Inter porcos
Lucien Etxezaharreta

Maiatz, Uhargi 46, 2007ko apirila

 

Papogorria

 

        Atlas linguistikoa, segurki eta hala ere, gauza baliosa duk. Gauza frango ikasten ahal dituk lan gaitza den orrialde metan. Hala nola papogorria edo xori papogorria deitzen dutela hemen, Lapurdin, Baxenabarren eta Xiberoan ere, txantxangorria Nafarroako zoko batzuetan eta Gipuzkoan edo berdin urretxindorra Bizkaian, han ere ziotek papar gorria edo txindorria. Zoko miatzaile bahaiz ikusiko duk ere, behazak Lhande, badela lepogorri, baita ere antxaragorri... Hola erraiten die hegazti ttiki airos honentzat. Erithacus rubecula ziotek hegazti klasatzaileek: badik horrek, nahitez, zerbait irringarri ere, hobe to.

        Berriki ikusi diat Arño eta erraiten ziakan ekainean hegaztiak triste direla. Ez diat konprenitu lehen kolpetik, are gehiago papogorriaz aritzen ginela eta. Gauzak nola etorkizunak moldatzen dituen beti harrigarri ziak, eta futxo...

        Eman dezagun hauxe bezala: baduk Baionan, Kordelieren karrikan orain «Dortoka» deitzen duten ostatu berri bat. Lehen «Txantxangorria» izena zian. Aspaldi dik, uste diat duela hogei ta hamar bat urte, oraiko ostatu eta perttolikeri saldoa etzelarik abiatzen baizik, ideki zutela. Halako hegoaldeko plata batzu jastarazten bezala hasi zuan, badakik, delako makalaua pil pilean edo lupiña «espainol moldean» baratxuri paketa emanez eta, edo axua eta holako emaiten zitean jatera, ardo gorri nafar horrekin eta beste. Etzakiat zergatik hetsi zen duela hamar bat urte kasik eta hor zuan bere «txantxangorria» izki gorri handiz idatziekin, ate urdin baten gainean, hutsa. Oraikoan kolorea atxiki die, bainan papogorritik abere herrestakari hortara joaiteak zerbait egin zatak. Berdin aski dik ikustea gaineko etxebizitzen egoera trixtea, kanpotik apain, barnean dena ustel eta zaharkitua, dena egungo Baionakoa, espantu eta alde ilun gordeekin.

        Baduk honen parrean egoitza bat, gainetik behera leiho urdinekin, han bizi zela Laurence izeneko emazte gazte bat. Bere buruaz beste egin dik Salbatore egunean. Etsipenez, bere lagunak jotzen zian, eginak zitian Baiona aldeko ospitale eta klinika psikiatriko gehienak. Bazian bizi nahia, bainan medikuek etzitean ospitale batetara ereman nahi, han bakean sendatzen ahalko zela uste zian. Etzian aski diru eta iduriz ere jaun haundi horien estimurik holakorik ardiesteko. Joan duk, diotenaz erremedio eta alkola nahasketa hilkorra irentsiz. Etxekoek ez die nehor abisatu: ahalge zituan to holako bat familian ukanik, haatik erran behar dik jadanik osoki baztertua zitean. Joan duk bizi bat hor txantxangorri ixil honen parrean, bizitzen ahalko zela, bere doieko zorion piska batekin, bazitakek. Eta ez duk joan, segurki eta hala ere, gure zaharrek erraiten duten bezala, xori bat bezala, jasan ditik bereak gaizo neskak. Papo gorri bat agertzen zian ba nonbaitik, diruak usteldu gure mundua salatzen zian. Ontsa konprenitua zikeian. Erran behar dik ere, etxekoetarik aparte ere, denek baztertzen zutela. Bakartasuna eta eritasunaren kontra etzian alkolaren laguntza baizik, honek minak eztitzen zizkiola. Etzian jasaiten ahal ere karrikako auzoek egiten zioteian fama txarra, edale, nornahirekin ohatua eta pentsatzen ahal dituzkan guziak ere. Ari nauk batzuetan heriotz hori duintasun marka ederra dela eta gure agurtzeko bide bat hartu duela. Min egiten dik hala ere pentsatzeak gauzak bestela iragaiten ahalko zirela. Bakotxa bere, hau duk gure leloa, leher egiten ari duen munduan.

 

* * *

 

        Papogorria, zer xori alegera altabada! Denek egun batez edo beste kantatu, histukatu edo goxatu diuk Guk taldeak emaiten zuen kantu famatu hura.

        Cf. Guk en kantua

        Esperantza emaile duk xori dantzari atrebitu hori. Gizatiarren lagun izan eta duk beti. Ohartuko haiz laster, ez bakarrik hemen bainan nun nahi, nunbait jarri orduko, erran gabe duk ondoan sasi eta zuhaitz eremu zerbait dukan pundutik, hurbilduko zaukala uste gabean. Hiri so, zerbait konprenitu nahi balu bezala. Ez duk eskalaria, etzauk jinen hirietako urtzo atrebitu, goseti, hinki hankalari horiek bezala ogi puskila zerbaiten eske. Ez, badik bere etxeko jatekoarekin aski, ez, bizidun bi zangodunekin nahi dik berdin solastatu. Parrez par. Bizi duk uda ala negu, eguzki ala euri, bazter guzietan, jendeak diren mugetan. Segur nauk, hik ere, nik bezala, oroitzapen goxo bat edo beste uztartuko diokala papo gorri espantagarri hori erakusten digun hegaztiari.

