Inter porcos Zabozeko huntzak Ametsa, esperantza bezala du pentsatzen ez dukan tokitik heldu zauk.... Oroit nauk. Benito Lertxundi zuan arats batez, San Andreseko eliza bete betean. Beintzat bederen Baionako ikastolak elkarturik zituan eta jendea heldu zuan osteka. Tenoreko eliz atearen aintzinenan: Euskal Herrian ez dik horrek nehor tronpatuko, jendea izanen dela duk marka. Gaua kanpoan: hazaroko gau luzeetarik bat Baionako karrikak oraindik goizago huts arazten dituenak. Etzakiat zerk ekarri ninduen hortara: nostalgia, oroimena ala bizitzeko nahia, hail to diferentziaren egitera batzuetan... Hazaroa eta larrazkena, bidutasunaren aroa uste diat eta maitasunarena ere. Maitasuna larrazkeneko haiearen erostasunarekin... Ero, Eros, ikusten diat hor Enaut Etxamendi bere greko arkaikoaren sustrai euskaldunen teoriak botatzen: gu greko zaharrak! Ba, bainan hainbestetan pentsatu diat hori, hala duk, egia duk, larrazkeneko larrosak direla ederrenak. Gogoan diat beti Baionako lize garaietako egun luzeetarik gorde gerorako hitzarmena, Agrippa d'Aubigné-ren hitzak... une rose d'automneest, plus qu'une autre, exquise.... Organo elektronikoak sortzen dik giro bat musikaren munduan, eliza batean gainera, han organo soiuak elizkizun kartsuaren gogoramena zaukak. Bultzatze berezi baten inguruan soinu borobilkatuak elizbarneko harriak perekatuz kurritzen ditik bazterrak eta bibrazio barnakorrak dituk. Egona nauk batzeuetan eliz barnetan maite ditiat. Katedrale hutsetan eguerditan frangotan ari dituk organo joileak beren ariketatk egiten. Atea idekitzen dukalarik bolada batek jotzen hau: hiretako bakarrik duk kontzertua; are hobeki, kontzertu mikoak, jasta, musika zati zailenak baititie hor entseatzen. Organo joileak etzakik hor haizela eta eremu fantastiko batean haiz, organoaren soinuak bete espazioan ibiltzen ahal haiz gainera, ez duk nehor eta konplizitate sekretu bat, eezagunen artekoa, dakikanez laburra izanen moentu hortakoa abian duk. Zutabe ezkina batetarik zeruari buruz begira dauden larrosak dituk begiratzen: hainbeste lan inutil egin ziteian horiek iragan mendeetan... Inutila, badakik: ederra beti inutila duk eta gure herrian hori duk bekatu mortala, gauza inutiletan higatzea, leiten artea bezala. Gaizo, Julien Sorel, adituko zitian euskalduna izan balitz, bere segerako xoko gorde hortan hemen ere txintxinmariak... Eliz ezkinean egoiten baldin bahaiz bultta bat, amets zorionean pastuko duk epe eder bat... Ba, maitasuna nunbait baduk lizen barnean: maitasunak oroimena ere kurutatzen dik hor. Hil herrietan bezala. Organo soinu leunaren artetik hixtu bat bezala. Dudarik ez, huntz baten gaueko oihua. Huntzak, Zabozeko huntzak... Etxekortia, Eltzarre, Zihiga, Harrixuri eta Zazeko mendiek inguratzen dituzten bazterrak, Eltazrreko ordokiaren aintzidari, Laoseko mugako mendietan bezala, Dien Bien Phun.... Huntzak, gua, ilargi bete, izarrak, su pindarrak, aurpegi batzuen amets beroa. Huntzak, hiru gauez, Zabozeko mezulariak... Donaixtiko Arlan gelditu eta abian haiz gero ta hertsiago den erreka bati goiti. Gure herriko leku sekretuetarik bat hor duk. Leku guzietara ez haiz berdin heltzen. Berehala eskuratzen dituzkan leku atseginz ez die ametsik. Hola konprenitu nian eskalr handien izaite hori Teotihuakan edo beste tenplo horietan: mailaka iragaitean, mailaka