www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertolda eta Bertoldin
Bernardo Maria Garro, «Otxolua»
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bertolda'ren maltzurkeri zurrak eta Bertoldin'en txaldankeri barregarrijak, Giulio Cesare della Croce / Bernardo Garro Otxolua. Verdes Atxirika, 1932

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERTOLDIN AIDIAN

 

        Markolbek bakanderagaz urijan autubetan eragoiolarik, Bertoldin bakarrik geldittu zan etxian, eta oruera urtenik, etxaguntza ganetik egaz ebillen kurrillo talde andi bat ikusi eban. Bat-batian, egaztijak atrapateko burupidia egin eban. Ba-ekijan Bertoldinek, nunbait, kurrilluak txarrijen askara ura edaten jatzitten zirana, ta txorijoen jaube egitteko, aska artean edariren bat ezarritta egaztijai ordittu erazotia baño bide arrezagorik etxakan otu.

        Bakaldunak emoniko mama-gozozko upeltxu bat eukan edarittegijan, eta txistuba baño ariñago araxe juanda, artu upela lepo-lepuan, ekarri aska ganera, kendu tapotza ta beingo-beinguan ardauz bete-bete egin eban askea. Au egindda, baztertxu baten eskutau zan kurrilluak zer egin ete-eukien adi egoteko. Egazti gaxuak ardao gozuaren sundea asmau ebeneko aska ondora jatzirik, asi ziran mokoka-mokoka askakuari, sist, atzekatxu lenengotan; sast, urrengotan ez ain kezkatsu; eta gero, edari ain gozua indar atsegin ixan yaken-da, abespeluban, sisti-sasta ta dzanga-dzanga; eta edan alak edan ostian, edozein gixon moskortiren antzera, ordittu-ordittu egin ziran. Eta urdalletik gorantz etorkijuen lurrunaz buruba galdu ta anken ganian ezin egonik, asi ziran zabu-zabuka, ta bata emen jausi, bestia an erori ta urrengua arago amilddu, aldi gitxigarrenian ba-zirudijan il egiñik lur jo ebela guztijak. Bertoldinen poza a ikustian! Ostuta eguan lekutik ariñeketan urtenda, eldu eutsen txorijai, ta al ixan zittuzan kurrillorik geien garri inguruan banan-banan ondozkatu ta, aldian ezarteko, garrikuaz kokotetik loturik, arruaren-arroz zantzoka ta ujujuka asi zan eiza ixugarri a norbatteri erakutsi gurarik. Ain zuzen be, Bertoldinen ama une atan etorren urittik, eta au ikustian, ba-joian gure mutilla pozarren-pozez ler egin biarrian, amari berebixiko arrerea egitten. A zan mutillaren traiea, txori gangulak garritik bera dindilizka dandarrez eroiazalarik! Baña mutilla ibilli joiala, kurrilluak, antza zurruztaturiko edarija ordurako urdallian egosi egin ekijoelako-edo, euren senera etorri ziran, eta samea estu ta arnasarik artu eziñik euren burubak ikusirik, lakijo areanik urteteko alegiñakaz, asi ziran eguak astindduten, eta eguak astinddubaz, naiz-ta mutillak be alegiñik asko egin iges ezegijozan, guztijen artian mutilla bera tutar-tutarrian gora jasota, egaz egin eben moltso baten, eta ene Bertoldin gaxua be eurakaz aidian eruan eben.

        Esan dogunez, Markolbe orduxian etorren urittik, eta semia txorijakaz egaz yuakala ikustian, etsekabez beterik eta bildurraren larriz asi zan onetara aldarrika:

        —Oi, ene errukarrija! Zer da nik dakustana? Ene Bertoldin enetxuba; zer jazo zak txorijokaz? Nora ua, ene zorigogorreko ori?

        —Kurrilluakaz nua apalduten eta egon lasa, ama, laster naz etorri-ta.

        —Eu etorri diñok, eta eruan arue? Bertoldin, ene Bertoldin enia!

        Markolbek onetara erostaka eragoion bitartian, ba-eroien kurrilluak gure Bertoldin egazka, baña lenengotan urruntxu aldendu ixan arren, gerogarrenian eurak edan eben etxealderantz etorri ziran atzera, eta, ustekabez aurki, urmael ganetik ziar igaroeran, euren ekiñalakaz eta inddarraldijakaz, kokotetik lotuta eukezan garrikua eten egin eben, eta ene zorigogorreko Bertoldin txorijakanik azkatuta, beñolako Ikaro errukarrijaren antzera, ankaz gora ta buruz bera, urmael erdi-erdira jausi zan goi-gottik erakusmeneko braustada bategaz. Aren jausikereak uretan atera eban zaratots ixugarrijaz, barriz, urmaeleko arrañak, ikaratuta, zapart egin eben, eta zapartadeaz beraz uretatik urtenda liorrian jausi ta bertan geldittu ziran guztijak. Berari Bertoldineri etxakan, orratiño, ezer txarrik jazo. Ba-zan ibilli zati baten uretan ija ittuan, ointxe azalian eta ointxe luzian, sartun-urtenka; baña tentel guztijak adu oneko ixaten ei dira-ta, azkenian, katu-ugar egindda ezetariko kalte barik urten al ixan eban urmaeletik. Eldu zan orduban Markolbe, eta semia urez ondatuta itxura negargarrijan ikusirik, asi yakan ittaunka zelan ixan zan ta zelan ixan etzan jazokunea, ta ba-iñotsan:

        —Ene enetxu enia, esan egidak, baña; zer dala-ta eruan aue kurrilluak aidian?

