Inter porcos
Lucien Etxezaharreta

Maiatz, Uhargi 46, 2007ko apirila

 

Sagarroiaren xixtak

 

        Duela guti lantxo bat irakurtu diat, lagun on batek gomendaturik, erakusten zuena Peter-en  «printzipioa» zer den. Badik bulta bat funtsean liburu bat gai horretaz egin zela. Hunek aipatzen dik norberaren mugak gainditzea ez dela zuhurtziazko gauza. Hots, noizbait, norbaiten ahalak bapatean indargabetzen direla eta gai zen hura gaitasun gabekoa bilakatzen dela, «inkonpetentzian» dela eta horrek guziak izena dikala «Peteren Inkonpetentzia Printzipioa». Horrek ditik galdu hainbat jaun eta andere, jaunak bai gehienak, beren burua denentzat gai zutela uste zutenak. Arrisku seriosa duk gaurregungo jendartean, bereziki euskal munduan, gazte gazterik botere gosea duten horien artean maiz ikusten diaguna. Bainan ez nuk landa minbera horren jorran egun arituko, badakik zoin kilika diren gure jauntxo horiek eta ene solasa mugatuko diat euskal literatura ohoratzen duten bizpahiru izen soilen aipamenean.

        Behazak hauxe bera, Jon Benito idazle gazteak egunkari batean, hain maite dituzten iritzi, zizta solas edo kronikatxo batean agertzen zuena:

        «Igande goizetan lotarakoak erantzi gabe egunkaria irakurtzea, hori arriskua! Irakurtzen duzuna ametsezkoa den edota ukitu eta ziztatu egiten zaituen triku bat bezain egiazkoa den ezin bereizi. (Gurean Bernardo Atxaga zientzia fikzioa egiten?). Beste batean terrorismoa deitzen duten horretaz ari dela, Emilio Lledo filosofoak zein ez da filosofo igande goizetan esnatu berritan? galdera bat erantzunen tokian. Eta galderak erantzun beharra dakar: «zer egingo genuke guk Falujan biziko bagina?».

        Alabainan, Irakeko gerla trixte hori, modako filosofo baten aipamena eta Atxagaren agerraldia hor dituk, hogeitabatgarren mendea ezta? Ziztatzea, edo nahi bada goxokiago idatziz, xixtatzea, horra trikua edo sagarroiaren itxura. «Kirikiño» izena baliatzen die ere Bizkaian, zer izen pollita, eta zer ideia ona Bilboko liburutegi aipatu harek izen horren hartzea. Triku izen horri datxikola «triku harria» badiagu, etzakiat batere zergatik: beharbada horren barnean aterbetzen ohi zelako abere hori? Ene aspaldiko irakurketen arabera, uste diat ere Barandiaran paleontologo maixuak aipatzen zuela nonbait triku batzueri esker aurkitu zituela aztarna batzu bere ikerketen hastapen horietan. Aipatzen dik ere gure Benitok Atxaga. Badik merezimendu mutiko horrek, hainbeste urte hauetan, abere baztertu gaitzetsi batzu itzaletik ateratzen ari baituk. Gogoan huke ostrukaren inguruan egin zituen emanaldi bikainak. Trikua ere bere abere enblematikoetarik bezala duk. Hor ere alfabeto, hitz joko eta literatura metafora frangoren sortzeko aitzaki apainak. Oroit hiza haren hitz hauetaz?

        «Esnatu da trikua habi hosto lehorrez egindakoan, eta dakizkien hitz guztiak ekartzen ditu gogora; gutxi gora behera, aditzak barne, hogeitazazpi hitz.»

        Hor ez nauk sobera aitzinatuko bainan uste diat hastapeneko Peteren solasak baliagarri litaizkela. Hogeitazazpi hitz! Nondik jalia dik hori? Zakur eta ziminoen artean, azken denboretan hitz batzu ulergarri direla badituk azterketak, hamar hitzetara mugatzen duk gure lagun hurbilen jakintza guzia. Eta trikuaren kasuan?  Bistan duk, metafora dela jaliko dautak!

        Euskal literatura, menturaz aipamen horren gatik, trikuari alderatzen die euskal literaturaren aditu batzuek, nola Olaziregi batek, begi keinu bat egin nahiz seguraz ere, gure euskarazko literatura orain omen delakoan, triku edo sagarroia bezala, esnatzen edo atzartzen. Ez nauk hortan sartuko, etxeko bakea, bestek bezala, maite baitiat. Dena den, konprenitua huke hik ere doi bat pobrea dela gure euskarazko literaturaren ekoizpen hura...

