Inter porcos
Lucien Etxezaharreta

Maiatz, Uhargi 46, 2007ko apirila

 

Arbeit macht Frei

 

        Geltokian Aroan garela! Hori behatunian lehen aldian, halako so dudakor batekin: ba dakik ba dela segur afixarik gure inguruetan. Orduan bat gehiago.... Bainan geroxago behatu niakoian xehekiago: beti bezala, erdi marrazki, erdi margo apainketa, argazki lantu eta beste. Ba die ideia publizitario horiek. Errana duk ere gire barneko piru haik hunkitzen dituztela eta horren medioz gure buru fuinetako eremu asko kilikatzen eta guk ez nahi ginukeen bezala batzuetan abia arazten. Apezek erran lezketek gure «jaidura» txar horiek ferekatuz itxuraldakuntzaldiak pizten dauzkutela. Hola duk. Nik itxurak arras maite ditiat eta askotan beha niagok publizitateen emaitza horier: baituk hor zer ikas. Lerratzen nuk ene solasetik, bainan behar bada ez hainbeste. Delako afitxa hartan ikusten huen, erdi erdian plantatua, eremu gehiena hartuz dorre handi baten azpikaldea, eraikitzen ari den dorre batena. Segur nauk pentsatua dukala, «Babel-eko Dorrea»ren itxura bat. Hala duk, eta publizitalariak hain segur lehenagoko zerbait kopiatua dikek. Babilonia hortan ba zitean espantu: zeruraino igan nahi zitean dorre horrekin.Pentsemak orduan zer obrari lotuak ziren: estaiez estai, alimaleko zimendu batzu egin eta, langileak osteka. Eta Dorrea, goitiago eta hertsiago... mugatua beraz! Liburu zaharrek hori kondatzen die. Erraiten die ere hor munduko mintzaira guziak erabiltzen zirela. Ba zukan orduan kasaila eta saltsa. Azkenean, ba dakik, dena erori zian. Demokrazia sobera ala diktatura zelakoan, hail jakiteat. Gainera hitz horiekin kasu eman behar dik gaurko egunean, aise tronpatzen ahal haiz. Afixa hortan ba huen beraz dorre hori, ez oraino eroria, eta dorre pean, zilo beltz batzu ikusten hituen, ahoak iduri, eta horren barnera heldu zituan treinak eta treinak, eskualde guzietarik. Kurioski, denak sartzen bezala dorrean, eta deus jalitzen. Dorre gaineko langile itxuren artetik, haatik, ke bat bezala ba huen, eta horrek zerbait hala johan ez zen bat sortzen ziatan. Ba hola, zerbait johan ez zena. Segidan munstro zerbaiti pentsatu nian. Ikusten hait hor, munstro horietaz irri egiten dukala, hik ere, ba zakiat. Ez omen duk munstrorik! Ba, ago: ohartu haiza amentsen diren gauza guziek egizko oinarriak dituztela? Ez, ez Freud bere Wienako gelatxoan utziko diat, bainan gogoaren zutabe horiek ba die interes. Orroit nauk apez batek Jainko bat ba dela frogatzeko erran zautala gis guziz bizidun batek ez duela ez den gauza bat pentsatzen ahal, EZ DENA EZ PENTSATZEN AHAL. Balio dik hortaz pentsatzea... Eta, nola Jainkoa gizonek pentsatua baitute, beraz Jainkoa ba dela! Bo, paso, bena munstro batzu momentu berean gogoan nintian, Hieronimus BOSCH-en famatu haiek.Beti harritu nik hunek, nola berak deitu zuen «Deliziustasunen Baratzea» pintura hortan, zendako hainbat gauza bitxi agertu zituen. Ba zitean Babel-eko dorre horren zilo beltzek holako, eremu hortako, bitxikeria bat. Barnean, Baratze Deliziusetara sartzen zena ala bizia ikazteko labe batzuetara? Hor piska bat urrun johan nauk baina, ne ere, ohartua nuk Babilonia hortan ifernuko garrak eta atsegin lizun deliziusak arras elgarretarik hurbil direla. Garetako eta treinetako amentsen berri menturaz ez dakikalakoan, ene oharpen horrek harrituko hau. Antaa, bizidunen arimak ikaztera burdin bideetan gaueko amentsek