Hiltzailea euripean 3 Egongela etxearen aurrealde guztian zehar zabaltzen zen. Sabai baxua zeukan, habeak trabesean, eta hormak marroiz pintatuak. Tapiz zerrendak horma guztietan eskegita zeuden. Baziren apalategi txikiak, denak liburuz beteak. Lurrean larrosantzeko tapiz lodia zegoen, pantaila berde zurbileko bi lanpara hankadunek argi apur bat ematen ziotelarik. Tapizaren erdian idazmahai handia kokatuta zeukaten, hanka laburrekoa, bai eta aulki beltza ere, satenezko kuxin horia eta guzti. Liburu mordoa ageri zen idazmahaiaren gainean. Hormaren aldean zegoen oholtza modukoan tokazko aulki besodun bat ikusi nuen, bizkarralde handikoa. Neska beltzaran bat aulkian eserita zegoen, soinean txal listadun gorria zuela. Neska artez eserita zegoen, eskuak aulkiaren besoetan, belaunak elkarren kontra bilduta, gorputza tente eta zurrun, kokotsa zuzen. Begiak zabal-zabalik zituen, izuturik, eta ez zitzaizkion betseinak nabaritzen. Bazirudien ez zela ohartzen zer gertatzen ari zen, baina ez zuen konortea galdutakoaren itxurarik. Bestelako itxura zeukan, gauza garrantzitsuren bat egiten ari bailitzan eta zeregin hartan buru-belarri bailegoen. Hortz arteko irriñoa irten zitzaion ahotik, baina ez zuen aurpegikera aldatu ez eta ezpainak mugitu ere. Zirudienez, ez ninduen ikusi. Jadezko eraztun luze parea zerabilen eta gainontzekoan, biluzgorri zegoen. Begiak neskarengandik aldendu eta gelaren bestaldean tinkatu nituen. Steiner hortzez gora zetzan lurrean, tapiz larrosaren ertzean bertan, totem itxurako zutabetxo katen aurrean. Totemak aho biribila zeukan eta handik kamera baten lenteak agertzen ziren. Lenteak tekazko aulkian eserita zegoen neskari begira zeuden, nonbait. Lurrean flash lanpara bat zegoen eta ondoan Steinerren esku luzatua, setazko mauka laxotik irtena. Flasharen kordoia totemaren atzealderaino heltzen zen. Steinerrek feltrozko zola zuri lodiko espartin txinatarrak zituen jantzita. Beheko aldean satenezko pijama beltza zeukan eta goiko aldean jaka txinatar brodatua. Jakaren aurrealdea nahikoa odoleztatuta zeukan. Steinerren kristalezko begia dir-dirka ari zen. Gizonak ez zeukan gauza biziagorik inguruan. Lehenengo begiratu batean, hiru tiroek bete-betean asmatu zuten. Flash-lanpararen argia, horixe ikusi nuen etxetik argi izpi hura lehenago jaulki zenean, eta era berean, flasharen ondorioz neska drogatu eta biluziak egin zuen garrasi-irriño urduria aditu ere. Hiru tiroak beste baten burutazioa izan ziren, gertakizunak bere erara zuzentzeko modua. Ziurrenik, atzealdeko eskaileretan behera antxintxika joan zen lagunaren burutazioa. Haren jokaera ulertu nuen. Honenbestez, bururatu zitzaidan oso egokia izango zela aurreko atea ixtea eta katea txikiaz lotzea. Izan ere, sarraila apurtu egin nuen indarrez sartu nintzenean. Pare bat edalontzi luze, more kolorekoak, laka gorrizko azpil baten gainean ageri ziren idazmahaiaren txokoan. Halaber, botilatzar biribil bat, barruan halako likido marroixka zeukana. Edalontziei eter eta laudano usaina zerien: artean ere halako nahasketa dastatu gabea nintzen, baina hau nahikoa ondo zihoakion eszenari. Gelaren txoko batean aurkitu nituen neskaren arropak dibanean utziak. Hasteko, mauka luzeko jantzi marroia jaso eta neskarengana itzuli nintzen. Neskari ere eter usaina zerion, urrutitik igertzen zitzaion. Artean ere hortz arteko irriñoa egiten ari zen, eta adur pixka bat zerion kokospean. Zaplastekoa eman nion aurpegian, aukeran xuabea. Ez nuen trantzetik aterarazi nahi, hau edonolakoa izanda ere, oihu-garrasika hasiko ote zitzaidan beldurrez. «Tira» esan nion argi mintzatuz. «Izan gaitezen zintzoak. Jantzi gaitezen». Hauxe esan zuen: «Zoaz... piku... tara» baina ez nion inolako zirrararik sumatu hori esatean. Zaplasteko gehiago eman nion. Ez zion axola zaplastekoengatik, eta honenbestez, arropak hartu eta neska janzteari ekin nion. Ez zion axola jantziagatik ere. Besoak