sartzen haiz pentsaketetan, gogoetatzen, izpiritu hutsgarbiketa batean. Salbaikeriaren mailak ere hola dituk: torturtzaile ustel horiek bazakitek mailakate horre berri, eta Auschwitz-eko ate ilunak baino beldur handiagoa emaiten zikan Mauthauseneko eskaler luze izigarriak, Urrunako Frantxa zenak hori ahal balu erranen zikan... Lhassako hiri sainduari ehatzen baduk urrundik, eskaler bat zirudik mendiari goit johan. Ikusten ahal duk potret hori aste hauetako publizitateetan, auto revolüzionerak saltzeko asmatu duten irudi ahalgingarria! Mailaka haiz heltzen jakitatera, laguntasunera, maitasunera, heriotzera. Bizitzaren legea. Dorpea? Ur bazerretarik doan bideak badik beilabide baten itxura. Barbet Schroeder-en filmea «Ibarrea» gogoraten baduk, Pink Floyd-en musika duk posibleki gogoratuko. Organo elektronikoak sortu musiken hasierako burrunba lanotsua harrigarria duk... Ginea Barriko basa oihanetan, amerikano talde bat, mixteriozko ibarre bati buruz, honen bila doana: han izanen die jakitatea, zuhurtzia, zoriona, amodioa, eta bixtan duk, betierea. Betierea, zer zoramen eroa! Maila horien ez ulertzeak ekartzen dik... bakotxak gune batean, une batetako gauzak omen kunplitu behar ditugula ez onartzea duk. Antaa... guk ere betiere hori nahi ginikek: betierean gazte, maitatua, maitale... Antaa, ez duka hik ere hainbeste kalitza urrundu nahi batzuetan? Eli Eli lama sabaktani oihu horik ez dituk bakarrik Golgothan botaiak izan. Erdi ibai itxura duen erreka bazterretan habil. Xurtxuri batzu uraren gidari, pentzeak, bide zabal harriztatua, sahetseko sasiak haatik gero ta handiago bidea hertsitzearekin. Mazuzak: uda bururatzen ari zuan. Talde bat gintuen: suerteak bildu lagun batzu. Birazka johan zirenak, bazutela elgarrekin solasik egiteko eta maitasun hitz eta jestu eskaintzeko. Ezin duk herri bat ezagutu ez bahaiz oinez ibiltzen. Hire oinek tapkatzen duten heriarekin baizik duk harremana sortzen: harreman sentsuala. Fisikan ikasten dituk zinez gogoetagarri direnak. Grabitazio mailan adibidez: hi eta lurraren artean, ez bat bainan bi, bi indar badituk: lurrak tratzen hau bere gana, bainan HIK ERE lurra tiratzen duk, harremana baduk!! Indar horik, lurraren gainean ibiltzean, inguruko irudi, usain, soinu eta hunkimenekin osatzen dituk. Jasatzea. Jasatzea.... gostu kirets frango badituk natura inguruan, sukratuak ere, baina askotan samintasun zerbaitekin: belar, fruitu, hosto, horiek oro mendaren gostuarekin dituk. Maazuzak bezala. Bidea hetsitzen ari uan eta bospasei kilometroen buruan gelditzen. Ezker alde zubi bat mendiari goiti; ez, ura segituko diaguk, mendiaren bihotzera iduriz doan erreka harritsua. Biderik ez eta neguko ur basek urratu bide bazterretik joan behar. Gaua heldu, hor egon beharko. Pentze bat han, to, munduko leku galdu huntan arteka kurios bat. Etx hori bat, edo borda erori bat. Harri pikatuek duda emaien. Legeak diferentziak egiten baditik etxe edo borden artean, hemengo jende xumearentzat desberdintasun guti, boorda eta etxe pobre baten artean. Teilatua eroriko zurk, harri pikatu eroriekin, lazdura bat sortzen, sahetseko zuhait ederra zutik, aterbe eta etxekoen lekuko ahantzi baina bizia, orobat ilusinen hilerri bat gaueko lehen itzalek handitua. Aterbetzeko jestu automatikoak lagun espertek: etxola, sua, janaria, urketa joaitea, lo-zakuen