Inter porcos Gernikako zaldiak Ez balin ba haiz egona etzanik ohe batetan, eitasunak ekarri orduen zerrenda luze batean, behar bada ez duk gehiagokorik kasu emanen amentsaren ildotik dilingan ditaikeen amets gaixtoaren bide huni. Buruko minak eta gelditasun beroak hire pentsamenduaren neurtzaile eta ekarle bereziak bilakatzen dituk. Hire izaitearen eta munduaren arteko harremana laster hantzen duk eta, berdin, kontrola ez ditzakekekan espazioetara heltzen zauk. Loari pentsatzen dukalarik, berez, ez duk aise konpenigarria. Maite diat hortaz Proust-ek diona: lo dagoen norbaitek, bere, bere inguruan, orduen zirkulua eta munduen ordena atxikitzen ditu... Munduen ordena, hire bakatasunarekin eta ezin mugituarekin jasaiten duk, neurtzen dukan baino gehiago. Arrazoinaren amentsak sortu munstroak, bai, munstroak, hor dituk. Ingumakeriek, zergatik ditie amentsen lerrakada leun eta lizuak hala gainditzen? Besteetarik urruntzeak... Besteek estimatzen edo senditzen baihaute noiztenka, dutela gisa guzz hire iazitearen egiazko sendimenetan inolaz ere sartzeko ahalik! Han dituk, behakoaren puntan, dilinga doi doia mugikor den batean, erridau argiak. Hiretzat berdin zozoak ditaizken gogoetak egiten hasten haiz. Zertarako diren erridauak. Ba, bestaldetik ez ikusteko ganbaren sekretuak. Hala zitaikek. Pentsatzen duk ere argi bizia leundu behar dela, irazkin batean pasatuz bezala. Iguzki bizia ganbaretarik baztertu behar dela, barneko eremuak kanpokoetarik zinez berexiz... Ohartua hai zoin etxe guti den erridaurik gabe? Eta nork ez dituen bere etxen... gazte lilluratuel eta argiaren maitaleek. Alta bada, minak utzi arteka laburregietan hainbat maite huke argi biziaren ikustea, kanpoko hodeien aldakortasuna eta goizetik aratserainoko argien danga, goiztiri grisetik arrats nabaretaraino eta gaueko ilargaren ezin aipatuzko ibilera, hainbat ilargi bete, beltz eta arteko itxura guziak. Gogoeta ari haizelarik batzuetan ba dene gaueko ordu bat beste baten berdintasun egiazko eta zehatzekoa, eta hola hago ohetik zokoan den hiztegi edo enziklopedia hura ezin eskuratuz eta jakin nahi duk ilargiaren ibileraren berii, bere ibilaldi elipsoidalaz konturaten haiz, ez duela zirkulu bat kunplitzen egiazki, izigarri konplikatua duk bere muimmenda. Isaac Newton-en grabitazionearen legeek omen frogak ekartzen ditie, eta azkenean futitzen haiz, baitakik ilargia, egunero, sorpresa zebait dela, nundik eta nolakoa eta zer orenean aterako den, bet ixterio bat gelditzen baitzauk. Ba, ilargia litaikek eriaren laguna, beste bizidunek iguzkia beren orduen negurtzaile dutelarik. Gau luzeen adiskide bakarra. Atsegin harrigarri bat ere egiten zaitak, berdin norbait dagoela jakitea edo asmatzea, han nunbait, eta ilargiak hire maitasuna isladatzen diola edo berea isladatzen daukala. Isladazea... ez dea gelditen zaukan gauza bakarra? Orduan duk ere konprenitzen ilargiaren erran nahia maitasun hautsien munduan, mezuen hartzaie, kutxa eta altxor miregarria.... Irri karkaila batek hartzen nik batzuetan pentsatuz gure euskal filologo sabanteeri «ilargi» hitzaren erroak bilatzen dituztelarik maitasunaren hizegirik gabe. Hilen argia die omen gaueko gure xirio fantastiko hori.... Nik nahiago diat zinez «hire argia»tik sortarazi... Erridauak, gauaren irzki. Uhain batuen iduikoak, halako hotzikarak pizten zaizkok, dilingak moldatu plegaturetan. Gauaren amets gaixtoen olatu sortzaileak baldin ba dira ere, amentsaren formen finkatzaile ere dituk. Ni bezala hain segur, beti hago asmaketaren imajinazionearen ituurietaz gogoetaka, hire baitako irudi izkutu sekretuzkoak direnak azpitik gora heltzn diren horiek, hireak diren ala kanpoko itxurenak. Erridau zati bat behatuko duk eta arpegi bat