Inter porcos
Lucien Etxezaharreta

Maiatz, Uhargi 46, 2007ko apirila

 

Xaalateiko astoa

 

        Ene sort herian zerbait zahar edo lehenagoko itxura batetaz ari delarik norbait, lehen bederen, erraiten zukan frangotan «to, Xaalateiko astoa....». batzuetan ari izan nauk ene buruan zer zen hori xuxen, bainan sobera pentsatu gabe, ene haur denborakko gauza ahantzi bat zela.

        Kurios duk hala ere, ez duk nehor sekulan hain xeheki bere haurtasunaz orroitzen. Baduk arrazoinik hain segur. Lehena, berdi, ez dukala denborarik, hori gure euneroko biziaz badakik nik bezainbat: hainbeste buru hauste... eta beldur nauk akidurarekin, beste zauri bat, sekulan erran edo pentsarai daukutena heldu zaukla, igadura. Higaten haiz bizian, mendeen neurrian mendiak azken fineraino higatzen diren bezala. Lanean, alabainan eta beste hainbat eremuetan ere. Ez dakik xuxen zer den higatzea, iduritzen zauk ba besteak direla higatzen edo berdin urteekin aldate. Hihaurretaz ez dakik sekulan fritxik: edo ez daukaie kasurik emaiten edo hiri penarik ez egiteko, ez die deus erranen hire higaduraz. Ohartzen haiz ba haatik nola fnditzen haizen denborarekin eta ez dela erremediorik: egungo dolamenak atzokoak baino latzagoak eta biharkoak baino eztiagoak... Hire haurtasunaz orroitzeak dauk higadura hori zerait moldez ordaintzen, orekatzen, kontsolatzen ere. Ez dik balio luzaz artea: adin batean han haratago, eta haurtasuna hor duk gehiago. Behazak zoin pollit den, erraiteko molde hori, «adi batean han haratgo....». Ez nuk estonatzen, gure hil harri zaharretan holkao gauza abstraktoak egiten balin bazauzkiguen. Denboraren iraganaz eta higaduraz artzeko orde, sinbolika erabiltzen, simetria eta zentru-erdi gune erradiatzaileen betierean jarri dituk. Onartuz denbora johan dela, onartuz hil behar del: ez dituk hiltzeaz ere trufatzen gure herrian! Nola nahi duk, ez iraultza ez, bainan bakarrik alternatiba bakar bat xeka dezaten jendeek... Lehen hala, ora hola... eta Bihar? Jainkoak jakin nola? eta nun duk hor imajinazionea eta imajinarioa? ago ixilik. Horrek oroit arazten zaztak matematikako egiztatze faltsu... ez dela egiztatzearen beharrik, ezin delakoan egiztatu, beraz egiztatua dela!

        Erotzekoa ba duk hor: oroimenaren higadura duk berdin lur huntako gure giza izaitearen lazgarriena.Ahantzi behar omen dik: hola hai kontsolatzen... erradak zinez, entzun duka pitokeria haundiagorik? Batzuek, eta ez nor nahik, erraiten die gisa berean hil behar dela bizitzeko! Behazak berriz, entzuten duka gauza absurdoagorik? Hori zaukuie legeztaturik: heriotzearen legitimitate omen funtsezkoa. Ezin sinetsia... Egun hauetan Simone de Beauvoir hil duk: irakurtu duka bere amaren hiltzeaz ixkiriatu zuen liburu pollita, «Heriotz hain goxo bat»? Molde ezin krudelago baten preseski, heriotz «natural» hori salatzen dik. Milesker hortaz. Eta aipatzen zitean ere bere lagun Sartretaz erraiten zuena, «haren heriotzak behexi gaitu, eneak ez gaitu hurbilduko....». Hori duk errealitateari bisian bis behatea. Ahanti behar dela... Bainan, hiltzen hai hihaur, hire izaite bat hiltzen duk iraganaren orroitzapena suntsitzearekin!

        Eta gure azken muga, gure biziaren azken sekretuak eta maitasunaren iturri biziak, haurtasunean ditiagu. Izigarri duk hori ahantea...

        Nun diat ene haurtasuna? Egiten diok alde hori, batuetan, hire buruari... To, behazak orai berean hire eskuei: barnean, hezur berak hintuen lehen, hire haur denboran, ttipiago, bainan orai zimurdikatzen zauzkidan larru plegadurak holo hola zintuan, duela aspaldi, han, hire etxe aintzinetik pasatzen zelarik ematze xahar beltx bat, asto baten gainean, Xaalateiko astoa...