        —Ez al-dakixu bakaldunak emoniko mama-gozozko upeltxuba? Arexegaz egin dodaz moskortu.

        —Oi nire errukarrija! Zer egin daustak, etoi orrek?

        —Ba-diñotsut, ba! Txarrijen askan utsittu dot mama-gozozko upeltxu oso-osua, ta kurrilluak, edari sundea asma dabeneko, jatzi egin dira, ta edan egin dabe askatik danga-danga ordittuta ok egin arte. Jausi dira gero lurrera illekuak legez, eta orduban nik, ostenduta egon nazan lekutik urtenda, zapra! erpia ezarri dautset guztijai; eta garrijaren inguruban banan-banan imiñirik, garrikuaz lotu dodaz aldian guztijak kokotetik, eiztarijak egitten daben lez eizea etxera ekarteko. Baña etxera bidian eta ija-ija ate onduan nagola, etxataz, ba, egazti denganiñuak itzartu ta senera etorri? Alakorik! Asi yataz guztijak aldabatera pla-pla-pla-pla! egaz egin gurarik ta nik lotu erazo ezin, azkenian guztijen artian tutarrez neu gora jasota, an narue aidian egaz eurakaz! Egaz egittiaren politta, ama! Arexek garriko madarikatubak uts emon ezpa'l eust emon, naiago ixango neban iretargijarenera eruan ixango ba'nindduben, barriz-i...!

        —Tira, ua etxera, nerue aurretik!

        —Ez, ama; eztot oindiño etxera juan gura, soñekuok eguzkittan legortu biar dodaz-eta. Zu zeu zuaz eta ekarri egidazu otzara bat. Berebixiko opari bat egin gura dautsat bakaldunari, ta ni jausijeran urmaeletik bazterrera zapart egin daben arrain guztijak batuta, otzara barruban eruango dautsadaz bakaldunari. Arrañok ondo artubak ixango dira, bai bein! Eta zelan atrapa dodazan entzun dagistanian, ostera, ak egingo daustaz niri txerak eta labankerijak! Barretan egingo dau, barriz, nik asmauriko arraintzukera barrija jakin dagijanian!

        —Bai benetan! Ak egingo yauk barrezkua, ire lepotik, tenteltzar ori! Ez ete-dok euk ikusten maskelutzar andi bat azana, ta ez ganorarik, ez zentzun izpi-izpirik be eztaukana ik eure buru andi orretan?

        —Nire beste zentzun ba'zeunkoe, bai zuk eta bai munduko biztanle guztijen artian be, oi diran baño askozaz obeto jazoko litzatekez jazoteko zer guztijak.

        —Ezegidak niri burutik eragin geiago eure ergelkerijokaz eta juan akit etxera neure aurretik; barriren-barri diñuat.

        —Eta nik, eztodala juan gura diñotsut, bakaldunarentzat arrañak batu gura dodazalako; eta juan zakidaz etxera zeu eta ekarri egidazu ona otzara bat, osterantzian sakelian sartuko dodaz arrain guztijak eta onexetara eruango dautsadaz bakaldunari; entzun al-daustazu?

        —Onek diantre onek egin egingo daust niri beronek diñostan letxe. Olako zoruentzat eztago ez eratarik ez iruntzietarik, eta andijagoren bat egin eztagidan, nuakijon etxera otzarearen billa ta ekarri dagijodazan bidebatez soñekuak aldatuteko. —Eta onetara bere burubari egiñez, etxerantz juan zan Markolbe.

        Amak alde egin eutsaneko, Bertoldinek, soñeko guztijak erantzi, billois-billoxik jarri ta soñekuak eguzkittan imiñi zittuzan legortuten. Eguberdi-eguberdija zan eta garagarrilla ganera; eguzkijak jo-jo egitten eban, ain eguan galda. Urmael onduan ba-zan eulizkua, barriz, estatu bakotxian ixara bat baltzittuteko beste, ta Bertoldin billoistu zanekoxe, asi yakazan eulijok kiña ortik eta kiña emetik, ointxe lepuan, gero sorbaldan, urrenguan besuan eta geruagogarrenian edo kokotian, edo bernan, edo albuan, edo istarrina; gizagaxuari ezeutsen baketan izten eta esan eikian jan egin gura ebela. Burutik eragin eutsen azkenian mutillari, ta amorru-aldi batek jota, artu zittuzan sarats adaki batzuk eta itxuski antzera sorta bat egindda,asi zan eulijai aupadaka ia burrukan egin gura ebenentz; eta alde batetik astindduten zittuzaneko, beste aldera egitten eben egaz eulijak, eta jo sartadea emen eta jo sartadea an, eulijak jo biarrian, bere buruba baño ezeban joten, eta azkenian, ene Bertoldin gaxua, arenbeste eulik geiago egin biar eutsela ikusirik, asi zan aldarrika amari laguntza eske ta eulijai agiraka, ta ba-iñuan:

        Etxamon, etxamon; ointxe dator nire ama ta ak amongo dautsubez! Ama; zatoz arin, ama, eulijak jan egin gura nabe-ta!

