Inter porcos
Lucien Etxezaharreta

Maiatz, Uhargi 46, 2007ko apirila

 

Xinaurri xirtxila

 

        Langilea, umila, ixila, sekulan gelditzen ez dena, hara to gazteriarentzat nagusio batek baino gehiagok har zetzaken eredua. Segur nauk berehala gogoan dituzkala Txina komunistak bultzatu sistema industrial larria. Argazki harrigarriak ateratzen dituk han eta hemen, Le Monde 2 edo berdin Marie Claire hilabetekariaraino! Ikusten dituk hor langileak, lerrokatuak lauka, beren palto edo bonbatxo urdinekin, kantuz ari lana hasi aitzin, lantegiko metalezko karpa alimaleen azpian. Aurpegia doi bat tinki haatik, ez duk zoriona eta irri egiteko emeia ontsa ageri... Xarlok bere «Aro Berrien» filmean agertzen diren molde ber berdinak: baduk estonatzekorik, espres egina iduri dik. Eta neskatoko gaixoak, igual! Esku trebe eta zaluak baliatzen ditie miliunka gure mendebaleko industria suntsitze bidean sarraraziz. Artetik erraiteko badik gure sistimak konplizerik nonbait haien gauzen erosteko, ez duk uste? Norbait ari duk hor azpijokoan, iduriz, norbaitek ekarraraziak ditik! Eta langile mutil neska horien bizia? Gauaz barnetegi bereziak ditie, bakotxa bere aldetik, neskan han, mutikoak hor, eta eguerdiko bazkarian berdin, tropaka, bakoitza bere gatilua eskuan.

        Bertsolari aipatu batek, iduri zaitak Dibarrart zela, emaiten dik xinaurriari beste grazia bat. Ba, nonbait trufatuz hala ere delako «lepo mehe xirtxila» eta zoin ederki Mikel Laboak zian lehen aldikotz dizka batean grabatu hori bere betiko abots urratu apasionatuaren daldararekin. Erraiten die ere alimale hunentzat «txingurria», hegoaldeko gure anai arrebek, hitz ahaidea hala ere. «Txin» eta «gurri» horiekin, to «Txina» eta «gorri» zerbaiti pentsaraziz. Gure maoista lagun horiek, oroit hiza nola miresten zituzten ekialde hartako martxa gorri haiek? Xinaurri horiek, herri aberatsek ukatu bulldozer eta beste kamiunik gabe, eskuz, nolako mendiak tokiz aldatzen zitiztekean! Gogoan diat ere, berdin oraiko txina eta oraiko beldurrak aipatzeko Benasayag soziologoak deplauki Baionako Foru Sozialean sakatu daukuna: txinatar bakotxak bere velosolekza balu, mundua erroz gora joan laitekela... Xinaurriek bezala mundua gaindituko zaukutela ez du oraiko asmakizuna, segur. «Horien beldurra», badakik, frogatua die arras hurbiletik soldado xuriek: Koreako gerlan edo ere Diên Biên Phu hartan, gogoan duka nola aipatzen zituzten «marea hori» heiek..., balek ere etzituztela suntsitzen ahal, lerro bateen ondotik bestea heldu zela, behar zen denbora emanez, haien hilak ez balire konda bezala. Giap odoltsua edo nitakita noren teoria jalitzen zitean hor galdu zutelakoan gerla.

        Baduk ere besterik azinda xirtxiltxo horiekin. Bazter guzietan bizi dituk, oihan, desertu, mendi, zelai, sasi, lurpean, denetan, sekulako mota ezberdin badituk, tokiari egokituak beti. Beltxak, gorriak, handi, ttikiak, hegaldunak, ibiltariak, egonkorrak. Batzu haragijaleak, besteak haziekin bizi.

        Gorriek die preseski beldur eta min handiena egiten jendeari. Aipatzen nauian oixtion Indoxinako afera hori, maiz ikusten duk han preso egonen kondairetan, nola soldado kolpatuak bide bazterrean, batzuetan, ezin eremanez, edo hortara bortxaturik, uzten zitiztekan eta bizirik janak izan zituzkala, halako agonia izigarrietan. Erran behar dik ere abere horien bidez torturatzen zela ere, alderdi guzietan.