        Nola zuan to hori? O ez nauk untsa orroit. Dutan orroitzapena, iguski egun batzuetan duk. Asto hori iguzkia zelarik ikusten nian. Ba, uste diat. Analistek hori gauza normala dela erranen daukaie: alabainan , haurrak barnean egoien baitira kanpoan euria delarik, eta beraz, normal den bezala, identifikatze edo amalgama erbait egiten dutala asto eta iguzkiaren artean. Zer perttoliak horiek ere, ez die besterik egiteko, hola mintzatzea baizik... Ez: asto hori iguzkiari beti lotua zuan. Asto gris ilun bat; Zare, xixtro, alportxa edo holako zerbait bizkarrean bazian, ez baitakit xuxen erraiteko. Goizeko hamaiketan. Etxean deitzi behien esnea ekartzen zian, bi untzi haundietan, hor pasatuko zen esneketariari uteko. Bizkarrean ere, emazte xahar bat, arropa luze beltx batekin. Ba, orroitzen nauk, bazian buruan erbait oihal ete ere, posible dea hori?, motto bat, xahartu guziek bezala. Ixil ixila iusi diat beti, ez diat sekulan mintzatzen entzun. Jende ixilak zituan xaharrak lehen. Beldur ginuan horietaz haur denboran: baginakian nunbait, bizi luze baten ondotik, biziaren eta belar, mendi eta erreken gauza hainitz ikasia zutela, eta berek erren hitzek pizu haundi bat zutela. Egia segurrak eman indarra. Emazte xahar horietaz bazuan ere beste susmorik, sorgin aire bat zutela ere.

        Etxeko portale haundiaren gibeletik beha nindagoian, plazan, kurutzearen ondoan egonen zen emazte horri. Ba, segur nauk orai, goizeko hamaikak irian haldu zuan, balantza goxo batekin, astoa eta xaharra bildutasun handienean, xixtroek moldatu jar lekuan trebeska jarririk zela mendiko amatxi.

        Nun zen Xaalateia? Iduri zaitak orai biziki urrun zela, mendian. Ttipia nindukalarik, urrun ziren gauza guziak mendian zituan. Bide hertsiak eta patarrak segitu behar zituan... eta ez beti orgabideak. Azken horiek baitziren gure lehenagoko errege bideak! Izan duka hik holako bide xendrarik hire haur denboran? Kanpoko aroak biziki konda zian lehen etxetik ateratzeko: euria zelarik ez huen bideetan ibiltzerik, dena iztil bilakaten baitzen, eta behar huen ainitz kasu eman hire jountzien ez funditzeari.

        Batzuetan preseski horri pentsatzen diat: haurtasuneko urte horietan, aro ederrez baizik, edo gehienik seguik, ez zirela bide horiek kurritzen. Dena ferde, mila bihurgune, hire oinetan kasu egin behar huen harixka eta zilo andana, sahetseko arbolak, haitz, gaztain eta hurritzak, sasiak ere, lili eta elorri. Lehen, orai baino biziki artatuagoak zituan bideak, etxalde bakotxak bere behi edo artaldeen pasaitako baliaten baitzituen. Haurrak ere frangotan hor gaindi gintuan: gaztain, hur, onddo, maazuza edo marrobi basa biltko eta makil bat edo beste mozteko. Eta usainak eta xori ttiuttak... Gogoratzen ahal duk orai zer ikusgarria ziteken, astoaren trosta umila andere xaharra bizkarrean, bidexka hertsi horietan.

        Xaalateia nun zen, nun den? Xuxen erraiteko ez nakikak. Beste etxe batzuetara bezala, han, ene etxetik joanez, akitua heltzen intzen, bihurgune bat eta ezker, pixka bat gorago, oraino bide hertsi bat, belarren erdian, han zukan.

        Hila duk ba emazte xahar hori, bizi balin bada ere ene orroitzapenean. Bizi ixil bat. Ehorzketa ixil batzu ere, bere astoarekin iduri azken itxuli bat herriko plazara egiten zuela eta aldi huntako esneketaria beraren xeka jina balitz bezala esne gozo agunduna unzietan bide bazterrean utzirk, azken ofreenda gisa.

