Hiltzailea euripean 6 Dendak etxearen aurrealde erdia hartzen zuen, beste erdia bahiturako bitxidenda batek hartzen zuela. Bitxi-saltzailea bere dendako sarreran zegoen. Ile urdineko judu handia zen, begi beltzak zituen, eta eskuan bederatzi kilate zerabiltzan diamantetan. Haren ondotik igaro eta Steinerrenera sartu nintzenean, barre irudi egin zuen ezpainak konkortuz jakinaren gainean balego bezala. Tapiz urdin lodiak alderik alde zeharkatzen zuen Steinerren denda. Hormen ondoan larru urdineko besaulkiak ziren, hautsontzi hankadunak lagun zituztela. Mailuz landutako larruzko liburu multzoak agerian zeuden zenbait mahaitxoren gainean. Beste liburu guztiak kristalezko apalategietan zeuden. Manpara zeukaten dendaren aurrealdea eta atzealdea bereizteko, eta bertan atea. Txokoan emakume bat zegoen idazmahaitxo baten ondoan eserita, eta idazmahaiaren gainean flexo-lanpara. Emakumea aulkitik jaiki eta niregana etorri zen, aztal flakoskei eraginez, argiaren errainuak amatatzen zituen oihal beltzez egindako jantzia zerabilela. Ile hori hauskara zuen, begi berdexkak; betileetan rimmel dexente emanda. Gingiletan azabatxezko belarritako handiak zerabiltzan; ilea xuabe-xuabe zihoakion belarritakoen atzetik. Bestalde, atzazalak zilar-lakaz pintaturik zeuzkan. Irribarre egin zidan, ustez ongi etorria egiteko, baina neuri larriduraren imintzioa baino ez zitzaidan iruditu hura. «Zerbait nahi zenuen?». Sonbreroa begietaraino eraitsi eta jolasean hasi nintzen. Honela esan nuen: «Steiner?». «Gaur ez da etorriko. Erakutsiko dizut...?». «Saltzailea naiz» esan nuen. «Berak aspalditik nahi zuen zerbait daukat». Zilar-lakaz pintatutako atzazal haiek belarri inguruko ileari ukitu zioten. «Hara, saltzailea... Tira, zergatik ez zatoz bihar?». «Gaixorik dago? Etxeraino hurbil ninteke» iradoki nion itxaropentsu. «Berak gogoko luke zer daukadan ikustea». Horrek asaldatu egin zuen. Une batez arnasarik gabe gelditu zen. Hala ere, honenbesteko ahots eztitsuaz mintzatu zitzaidan. «Berdin-berdin izango litzateke. Gaur hiritik kanpo dabil-eta». Buruari eragin nion, zapuztu itxurak eginez, sonbreroari ukitua eman, eta atera itzultzen hasi nintzen, baina orduan aurreko gaueko mutiko zuldartsuak manparako atetik atera zuen burua. Mutikoak atzera egin zuen ni ikusi orduko, baina ordurako liburu kutxa batzuk ikusita nituen atzealdeko gelaren behean zabarkeriaz paketatuak. Kutxak txikiak ziren, edonola ireki eta paketaturik. Lanjantzi berri-berria zerabilen gizon bat liburuekin zebilen. Steinerren liburuetariko batzuk beste leku batera garraiatzen ari ziren. Dendatik irten eta kale kantoira joan ondoren, kaleartera itzuli nintzen. Steinerren dendaren atzean kamioi txiki beltz bat zegoen, aldamenean burdinsarea zuena. Ez zeukan haatik inolako errotulurik. Burdinsarearen artetik kutxak ageri ziren eta, kamioia ikusten ari nintzela, lanjantziarekiko gizonak beste kutxa batekin etorri eta kamioian kargatu zuen. Boulevardera itzuli nintzen. Etxalde erdia egin ostean, han ikusi nuen mutiko bat aldizkaria irakurtzen kalean aparkaturiko Green Top berde batean. Dirua erakutsi eta esan nion: «Baten bati jarraitzeko prest.». Goitik