        Bainan bego hori. badituk xinaurri gerlariak, inperio egileak, esklabo egiten ditiztek batzuek beste xinaurri mota batzu. beste batzuek hazkuntzak bideratzen ditie: kukuso mota batzu preso hartzen ditie eta deizten! Hau dena, beti bezala, erraiteko, gu bezalako gizakiari leitzione zerbaiten emaile direla ikusten ahal dituzkala. Badituk ikertzaile berezituak xinaurrien mundua hurbiletik ikertzen dutenak. Journal du Pays Basque hortan, maiz agertzen ditie artikulu baliosak eta seguraz ere ikusi dukek maiatzaren 28 huntakoa «allomerus decemarticulatus» xinaurri arraza bereziaz. Pentsemak hor, lehen aldikotz, jakintsun batzuek argitaratu dutela zepo baten eraikitzen, taldean, abere mota bat ari izan dela. Ez dik horrek deus ikusteko saia hezurjalearekin, hunek zeruan gora ereman ondoan ardi hezur bat, arkaitz baten gainera erorarazten dikalarik hexur muinaren xurgatzeko, edo arkaitz ezponda bati buruz otso talde batek abere haundi bat erorarazteko haizatzen dikalarik. Xinaurri berezi horiek zinez lan fina egiten die.

        Jérôme Ouvel, Tolosa III Unibertsitatekoikertzaileak dena omen xuxen erakutsia dik. Landare bat hautatzen die, hunen adartxo ttiki batzu kentzen, beste batzu atxikitzen, ziloxka baten egiteko eta teilatu bezalako zerbeit egiten die gainean ilexka batzu kurutzatuz eta xinaurrien buruaren pasaia uzteko gisan, ikusiko duk zertarako... Guaridan egoiten dituk xinaurriak abereno bat jin arte, maiz hor ottiak ditie harrapatzen. Hau zepoan sartu orduko, trumilka heldu dituk haren hegal, oinak eta guziak tiratzeko gisan lau kantoinetara eta hunen sabela delako teilatu haren gainean pausarazteko. Hori ardietsi orduko xinaurriek ausikitzen die sabelean delako xilo haietarik hilarazi arte. Gero, denek batean tiratzen die hosto baten gaineraino eta ottia edo harrapatu dutena xerraka pikatzen die kontserbatuko duten jateko bilakatuz. Sekulako trebetasuna omen. Pasatu ahal die denbora pollitik hori guziaren frogatzeko!

        Bixtan duk, xinaurriak ez direla helduak oraindik gure jakintza heinera, erran nezakek kasik gure barbaria heinerat, gauza pollitagorik egiten baitugu guk lurtarrek hala ere. Bainan, kasu, zeren eta aski argi duk orain, sapiens sapiens arraza aski arrisku haunditan dukala, bai kutsadurak ekarri kalte ezinbestezkoen metatzeagatik edo, alabainan, gerla bide ontze eta prestatze horiek egun batez edo beste beren emaitza hilkorra ekarriko baitzaukutek. Aipatu gabe gure meteorita erraldoiaren bisita noizbehinkakoa bainan ziurra, ziotek berrehun miliun urte guziez, segurtamen haundiz, eroriko zaukula bat gainera eta dinosauroen pare gurea ere egina izanen dela noizbait... Kondatua die, bizia sortu geroztik, bost biziaren itzaltze nagusi gertatu zituzkala, azkena dinosauroena... Bizi forma zerbait gelditzen ahal bada insektoena litekela aski segurra duk! Ikusten ditiat hire duda batzu. Irakurtu berri diat lur planeta huntan badirela miliun bat bizidun mota ezberdin eta hauetarik ehunetik hirurogeitahamabosta insektoak direla! Ikusten duk gu joanen girelarik han harat, helbide ezezagun haietara, geldituko duk hor nunbait xinaurri mehe xirtxil bat, bere antenak altxatuko dituenak goiznabar berrietako iguzki mutueri buruz, bakarrik munduan, jasanen dituena erradioaktibitate eta negu nuklearren urte luzeak eta asmatzen ahal ez duen heriotz erran nahi gabekoari ihes egin duena.

 

 

Inter porcos
Lucien Etxezaharreta

Maiatz, Uhargi 46, 2007ko apirila