        Euskararen apostulu zaharrer behatzeak beti balio dik, beste hainbat aldiz bezala lekuko baitiagu. Gure Axular zaharrak zati famatu bat jali zian bere Gero famatuan. Bekatua, hunen mendratzea, soleitzea eta edifikazione on baten botatzea, bere betiko gogoa ikusiko duk hemen, bainan, pentsatzen ahal huken bezala nahiz Doktore haundi horiek ez diren hunkitu behar, badiat segurki jprratzekorik.

        Hauxe emaiten zian bere VI. Kapituluan, hirugarren paragrafean:

        «Sagarroia, bere egitez ere nekez erditzen da, baina are, bere faltaz nekezago. Zeren nola larruan baita latz, eta gaztaina karloa bezala, puntaz eta arantzez bethea, eta umeak ere bera bezala latzak, eta arantzetsuak baititu; ume hek erdi behar duenean bere arantzeez, eta karloez min egiten diote, eta halatan minari errendaturik, erditzeko meneratzen denean, barrenat sartzeintu eta han ahal bezanbat edukitzeintu. Eta nola hala dadutzan bitartean ere, handitzen eta gogortzen baitira ume hek; eta alabaiña erdi behar, edo hil: handik azkenean, harri baten kontra permaturik lehen eginen zen baino nekezago, eta penazago erditzen da.»

        Nahiz ez den nihundik ere xuxen, baliatzen duk Sarako erretor aipatua hortik bekatorosaren durduzatzeko, liburuaren gaia duen «luzamendutan dabilanaren» burutik beheiti konbertitzeko:

        «Bada haur beror obra onen egiteko, luzamendutan dabillan bekhatorea baithan ere gerthatzen da. Zeren nola konbertitzea eta obra onen egitea erditze bat bezala baita, halatan, zenbatenaz eta gehiago baitago, hanbatenaz obra on hetzaz, nekezago erditzen da. Beraz hunelatan, lehen baiño lehen izanen da hoberenik, eta erraxenik obra onen egitea, eta bekhatuetarik ilkitzea».

        Eta konbertitzearen behar eta premiaz, jarraipena aipatu gabe ez nindaikek egon:

        « Zeure lurrean, zure baimendua eta lizenzia gabe, etxe bat hasten deratzutenean, zeren baldin obraren akhabatzera utz bazinitza peril bailluke, akhometa liazazuten zuzen dutela lur haren gaiñean, hartarakotzat, aitzindurik bezala, ordenatzen du legeak, egotz ahal dezakezula obra berria (ff. de novi operis nuntia. L. Praetor). Hala egin behar da bada bekhatuetan, eta bekhatuzko obretan ere, berri direino egotzi behar dira, zeren bertzela nahiko du deabruak akhometatu eta alegatu, obra zahartu dela, eta hartan zuzen duela.»

        Gramatika lapurtar zaharraz goxatzetik jalita, goazen bada gauzen xuxentzera, ez naukalarik, alabainan, azken parte hontan sartuko, baitakik gainera bekatua eta bekatorosak Elizak menderen mende ez ditikala berdin aztatzen. Berriki joan zaiguk Abbé Pierre famatua, bera omen apezen ezkontzearen alde zuan, aitortu dik ere, ez hain aspaldi, Axularek «haragizko harremanak» deituko zituen gauza batzuetan sartu zela noizbait. Beude beren tokietan manamendu eta horiek guziak. Xuxendu nahi dudana duk sagarroi gaizoaren kontua. Peteren printzipioari etzian kasurik eman gure erretor aipatuak, bistan duk, eta beti bezala bere burua besteak baino gorago uste baitzian, petto pollitak egin ditik.

        Europa mendebalde guzian bizi duk sagarroia, Erinaceus europaeus egiazko izenekoa. Hiru urte bana beste bizitzen duk, berdin hama arte ere. Hogeitahamasei hortz eta hemezortzi hilabete guziez berritzen zaizkion sei milako bat zizta dituen aberetxoa duk. Hamabost eta berrogei hektareko eremuan bizi duk eta hor dik bakoitzak bere bizi eremua. Horrek dik esplikatzen sagarroiek elgar arras gutitan kurutzatzen dutela, bakartiak direla hots. Negua iragaiten dik belar eta hostozko ohantze batean. Gehitu behar dik abere baliosetan sartzen ahal dukala, zizari, bare, mamutza mota frango, beldar, lipu eta beste jaten baititik.