antolatzea. Gaua dator laster: ingurumen beltza zeruko hodei pizuek estaltzen dutela, ur basaren azantz sarkorrarekin. Udazkenean sartzen ari gituk, sutik hurbilago egon behar. Lagun goxoak, mila ixtorio, irriz, ixilik, suarn deiak, itzaltzea, bederazka lo egitera, bakarrik, buru barnko gau akituan. Akiduratik han harat sendimendu bizien ikara. Gaueko olatuen boladak. Zer ri naiz hemen? Zer ari dira ene urrungo lagunak? Nun, nola, norekin Noren eskua har zinezake ahal bazinu? Eta gauarn erditik lehen deia: ilunaren erditik huntz baten oihua, luzea, sarkorra, harrigarria, eni zuzendua balitz bezala. Hastean, haizeak arbola adar bilutsi baten jotzean egiten duen bezalakoa, ondotik hixtu bat azkartuz doana, ur bazterretan untzi hustuetarik haizeak batzuetan ateratzn den bezalakoa, modulaziorik gabeko edo doi doia entzuten den batekilakoa. Zergatik oihu hori? Hegaztienen munduan ari ianak dituk estudiatu zuen erran nahietaz. O, hor ere, ez duk misterio handirik: jabetasuna eta amodioa! Bere lurralde puska haen mugak markatzea eta jakin araztea, «ni hor nuk» eta amodiorako dei beroak... Gaueko euria, bazter heze hauetan berriz ere, lanoen artean, hemengo leku ferdeen betiko sekretua. Errekaren azantz etengabearen osatzeko lurraren eta zeruaren arteko aspirazione berezi hori, karesa bat, bizidunen artean bildatsun eta elkartasun ekarle eta zaintzale, ganbaren baten erridauak bezala... Maila berriak eta beste egun bat. Bide hertsiko harri lerrakorrak, lohia, euriz ase belarrak. Oihanetan barna euriak ohantze bustia. Hostoek bildu ura zortaka. Ferdeago, ilunago eta arbolak handiago. Egun berriaren gau berria. Iragan urteak eta egunak urrunago... Banbuzko erridau baten atzean bezala. Urruntzeak ekarri distantzia berriak. Biziaren ezindurak agertzen zauzk molde berri batean. Hobeki ikusten omen duk iraganaren itzala, omen, maite dituzkanak hobeki nabari.... Ba, uste nuela erran nezakek orai. Ez ziakan urruntzeak lanbroa baizik perfila arazten orduan. Eta gau berri bat jin zitziakan. Eltzarreko ordokiaren gainetik. Gau zohardi garbitua ezkina batetarik, ilari bete gorria. Jauregi hotz batetako sala handi batetan bezala pizten den zuzia balitz bezala O Combourg-eko Lucile!- baina itzalak, itzal beldurgarriak sala botatzen baditik argiak, kanpoan, ilargiak ez dik itzalik berdin botatzen. Ez duk hainbat ageri segurik: itzalik gabeko munduan haiz gauaz orduan, eremu majikoan. Orduak egon nintuan begira ilargiari... Inguruko argi bakarrari, hiltzen zoan suaren ordain berriari. Zenbat solas eta gogoeta, loheria ezin etorrizko gau hortan. Ur bizen kondairak, Orienteko basamortuetako hondar finei Mogol handiaren gorteko esklabo abandonatuek konda litzazketen historiak... Eta gauaren erditik bigarrn deia izan zukan: huntz bat, eta gero beste bat. Aldi huntan argiago zukan. Zabozeko oihanetik Etxekortiako maldarat deika. Harreman bat! Ze erran nahi zitean? Gau distirant goxoan halako hotz bat zitean: etzukan zorionezko meulari bat. Histu luze bat, itsas bazterrean abandonatu baten egoitza batekin, konka zerbaitekin, ufatu eta batzuetan ardiesten dukan baten idurikoa. Esperantza badela nunbait, mundua erreberritzen dela, baietz eta ezetz. Loreak mendietan beranduago heldu direla. Arrosarik ez dela mendietan heldu; ekialdetik datorrela landare hori, zibilizatuen emaitza