Inter porcos
Lucien Etxezaharreta

Maiatz, Uhargi 46, 2007ko apirila

 

Karakoilen grazia

 

        «Ze paria, kaakoil eta baria», hola erraiten die Hazparnen eta uste diat ere euskal erran zaharretan klasatzen ditiztekala hitz joko gaitzesgarri horiek. Beti bezala niagok: gure lurtar premu pretentzionea ez diuk merezi!

        «Gizon kurkuila» entzuten ahal duk ere noizbehinka: ez duk hizkuntzalari haundi izaitearen beharrik ikusteko hor ere ez dukala konplimendurik. Bare kurkuila, karakoila, barearen aipatzea, lan mundu huntan, ahalgearen botatzea duk. Badakitea haatik gure euskal anai arrebek karakoileri zor dietela beren bizia mendi zoko hauetan? Hail to egungo Arudy-ra -lehengo Eruri, kasik Iruri!- Poey Mau deitu zokora.  Mendiko maldan, harkaitzez inguraturik, harpe zilo zahar baten aintzinean ohartuko haiz nolako karakoil kusku mendia dukan. Direla milaka urte han bizi zituzken gure arbasoen bazkari afarien ondarkinak. Karakoilez ase dituk lehengo mendi zokoetako gure euskaldun zaharrak. Hurbiletik behatuz, brasan erre egosirik jaten zitiztekan, bero beroak. Eta arrazoinekin. Ez balin bada ere paper zaharrik, jakintsunek ziotek azken hotzaldi handitik landa gaitzeko umitatia zukala hemen gaindi, dena euri eta euri, karakoilentzat entraaleko aroa alabainan. Eta hola ikusten duk, menderen mende, xerriak baino ainitz lehenago, nola abere klase hau bizi iturri izan zukan eta erran niokek Lohitzuneko Urdazuriko plakan Xanpun zenaren bertsuetarik hartuz, hor ere bazukala «lohitik iturri». Ondorioz merezi dik segur karakoil hunek ere errespetu eta duintasun.

        Bazakiat baratzezainek etsai amorratutzat ditiztekala. Axeriek oilaskoak preziatzen ditizteken gisan, karakoilek alabainan estimatzen ditie landare fresko gazte gozoak, haien larru fina, jateko eta iresteko aisetak. Deplauki erranen deat: hori ez diat bekatutzat hartzen, gormandiza pollit bat baizik ez duk. To, artetik erraiteko, jakin diat talde bat muntatu dela Parise aldean, duela guti hil Poilâne ogi egile hura barne zukan, eta beraz gormandiza bekatu kapitaletarik kentzeko gisan, Joanes Paulo Aita Sainduari galde egin ziotela. Gormandiza omen biziaren gostu, nonbait estetika bat bezala jartzen die. Bekatu bat balitz sail hortan, deitzen duten delako «gloutonnerie» hura litekela, hots gormandiza gehiegikeri mailan ikusten die hutsa, fite bezain itsuski jatea, ezin ase horien bekatua nolazpeit. Egia duk hori zinez itsusia dela eta heldu zaitak gogora «Ezin aseak» espantu bezala jarria duela Baiona Ttipian peña zerbaitek, Xaho plazaren erdian, furfurikeria zerbait erakutsiz. Aita Sainduak ez dik iduriz oraino afera xuritua, badik besterik hain segur.

        Hau dena aipatu diat erraiteko ez dutala ontsa sesitzen nolaz heriotz zigorra hainbeste baratzezainek karakoilen munduari aplikatzen dioten, beren gostuz, batere bi sosen gogoetarik egin gabe. Pozoin batzu barreatzen ditie karakoilen apetitutik gerizatu nahi duten eremuaren inguruan. Kolore urdi perde hori duten halako heriotz pirula horiek gerla kimiko trixte baten markak dituk. Okasioneaz balia, hik berdin balin baduk karakoilen gose lejitimotik babesteko beharra, aski duk supasterretik hartu hauts eta egur puskaño ikaztuekin marra gisako zerbaiten egitea: ez dituk karakoilak sartuko hala mugatu eremuan eta nehor ez duk hilen.

