Hiltzailea euripean
Raymond Chandler

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1995

 

11

 

        Martyk ez zuen batere gogoko joaldia. Beheko ezpaina hortz azpian sartu eta bekain muturrak beheratu egin zituen. Gaiztakeria azaldu zitzaion aurpegi osoan.

        Txirrina jo eta jo ari zen.

        Ilehoria arin jaiki zen. Aurpegia zaharkitu eta itsusturik zeukan, izan ere, ordurako denbora luzeegi ibiliko zen zainak aidean.

        Begia nire aldetik kendu gabe, Martyk arrapataka ireki zuen idazmahaiaren kaxoitxoa eta handik pistolatxo automatikoa atera zuen, kirten zurikoa. Ilehoriari luzatu zion pistolatxoa. Emakumeak Martyrengana joan eta kontuz hartu zuen arma, gogo txarrez.

        «Detektibearen ondoan eseri» esan zion Martyk lakar. «Apuntatu, eta txorakeriarik egiten badu, emaiozu berun pixkat».

        Ilehoria besaulkian eseri zen nigandik metro batera, atetik urrun zegoen aldean. Arma nire hankara itzuli zuen. Ez nuen batere gogoko neskaren begi berdeetara azaldu zen begirada artegitsua.

        Txirrinaren zarata itzali egin zen eta orduan atea tarrapataka ukitzen hasi ziren: arin, leun, luze iritzita. Marty gela zeharkatu eta atea irekitzera joan zen. Eskuineko eskua berokiaren patrikan lerratu eta ezkerreko eskuaz ireki zuen atea, bat-bateko bultzadaz ireki ere.

        Carmen Dravecek gela barrura bultzatu zuen gizona, errebolber txiki baten ahoa Martyren aurpegi beltzaranean jarrita.

        Martyk atzera egin zuen, arin eta zalu. Aho zabalik zegoen, eta aurpegian izuaren islada zeukan. Oso ondo ezagutzen zuen Carmen.

        Carmenek atea itxi eta bidea urratu zuen errebolber txikia eskuan zuela. Martyri baizik ez zion begiratu; Martyz bestalde ez zuen ezer ikusi. Aurpegia momorroturik zeukan.

        Ilehoria dardar batean hasi zen, automatiko kirten txuria altxatu, eta Carmenengana apuntatu zuen. Eskua bizkor luzatu eta eskutik heldu nion ilehoriari, hatzak arin-arin itxiz arma inguratzeko: asegurua ipini eta hortxe eutsi nion. Borrokalditxoa egin genuen, baina Martyk eta Carmenek ez ziguten jaramonik egin. Noizbait, pistolaz jabetu nintzen.

        Ilehoriak arnasaldi sakona egin eta Carmen Draveci so egin zion. Carmenek begi drogatuez begiratu zion Martyri eta esan zuen:

        «Neure argazkiak nahi ditut».

        Marty listua irentsi eta irribarre egiten saiatu zen Carmenen aurrean. Esan zuen: «Jakina, neskato, jakina» ahots apalaz, inolako gatzik gabe, nirekin erabili zuen ahotsa ez bezalakoa eginez.

        Carmenek Steinerren aulkian zegoenean bezain erotuxe zirudien, baina harrez gero, bere ahots eta giharren jabe zen. Hauxe esan zion Martyri:

        «Tiro egin zenion Hal Steinerri».

        «Egon pixkat, Carmen!» nik oihuka.

        Carmenek ez zuen burua itzuli. Ilehoria tupustean suspertu zen: niregana makurtu zuen burua topekada ematekotan edo, eta hortzak eskuineko eskuan sartu zizkidan, hantxe baineukan pistola.

        Berriz ere oihu egin nuen. Inork ez zidan kasurik egin, nolanahi ere.

        Martyk esan zuen: «Aizu, neskato, nik ez...»

        Ilehoriak hortzak nire eskutik atera eta ttu egin zidan, odola ahotik botata. Honen ondoren, ezkerreko hankaren gainera amildu zitzaidan, bertan hozkada egin nahian. Kankateko arina eman nion buruan pistolaren kanoiaz eta ahaleginak egin nituen zutik jartzeko. Ilehoria hanketatik behera joan zitzaidan, baina besoez inguratu zidan orkatila. Berriz ere besaulkian jausi nintzen. Ilehoria beldurrak aidean zegoen, eta horrek indarra ematen zion.

        Martyk ezkerreko eskuaz heldu zion Carmeni pistola kentzeko, baina huts egin zuen. Errebolber txikiak hots motel eta astuna egin zuen, zarata handirik atera gabe. Bala batek Marty huts egin eta ateleihoaren kristala apurtu zuen, barrura bildutako hegiarena, hain zuzen ere.

        Berriz ere, Marty geldi-geldi lotu zen. Bazirudien gihar guztiak gorputzera bihurtu zitzaizkiola.

        «Makurtu burua eta helduiozu hanketatik, ergel horrek!» oihu egin nion.

        Orduan beste kankateko bat eman nion ilehoriari buru alboan, lehengoa baino askoz gogorragoa, eta oinetatik bazter itzulikatu zitzaidan. Noizbait askatu eta ilehoriarengadik aldendu nintzen.

        Artean ere Marty eta Carmen aurrez aurre zeuden, estatua parearen antzera.

        Gauza handi eta astun batek topekada eman zion kanpoko ateari, eta egurra goitik behera zartatu zen zeharka pitzaturik.

