Hiltzailea euripean
Raymond Chandler

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1995

 

5

 

        Violets M'Geek goizean deitu zidan. Artean jantzi gabe nengoen, baina egunkaria irakurrita neukan eta bertan ez nuen Steinerri buruzko ezer aurkitu. Violetsen ahotsak ondo lo egindako gizonaren soinua zeukan, bai eta diru gehiegi zor ez duenarena ere.

        «Tira, zer moduz, mutiko?» hasi zen.

        Ondo nengoela esan nion, baina arazotxoren bat neukala eskolako irakur-liburuarekin. Apur batez barre egin zuen gogoa beste nonbait zuela, eta gero axolagabeegi hitz egin zuen.

        «Hiregana bidali nuen Dravec hori... hasi haiz lanean berarentzat?».

        «Euri gehiegi» erantzun nuen, hura erantzutea bazen.

        «Hara. Bazirudik gauzak gertatzen zaizkien horietakoa dela tipoa. Haren auto bat Lido kaiaren ondoko olatuetan bainatzen ari da».

        Ez nuen ezer esan. Telefonoa estu-estu atxiki nuen.

        «Bai» segitu zuen M'Geek bizkorturik. «Cad berria, dena zikinduta, harea eta itsasoko ura dela eta... Oh, ahaztuta neukaan. Tipo bat zegok barruan».

        Arnasari jaregin zion astiro, oso astiro. «Dravec?» xuxurlatu nuen.

        «Ez. Gaztetxoa. Oraindik ez zioat Draveci esan. Feltrozko sonbreroaren azpian zegok. Nirekin joan nahi duk begirada bat egitera?».

        Gustura egingo nuela esan nion.

        «Hator azkar. Neure etxolan izango nauk» esan zidan M'Geek eta telefonoa eseki zuen.

        Bizarra eginda, jantzita eta gosari txikia hartuta, Konderriko Etxera azaldu nintzen ordu erdian edo. Hantxe topatu nuen M'Gee horma horiari begira, idazmahaitxo horixkaren ondoan eserita. Idazmahaian M'Geeren sonbreroa eta M'Geeren oina baizik ez ziren. M'Geek bai sonbreroa bai oina idazmahaitik kendu zituen, eta behera joan ginen aparkaleku ofizialean zegoen sedan beltz txikia hartzera.

        Gauean ez zuen euririk egin eta goiza dena urdin eta urrekara zen. Airean bizitza xume eta goxoa egiteko adinako bizkortasuna bazen, batek buruan kezka gehiegirik ez bazeukan, behintzat. Neuk banituen.

        Hogeita hamar milia egin behar ziren Lidora heltzeko, lehenengo hamarrak hiriko trafikoan zehar. M'Geek hiru ordu laurdenetan egin zuen bidea. Honen ostean, autoa derrapatu eta gelditu egin zuen iztukozko arku baten aurrean. Bestaldean kai beltz luzea zabaltzen zen. Oinak autoaren zolatik kendu eta kanpora irten ginen.

        Auto eta lagun batzuk ageri ziren arkuaren aurrean. Motorreko polizia bat kairako bidea eragozten ari zitzaion jendeari. M'Geek brontzezko izarra erakutsi zion poliziari, eta kaian barrena sartu ginen. Bi eguneko euriak ez zuen ezabatu bertako kresal usaina.

        «Horra hor, atoiuntzian» esan zuen M'Geek.

        Atoiuntzi beltz eta zapala kaiaren muturrean kuzkurturik zegoen. Untziaren gainean zer handi bat zegoen, berde eta nikeleztatua, kabinari aurre eginez; haren inguruan zenbait gizon zebiltzan harat-honat.

        Eskailera lingirdatsuak jaitsi genituen atoiuntziaren gainera igotzeko.

        M'Geek sheriffaren ordezkariak agurtu zituen: bat kaki berdez jantzita zegoen, besteak kaleko jantziak zerabiltzan. Atoiuntziko hiru langileak kabinara joan ziren eta haren kontra jarrita guri begira geratu ziren.

        Autoa begiratu genuen. Aurreko kolpe-leungailua mailatuta zegoen. Halaber, argi bat eta irradiagailua zartaturik. Pintura eta nikelezko geruza hareak harramaskaturik zeuden, eta tapizeria basi-basi eginda eta belztua. Bestela, autoak ez zeukan itxura txarra. Oso egitura sendoa zekan, pare bat eskualdi berdekara emanda, ardo koloreko zerrenda eta azpildurak barne.

        M'Gee eta biok begia eman genion autoaren aurrealdeari. Garai batean itxura onekoa izandako mutil segail eta beltzarana bolanteari besarkatuta zegoen, buruak angelu berezia egiten ziola gorputzaren aldean. Aurpegi zuri urdindua zeukan. Begiek galdua zeukaten distira betazal itxien azpian. Ahoa irekita zeukan eta barruan harea. Buruaren albo batean odol arrastoak zituen, itsasoko urak guztiz ezabatugabeak.

