Inter porcos
Lucien Etxezaharreta

Maiatz, Uhargi 46, 2007ko apirila

 

Margarita inter porcos

 

        Titulu bitxi bat diat hor, bainan ago. Erran nahi deat lehenik aldi huntako gaiaren iturria: nola mundu guzian xerriak mespretxatuak diren...

        To! Harrak Xabier Amuriza: «bota dezagun demokrazia zerri askara!» Zerrien aska: ifernuaren pareko leku okaztagarria. Mutiko hortaz ba diat estimu haundia, bainan demokrazia zerri askara botatzeaz mehatxakatzen duelarik ximiko zahar bat bihotzean pizten zaitak. Eta ba duk besterik! Axular zaharra bera, Euskal Herriko apez predikarien aita paregabezko hortarik hasiz, mende honen ondarrera dituzkan iraultza esperantzetaraino, xerrietaz trufa ba duk. Esplikatu behar deat hori. O, ba, trufa horrien herrak ez duela bali handirik aitortzen diat eta gogoan diat Esteribarreko erran zahar hau, «norata ezkurra, harata txerrien muturra»... horrekin erraitera mentura bainintaikek xerrietan ba ginuela etsenplu hartzeko! Erranen deat hala ere zebeit gogoetagarri ba dela hor, xerrien izaitea hainbestetaraino zangopilatzen duen egoera orokor hartan. Eta zer! Batere ahalgerik gabe aitortuko deat: xerrien amodio haundi bat ba diat!

        Badakik, beste ainitzek bezala, ene haurtasunak xerrien auzotasuna ukan duela. Adin bat dugun guziek, eta ez bakarrik laborari etxeetan, xerrien kurrinka goxoa entzuna diaguk... hunen zorionaren deiadarra bazka askara ixurtzean...

        Gero, beste gauza batek jo ditik gure haurtasuneko neguetako goiz hotz horietarik, oariko neguek ez duten hotz berezi hori. Xerriaren orro luzea, batzuetan bizpahiru astez, kasik goiz guziez xerria nunbait hiltzen zitean, Miatik Arramintxeneraino eta Alaattonetik Urgaixtoraino. Haurrak ez gintuan alabaina goizik jeikitzen, baina etxekoaren hiltzea zelarik gehienetan hor gintuan. Gehienetan ere poxolatzen ginian ba, bainan beti zerbeit egiten ginian momentu hortan, xerriaren buztanaren atxikitzea bederen.

        Xerria hiltzen zutela baginakien bainan hiltzeaz ez gintuan ohartzen, beste egun bat zuan besterik ez. Ohartzen gintuan haatik, besteen etxeetan zelarik, orro luze bat zela. Ez ginakian zendako hoin luzea botatzen zian. Mendi, patar eta erreken oiharzunak lauzkatzen zuten oihu luzea, ohearen barne bero gooxotik beldur ikaraño batekin entzuten ginian.

        Ainitz urte eman ditiat gauza bati ohartzeko: mina ­eta pena eta dolore hain segur- mina zuelakoan, beraz, xerriak zuela orro luze hori egiten. Nik uste nian pesta ginuelakoan exten zela holako oihu luzea egin arazten... besteri jakin arazteko! Gero, badakik nola ohartzen haizen denek beren iturburua duten... nik ere, besteek bezala, ikasi nian zergatik hola hil arazten zuten. Zintzurreko zain bat moztu eta, emeki emeki flakatzen duk eta, anartean, bihotzak jo egiten baitio aski indarrekin, odola kurri arazten ziok zainetan eta beraz odol hustera laguntzen dik. Odol hori bildu behar baitie, molde erretxena duk hola egitea eta nagok beste molderik baditeken odol guzia biltzeko. Hau beharrezkoa die delako odolki horien egiteko. «Tripotak» erraiten die leku zonbaitetan hemen, erranen deat hitz hori ez dutala maite, itsusi zautak. Karkulan ari bainuk hau ixkiriatzeko denboran ari nuk pentsatzen hea xerriaren azpi eta artekiak berdin kontserba ditaizken xerria odol hustu gabe. Kasik segur nuk ezetz; ikusi ditiat azpiak andeatzen, harrek hasiak eta preseski odol zerbait ginarriaren barnean egona baitzen. Nik bezala ikusia huke hori, gazitzeko denboran, nola thorra eta thorra ari izan behar den, gelditzen diren odolgune horien parti arazteko. Mazaja batzu balire bezala, hezurren plegadura guzietan artzen ­eta zer indarrean- ikusi ditiat.