        Honek Marty berpiztu zuen. Brastakoan colta patrikatik atera eta atzera egin zuen. Tiroa egin nion eskuineko sorbaldara apuntatuz, baina huts egin nuen. Ez nion min handiegia eman nahi. Kanpoko gauza astunak beste topekada bat eman zion ateari, halako indarrez, non etxe osoa dardarazi baitzuen.

        Automatika txikia bota eta neure pistola askatu nuenean, hantxe ikusi nuen Dravec etxean sartzen, ate kraskatua eta guzti.

        Begiak suminduta zeuzkan mozkorraldiaren amorruz, eta bere onetik aterata zegoen. Besotzarrei eraginez ziharduen. Begiak sutan zituen, gorri-gorri, eta adurra zerion ezpainetatik.

        Oso gogor jo ninduen buru alboan, begiratu gabe ere. Hormaren kontra erori nintzen, besaulki muturraren eta ate kraskatuaren artean.

        Buruari eraginez ibili nintzen berriz ere zutitzeko asmoz, eta orduan Marty tiroka hasi zen.

        Berokiaren atzealdea altxatu zitzaion Draveci, bala batek alderik alde zeharkatu izan bailuen. Gizonak estrapozo egin zuen, baina berehala arteztu eta zezenak bezala ekin zion.

        Pistola apuntatu eta tiro egin nuen Martyren gorputzetik zehar. Marty astindu egin zen, baina eskuan zerabilen coltak saltoka eta danbadaka zirauen. Ondoren, Dravecek gure artean jarri, Carmen jo, eta hostoa bezala kendu zuen bidetik. Harrez gero, ez zegoen zer eginik.

        Martyren balek ezin izan zuten Dravec geldiarazi. Inork ez zuen Dravec geldiarazterik izango. Hilik egonez gero ere, berdin-berdin harrapatuko zukeen Marty.

        Dravecek lepotik heldu zion gizonari. Martyk aurpegira jaurtiki zion pistola: gomazko pilotak bezala errebotatu zuen. Martyk garrasi zizkolatsua egin zuen, baina Dravecek samatik heldu eta lurretik altxarazi zuen.

        Une batez Martyren esku beltzaranak borrokan ibili ziren gizon handiaren eskumuturrei heltzearren. Kraskadaren bat aditu zen, eta Martyren eskuak albo-albora jausi ziren indarge. Beste kraskada bat izan zen, motelagoa. Dravecek Martyren lepoa askatu baino lehentxeago, Martyren aurpegia ikusi nuen, ubel-belztua. Gogoan izan nuen, iragaitzaz edo, lepoa hautsita duten pertsonek batzuetan mihia irensten dutela hil baino lehenago.

        Orduan Marty txokora erori zen, eta Dravec atzeraka hasi zen haren ondotik urruntzeko. Albo-alboka dabilen gizonaren antzera zebilen, oinak grabitate-zentruan atxikitzeko gauza ez balitz bezala. Halako lau urrats trakets egin zituen atzera. Gero, gorputz handi hura atzera irauli eta lurrera jausi zen tripaz gora, besoak albo bietara zabalduta.

        Odola zerion ahotik. Begiak txitxilduta zeuzkan, lainotik zehar zerbait ikusten ibiliko bailitzan.

        Carmen Dravec gizonaren ondoan jarri eta aieneka hasi zen animalia izutua bezala.

        Kanpoko sarreran zarata zegoen, baina inor ez zen agertu ate irekitik eszena ikustera. Ordurako, berun gehiegi dantzatu zen inongo ardurarik gabe.

        Arin hurbildu nintzen Martyrengana, berarengana makurtu eta eskua bularreko poltsikoan sartu nion. Gutunazal lodi eta koadratu bat aurkitu nion, barruan zerbait gogor eta trinkoa zeukana. Hura hartu, zutitu, eta bestaldera itzuli nintzen.

        Sirenots-ulua aditu nuen gaueko airean zehar han urrutian. Gero eta ozenago ematen zuen. Gizon bat kirikan zegoen sarreran, zuri-zuri eginda. Dravecen ondoan belaunikatu nintzen.

        Zerbait esaten saiatu zen, baina ez nituen hitzak ulertu. Orduan, begirada itxi hura aienatu egin zitzaion eta begiak antsikabe eta asaldakaitz bihurtu, begirada urrutira egiten duen gizonaren begiak adinakoxe, lautada zabalerantz begiratuko bailuen.

        Carmenek hoztasunez esan zuen: «Mozkortuta zegoen. Nora nindoan esatera behartu ninduen. Ez nekien atzetik etorri zitzaidala».

        «Ez zenuen jakingo» esan nion inolako zirrararik gabe.

        Zutik jarri eta gutunazala urratu nuen. Zenbait argazki ziren barruan, kristalezko negatiboarekin batera. Kristala lurrera bota eta takoiaz txikitu nuen. Argazkiak apurtzen hasi nintzen eta zatiak eskuetatik lurrera hegaldatzen utzi nituen.

        «Argazki piloa egingo dizute orain, neskato» esan nuen. «Baina hau ez dute argitaratuko».

        «Ez nekien atzetik etorri zitzaidala» esan zuen berriro, eta erpurua murtxikatzen hasi zen.

        Harrez gero, etxe ondoan geneukan sirenots ozena. Noizbait, durrunda zolia baino ez zen izan, eta gero erabat itzali zen. Ordurako, xehe-xehe eginda neuzkan argazkiak.

        Gela erdian gelditu nintzen neure buruari galdezka zergatik hartu ote nuen halako nekea. Ordurako, ez zion axola.

 

Hiltzailea euripean
Raymond Chandler

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1995