        M'Geek astiro atzera egin, eztarria garbitu, eta arnasa fresko edukitzeko masusta-goxoki parea murtxikatzen hasi zen.

        Hortik zetorkion izengoitia.

        «Zer gertatu da?» galdetu zuen lasai.

        Uniformez jantzitako gizonak kaiaren amaiera seinalatu zuen, non egurrezko hesi zuri zikindua apurtuta baitzegoen. Hutsune handia ageri zen hesian, eta egur apurtuak hori kolore garbia nabarmen zuen.

        «Hortik joan zen. Bestalde, gogor-gogor joko zuen, antza. Bederatzietarako ateri zegoen inguruotan, eta egur puskak lehor ageri dira barne aldean. Horrek esan nahi du egurra jo zuenerako ateri zegoela. Hori da dena. Bestalde, esan autoa ur handian jausi zela, ze ez zen gehiegi mailatu; marea erdian izango zela esango nuke. Horrela balitz, ateri ordukoxe gertatuko zen. Gaur goizean ur azpian agertu da, mutilak arrantza egitera etorri direnean. Atoiuntzia ekarri dugu autoa ateratzeko. Orduan, hildakoa aurkitu dugu».

        Beste laguntzailea untziaren azala karrakatzen hasi zen zapataren puntaz. M'Geek zeharka begiratu zidan azeri-begi txikiak erakutsiz, baina adigabe so egin nion ezer esan barik.

        «Nahikoa mozkortuta, mutikoa» esan zuen M'Geek leun. «Erakustaldia egiten euritan eta bakarrik. Oso gogoko zuen gidatzea, antza. Bai, nahikoa mozkortuta».

        «Bai zera, mozkortuta» esan zuen kaleko jantzia zerabilen laguntzaileak. «Azeleragailua erdi sakatuta zegoen, eta mutila kolpea jasota lokian. Neuri galdetu eta hilketa dela esango dizut».

        M'Geek abegikor begiratu zion. Gero uniformez jantzitako gizonari so egin zion. «Zer uste duzu?».

        «Agian, bere burua hil zuen. Lepoa hautsita dauka eta buruko zauria itsasora erortzean egin zezakeen. Gainera, azeleragailua ustekabean saka zezakeen. Hala ere, hilketaren teoria nahiago dut».

        M'Geek buruari eragin zion eta laguntzaileei esan zien: «Arakatu duzue? Badakizue nor den?».

        Sheriffaren laguntzaileek neuri begiratu zidaten, eta gero atoiuntziko langileei.

        «Konforme. Ez esan ezer» esan zuen M'Geek. «Badakit nor den».

        Gizon txiki bat, betaurrekoduna eta aurpegi nekatukoa astiro-astiro etorri zen kaian barrena, aldean poltsa beltza zekarrela. Eskailera lingirdatsuetan behera jaitsi eta leku txukun samarra bilatu zuen untzi gainean poltsa kokatzeko. Ondoren, sonbreroa kendu eta lepondoa igurtzi zuen irribarre unatua eginez.

        «Tira, Doc. Hortxe duzu gaixoa» esan zion M'Geek. «Bart gauean kaitik behera must egin zuen. Horixe baino ez dakigu oraingoz».

        Mediku forenseak kopetilunez aztertu zuen hildakoa. Hatzaz burua ukitu, apurtxo batez mugitu, gorpuaren saiheskiak haztatu... azkenik, hildakoaren esku laxoa jaso eta atzazalei begira gelditu zen. Gero eskua erortzen utzi eta berriz ere poltsa hartu zuen.

        «Hamabi ordu inguru» esan zuen. «Lepoa hautsita, jakina. Zalantzan nago urik ote dagoen gorpu barruan. Hobe hemendik eramaten baduzue, bestela zurrundu egingo zaigu. Gainontzekoa mahai gainean ezarritakoan kontatuko dizuet».

        Medikuak buruari eragin zion eta eskaileretan gora igota kaian barrena joan zen. Kai buruan anbulantzia atzeraka zebilen iztukuzko arkuaren ondoan jarri nahian.

        Sherifaren laguntzaileek bultza egin zuten marmarka, eta hildakoa autotik atera ondoren untzi gainean eratzan zuten. Auto ondoan kokatu zuten, hondartzaz bestaldean.

        «Goazemak» esan zidan M'Geek. «Ikuskizunaren zati hau amaituta zegok».

        Agur esan genien sherifaren laguntzaileei eta M'Geek txintik ez ateratzeko agindu zien, haren berri jakin arte, behintzat. Kaian barrena ibili, sedantxo beltzean sartu, eta hirira bueltatu ginen euriak garbitutako autobide zurian zehar, atzean utzi genituela lare zuri-horixkazko mendixka bihurriak, goroldiozko lurmailak eta guzti. Kaio banaka batzuk gelditu, biratu, eta amildu egiten ziren olatuen gainetik zegoen zerbait harrapatzearren. Itsaso barrenean, belauntzi pare batek zerutik zintzilik zirudien ortzimugan.