baderamazkitela... hainbat bizidun... Treinak lehen ez gintian ezagutzen soldado joaitejo baizik. Hainitz jendeek ez die horren itxura baizik, egun ere. Orroit haiz 14eko soldado horietaz, johan zitian ustez Berlinera uda bero baten erdian. Pesta batetara bezala... beren zilo lohitsuetan, haragi puska ustelduaek okzatatu khaña batzuetan, horri pentsatzen zutea oraino? Beti okasione haundiak dituk treinak, halako urrungo ez jakin dudakor hori datxikola, nahi edo ez. Gogoan dait gau batez gertatu zitzaidana Bainoako gara hortan. Pariserako azken treina gauerditan ba zoak. Frangotan, lehen segurik, Hendaiatikako treinak beranta zian, Espanolen trein ter ter horien bizkar zitean beti hori. Eta hola egoiten hintzan batzuetan oren bat, kanpoan, neguko haize umi hotzean, beha eta beha. Nehor ez dukalarik ezagutzen, arras momentu peningarriak dituk. Behatzen duk batzuetan aurpegi hotz itsu horier bakotxa beretik ari diren horier, eta hutsaren azta hor duk, gaueko akidura eta lotsarekin orraturik. Maitasun guti duk hor gaindi. Aferagile, paraxutista, harat johan diren ikasle mutu batzu... eta noiztenka, urrungo norbaiten aurpegian amultsutasun zerbait, sekulan berriz kurutzateko ez dukana, hutsa dorpeago ekartzen daukana.Beste mundu horiek ez die hire bakartasunaren berri nahi. Gureak gure! Eta hor trein bat. Hetsia, bainan leiho ttipi batzuekin, eta garako argi ahulean, dirdira batzu. Utzirik kaia bazter ixil arrotz eta etsai horiek beren bahalari trixtekin, hurbildu ninduan. Eta behako batzu eni buruz. Begi batzu. Kabala batzu trein hortan: aratxeak. Ixilik horiek ere, parrean dituzten jendeak bezala. Luzaz beha egon ninduan. Norat ari dituk? Nungo pentzeak utzi ditie gau hotz huntara jiteko? Preso, tropaka, leihoaren marratik kanpoari begira. Jendeak bezala. Preso diren jendeak bezala. Hiltoki batetara eramaten zituzten deportatu batzu bezala. Hori baita horien heltoki dudarik gabezkoa. Hiltoki batetara ari direla, ba dakitea? Deportatuek ba ote zakiten? Zitzi zafla batzu zibilizatu gizen batzuentzat bilakatzeko... Jendeak horiek? Antaa, kanpoa eta barnearen arteko diferentzia egiten die. Kanpoa ikusi nahi, usaindu nahi... Behar ba da lehen aldikotz hurbil den itsaoaren hatsa goxatzen zitean? Kanpoa ikusi nahi, hango argi den mendren hura libertate seinale. Jendeak bezala. Jende poetak bezala omen. Eta eni beha. Zer erran nahi zaitaie? Akusatzen nutea zerbaitetaz? Gizonak balire, hain segur. O, ez duk nehor hainbat kexatzen milaka egunero garbitzen dituzten gure bizidun lagun horietaz... Hurbildu ninduan, eni beha zagotzin begi horiei buruz: eskua pastau nian leiho arteka hertsitik eta bizpahiru aratxeen kopeta eta muturrak hunkitu eta perekatu. Batek eskua milikatu zataian. Izanen zutena beste lagunik esku hiltzailea hurbildu baino lehen? Bainan Hendaiako treina heltzen zela zioan garako batek. Lasterka ene puskekin burdin bidea kurutzatu nian eta aratxeen begi dirdirak utzi. Noiz arte? Ez ditiat begi horiek ahantziak oraino eta frangotan ikusten ditiat Poloniako goiz hormatu horietan Auschwitzeko deportatze leku haietara azkenean heltzen ziren begi dirdirant horien galde mutuak bezala, ikusten zutelarik, ate ilunaren gainean, treina sartzean, Babiloniako munstro aho beltzaren sartze beldugarrian bezala, alemanez izkribatu hiru hitz hauk, ARBEIT MACHT FREI, «lanak askatzen du»....

 

 

Inter porcos
Lucien Etxezaharreta

Maiatz, Uhargi 46, 2007ko apirila