Hiltzailea euripean 7 Eguraldia epel eta argitsua zen ekaitzaren ostean, baina artean ere Dravecek gamuzazko gabardina jantzita zeukan. Behealdean irekita zerabilen, bai eta berokia eta txalekoa ere; gorbata belarri aldean kateatuta. Dravecen aurpegiak mastika grisezko maskara ematen zuen, eta kokots azpian egun batzuetako bizar beltzaxka zuen. Oso itxura kaxkarra zeukan. Atea ireki eta txapaka egin nion bizkarrean, gero barrura bultzatu eta aulkira eraman nuen. Arnasaldi sakona egin zuen, baina ez zuen ezer esan. Idazmahaian gordeta neukan botila whisky zekalezko atera eta kopa pare bat zerbitzatu nuen. Dravecek edan zituen biak, hitzik esan gabe. Honenbestez, aulkian hondoratu eta begiak kliskatzen hasi zen, purrustaka, eta azkenean gutunazal zuri eta koadratu bat atera zuen gabardinaren azpitik. Gutunazala idazmahaian kokatu eta bere eskutzar iletsua gainean ezarri zuen. «Gogorra, Carlena» esan nuen. «Gaur goizean M'Geerekin izan naiz». Begirada hutsa egin zidan. Alditxo baten ondoren, honela esan zidan: «Bai. Carl mutiko jatorra zen. Apenas esan dizudan ezer mutiko horren gainean». Zain egon nintzen, esku azpian zeukan gutunazalari begira. Berak ere gutunazalari begiratu zion. «Ikusten utziko dizut» esan zuen hitzak murdukatuz. Eskua jaso eta gutunazala poliki-poliki bultzatu zuen idazmahaian zehar, bizitzeko arrazoi guztiez etsiko balu bezala halako mugimendua egitean. Bi malko jaulki zitzaizkion begietatik behera eta masail bizar berrituetan irristatu ziren. Gutunazal koadratua eskuetan jaso eta begirada egin nion. Draveci berari zuzenduta zegoen, etxeko helbidera igorria, idazlumaz edo boligrafoz argi egindako hizki larriz idatzia, eta Premiazko Postaren seiluaz estanpatua. Gutunazala ireki eta barnean zegoen argazki distiratsuari begiratu nion. Carmen Dravec Steinerren tekazko aulkian eserita zegoen, jadezko eraztunak jantzita. Carmenen begiek erotuago ziruditen, halakorik balego, Steinerren etxean ikusi nituenean baino. Argazkiaren atzealdeari begiratu, zuri zegoela ikusi eta idazmahaian ezarri nuen, irudia behera. «Esan zer den» esan nion zuhurki. Gabardinaren maukaz xukatu zituen malkoak, esku biak idazmahaian zabaldu eta atzazal zikinei begira gelditu zen, begiak jaso gabe. Atzamarrak dardarka ari zitzaizion idazmahai gainean. «Tipo batek hots egin dit» esan zidan ahots motelaz. «Hamar milia, negatibo eta argazkien truke. Gaur gauean itxi behar dugu tratua, bestela gauza guztiak aldizkari nabarmen horietako bati emango dizkiote». «Zorakeriak» esan nion. «Holako aldizkariak ezingo luke argazkia erabili, honen atzean istorioren bat ez badago. Zein da istorioa?». Dravecek begiak astiro jaso zituen, oso astunak bailiran. «Hori ez da dena. Tipo horrek esan dit saltsa handia dagoela horren inguruan. Hobe azkar ibiltzen banaiz, bestela neskatxa giltzapean sartuko dutela». «Zein da istorioa?» galdetu nuen berriro, pipa kargatzen ari nintzela. «Zer dio Carmenek?». Dravecek buru zarpatsuari eragin zion. «Ez diot galdetu. Ez dut adorerik. Neskatxa gajoa. Arroparik gabe... Ez, ez dut adorerik... Antza denez, oraindik ez diozu ezer egin Steinerri». «Ez dut beharrik izan» esan nion. «Norbaitek aurrea hartu dit». Aho zabalik geratu zen niri begira, ulertu ezinik. Begi bistan zegoen ez zekiela ezer bezperako kontuen gainean. «Carmen etxetik irten zen bart gauean?» galdetu nion axolagabe. Artean aho zabalik eta bekoz beko begira neukan; bazirudien bere buruan zerbaiten bila zebilela itsumustuka. «Ez. Gaixorik zegoen. Gaixorik zegoen ohean, etxeratu nintzenean. Ez zen kalera irten ezertarako ere... Zer esan nahi duzu Steinerri buruz?». Botila eskuratu