        Astiro zabilak karakoila. Behatzen dukalarik, iduri dik biziki abiadura ttipian ari dela. Ba, bainan denbora alde dik eta ibiliaren ibiliaz egiten dik bide. Apo harmatu eta axeriarena gogoan huke; berdin berdina hunentzat. Ezin sinetsizko bidaiak egiten ditie. Hori Prévert-ek goxoki, trufa irrino batekin kondatu zian: «A l'enterrement d'une feuille morte, trois escargots s'en vont...» hasten zuan. Gaizo mutikoa: ez dik potretik hire ixtorioak, erraiten baituk udazkenean abiatu zirela... eta primaderan heldu! Hori poeten irudimen pollita, beren burua aintzinean iduriz abilki jartzeko gisan, bainan errealitatea besterik baita.

        Karakoilek egiten die bide eta irauten die bizirik, mundua kurritu eta bete die, egokitu dituk, beren kuskuari mila kolore emanez, toki beroetan xori pollitenen koloreak hartuz eta toki hotz ilunetan oihan beltzeri egokituz etsaietarik gerizatzeko kusku lodi indartsua erredola bilakatuz. Naturaren ederraren ilustratzaile bikainak, hots. Eta matematikalariek buruak berotu ditie ere esplikatu nahiz kolimazoi moldeko kurben teoria eta funtzioak, gogoan diat gure aspaldiko erakasle Conederaren espantua agertu zaukularik delako Bernouilliren lemniskata famatua. Bainan karakoilaren grazia, Bachen musika bezala ez die oraindik esplikatuko!

        Gaueko xoria karakoila! Egunaz guti baizik ez duk ikusiko. Iluntxean, iduri dik beren poteoa hasten dutela. Jalitzen dituk denak, haundi ttipiak, leku agerietara. Menturaz, bakean ibiltzeko litakek. Nondik abiatzen diren? Jainkoak zakik. Niagok hea elgarri mezu zerbait helarazten duten, zeren eta batzuetan, tenore horien inguruan egon bainuk beha eta ez baitiat nehor ikusi heldu. Beste aldiz gertatu zautak ere ikustea elgarri buruz ari zirela eta berdin ere bakotxa bere ber ibilki, besteeri batere kasu emanez. Hail jakiterat!

        Gaua, segur, bazka tenore. Landarez landare ibilki dituk janari bila eta berdin hik ez ustezkoa dukan hartan geldituko dituk. Ardien gisan hautua egiten die eta hoberenera, gostu eta goxotasun gehien ekarriko dietenean ari dituk. Egona nuk karkulan zer duten estimatzen gehienik. Entselada hosto gozoak, segur, preziatzen ditie, eta burutik buru iresten die, bainan beste asko ere, nola lirio hostoak antaa puska bat gogorrak direnak, eta ikusten dituk xilakatuak, ez duk batzuetan erretx besteen munduaren entelegatzea, xiberotarrek erraiten duten bezala. Ohartu nuk ere anthemis landarea arras estimatzen dutela: lili mota horren jabe batekin behin eztabada seriosa ukan diat egia erran, niok niokala eta landare horren aterbea zutela preziatzen gehienik, hain zoriontsu ikusten bainintian tropan jarriak landarearen maldan, harek aldiz karakoil ekiparen gain jartzen zian landareak lore gutiren emaitea. Ez dela beti erretx aitormena.

        Maite die ere bakean bizitzea iduriz karakoilek. Harri ziloetan maiz, murru zaharretan, ontsa gorderik eta bero edo hotz gehiegitik aterbetuak. Landare batzuetan berdin aurkituko dituk ere, hosto lodi baten azpian edo zuhaitz adar baten sahetsari lotuak eta, nolaz ez, teilatu ezkina frangotan. Lur peza baten jabe egoiteko gerlak omen sortu zirela, holakorik ez karakoilen munduan.

        Bakean bizi direla karakoilak, ez dea ote etxea bizkarrean deramatelakoan? Iduri dik hemengo lurtar gehien handiaren grina dela beren etxearen ukaitea. Mobil home horien arrakasta Akotze edo Zokoan udatiar eta besteen artean ez dea ilusio horrekin hazia? Etxean gustuan haizelarik ez duk kurri joaiteko gogorik eta gerlabiderik ez duk: hor ez diat deus asmatzen

        Egia duk karakoilak bere gorputza kuskutik kanpora luzatzen duelarik ikusgarri miresgarria dela. Emaiten dik Venus bere maskorretik ateratzen! Boluptuosoa duk zinez gorputz leun luzatze hori, argiari, haizeari eta munduari agur berezia, ohe batean gorputz biluzi bat mihisen artetik goizeko aharrausian iduri. Eta adar puntta hura, esku larru fin batetarik erhi bat jalitzen iduri, erekzio zizta baten itxura, punttaren punttan begi kokina jalitzen zaiolarik. Ez dea hor sentsualitatearen irudi apaina, gorputz guziaren halako sapa busti distiran?