        «Txantxangorriak bere kabia asko maite du» erran zaharretarik  duk omen, bainan ez duk hor gauza hain harrigarririk, nork ez dik maite bere ohantzea, hala ere jendetasunaren oinarrietan dela hegaztia nonbait hor ere ikusten ahal duk. Lurtar espantuz beteak garen hauek gauzak, maiz, handi eta ttipi bezala ikusten ditiagu, ahulena beti gutietsiz ari gaituk. Holako xori maitagarriaz gure euskal zuhurtzia johan duk huntaraino: «Txantxangorriak baino buru gehiagorik ez». Betiko ttipien errespetu eskasa!

        Boo, ikusten duk kontradikzionea... beharrik gure ikertzaileak hor ditugulula eta hauen artean Resurrección Maria de Azkue apez euskaltzain haundia... Bere «Euskalerriko Yakintza» liburu metan irakurtuko duk ohar pollit kontsolagarri hau: «txantxangorria neguko soldadua dela»... erran nahi baitu neguan ere agertzen dela, elur egunetan «baserritarraren lagun zintzo bakarra» bezala, etxetan sartzen dela.  Azkuek ziok: «papar gorririk ez dala il bear, berri onak dakarz eta», zerbait duk hori, jakinez gure nekazari amikatuen neguko goseak gogotik sabeleratzen dituela zartainan brixt pasatu eta.

        Baduk ere haur joko papaita edo etzakiat nola deit ziteken hitz joko hau, papogorriak dikalarik toki berezi bat:

        Txantxangorria txantxate

        Biligarroa alkate

        Txepetxa dela bitarte

        Zozoa kartzelan sartu dute

        Errak, eta harrapatu diat ixtorio zinez pollit bat ere, abereak maite dituzten guzieri gomendatuko dudan Mikel Azurmendiren liburu batetarik hartua. Hunek ere nunbaitik bildua dik, uste diat Nafarroatik datorrela. Hor jakinen duk nondik heldu den papogorriaren gorri hori. Irakurri dudan bezala emaiten deat:

        «Andra Mari Kalbarioko mendian Semearen eriotze-bitartean negarrez zegoela, altzoa zikindu omen zion txepetxak eta txantxangorriak berealaxe zikin ura kendu omen zuen eta orduan Yesusen odol-txorta erori zitzakon paporat. Hartako du izen papogorria».

        Segur nauk hik ere aztien gauzak maite dituzkala, omen euskaldunek aspaldidanikako fama hori baitugu, gure artean etorkizun asmatzaile horiek omen ainitz baitira. Bizkaian ziotek berri emaile dela papogorria. Behazak ongi: «norberaren eskumako aldera badator, barri ona dakar; ezkerrekora badator ostera, barri txarra».

        Guti ikusten dituk egungo egunean sasi edo xaretan haurrak txorien harrikatzen eta lehen bezala «flexa» batekin edo abailuarekin adarrez adar ibiltzen diren horien hil nahikeriarekin. Malezia handiko ihiztari batzu ari dituk, ba, eper edo biligarroak ezin harrapatu ondoan, txori ttipi horiek beren perdigoi madarikatuekin hiltzen. Hauei euskal zuhurtzia zaharraren erakaspen bat jalgi behar zaiek. «Ama ezkondu» kanta zaharrean etxeko alaba mutxurdin gaixto batek papogorri bat hil zuela  ikusten ahal duk. Garbiki irakurtuko duk hemen zoin itsusi den txori hunen erasotzea:

        «Bein batean jarri nintzan josten labe gainean

        Txantxangorri bat etorri eta eseri aldamenean

        Jaurti nion titara ta ausi nion bernea

        Eun erralde pisatu zuen aren bularraldeak»

 

* * *

 

        Lore beltzak bihotzean baditiagu noizbehinka, bainan lore gorriak bihotzean, iraultzaren kolore dituk! Papogorrriak, bere ttiuntta apalarekin deiadar handia botatzen dik erresistentzietan sartuak diren guzieri. Gorria ez duk soilik odolaren kolorea, eta badiuk ekialdeko iguzkien azpian holako lorerik egun hauetan, bainan ere alegrantziarena. Ez duk hainbeste ageri Euskal Herrian kolore horren alderako maitasunik, udan mozkortzeko uneetan karriketan ikusten ditugun trapu batzu baizik. Pentsemak, aurten Baionako Pestetan poliziek berek mokanes gorria emana zitean.

        Gorria taupaden itxura bezala maite diat, menderen mende esku batzuek altxatzen dutena bizia lehen gauza dela oihukatzeko. Alemanen okupatze denboran erresistentzia hitzekin egiten zukan ere, poetek bandera bat altxatzen zitean. Badiat hemen preso jarria zuten poeta baten olerkia, izena dik, berezia ez? «Châle rouge gorge» Famatua izan duk denbora hartan. Hemen diat.

 

                Le châle rouge-gorge

 

                Oui, j'ai peur au ventre d'être battu.

                Et je vais me faire battre. Entends-tu

                Comme un châle qu'on déploie,

                La voix

                De ma femme

                Celle de mon enfant

                La joie revenant

                Rouge-gorge de flamme?

                La prison bourdonne, dents serrées,

                Où les pleurs sont à macérer

                Comme les douleurs

                De l'enfantement

                Retenu, splendeur

                De l'avènement.

 

        Papogorria gure laguna diaguk, behar zaiok kasu eman, jendeari hurbiltzen duk, sahetsean duk beti, urte osoan, herritar zintzo bezala. Ez dik bere lurra uzten. Erran zahar ederrak hori ziok ere:

        «Txantxangorriak ez dik bere lurrik utziko; hemengo lubakiren batean sortuko huan, eta bizia hemen utziko dik»

 

 

Inter porcos
Lucien Etxezaharreta

Maiatz, Uhargi 46, 2007ko apirila