        Ba, ba dena halako lano goxo batez inguraturik ikusten diat: maitasuna herrari nagusi zuan lehen, hor segurik, hor segur nuk baietz eta min guziak kontsolatzen zituan. Pena haundienak kafe esne on batek edo usain on pixka batek pasa araten ziztean. Ba, ba zituan nigarrak, bainan nigar horiek sendaten ziztean, ez orai bezala dolamen oihu hutsak basamortu tapatu batzuetan... Denak zerura johan zituan orduan: ez gintuan deusetaz beldur. Jainko ona zukan orduan. Kabala batzu hilak, usainduak usteltzen ari eta izigarriko usain berezi hura botatzen zutena bazuan noiztenka, rango xakur eta gatuak salbaiki erabiliak zirenak eta ziotenaz deusetarako on deklaratu eta garbitzen, kalitzen edo ehotzen zirenak. Jendeen hiltzea ez zuan beldurgarri, ez. Bat edo beste, molde trixitean hil duk ba, ordua ere, gaizo Zalbat, bizirik errea kamiun batean, edo Jakobe gatea miseria hutsean... Ez, ez gintuan hile beldur: hilerrietan untsa irri eta josteta egiten ginian. Baginakian ere Euskal Herriko harma nagusia minaren kontra: ixiltzea eta alegia jakina egitea.

        Denak zerura joaiten zituan ene haur denboran, astoak ere dudarik gebe. Xaalateikoa segurik bazakiat. Egun bate Francis Jammes-ren poema bat irakurtu diat, astoetaz ari zena. Nahi nikek, beharri luze, urrats goxo, begiak bidetik baztertu gabe zabilan Xaalateiko asto zenari pentsatuz iraku dezakan itzulpen hau:

 

        ASTOEKIN PARABISURA JOATEKO OTOITZA

 

        Zuregana joan beharko delarik, Jauna, egizu otoi

        baserria pestan distiran den egun batez izan dadin.

        Nahi nuke, hemen egin nuen bezala,

        ene gosturako bidea hautatu,

        egun argiz izarrak dituen Parabisura joateko.

 

        Makila hartuko dut eta errege bidean

        joanan naiz, eta astoeri ene laguneri, erranen diet:

        Francis Jammes naiz eta Parabisura noa,

        zeren eta ez baita ifernurik Jainko Onaren berrian.

 

        Eta erranen diet: zatozte, zeru urdinaren adixkide goxoak,

        gaixo kabala maiteak, beharri kolpe batez

        lesparak, kolpeak eta erleak baizatzen dituzuenak...

        Burua emeki apaltzen baitute

        eta hain molde ezti eta urrikalgarrian

        beren zango ttipiak bilduz gelditzen baitira,

        hainbeste maite ditudan abere horien erdian

        agertu nahi naukezu.

 

        Jinen nitzauzu, ene ondotik beren beharriak milaka

        ene ondotik, saskiak erabili dituztenak

        eta zirketako karrosa tiratzaileak

        edo untziz eta hegatzez beteak zirenak,

        bizkarrean bidoin kaskatuak dituztenak,

        ahagiak bezain beteak iduri ernari diren astamak, urratsa motz,

        errondaka dabiltzan uli tematuek

        pizten dizkioten zauri urdin izerdituen gatik

        galtza ttipi batzu erabiltzen dituztenak.

 

        Jainkoa, egizu asto horiekin zure gana hel nadin.

        Egizu, neska gazteen larruaren irria bezain leun

        diren gereziak dardaratzen diren

        erreka belartsu batzuetara

        aingeru zonbaitek gida gaitzaten bakean,

        eta egizu, zure ur dibinoen gainean gurturik

        arimen egoitza hortan,

        betiereko amodioaren uhargitasunean

        beren pobrei umil eta eztia isladatuko duten

        astoen eite berekoa ukan dezadan.

 

        Ba, uste diat astorik gabe abiazen daukuten mundu hunek ez duela bizitzea merezi. Astoen urrats eta behako goxoek elgarri so egitera ekartzen gaitie. Maitasun ixilak badirela orroit arazten zuakutek: sahetsean direnen horienak, egunerokoak, arruntak iduri dutenak, bainan egnero biziak duen berritzapenaz abertas direnak. Haur denborak iraganak amentsetan, uste dugunaz... Bainan badakiguia zoin luze diren egunak batzuetan haurrentzat? Zoin haundi eta etsigarri den haundien mundua? Zoin hurbil diren funtsean lehenagoko urte horiek. Zoin luze zaiakidan eta langiduraz beteak, negutik udara, eta larrazkeneko hegotik primaderako maiatz iguzkitatuetaraino urrats berdinak eta egunero errepikatuak senditzen nituelarik. Eroriko zen mundu hortan ez nakien ez nuela sekulan ikusiko berritz, urruneko ttitta beltx hura, begien bistarako hainbeste haunditzen zena: bere ibilaldi betiererakoan, Xaalateiko Astoa.

 

 

Inter porcos
Lucien Etxezaharreta

Maiatz, Uhargi 46, 2007ko apirila