www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertolda eta Bertoldin
Bernardo Maria Garro, «Otxolua»
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bertolda'ren maltzurkeri zurrak eta Bertoldin'en txaldankeri barregarrijak, Giulio Cesare della Croce / Bernardo Garro Otxolua. Verdes Atxirika, 1932

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERMINI BIDEZ-BIDE

 

        Bertoldaren erijotza ostian ezin eban etsi Alboin bakaldunak gixon ain zurra galdu ixatiaz. Ixan be, aren abotik urteniko berba bakotxa epairatzat artu ixan lettekian, ain zentzun andiz itz egitten eban zendubak; eta aren zurtasunari eskerrak, ainbat eta ainbatt zoritxar eta galtzori uxatu ta urrundu al ixan zittuzan bakaldunak jauregittik eta bakalderrittik. Ba-eritxon bakaldunari ezin zettekiala bera bixi Bertoldaren antzerako besteren bat bere albuan euki ezik, arek, ba, bakalduntzako gora-beretan eta arazo urten-eziñetan aolkuba emon eta galtzorijak uarterazuez ganera, atsekabe ta ittunaldijetan be ba-ekitson gogua argittu ta biztuten, edo zala berba leunez edo-ta esakera ta ipuin barregarrijen bidez. Eta oldoztu ta oldoztu eragoion Bertoldaren ondorenguen arterik iñor ixan ez ete-lettekianentz, aren zurtasun eta maltzurtasunekorik ixan ezarren be, besterik ezian, aren adimen pizka bat eta aren antz apur bat ixan leukianik, beren albuan eukijaz Bertoldaren gomuta goguangarrija sarri-sarri burura erakarri egijon. Eta oldozkunotan iñardubalarik, Bertoldak, bere azken-naian, emaztia ta Bertoldin ixeneko seme bat ixentetan zittuzala oñordekotzat gomuta yakon. Azken-naiak, orrattiño, eziñuan ez non ez zein lekutan bixi ziran oñordekuok, eta ixanik, antza, urittarrak barik, baserrittarrak edo beñipein mendi aldekuak eta, beraz, larra-gixakumiak eta urijetati, aurki, urrun bixi ziranak, lagun batzuk bialdu biar zittuzala arein billa otu yakon, munduban bixi ba'ziran beintzat, mendirik-mendi ta baserririk-baserri ekiñalak egindda, ama-semiak idoro ta jauregira ekarteko. Eta asmo onetan ekin eta eragon, Ermini eritxon jauregi-gixon bateri dettu eutsan, otseñeterik zindduetanarikua bera, eta geiagoko barik zaldi ganera igon eta lagun batzuk arturik bidian asteko aginddu eutsan Bertolda zanaren emaztia ta semia idoroteko eta idorotakuan jauregira ekarteko. Eta isituki eta joran andiz eskatu eutsan, berak Bertoldari ixan eutsan mattasuna-arren, alegiñak alegin egijazala bere gurarija ziaro beteteko.

        Bakaldunaren agindduba entzueran, egokijon gurkerea egin eta astirik galdu barik zenbait lagun artu zittuzan Erminik, eta zaldi ganietara igonik, bidez-bide asi ziran guztijak. Mendirik-mendi, ibilli ta ibilli, baserri guztijetan ixan ziran, eta bidian aurkittuten zittubezan lagun guztijai ittanduten eutsen ia eurak billa ebiltzezanen barri zerbait emon ete-legikioenentz. Baña eguno ezeben iñor idoroten arein barri ekijanik eta ija gogait eginda, uste guztijak galduta ebiltzezan bakaldunaren aginddu estuba ezin bete ixango ebelakuan, antza zanez, ama-semiak barik jauregira ez bigurtzeko aginddu eutsen bakaldunak-eta.

        Azkenian, bidiak eta bidiak ibilli ostian, basa-piztijak baño bixi ezin lettekezala zirudijan mendi latz eta oiantsu batera eldu ziran, eta alde aretan basua ta larra ta aldatz pikak eta arkaitz izugarrijak baño besterik ez ikusirik, damututa be ba-egozan ara juan ixanaz, eta zaldijai atzera eragiñez, aldatza bera asi ziran. Be-aldetxuko zabale batera eldueran, basuari inguru egitten eutsan bide zior bat aurkittu eben; arek bidiak, beñipein, nora edo ara eruango zittuzalakuan, gixonen eta aberien oñatzak be ugari agiri ziran-da, axe bidia artu eben, eta juan eta ibilli, baso itzaltsu arek barru aldian eukan zabaluna andi batera jo eben. A zabalunea, iparraldetik, arte tantai itzaltsuz inguraturik eguan, eta egoaldetik, barriz, argijagua ixan arren, atxez eta arkaitzez moltzaturikua zan, eta ba-zirudijan ixadijak berakotan egiñiko erakusmeneko gotorleku bat zala. Toki aren erdijan eta muna baten, txabola antzeko etxetxu bat agiri zan, lurrezko ormak eta bedarrezko tellatuba zittuzala. Ate aurrian, itxura matxarreko andratxu batek, goru makillea garrijan ebala, firu ta firu eragoion gorubetan, eguzki galdatan. Andratxubak gure lagunak ikusi zittuzanekoxe, jagi jezarritta eguan tokittik eta arin baño ariñago txabolan sartu zan; eta alako gixon itxurarik aren lekutan ikusten ottuta ez egonik, atia ondo-ondo itxi ta atxur kirtena eskubetan arturik, gotortu egin eban bere buruba etxe barruban, kalte egitten etorri ete-ekijozan bilddur zan-da. A andrea Bertoldaren emaztia zan, eta Bertoldin bere semiagaz (olantxe eritxon semiari) basa-maurtu aretan bixi zan, galbarra baño sollago egozan aitz batzuben ganetxuban eregiriko etxetxu aretan. Semiak ba-eukotsazan amalau-amabost bat urte, ta une aretan basuan zan, auntzak bazkatzeko juanda. Andreari, barriz, Markolbe eritxon.

 

aurrekoa hurrengoa