        Garraxijok entzueran, urten eban Markolbek etxetik, semiari ezpiar andiren bat jazo ixan ete-ekijon estu ta larri, ta ara non ikusten dauan Bertoldin eskubete mimenegaz bere burubari eiuak emoten. Oratu eskubetatik eta ariñik-arin eruan eban etxera; jantzi eutsan soñian alkondara legor bat, eta gura-nai-ez eratzo egin eban oian. Urmaelera jausikereak eta eguzki galdatan narru-gorrittan egon eta bere burubari ezarri eutsan astiñaldijak, ezeutsen bape onik egin mutillari, ta Markolbek semia miñez ikusirik, astirik galdu baga urirantz abijau zan, osagilleren bateganik aolkuba artu ta larri-aldi atan semia osatuteko zer egin biar eban jakitteko asmoz.

        Urira eldurik bakandereagana juatia otu yakon, eta aren gelara sarturik, itzalik andijenaz egin eutsan agur. Bai bakandereak be ezin adeitsubago erantzun agurrari, ta ittaunka asijez, ba-diñotso:

        Zer zorijonek zakaz urira suzko bidiotatik eta tertzijo onetan, eguzki gori-gorittan?

        Zorijonak barik, zorigaiztuak nakar, arian be, ba.

        Ene! Zer diñostazu? Ezpiarren bat jazo yatzu, ala? Bertoldin il-edo ete-yatzu ba, naigabiaz lur jota zakustaz eta?

        Orijondo niretzat, ene bakandera laztana, Bertoldin il ixan ba'litzat.

        Zergattik? Orrenbeste lor emoten ete-dautsu seme orrek, etsi erazoteko?

        Orduban Markolbek, Bertoldineri kurrilluakaz jazorikuak eta abar edestu eutsazan, eta bakandereak, barre gozatsu batzuk egin ostian, ba-diñotso:

        Bene-benetan, ene Markolbe Anderea; ba-daukozu zeri deskella egon, eta tamal dodaz neuk be zure atsekabiak. Baña, esan; non itzi dozu bera mutilla zeuk etxetik urtettian?

        Oian itzi dot ondo-ezik, abail-abail egindda, eta nik ulertzen dodanez beruenak artuta, gixagaxuak, ba, eulijakanik jaregitteko ustez, bere buruba astin-astin egin dau burutik biatzetara.

        Osagillia bialdu biar ixango yako, orrezkero, ta ak aginddu dagijola osatuteko zer artu. Zuk diñozunez orren minbera baldin ba'dago, axe-bidiak imiñi edo odol-atarea egin edo beste osakaien bat ezarri biar ixango yako, gatxari yagokanez.

        Ia; nire otseñai aginddu, ta beiuaz aida baten jauregiko osagilliaren billa, eta mandua artuta duala arin Markolberen etxera Bertoldinen osasunerako biar dattiana egin erazoteko. Zu, ene Markolbe Anderea, zuaz ointxerik etxera, osagilliaren aurretik, eta laster ixango dozu a zuben etxian. Ardura barik egon eta ez larrittu; mutillak zer biar eta axe agindduko dautso osagilliak, eta gexu baten dozu osatu semia. Ganera, jazokunok tamal artzeko baño barre eragitteko dozuz egokijago, ta bakaldunak jakin dagixanian atsegin andija egingo dautse.

        Bai; ondo be ba-dakit zoro-ergelak iñoren atsegingarri ta jolasgarri ixaten dirana, etxekuentzat ondo negargarri ixaten dira, baña. Kanpo eder, etxian gerra, esaten eben nire senarra zanak. Bai ondo be! Tira; nuan etxera zure baimenaz, arazo au atonduten dogunentz; baña zalantzan nago eta eztot uste nire semiak beragana osagilliari urreratzen orren errez itziko dautsonik, ain da txaldana bera, biarba osagillia gaiztakerijen bat egitten yuakola uste ixango dau-ta. Dana-dala, eztedilla egon etorri barik, eta ikusijaz beraz arin dau arek nire semiak zer daukon igarri; ta egin biar yakona berak ezin egin ixango ba'leu, aginddu dagistala neuri zer egin, eta neuk ikusiko dot gero neurekittian eta emetik-orrako trikimallakaz agindduriko guztija zelan ziatz bete. Beraz, agur, ene Andere altsuba ta on dakixula.

 

aurrekoa hurrengoa