eta whyski bana zerbitzatu nuen Dravec eta biontzat. Ondoren, pipa piztu nuen. «Steiner hilda dago» esan nuen. «Baten batek haren trikimailuez nekatu eta tiroz josi du. Bart gauean, euria ari zuela». «Ene, Jesus» esan zuen harrituta. «Hantxe izan zinen?». Buruari eragin nion. «Neu ez, baina Carmen bai. Horixe da tipo horrek aipatutako saltsa. Carmenek ez zituen tiroak egin, noski». Draveci aurpegia gorritu zitzaion. Muturtuta zegoen eta ukabilak batu zituen. Arnasa zakar bota zuen, eta odol-taupadak nabarmen ageri zitzaizkion lepoaren alde batean. «Ez da egia! Carmen gaixorik zegoen. Ez zen irten ezertarako ere. Gaixorik zegoen ohean, etxeratu nintzenean!» «Lehenago esan didazu hori» esan nion. «Baina ez da egia. Nik neuk eraman nuen Carmen etxera. Zerbitzariak badaki, baina zintzo jokatu nahi du. Carmen Steinerren etxean zegoen, ni autotik etxea zaintzen ari nintzen bitartean. Norbaitek tiroak egin eta korrika alde egin zuen. Ez nuen hura ikusi. Carmen mozkortuegi zegoen hiltzailea ikusteko. Horrexegatik gaixotu zen». Begiak nire aurpegian biltzen saiatu zen, baina lausoturik eta hutsik zituen, haien atzeko argia iraungita bailegoen. Honenbestez, aulkiaren besoei heldu zien, eta hatz koxkorrak estutu zituen guztiz zuritzeraino. «Ez dit ezer esan» xuxurlatu zuen. «Ez dit ezer esan. Neuri ez, beragatik edozer egingo banu ere». Ahotsean ez zuen inolako zirrararik agertu, etsipenaren nekadura motela baizik. Aulkia atzeraxe bultzatu zuen. «Diruaren bila noa» esan zuen. «Hamar mila dolarrak. Agian tipo hori isilik egongo da». Orduan behea jo zuen. Buru handi eta zaildu hura idazmahai gainera erori eta zotinka hasi zen gorputz osoa dardarka jartzeraino. Jaiki egin nintzen, idazmahaia inguratu eta maitte-maitte egin nion sorbaldan eskuaz, behin eta berriro egin ere, ezer esan barik. Aldi baten ondoren aurpegia jaso zuen basi-basi eginda malkoak zirela medio eta eskutik heldu nahi izan zidan. «Ene, zu bai lagun ona» esan zidan zotinka. «Jakingo bazenu». Eskua haren ondotik kendu eta edaria atzaparrean ezarri nion, bai eta edalontzia jaso eta edaten lagundu ere. Orduan, edalontzia eskutik kendu eta idazmahaian ezarri nuen. Berriz eseri nintzen. «Eutsi goiari, gizona» esan nion seriotasunez. «Legeak oraindik ez daki ezer Steinerri buruz. Carmen etxera lagundu eta ahoa itxita eduki dut. Atsedenaldia eman nahi nizuen bai zeuri bai Carmeni. Orain saltsan sartuta nago. Beraz, zuk ere zeure lana egin behar duzu». Buruari eragin zion, astiro eta astun. «Bai, zuk esaten duzuna egingo dut, esaten duzun guztia». «Har ezazu dirua» esan nion. «Eskura eduki, deitzen dutenerako. Zeozer bururatu zait eta agian ez duzu erabili beharko. Baina ez dago astirik jolasean hasteko. Har ezazu dirua eta eser zaitez zirkinik egin gabe eta txintik atera gahe. Utzi bestea neure kontu. Egingo duzu hori?». «Bai» esan zidan, «Ene, zu bai lagun ona». «Ez esan ezer Carmeni» esan nion. «Zenbat eta gutxiago gogoratu mozkorraldiaz, hainbat hobeto. Argazki hau ikusita» argazkiaren atzealdeari ukitu nion, «argi dago norbait zebilela Steinerrekin lanbide hartan. Steinerren laguntzailea harrapatu behar dugu, bai lehenbailehen harrapatu ere... nahiz eta horretarako hamar milia dolar ordaindu behar izan». Dravec astiro jaiki zen. «Hori ez da ezer. Dirua, besterik ez. Oraintxe hartuko dut. Gero etxera joango naiz. Egin egitekoa zeure moduan. Zuk esandakoa egingo dut». Berriz ere eskutik heldu eta bostekoa eman zidan, eta astiro-astiro bulegotik irten zen. Sarrerarako kidean zihoala, haren urrats astunak entzun nituen. Gero, tragu pare bat azkar edan eta aurpegia garbitu nuen. Hiltzailea euripean |