        Xerriaren orro luze horren erran nahira ez nuk segidan jin. Erran behar deat gogoan dutan gauza bat. Hirietako lagun batekin ari izan ninduan behin orro hortaz. Hunek erraiten zaitaian nola Eguberrietako bakantza horietan deurriak ikusten zituela ezin hori soportatuz. Eta nik erraiten nioian ez niela konprenitzen zendako hola zen eta etzuela segur erraiten zuen bezenbat irauten orro horrek. Uste diat biak ez ginela kantitu: harek, bederen hamar minuta irauten zuela eta nik bizpahiru bakarrik... Pentsatze diat, orai, ene haur denborako pesta hori ez niola zikintzera utzi nahi.

        Bitxi zaitak hala ere xerriaren hiltze horrek ez zaitaian batere hiltzeari pensta arazten...

        Ba! Xerriak maite ditiat best batzuek gatuak maite dituzten bezala. Eta ez erran neri xerritei zikin horietan preso, kaka eta iztilaz orraturik ikusten dituzkan gaixo abere horiek direla ene maitasunaren gai zuzenkontrazkoak! Ikusi dituzka behin ere udako aratsalde leun horietarik batean, mendi mazela zenbaiteko haitz baten itzalean, bizpahiru xerri goxoki eta polloki, elgarri kuntre lo kuluxka baten egiten? Ez diat Watteau aipatuko eta ez nikek lirismo bukoliko batetara lerratu nahi, bainan ez nuk batere beldur hor errateko ene biziko momentu hunkigarrienetarik batzu ukan dituztala. Haizearen freskura firridan, kurrinka goxo horiek, elgarren artean zuten amultsutasun sendikorra, beren larru garbia arrosaren kolore guziekin... Behar bada sinetsiko duk hor egon ninduala luzaz eta hor lanbro sentsual bat bezala sendi zitekela, biluztasunak minberaturik. Hurbildu ninduan. Badakik hain segur zer entzumen fina duten kabala horiek eta berriz ere ene arraza gizatiarreko partaideen basakeriaren errefera hartu nian: bizpahiru metretara orduko xutitu zituan beharria erne, etsai bat banintz bezala! Xirmi xarma harritan sar barna...

        Halako zeit zatzk beti trufan ari zaizkidan horieri arrazoinka artzera bortxatua izaitea. Hala nola balio dua berriz ere erakustea xerria abere garbi bat dela? Antaa zikinkeriaren sinbolotzat zaukaie hainitzek (...urde zikina!). Zoazte, zuek, beraz, andere eta jaun garbitzaleal edozoin izenda nezaken horietarik batenera. Eta egin karkulak hea Jendetasun edo Zerritasun bi hitzetarik zoin diteken egokiena!

        Elkorrari zerbeiten entzun araztea ez duk ene indarren heineko ahala, bainan erran gogo diat holaxet ­bazter hitz batez- norbeit preso sartzen bada edo gela batean egon arazten sekulan atera gabe, haren egoitza laster delako «xerritei» horien idurikoa bilatuko dela. Zeren eta ­pentsemak- hire behar guziak gela batean egin behar balin badituk, sekulan ez balin badautaie garbitzen hire barne hori... nolaz ez haiz, hi ere, laster zikinkerian orratuko? Hire aztal sorbaldal laster zakar zikin lodi batek estaliko dik eta hotzak ere umitateak, aipatu gabe lotsa eta bakartasuna, hire garbitasunerako gogoa laster suntsituko die. Gogoan dituzka nola ziren dela konzentrazioneko kanpo horietara heltzen ziren deportatuen treinak? Eta gero beren blokak? Jendea aberearen heinera, aberea jende batzuen heinera bezala, laster jausten zela orduko lekuko guziek erranen dautaie. Ez duk hor irri egitekorik: ungarria guk ere egiten ahal diaguk gaixo xerri batzuen pare!!

        Libro eta kanpoan putinkaka ibilki, xerriak, beren larru garbiarekin, irri bat mutur ezkinean, beren buztan labur kuskuiduna ikurriña bat bezala... Omen guk, giza eta emazte arrazakoek, gu «sapiens» horiek, zorionaren asmatzeko ahalak abereetarik egiten gaitik diferent! Ba, tirrit! Baginu amultsutasun pixka bat, laster zoriona aberreetan ikus ginezakek. To, hor nagok hea espresuki xerrietaz ari naizen. Ez, ez, hemen aitor eta goraipa nezkek abere guzientzat zoriona baditekela.