        Zenbait milia egin genuen elkarri hitzik esan gabe. Orduan, M'Geek kokotsa niregana bihurtu eta esan zidan:

        «Zerbait daukak gogoan?».

        «Lasai» esan nion. «Ez diat inoiz ikusi mutikoa. Nor da?».

        «Kaka, uste nian zerbait esan behar hidala berataz».

        «Lasai, Violets» esan nuen.

        Erremuskada egin zidan eta sorbaldak kuzkurtu, eta bidetik bazterreko legarrera egiteko zorian izan ginen.

        «Dravecen txoferra. Carl Owen zeritzon mutikoa. Nola dakidan? Orain urtebete makoan izan genian Mann legea zela eta. Dravecen alaba txolin hori Yumara eraman zian. Dravec bikotearen atzetik joan eta biak ekarrarazi, orduan mutikoa buruz sartu zian gartzela zokoan. Neska Dravecekin amorratuta egon eta biharamunean hara non gizona ziztuan epaitegira jo eta mutila aske uzteko eskatu. Dravecek zer esan, eta mutikoa ezkontzekotan zebilela alabarekin, neskak ez zuela nahi, ordea. Orduan, alajainkoa, mutikoa berriz itzuli Dravecentzat lan egitera. Harrez gero, han izan duk. Zer uste duk honetaz?».

        «Dravecen ohiko jokaera ematen dik» esan nion.

        «Bai, baina agian mutikoa berriz erori huen».

        M'Geek ile urdina zeukan, kokots hezurtsua, eta aho txiki eta muzinkaria ume jaio berriei musu emateko aproposa. Zeharka begiratu nion aurpegira eta bat-batean ohartu nintzen zer zuen gogoan. Barre egin nuen.

        «Uste duk Dravecek hil duela?» galdetu nion.

        «Zergatik ez? Mutikoa berriz ere neska tentatzen hasi eta Dravecek gogorregi jo zian. Gizen puska duk eta erraz kraska lezakek inoren lepoa. Gero izutu egin huen. Autoa euritan eraman Lidoraino, eta handik behera labaintzen utzi zian kaiaren muturretik behera, inoiz agertuko ez zelakoan. Agian, ez zian horretan pentsatu ere egin. Zainak aidean izango zizkian».

        «Oso barregarria duk» esan nuen. «Horren ostean, hogeita hamar milia egin beharko zian euritan, beste barik».

        «Tira, ba. Hasi txantxetan».

        «Dravecek hil zian, jakina» esan nion. «Baina hanka berdinean saltoka jolasten ari hituen. Dravec mutikoaren gainean jausi huen».

        «Konforme, aixkide. Egunen batean neure moduan jolastu nahi izango duk».

        «Aizak, Violets» esan nion seriotasunez. «Mutikoa norbaitek hil badu ere, —eta hik ez dakik ziur hilketa izan ote den— hori ez duk Dravecen erara egindako hilketa. Dravecek haserrealdian hil lezakek norbait, baina bertan behera lagako likek. Ez likek hainbeste katramilarik sortuko».

        Harat-honat ibili ginen errepidean, M'Gee kontu hartaz gogoeta egiten ari zen bitartean.

        «Hi bai aixkide ederra» kexatu zen. «Kristoren teoria neukaan eta begira zer egin didaan. Kaka zaharra, nahiago nikek neurekin ekarri ez bahindut. Hoa pikutara. Dravecen atzetik noak, dena den».

        «Jakina» esan nion, berarekin bat etorriz. «Hala egin behar duk eta. Baina Dravecek ez zian mutikoa hil. Bigunegia duk berez hilketa estaltzeko».

        Eguerdian iritsi ginen hirira. Bezperan ez nuen ezer hartu afaltzeko, whiskya izan ezik, eta goizean ere gosari eskasa eginda nengoen. Boulevarden jaitsi nintzen eta han joan zen M'Gee bakarrik Dravec ikustera.

        Gogoa nuen jakiteko zer gertatu zitzaion Carl Oweni, baina ez zitzaidan buruan sartzen Dravecek mutikoa hil zezakeenik.

        Bazkari arina hartu nuen mahaira eseri gabe eta begirada axolagabea egin nion arratsaldeko egunkariari. Ez nuen espero Steinerri buruzko ezer irakurtzea egunkarian eta ez nuen ezer ikusi.

        Bazkalondoan Boulevarden barrena ibili nintzen sei etxalderen buelta eginez Steinerren dendari begirada bat egite aldera.

 

Hiltzailea euripean
Raymond Chandler

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1995