Hiltzailea euripean
Raymond Chandler

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1995

 

4

 

        Taxia ordaindu eta Pepper Driven jaitsi nintzen, jendea zegoen etxe baten aurrean, eta oinez abiatu nintzen La Verne Terraceko aldapa bihurrian behera Steinerren etxeraino, sasien atzetik igaroz.

        Itxuraz, ez zen aldaketarik izan. Hesiaren tartetik sartu, atea poliki-poliki ireki, eta barruan zigarro usaina antzeman nuen.

        Hori berria zen. Lehenago, baziren nahas-mahas usainak ugari, besteak beste, kerik gabeko polboraren usain minkorra. Baina halako nahasketan ez zen inondik ere zigarro usainik nabarmendu.

        Atea itxi eta kokoriko jarri nintzen entzuteko, arnasari eutsiz. Ez nuen ezer aditu, euriak teilatuan egiten zuen zarata alde batera utzita. Aproba egiteko, linterna-lapitzaren argia gelan zehar zabaldu nuen, baina inork ez zidan tiro egin.

        Zutitzean, lanpararen borla zintzilik topatu eta gelako argiak piztu nituen.

        Lehenik eta behin, konturatu nintzen pare bat tapiz zerrenda hormatik kenduak zituztela. Lehen ez nituen tapizak zenbatu, baina hutsuneak begi bistan zeuden.

        Orduan ikusi nuen Steinerren gorpua ez zegoela totem itxurako zutabetxoaren aurrean. Lehenago, kameraren begia ikusita neukan totemaren ahoan. Harrez gero, zutabetxoaren ondoan, tapiz larrosaren ertzetik haruntzago, beste tapiz bat zabaldua zuten Steinerren gorpua izandako lekuan. Ez nuen zertan jaso tapiza. Ondotxo nekien zergatik ezarri zuten han.

        Zigarroa piztu eta hantxe geratu nintzen gela gaizki argiztatuaren erdian, kontu hura gogoan nuela. Aldi baten ondoren, totemeko kamerara hurbildu nintzen. Herstailua irekitzea lortu nuen, baina ordurako ez zegoen negatiborik kamera barruan.

        Eskua Steinerren telefono moreskarantz joan zitzaidan, mahaitxo gainean baitzegoen, baina azkenean ez nuen hartu.

        Ondoren, egongelaren atzeko pasabide txikia zeharkatu eta logela girgileriaz beterikako batean begiratu nuen. Logelak emakumezkoaren itxura zeukan, gizonezkoarena barik. Ohean bururdi handia zegoen, azpildura bolanteduna eta guzti. Bururdia jaso eta linterna piztu nuen ohe azpian begiratzeko.

        Steiner ez zegoen ohe azpian. Egon ere, ez zegoen etxean. Norbaitek eraman zuen. Izan ere, nekez joango zen bere kabuz.

        Polizia ez zen izan, bestela artean ere handik ibiliko zen. Ordu t'erdi baizik ez zen Carmen eta biok leku hartatik alde egin genuenetik. Gainera, dena txukun zegoen, eta poliziako argazkilariek eta hatzak bilatzen dituzten lagunek nahaste-borraste ederra egingo zuketen.

        Honenbestez, egongelara itzuli, flash-lanpara totemaren atzera baztertu oina erabiliz, argiak itzali, etxetik irten, neure autoan sartu —blai eginda zegoen— eta martxan jarri nuen.

        Hainbat hobeto niretzat norbaitek Steinerren hilketa aldi batez isilpean gorde nahi bazuen. Aukera emango zidan erabakitzeko ea hilketaren berri eman nezakeen, baina Carmen Dravec eta biluzik egin zioten argazkiaren kontua aipatu gabe.

        Hamarrak jota, Berglundera itzuli, autoa aparkatu eta eskaileretan gora igo nintzen apartamenduan sartzeko. Dutxa hartu nuen, gero pijama jantzi eta pontxe beroa prestatu nuen. Pare bat aldiz so egin nion telefonoari, eta hots egitekotan egon nintzen Dravec etxean ote zen jakiteko, baina azkenean erabaki nuen ona izango zela gizonari bakea ematea hurrengo egunera arte.

        Pipa bete eta, pontxe beroa eta Steinerren koadernotxo urdina hartuta, eseri egin nintzen. Liburuxka klabean idatzita zegoen, baina sarrerak nola ipinita zeuden kontuan hartuta, bai eta orri seinalatuak ikusita ere, bistan zegoen izen-helbideen zerrenda zela. Laurehun eta berrogeita hamar izen zeuden koadernotxoan. Hura Steinerren inozo-zerrenda bazen, urrezko meatza zeukan gizonak, txantaia kontuak alde batera utzita.

        Zerrendako edozein izen genuen hilketaren susmagarri. Ez nien inbidiarik poliziei, koadernotxoa eskuratutakoan izango zuten lana kontuan izanda.

        Whisky gehiegi edan nuen klabea asmatu nahian. Gau erdi aldean oheratu eta honelako ametsa egin nuen: jaka txinatarrez jantzitako gizon bat, begitarte osoa odoleztatua, jadezko eraztun luzeak zerabiltzan neska biluzi baten atzetik korrika zihoan, eta bitartean ni eszenaren argazkia egiten saiatzen ari nintzen, harroan hutsik zegoen argazki makina erabiliz.

 

Hiltzailea euripean
Raymond Chandler

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1995