        To, hor beste zerbeit gogora heldu zaitak. Apezek ere, eta ez bakarrik gure katoliko erromano horiek, xerrien kontra beren balentriak obratu dituztela. Horiek alabainan beren arrazoinamenduak seriosteko, bistan duk, Jainkoa, bekatua eta hail, berdin teologia bera hortan sakatzen die. Gure «Doctor Teologo» Axular zaharra bera aipatu behar diat. Hunek, artikulu batean, hau abilezia, xerriak trufatzen ditik molde desohoragarri batean. Erraiten dik, gogoan balin ba diat segurik ahal bezain xuxen, nola bekatoros bat xerri bati konpara diteken! Ba, ontsa irakurtzen nuk, bekatorosa eta xerriaren ibilmoldeak parekatzen ditik!!! Behazak: erraiten dik bekatorosa hiltzearen beldur izanez, hiltze horren beldur den hil baino aise lehenago eta beraz bere bekatuen gatik besteak baino gehiago sofritzen duen. Bo, eman dezagun. Bainan gero erraiten duenarekin ez nuk batere ados; erraiten dik xerriari konpara daitekela, zeren eta hunkitu baino lehen kurrinkan hasten baita hau! Behazak gure teologoaren abileziari. Pentsemak: alde batetik gezur hutsa dik hor: ez duk sekulan ikusiko xerri bat kurrinkan ari hari hurbitzearekin. Hitaz urrunduko duk, besterik ez. Zer uste zian ala apez kurkuil harek? A ba, behar bada ikusten diat hor zer erran nahi zian: xerria bere hiltzeko taularen gainean, sorbaldetik, zangoetarik, estekan atxikitzen dutelarik, ikusten duelarik xerri hiltzailea bere ganit marraza handia eskuan, nigar batzu ixurtzen ditik... Krako bat ere sartzen ziotek gehienetan bere agoniaren ohaska horren gainera tiratzeko. Eta behar likek ixil ixila egon! Nolaz haren begiek ez die botako zeru mutuaren azkorriari azken ximixta bat, eta nola bizi dela eta nahi duela bizi oraino bere zintzurrak ez dik oihu eginen, haren beharriek baieztu dezaten bizi agergailu hori? Segurraz ere Axular abilak pentsatzen dikek ez ditekela haren apez izpirituan baizik sofrikarioa soleitu... behar likek xerriak bere hiltzaileen legeari irriño bat egin?

        Ago! Beste apezik ba duk oraino... «Haluf» deitzen die xerria arabeek. Beren sinestearen arabera ez die huntarik jan behar. Hortan ez diat ikusten bekaturik. Bainan ba duk besterik: jakizak «haluf» norbaiti erraiten balin bada ez dela konplimendu bat! Abere pollit horren aipatzea bera okaztagarri zaiotek. Hor ere seguraz ere zibilizazione handi baten sortzaileen marka.

        Nicaraguako sandinisten Iraultzarentzat ba diat errespetu. Muchaho horiek zerbait jauzarazirik ba die munduko zaharkerietarik. Behar bada irri eginen duk bainan horra: bizia, eta haurrarena bereziki, herri hortan gauza premiatsua duk eta hunen zaintzeko «osagarri brigada» batzu muntatuak ditie herri guzietan. Kanpaña batzu hasiak ditie, garbitasuna, jateko molde hobeagoak edo xertatzeak aipatzeko. Propaganda puska bat egiteko marrazki batzu egiten ditie: holako batean ikusi dutanak punpako bat egin arazi zaitak. Xerriak eritasun eta zikinkeri guzien ekartzaile presentatzen ziztean... Ez ditiat kondenatu nahi, ez nuk CIA eta «contras» horien ildoetara jautsi nahian, hala ere, aitortuko diat min egin dautala horrek. «Sus cochinas vidas» horien gatik direla xerriak lanjeros leitu diat. Berriz ere erran behar diat: miserian eta zikinkerian bizi arazten ditie xerriak... eta gero zikinak direla salatzen! Gogoeta labur holakoek iraultzaren luzetasunaz dudak sor arazten ditie ene baitan.

        Azken hitz bat. Lehenagoko irakasle lagun batek ekarri zataian potreta bat. Hori zuan Amikuzeko etxalde baten aintzinean, korralean, lohiaren erdian hartua. Hil harri zahar bat, hautsia, han zuan, xerri tropa baten erdian. Badakik zer izen eman nahi zian foto horri? Margarita inter porcos! Lili bat xerrien erdian... Alabainan hau zian zikinkeriaren zikinkeria: gizonen betiererako deiadar ondar ederra xerriek inguraturik...

        Ez diat segituko. Hainbete herraren erdian, heien edertasuna eta maitasuna konpreniturik, bizia piska bat hobeki ezagut arazi dautatela aitortzen diat. Margarita inter porcos!

 

 

Inter porcos
Lucien Etxezaharreta

Maiatz, Uhargi 46, 2007ko apirila