bat, Damas-eko kalifa norbaiten baratze zain jakintsu, fidel eta umilaren aurkitzea. Jung Frau mendiko horma guneak, «birjina» dela mendi horren izena, eta mendi oriek Europako bihotzak direla. Naturarekin bizitzeak hobetzen hauela, besteekin ukan ein dituzkan harremanak hor dituzkala ederrenak, maitasun fidelak direla bide bazterretako eta oihan beltzeko arbolen maitasunak... Eltzarreko ordokian oinez ibili behar dik, ez duk funtsian beste ibilbiderik. Aratsalde apala zkan. Zelai handi handi bat duk hori, edertasun ikara arazle batekin. Gauaren lehen magalak agertzen. Hire iresteko sorten zukan itsaso bat iduri zian oihanak orduan. Moisesek idek arazi itsas gorriak bi bazterretan izanen zikan holako itxura, ezker eta eskuin, hartzen huen bidean pareta beltz murmuratsu batzu. Majestate horren erditik hi bakarrik, johan, gelditzen, so, pentsati. Holako leize handietan litaikee gogo piztien janari. Ez duk leku hainitz hire baitako segurtamen eta sendimenen plazaratzera bortxatzen hauenik. Batuetan bizian jakin behar duk atsolutoki zegatik hor haizen, zergatik hori edo hura egiten dukan. Leku batzuek hortara agitzen hite: hola zukan hor. Zerk lotzen hi biziari? Bakoitxak badik berea egiteko hik ez dukalarik lekurik, ba, leku bat bsteen imaginarioan, bainan horrek ez hau esku ainitzik goxatzen eta behar orduko hitz leungarriak maiten. Min duk eta jartzen haiz, oihan beltzeko zuhait erori batn emborraren gainean edo lurreko belar edo harri baten gainean. Orduko ixil guneak zergatik dituk hain dorpeak? Nun da hainbat sakatzen hauten mendiaren bakea? Sekulan baino beharrezkoa dukan orduan barneko bakea, gerla gogor bat duk. Gerla zikin bat. Kain-en pare, begi batek hire ziloan barrandari duk. Hirugarren gau hortan sartzean, biidun guziak gaueko itzalek osoki beltzen ziztean. Ilargia berantago atera beharra ian, alabainan, badakik, egunero oren erdi bat galtzen duela... Gauak oro elkarten. Etzuan goxoa izan. Halako bataila bat, setiatze luze batetarik jalgia bahintz bezala, Dien Bien Phuko ordokian banindukan bezala, Viet Minhek hire dfentsa guziak bata bestearen ondotik hartu balituzte bezala, emazte izenak ziztean pitoin horiek, Béatrice, Isabelle, Claudine eta beste... Setiatze bat ordoki baketsu hortan, Nam Yun ibaia odoleztaturik... haizearen firfirak baizik mugi arazten zituen arbol eta belarren artean, hire barneko gerla, trintxerretako zilo lohitsu eta haragi urratuen marrumak, heriotzaren hutsa arte. Ba, ez duk nigar eginen, zer inporta dik. Galdu duk bataila bat, eta nik uste gerla ere, hor dituzkala latanierezko kaskadun gizon ttipiak xinaurriak bezala beren granada eta nabalekin... Eta Zabozeko huntzak berriz kantuz hasi zituzkan. Gauaren erditikhirugarren deia. Mendi mazela batetik bestera biziaren kantua, hiliki guzien gainetik: «Jainkoak emaiten du hainbeste aholku Urte baten barruan asko heldu zauzku Batzuk alaiak eta beste batzu mutu Primaderan kukuak egiten du kuku Biziaren esperantza erakartzen digu.» Horiek dituk Xalbadorren pertsuak kukuaz.... Kukuak biziaren esperantaz ekartzen baldin bazaukuian, zer ekartzen ote zian Zabozeko huntzak? Biziaren gogoetak, hain segur. Eta Benito Lertxundik gaua kantatzen zian, «zu bezlakoa naiz oi gaua...». Eta han, mendian, haraindian, Eltzarteko aintzidari mezulariak, Zabozeko huntzak.
Inter porcos |