Inter porcos Xoxoaren kanta Battittu. Izen pollita ala ez? Xoxo ume bat duk ene etxe ondoan, hiri erdian, hegats baten azpian egin ohantze baten ume bakarra. Mirakulu bat, uste diat. Urtarrila bero honen erditsutan bere amak udaberria sendi zukeela, bere arraren laguntzarekin ohantze baten muntatzen ikusi nintian. Meteo ageria heldu zuan ordu berean: hotz olatu batek bazterrak joko zituela. Errun arroltzeak hil arriskuan beraz. Bainan ama tematu duk, hotz denbora iragan, aitak piska bat lauzkaturik eta xito bakarra jali duk, iduriz hiruzpalauetarik. Eta bazkatzen ari izan dituk, goizetik aratseraino, ttikiaren mokoa zabal zabalik ait'amek ekarri bazkaren irensteko. Indartu gure putikoa! eta horra otsailaren 28an, xutik jartzen dela ohantze gainean, hegalak harrotzen ikusten diat eta ixtant baten buruaan, lurrean hor muntatu baratzean, tinbili danbala ibilki bere patta motzen gainean, bainan burasoek hurbiletik eta hegats gainetik zaindurik. Jo beraz mundura eta idazten ari naizen une hontan hor duk ere, aste baten buruan, urratska azkartzen ari, jauziñoz jauziño hegalka ikasten ari. Hogoi bat zentimetroko hegalkadatik orai heltzen duk hiru lau metrotaraino. Teilatu ezkinetan hor ditik oraindik ait'amak, aita beltxa, moko horian xixari luze bat dilingan behin ikusi diat, bazkari on bat prestatzen. Zer biziaren nahikeria duten abereek, zoin hauskor eta minbera diren momentu batzuetan. Zinez baduk biziaz loriatzekoa noizbehinka. Mendeak iraganik, hor dituk xoriak, trebezia handiz ttikiak zainduz eta salbatuz. Doala mundura gure Battittu. Badik hamabost bat urteren bizitzeko mentura? Agian noizbehinka hemen gaindi ikusiko diat. Keinu bat egin diezodan bederen. Artetik erraiteko euskaldunak ez gaituk hain abilak abereei kasu emaiteko. Jadanik xerria, astoa eta beste kabala batzu aipatu dezteat eta futxo, xoxoaz banikek berdin zer erraiteko. Behazak bakarrik hitz horri: xoxoa, edo zozoa nahi baduk. Gizon bat zozoa baldin baduk, haurra xoxoa dela erranen duk. Eta jo, inguruko feria guzia: xoxotu, zozotu, zozokeria... Ontsa pentsatuz, zer da «zozo» izaitea? Frantsesez «bête», menturaz. Ene gaixo otto Xemartinetaz oroit nauk: kanbon baratzezain zuan eta etzakian nola erran «xoxoa» frantsesez, itzuli zian «bête» hitzarekin «merle»n ordez. Bainan ez ditzagun sobera lurpera gure frantximantak, badie heiek ere ikastekorik, erran nahi balios horrekin. Zozoa duk adimen eskaseko norbait uste diat, oraiko hitzekin berdin logika ahula duena, egin behar duena gaizki asmatuko duena eta burua galtzen duenari «xoxotu» dela erran zitekek. Alzheimer hitz hori gabe bizi izan gaituk luzaz gu ere, adin bateko jendea «xoxotzen» zela entzuna diat, ez batere gaixtakeriaz haatik. Buru haundi horiek »senilitatea» berdin jaliko hauie. Are, amultsutasun zerbait baduela «xoxo» horrek aitortuko duk seguraz ere. Eta noiz entzun duk parekatzen xoxoa, hegaztia, honen bizi moldea eta zozokeria? Omore onean naizelako marka, paria dezagun homonimia bat baizik ez dela eta ez sinonimokeria zerbait! Entzuna duka Amaia Zubiria, barnetik ateratzen duen abots miresgarriarekin «Xoxo beltza» kantatzen? Beti bezala biziaren kantua, heriotz ukatuaren oihua, biziaren airosaren esperantza. Xoxo beltz bat banuen kaiolan sartua egun batez neguen hiltzen giza gaixua lurpean sartu nuen zelaian xokuen geroztik entzuten xoku hartan ... xoku hartan ... xoxuan kantua. Eta Mikel Laboa, bere musikarien uhain itsasotuetan, hitz gutiz, mundu bat sortzen entzuna dukek ere. Xoxo hilaren kantua, gauaren erdian, ez dea euskaldunen biharko esperantzaren pizgarri? Zerk jarraitzen gaitik mundu huntako urratsen ondotik? Esku izkribu galduek, partituretako lerro ixilek edo hiri ahatzietako harresi ondatuen ezkinetako hexur puska edo buztin landuek ainitz ziotek biziaren kemenaz, oroitzapenaren indarraz, ukatu eta estekatuaren gogoaz. Xoxoaren kantak, euskaldunen artean utzi zaiguk ikaragarriko oihu hori, etsipen guzien gainditzeko laguntza. Hortaz egin nintian ere behin halako «Xoxo beltzaren koplak» deitu nintianak. Ez duk ez argiki ageri sineste fermurik bainan behatzen badiek, sartu ditiat biziaren hainbat distira. Handik hara haraindian arkaitz neketsuen maldan ur harroen harramantza. Jauregi ate herdoila ostalarien alkola oihanean ilun huntza. Gauetik dator dirdira oraindik xuxen mizpira bide sahetsez ortzantza. Iragan labur bizia agurtzeko nekezia gaztetasunaren dantza. Egian dela alegia urrundu da aurpegia dena bilakatu latza. Begia dagola idor besteeri dela dena zor noiz nola geroaz mintza? Joan ziren gure denborak atzerritar orai haurrak hustu da ene baratza. Mundu oro erroz gora zentzuduna da eroa pikoan dela laratza. Dena delarik ahanzten haurrek apoak gidatzen lantzak zilatzen sahetsa. Oihalak oro urratzen suak dena du garbitzen soilik da gelditzen hautsa. Haizeak hau barreatzen oroituz ere lotsatzen gogoan da xume hatza. Handik hara haraindian arkaitz neketsuen malda ur harroen harramantza. Harramantzatik kantarat bizidunen eraikuntza duk. Xoxoa kantaria duk, goizik hasten duk, gutarik hurbil bizi ere, tematzen duk, bazakik nekeziei buru egiten. Entzun ezak xoxoaren kanta, bizi berriaren alaitasuna badik.
Inter porcos |