behera begiratu zidan, atea bultzadaz ireki, eta aldizkaria atzeranzko ispiluaren ostean sartu zuen. «Horretarako jaioa naiz, nagusi» esan zidan zirtolari. Kaleartea inguratu genuen amaieraraino heltzeko eta suhiltzaileentzako iturri baten ondoan itxaroten gelditu ginen. Dozena bat kutxa inguru zirela kamioian, lanjantzi berri-berria zerabilen gizonak ibilgailuan sartu eta motorra piztu zuen. Arin abiatu zen kaleartean barrena, eta bira egin zuen ezkerreko kalean sartzeko. Nire gidariak gauza bera egin zuen. Kamioiak iparraldera egin zuen, Garfieldera, eta gero ekialdera. Oso azkar zihoan eta gainera trafiko handia zebilen Garfielden. Nire gidariak urrunegitik jarraitzen zion. Kontu hura azaltzen ari nintzaiola, kamioia bira egin eta iparralderantz abiatu zen Garfieldetik irtenda. Brittany zeritzon kalean biratu zen, eta bertara heldu ginenerako ez genuen kamioirik ikusi. Autoa gidatzen ari zen mutiko umegorriak soinu kontsolagarriak egin zizkidan kabinako kristalaren atzetik, eta Brittanyn sartu ginen kamioiaren bila, orduko lau milia eginda landareen atzean begiratzeko. Kontsolatzeko gonbita errefusatu egin nuen. Brittanyk ekialdera egiten zuen, bi etxalde gorago Randall Placerekin (hurrengo kalea) topo egiteko. Kaleok lur mutur batean elkartzen ziren, non apartamendu-etxe zuria baitzegoen. Apartamendu-etxearen aurrealdeak Randall Placera egiten zuen, baina etxabeheko garagearen sarrera Brittanyn zeukan, bizitza bat beherago eduki ere. Hortik pasatzen ari ginela, gidariak esan zidan kamioia ezin zela oso urruti egon eta orduan, hain zuzen ere, garajean ikusi nuen. Apartamendu-etxearen aurrealdera joan ginen, eta autotik jaitsi eta atarian sartu nintzen. Ez zegoen txirrinik apartamenduetara deitzeko. Idazmahaia hormaren kontra baztertua zuten, harrez gero erabiliko ez balute bezala. Haren gainean zenbait izen ageri ziren horman kokatutako posta-kutxa doratuetan, 405 apartamenduari zegokion izena Joseph Marty zen. Joe Marty zenuten Carmen Dravecekin jolasean ibilitako gizona, harik eta neskaren aitatxok bost mila dolar eman zizkion arte beste neskaren batekin jolastera alde egin zezan. Bazitekeen lagun hura Joe Marty berbera izatea. Eskaileretan behera joan eta kristalezko panela zeukan atea bultzatu ondoren garageko iluntasunean sartu nintzen. Lanjantzi berri-berria zerabilen gizona kutxak kokatzen ari zen igogailuan. Haren aldamenean jarri, zigarroa piztu, eta begira gelditu nintzaion. Ez zidan begi onik jarri, baina ez zuen txintik atera. Aldi baten ondoren, esan nion: «Kontuz pisuarekin, adiskide. Tona erdia baino ez du kargatzen eta. Norentzat dira?». «Martyrentzat, lau-zero-bostekoarentzat» esan zuen, eta bazirudien berehala damutu zitzaiola hura esanaz. «Primeran» esan nion. «Badirudi irakurtzeko gauza piloa daukala». Honenbestez, eskaileretan gora igo, kalera irten eta Green Topen sartu nintzen. Gidaria eta biok hiribarnera itzuli eta bulegoa daukadan etxean gelditu ginen. Mutikoari diru gehiegi eman nion, eta berak neuri txartel narrats bat: igogailuen ondoko brontzezko ttuontzian bota nuen. Hantxe zegoen Dravec nire bulegoko atearen alboko hormari eutsita. Hiltzailea euripean |