek baten bat garbitu duela uste duzu, eta ihes egin duela?» iradoki nion.

        «Steinerrek ez du inor garbitu» esan zuen Sladek. «Steinerrek ez zeukan kemenik ezta euliari hegoak kentzeko ere».

        Honela esan nion: «Hemen ez duzu inor ikusten, ezta? Agian Steinerrek oilaskoa afaldu du eta oilaskoa salan hiltzeko ohitura dauka».

        «Ez dut ulertzen. Ez dakit zertaz ari zaren».

        Berriz ere irribarre egin nuen. «Tira, deitu hiriko lagunei. Ez dut uste haien erantzuna gogoko izango duzunik».

        Horretaz pentsatu zuen zirkinik egin gabe. Ezpainak atzera eraman zituen hortzei atxikitzeko.

        «Zergatik ez?» galdetu zidan azkenean, ahotsa kontuz erabiliz.

        Honela esan nion: «Ezagutzen zaitut, Slade jauna. Aladdin Clubeko arduraduna zara, Palisades aldean. Joko arranditsua. Argi leunak, gaueko jantziak, eta gainera afaltzeko buffeta. Ondo ezagutzen duzu Steiner, etxeko atea jo barik sartzeko adina, behintzat. Steinerren negozioak noizean behin babespen apurtxo bat behar zuen. Agian zeu izango zinen babeslea».

        Sladeren hatzak tinkoago heldu zion Lugerri, eta gero askatu egin zuen. Pistola idazmahai gainean ezarri zuen, atzamarrak gainean zituela. Ahoaren ordez imintzio gogorra besterik ez zuen, zurbil-zurbil eginda baitzeukan.

        «Baten batek Steiner harrapatu du» esan zuen leun, ahotsa eta aurpegikera pertsona banarena bailiran. «Gaur ez da dendara azaldu eta ez dio telefonoari erantzun. Hortaz, zer dagoen ikustera etorri naiz».

        «Pozten naiz entzuteaz zuk zeuk ez duzula Steiner garbitu» esan nion.

        Lugerra berriz ere dantzan hasi zen, eta bular aldera apuntatu ninduen. Honela esan nion:

        «Beheratu hori, Slade. Oraindik ez dakizu tiroka hasteko beste. Honez gero, ondotxo dakit ez nagoela balak jateko moduan. Beheratu arma. Zerbait esango dizut, oraindik ez badakizu. Gaur goizean norbaitek eraman ditu Steinerren liburuak dendatik, benetako negozioak egiteko zeuzkan liburuak».

        Sladek pistola beheratu eta bigarren aldiz idazmahai gainean kokatu zuen. Atzera egin zuen eta begitarte atsegina ezartzen saiatu zen.

        «Adi nago» esan zidan.

        «Neuk ere uste dut baten batek Steiner harrapatu duela» esan nion. «Uste dut odol hori Steinerren odola dela. Liburuak Steinerren dendatik eramateak azaltzen digu zergatik kendu duten gorpua hemendik. Baten batek bere gain hartu du negozioa eta ez du nahi Steiner aurki dezaten, dena prest eduki arte, behintzat. Edonor izanda ere, odola garbitu beharko zukeen, baina ez du egin».

        Sladek isilik entzun zuen dena. Bekainen goialdeek angelu zorrotzak egiten zizkioten bekokiaren barnealde zurian. Aurrera egin nuen:

        «Steiner hiltzea haren negozioaz jabetzeko ergelkeria izango zen, eta ez nago ziur hala gertatu ote den. Baina ziur nago liburuak hartu dituenak badakiela zerbait honetaz, eta gainera dendan lan egiten duen ilehori hori zerbaitengatik ikaratuta dagoela».

        «Besterik?» galdetu zuen Sladek asaldatu gabe.

        «Oraingoz ez. Droga kontutxoren bat ere badago, baina hobeto ikertu nahi dut. Horren berri dudanean, agian esango dizut. Horrek saltsan sartzeko bidea emango dizu».

        «Hobe orain esatea» esan zuen Sladek. Honenbestez, berriro atzeratu zituen ezpainak hortzei atxikitzeko eta bi txistukada zoli egin zituen.