        Eta menturaz hau duk Axularek gutixko zakiena: kopulazione kontu eta familiako biziaz,  apezek guti baitakite hortaz, ene amak berak maiz goraki etxen erraiten zitzaikuian bezala. Arkaltze eta estaltze hori negutik landa gertatzen zitzaiok eta ernalketa maiatz eta urri artean dik, hogeitahameka eta hogeitahamabost egun iraunez. Aldiro, eta urtean behin baizik, lau eta sei umeren artean sortzen zitzaizkok. Ttipien hazteko amak hamar titi baditik. Hor dik ere xuxendu behar: umeen xixtak zuri eta guri guriak dituk sortzean eta hiru egunen buruan belxten hasten. Denak erraitekotan, gehi dezagun umeak hameka egunen buruan borobilean jartzen direla eta hogeitabi egunetik goiti, ohantzea uzten dutela. Lau eta sei asteren buruan amak ez ditik gehiago tititik hazten, bakoitza zoak bere janariaren bila. Sagarroi emea baizik ez duk umeetaz arduratzen. Ez die bizi aiseta gaixoek, urte baten buruko hamarretarik zazpi hilak dituk, iduriz neguko gose denbora gatik gehienbat. Baditie ere etsai gogorrak, bereziki azkona, azeria, pitotxa edo hontzak ere. Nekez ihes egiten die, nahiz ziztak badituzten geriza gisa. Itzuliaren osatzeko gehi dezadan ikusmen arras motza dutela nahiz entzumen eta usaimen guziz onekin diren.

        Dena den, Axularek etzitian sagarroiak ongi ezagutzen. Bego eta ez gaitezen gaixtoegiak izan, batek, berdin, bere konbertitze luzamenen teoria guzien errekaratzeko, bere demostraketaren arintasuna hola ager bailiezaioke. Ez gaituk bide hortarik ibiliko.

        Sagarroiaren urrats dudakorra, bilintzi balantza ibilki delarik, janari bila bistan duk, eguzkia sartzen hasten delarik udaberri eta udako iluntze goxoetan, denen atsegingarri duk. Ez dituk haizatu behar hain ontsa zaintzen dituzten baratzeetarik; ez eta ere preso sartu behar, kurri ibiltzea beharrezkoa baitzaie eta hortarako baratzeko hesian hamar bat zentimetroko pasagitxo bat muntatu behar zitzaiek. Partida duten negurako kesa uzkaili bat, gainean hosto meta bat, eta horra aski zaion aterbea, berak ohantze gisa gero antolatuko dikana.

        Errebideetan ibiltzea preseski sarraski bide die gaizoek. Zenbat sagarroi leherturik ez diagu ikusten bideetan, bizia ergel batzuen gatik galdurik. Egia duk ez direla maiz ongi ageri, gauaz, argian ez dituk ikusten ahal, abere basa frango bezala ez baitie argirik isladatzen. Hala ere, auto gidari batzu, zerbaiti mendekatu nahiz eta beren balentria zozoa agertuz nahitara lehertze joko hortan ari dituk. Umorea ustez badie ere nola marrazkilari segur abil batek: behin egin zian lan bat non ikusten ahal baitzen sagarroi bat bide sahetseko ezponda batean jarririk, zernahi zigarreta erretzen, beha zela auto bat noiz agertuko zen bidearen kurutzatzeko eta, alabainan, hor lehertua gertatzeko! Hau abilezia! Ez duk hor irri egitekorik ene ustez, zaindu behar ditiagu itsumandoka ibiltzen diren hauk, gure abiadura zozoko mundu hontan ez baitiegu uzten beren tokirik. Erresistentzia denboretan sartuak girenaz gero salbatu behar ditiagu: sagarroia borobilean jartzen duk, bere mila xixtak airean, etsaiari buru egiteko, geriza hor dik, uste dik bederen, ez diezaiogun ken zoriona emaiten dion ilusione hori.

 

 

Inter porcos
Lucien Etxezaharreta

Maiatz, Uhargi 46, 2007ko apirila