ikusiko diok, baina xoko ondi mugatu hortan baizik ez duk ikusiko, eta hire soak ondoko zatinoa hartzen baldin ba dik bere eremuan, arrunt best irudi bat izanen dik... eta galduko duk lehena! Lehenaren hartzeko, hire ohetik doan bhako akituari indar handi bat beharko zaiok eman, eta batzuetan debaldetan; Noiztenka, joko hortaz akiturik, konturatzen haiz gainera, leku bakoitzaen aldakortasunaz.... erridauak mugitzen dituk, pittaka, ttanttaka, xortaka, ez deus batzuez, gure lur bezala, funtsean, eta azkenean BIZI direla heldu zauk gogora. Hire tormentatzaileek delegatu plegadura leunen bizioa dutela, gal arazi nahi hautela, burua zorabio batean sartuz lerratzen haiz malda leunera, atsegin zerbaitekin onartzen dukana, pausa beharrezkoa aurkituko dukala eta hutsaren bldurrik gabe hondatzen haiz, gero ta urrunagotzen damu izigarri baten erdian. Erridauen hats zital zoro horrek desiratzen lilluraz itotzen bezala hau. Mugarik gabe dela desira, ez duk negurtzen ahal eta badakik eskua ezin diokala eman. Erridauen pleguetan aurkitu ditudan arpegi miregarri maitagarriak bahazki, eta haiekin batean zeru ortzantz ikaragarriak, hodei ameslariak, erreginen jauntziak eta zaldi basen kuma laxoen laurazkadak... Sukarrak erakarr zoroak zaizkidan asmakeri eta karkuluen artetik buruko xoratze bat gertatzen zauk, akiduraz nahasturik ere lokartzen haizelarik. Egunetako kuluxka horiek ez daukaie. Bilakatzen haiz untzi galdu baten marinel iztuaren parekoa. Mundu guzien zentruan izate horrek halako maëlstrom bat abiaten zauk. Ingurumeneko gauzen zentrua haizela, zentru geografiko zerbait, baina ere denbora zauk hasten hire ingruruan biraka. Arrazoin bilakatzen zauk susmatze hori, ohartzearekin hik dukala mundua senditzen, beraz e dukala dudarik HIRE inguruan dela mundua. Baina, gainera, hiretzat duk denbora, iragana eta geroaren artean haiz beti, une hortan berean, bainan berantago ere, iragana eta geroaen junta zeatzean izanen haiz! Orduan hik dukala karreatzen denbora ohartuko haiz.... eta hirekin desagertuko dela. Edgar Poe-ren ipui beldurgarrieri pentsatuko duk gainera holakoan. Jin zaitak ere oharpen bat, lehenago senditzen nuena, bainan holako egon moldean errealitate hiri ere bihurtuko zaukana: denboa zirkulu bat dela. Gogoan dituzka batzuetan astronomia liburuetan agertzen diren potretak? Izarren mugimenduaren hatza ikusten ahal duk zirkulu batzuen inguruan, ipar izarra dela zentrua. Horrelaxe duk hiretako ere. Hi bahaiz ipar izar hori bezala. Denbora zatial loatik aparte sendituko dituzkanak holakoak dituk, arku zati batzu, bainan hire inguruan, zentru hori haizelarik. Behazak ere zirkulu zati horien itxurari: gaitzeko mugimendu orokorraren irudia die. Denbora zoak gero ta lasterrago hire inguuan. Metsetik heldu lerrakaldiak abiadura emaiten zaiok. Hor ba duk akzelerazio bat eta hunek beraz eman indartzea. Ba, hori duk maëlstroma. Funila efetu bat, funila batean bezala lerratzen haiz, gero ta fiteago, gero ta barnago, erdiguneari juntatuko haiz lerrakadaren azken finean. Ziklonoaren begi baretsu delakoan izaitea duk uste batzuetan, zentru hotan baihaiz, baina pentsatzeak hau berriz lerra araziko dauk. Hire baitaren jabetasuna johan zauk, irudien formen eta gogoeten koktel lehergailu alimalean. Erori dela hire mundua orduan, barne zartatze inplosione hura egitearekin... Izar zilo beltzen pare, indar guziak ireste mugimendu batean puntu zentral batetan bihurtzen dituk. Leherketa gaitz bat, iduriz gure munduaren sortzearen asplikatzearen alderantzizkoa! Jakintusunek asmatu die «big bang» hura, erdi gune baten leherketak dik gure mundua sortu omen eta zer den ez dakigun espazio betan geo ta gehiago okupatzen ari gaituk, omen. Buruaren galtzearen