        Jauzi egin nuen. Etxearen kanpoaldean auto atea ireki zuten, eta oinotsak aditu genituen.

        Pistola atzealdetik atera nuen. Sladeren aurpegia inarrosi egin zen, eta arin mugitu zuen eskua bere aurrean zetzan Lugerrari heltzeko, pistolaren ipurdia eskuan erabiliz.

        Esan nion: «Ez ukitu!».

        Zurrun zutitu eta idazmahai gainera makurtu zen, eskua pistolan zuela, baina pistola eskuan eduki barik. Sladeren atzetik igarota sarrerara heldu nintzeneko, bi gizon sartu ziren gelara.

        Haietariko batek ile gorri motza zeukan, aurpegi zuri eta zimurtua, begi lokak. Besteak ezagun zuen boxealaria zela: gizon ederra zen, alegia, sudur zapal eta kiloko xerra baino belarri lodiagoengatik izan ezik.

        Etorri berriek ez zerabilten pistolarik eskuan. Hantxe gelditu ziren, begira-begira.

        Sladeren atzetik nengoen, sarrera ondoan. Slade nire aurrean zegoen idazmahai gainean makurtuta, zirkinik egin gabe.

        Boxealariak marmarrez zabaldu zuen ahoa, hortz zuri eta zorrotzak erakutsiz. Ilegorriak dardarati eta beldurtuta zirudien.

        Sladek bazeukan potrorik. Hauxe esan zuen eztiki, astiro, baina oso argi:

        «Putakume honek Steiner garbitu du, adiskideok. Hartzazue!».

        Ilegorria beheko ezpaina murtxikatu eta zeozeren bila aritu zen ezkerreko besapean. Ez zuen lortu, baina. Oso ondo kokatuta nengoen, ondo bermatuta, eta tiro egin nion eskuineko sorbaldan, hura gogo txarrez egin banuen ere. Pistolak hots handia atera zuen gela itxian. Iruditu zitzaidan hiri osoan entzungo zutela. Ilegorria lurrera joan zen, eta itzuli-mintzulika hasi zen tiroa tripan eman banio hezala.

        Boxealaria ez zen mugitu. Ziurrenik, bazekien ez zuela oso esku arina. Slade Lugerrari heldu eta biraka hasi zen, baina urrats bat aurrera eginda, kankarrekoa eman nion belarriondoan. Idazmahai gainean erori zen eta Lugerrak tiro egin zuen liburu pilo baten kontra.

        Sladek ez zidan entzun hau esan nuenean: «Gorrotatzen dut gizon besamotza atzetik jotzea, Slade. Eta ez ditut batere gogoko honelako erakustaldiak. Zeuk behartu nauzu hori egitera».

        Boxealariak irribarre egin eta esan zidan: «Konforme, aixkide. Eta orain zer?».

        «Hemendik alde egin nahi nikek, tiro gehiago egin gabe ahal baldin bada. Edota hemen gelditu polizia etorri arte. Berdin zaidak».

        Patxadaz hausnartu zuen kontua. Ilegorriak lurrean segitzen zuen aieneka. Slade geldi-geldi zegoen.

        Boxealariak eskuak astiro jaso eta garondoan elkartu zituen. Hotz-hotz esan zidan:

        «Ez zekiat zer gertatzen den hemen, baina... alajainkoa!, neuri bost axola nora hoan edo zer egin behar duan. Eta leku hau ez zaidak batere egokia iruditzen elkarri tiroka hasteko. Ospa!».

        «Mutiko argia. Nagusia baino zentzudunagoa haiz».

        Idazmahai ondotik igaro eta ate irekira hurbildu nintzen. Boxealaria astiro itzuli zen neuri begira, eskuak garondoan zituela. Aurpegian irribarre ironikoa zeukan, ia-ia onginahiz egina.

        Handik alde egin nuen eta ezpelezko hesia arineketan zeharkatuta, aldapan gora hasi nintzen, beruna nire atzetik noiz etorriko. Ez zen batere etorri.

        Chrysler barrura jauzi egin, eta ziztuan abiatu nintzen muinoaren goialderantz auzotegi hartatik alde egiteko.

 

Hiltzailea euripean
Raymond Chandler

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1995