        Liburuetan irakurtu diat hermafroditak direla karakoilak. Ohartzen hiza hor «afrodita» pollit hortaz? Dena konprenitu badiat, erran nahi dik ez dela ar eta eme baten juntatzearen beharrik: bere buruarekin gai dela umeen egiteko. Eman dezagun, zaila baituk denaren ikertzea mundu huntan, hori segurik. Bainan ikusi ditiat noizbehinka bi karakoil elgarri lotuak halako hagun zerbaitekin beren artean, bainan ez nuk gai erraiteko bi ar, bi eme ala topaketa heterosexuala zeniez! Ohartu nauk hala ere, ttinki ttinki, lasai, mugitu gabe nolazpeit besarkaturik zirela eta iduriz bulta batez. Hail jakiterat zer den hori guzia, bainan senditu diat maitasuna hitza erabiliz desadostasunak piztuko dituztala. Bego hortan.

        Oixtian erran deat iduri zutela elgar aditzen edo bederen ikusten eta senditzen zutela abere maitagarri horiek. Baduk liburu bat, beste frangorentzat bezala, autoreek beren burua abila uste baitute eta titulutzat emana zitean «Qui entend le cri de l'escargot?» Intelektual bat hau ere, izen bipil baten xeka ari zena. Bakean bizi denak ez dik oihuka artzerik alabainan.

        Arrabots guti egiten die. Guti ala batere? To, entselada puska baten gainean entzun diat behin baten jateko kurruskak.Hortzak ote? Aho ttipixka die eta iduri dik bi errota niminoen artean xehatzen dutela janaria, peza pollitak emanez batzuetan. Baruraldi luzeen egiteko gai dituk karakoilak.Gure eskualdeko kameluak erraiten banu irri egin hezakek, bainan ontsa behatuz, beren joan moldearen terterra, trostarik gabea, halako antza zerbaitekin duk ez? Xuhur biziz, erreserbak eginez, horren gatik dituk bizi negu hotzean edo udako kiskaili aldietan. Tapatzen die beren kuskuaren sartzea idorrarazten duten hagun batekin: aterbeko umitate eta berotasuna mailan atxikitzeko, bistan dena. Ez die eskolan ibiltzearen beharrik termika estudioen egiteko! Apetitu ona eta komoitateetara erregularki joaitea osagarri onaren markak dituk. Hortaz ohartuko haiz ere karakoilekin. Botatzen die jan arau, badie nunbait zerbait estomaka eta hertze. Bitxi duk batzuetan so egoitea: sahetsetik xixari bezalako hari luzexkak botatzen ditie, perde aire.

        Eta karakoil ttipien grazia aipatu behar nikek ere. Ez dik iduri familiako tirria hauirik baduten mundu hortan Ez dituk sekulan ikusiko umeak beren aita amarekin, oiloa bere xitoekin bezala. Karakoil umeak, ttipi ttipiak, kasik ixkilima puntak, ikusten dituk barreatuak, xoko batzuetan, ereinak iduri. Ontsa behatuz ait'amen itxura oso osoa die: umetasunaren mirakulua naturak errepikatzen dik, betiko grazia eta kontsolamenduarekin.

        Berriz ere ohartzen nauk abereen munduare ederraz, eguneroko urratsetan ahanzten dugunaz. Bizi lagun ditiagu. Maiz ohartu gabean ere: lehengo egoitzan nian lore untzi bat enekin ereman nian eta ohartu behin baniela hor karakoil eder bat. Geroztik umeak egin ditik eta umeen umeak enekin ditiat. Zoriona, zeren nonbait biziak jarraitzen baitik.

 

 

Inter porcos
Lucien Etxezaharreta

Maiatz, Uhargi 46, 2007ko apirila