barne lerrakada itaikek leherketa sortzaile primitibo hunen ifrentzuzko mugimendua, ala... Joan eta jin mugimendua, erloiu baten parekoa, atsegin eta oinazeen erritmo berdinekoa duk. Mina kurritzen zauk gorputzean gorakada bat arte, arteko ozka batzuetarik kurrituz. Erien kezka, abiatzen delarik mugimendu hori... Ez dakikalarik gorakada nagusia noraino joanen den. Atsegina ere hala duk: besrdin ez jasana ere, gorakadaren ondotik, beeherakada ezinbestekoa. Johan dituk hire gogoetak ilunetik argira, mugimendu aldakorraren bazterretik bazterrera. Zaldien laurazkadan bezala, ez dakik zoin zango den aintzinean, eta zoin gibelean, airean, edo lurrean... Zaldi basa andana bat, Gernika eskualdeko ur bazter batean. Tirokada baten ondotik. Tirokadan afusilatu die abertzale bat, ur bazterrean eta zaldiek hasten die libertatearen lasterkaldi bat gaitza. Johan ituk bere kumak airean alde guzietara, biziaren eta jazarketaren mezulari, johan dituk eta johan. Marc Legasse-k holako bururapen bat asmatu zian «gernikako zaldunak» bere liburuentzat. Azken Pikandiatarra garbitu zitean frankistek, Gernikan. Tirokada bat, soldado obedient batzu, zutik. Manuak kunplitu behar, horiek ez dituk kriminalak, kunplitzaileak baizik. Tirokada bat, denek batean, ofizierrak manaturik, gazte errebelatua hiltzeko. Bainan ez die arras denek batean tiroa bota, sei balak ez dituk arras bateraturik ateratu harmen kanoietarik. Rafaga bat iduri zikan tirokadak, ibilaldi baten martxa bat hasten balute bezala. Tempo berezi bat eman dik, zaldien laurazkako lurraren tapikatze erregularrak oihartzunduko duena. Heriotzak biziari esku emaiten ziok. Geroztik Gernikako inguruetan, zaldi basak zabiltzak, omen nihork ezin heziak. Ofiziale faxista joan zukan, gabitze bat gehiago, zer arraio? Ahantzi dik ere bere demokrazia berriaren ongarri faxista. Eta zaldiak ibilki dituk, gelditu gab, maitasuna bezain gazteak, haizearen eta hodei pizuen arteketarik ageri direla ere egun hauetan. Mintzaren ninuan egun batez, zaldietaz, lagun batekin. Erraiten ziatan hea ba denez abererik zaldia bezain guti hilik asma ditakenik? Zaldi bati pentsatzean, beti zutik asmatzen dela, bizia zutik egoitea den ezala. Zaldi zauritua, zaldi hila, dolamenaren eta pairamenaen froga eta ikur zin jasanak direla ziakan. Behazak Picasso-ren Gernikaren zaldieri, pleatuak, hatsiak, zauri biziak. Behako batek ezin jasanak ditik. Zergatik bere Gernika izeneko obra famatuan erabili ote dik zaldiaren irudia? Ez zikan horren beharrik menturaz. Baina segurenik, salbaikeriaren argitze hoberena zikan zaldi urratu horien irudia. Hiriburuik ateraten haizelarik Milafragara buruz, oraindik gehiegi funditua eta hiritartua ez duten bidea hartuko duk, arbola itzal emaile eta bazter ferde loreztatu batzuen artetik. Helduko haizelarik lehen patarrera, behazak hire aintzinera, han, urrutian, mendi mazela bat, leun leuna, belarreztatua ikusiko duk. Han ere, gainan, forma beltz bat, zerua zolan, argi begistatzen ahalko dukana: zaldi bat. Han duk, beti. Norena? Itzalik ez duen oihal perde baten erdiko arbola bat zirudik. Urteak ba ditik hor ikusten dutala. Bere atzean, han, urrutiago, Larrun mendiaren mazela patartsuagoak dituk. Goizeko argian ikusten direnak, eta aratseko, erridau bat bezalako lanoetan itoak diren urrunagoko beste mendiak dituk, Gernikaraino. Mendiek ehaintzen duten erridau hodeitsu eta kulunkariaren gibelean, gaueko amesten kolore eta forma hartzaile diren lur lerroen haraindian, iragan eta geroko espazio irudiek dituzten egituren atzean, minak eta etsipenak josi egunen zerrenda ezin jasanaren bestaldean, munduetako bazterretan arkitzen diren libertate nahizko guzien artean, Gernikako zaldiak.
Inter porcos |