jasoarazten utzi zidan, baina hatzak zabalik utzi zituen, oso gauza polita irudituko bailitzaion. Lan dexente eragin zidan maukak ondo egokitzeko. Noizbait jantzia ezarri nion. Galtzerdiak ipini nizkion, baita zapatak ere, eta gero zutiarazi egin nuen. «Goazen paseotxoa egitera» esan nion. «Goazen paseotxo polita egitera». Handik ibili ginen. Batzuetan neskaren eraztunek bularrean jotzen ninduten eta beste batzuetan balleteko dantzari parea ematen genuen hanka biak lurrean zabalduta. Harat honat ibili ginen Steinerren gorpuaren inguruan. Neskak ez zion jaramonik egin Steinerri, ezta gizonaren kristalezko begi distiratsuari ere. Neskari libertigarria iruditu zitzaion ibili ezinean egotea eta halako zerbait aipatzen saiatu zen, baina hitzak murduskatu baino ez zituen egiten. Dibanean etzanda utzi nuen, eta bitartean haren barne arropak moltsotu eta gabardinaren poltsiko handian gorde nituen. Neskaren poltsa beste poltsikoan sartu nuen. Honen ondoren, Steinerren idazmahaira hurbildu eta koadernotxo urdin bat aurkitu nuen. Klabez idatzita zegoen eta interesgarria zirudien. Hura ere poltsikoan sartu nuen. Orduan totemeko kameraren atzealdea irekitzen saiatu nintzen argazkiaren negatiboa ateratzeko, baina ez nuen asmatu herstailua berehala irekitzen. Ordurako, urduri nengoen eta iruditu zitzaidan atxakia hobea asma nezakeela berriz ere negatiboaren bila etorri eta poliziarekin topo eginez gero, ezen ez momentu hartan harrapatzen baninduten. Neskarengana itzuli eta zira ezarri nion. Inguruan begiratu nuen ea neskak beste edozer utzia zeukan etxean, gero hatz-aztarna piloa ezabatu, ziurrenik hainbeste egin ez banuen ere, eta Dravec andereñoak hor nonbait egindako batzuk ere garbitzen ibili nintzen. Ondoren atea ireki eta lanpara biak itzali nituen. Ezkerreko besoaz inguratu nuen Carmen eta danbalaka irten ginen euritara haren Packardean sartzeko. Ez nuen oso gogoko neure autoa han utzi behar izatea, baina hala egin behar izan nuen. Packardeko giltzak autoan zeuden eta berehala aldapan behera labaindu ginen. Lucerne Avenuerako bidean hauxe baino ez zen gertatu: Carmenek hitzak murdukatzeari eta barre ergela egiteari utzi zion, eta zurrungaka hasi zen. Ezin izan nuen neskaren burua sorbalda gainetik kendu. Ez zen nolanahiko lana aztal gainetik kentzea ere. Astiro samar gidatu behar izan nuen, eta, nolanahi ere, bide luzea egin behar nuen mendebalderantz abiatuz hiriaren mugak zeharkatu arte. Dravectarren etxea adreiluzko etxe handi eta klasikoa zen. Lur zabalak zituen eta hesia inguruan. Autoetarako sarrera grisaskan sartu, pare bat ate burdinezkotik zehar igaro, aldapan gora igo, lorategi eta zelaiak atzean utziz, eta hantxe zen etxe aurreko atetzarra, berunezko panel meharrak albo bietara. Argi motela zegoen panelen atzean, etxean jende gutxi bailegoen. Carmenen burua zokoratu eta haren gauzak aulkian baztertutakoan, autotik irten nintzen. Andrezko batek ireki zuen atea eta esan zuen Dravec jauna ez zegoela etxean, ez zekiela non zebilen. Hiribarnean, hor nonbait. Emakumeak aurpegi atsegina zeukan, luze-horixka, sudur luzea, batere kokotsik gahea, eta begi handi urtsuak. Zaldi eder eta zaharra zirudien, urte askotan lanean ibili ondoren bazka jaten ipinitakoa, eta ageri zuen Carmeni lagunduko ziola. Packarda seinalatu eta hauxe esan nion marmarka: «Hobe ohera eramaten baduzu. Zorionez, ez dute gartzelan sartu halako tresna gainean zeukala, hortik ibiltzea ere». Emakumeak irribarre tristea egin zidan, eta nik handik alde egin nuen. Bost etxalde zeharkatu behar izan nituen euritan, harik eta apartamendu-etxe bat topatu eta bertako sarrerako telefonoa erabili nuen arte. Honen ondoren beste hogeita bost minutuz itxaron behar izan nuen taxia heldu arte. Itxaroten ari nintzela, kezkatzen hasi nintzen zerbait erdi eginda utzi nuela eta. Artean ere Steinerren kameraren negatiboa eskuratu behar nuen. Hiltzailea euripean |