www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertolda eta Bertoldin
Bernardo Maria Garro, «Otxolua»
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bertolda'ren maltzurkeri zurrak eta Bertoldin'en txaldankeri barregarrijak, Giulio Cesare della Croce / Bernardo Garro Otxolua. Verdes Atxirika, 1932

 

 

aurrekoa hurrengoa

MARKOLBEREN ETXIAN

 

        Ba-ekusan Erminik andratxuba etxe barruban sartuta gotortu egin yakela. Ba-ekusan, batta, txabola atako ate zistril a ukabilkada bat jota lurrera bota al ixan eukiala. Alan be, ezeban inddarkeririk edo basatikeririk egin gura ixan, eta otzan-otzan oles egin ostian asi yakan esaten onian-onian idegi egijuela atia ta ikusiko ebala ezetozela kalterik egitten ona ekarten baño. Andreak, orrattiño, kezkatsu, txabolako leiatilla batetik buruba ateraurik, ba-diñotse:

        —Zeren billa zatoze ona, aitz ganiotara?

        —Atia idegi egiguzu , andrea, on egitten baño ezkaiatortzuz-da.

        —Nekez on egin dagikio iñori, norberen etzetik urrun dagonak.

        —Geure etxetik urrun egon arren, onik asko egin dagiketsugu. Urten egixu apur baten, berba egin gura dautsugu-ta.

        —Neure etxetik urten erazo gurarik yatordana, on egitten baño kalte egin gurago ete-yabiltan nago; zuaze baketan zeuben bidetik. Auxe ixango da egin ziñeisten onik andijena.

        —Esan, ene andratxu enia; senarrik ba-al-dozu?

        —Iñoren barri jakin gurarik dabillena, norberen arazuen ardura andirik eztauala dau ezagun.

        —Ondo esana; bai bein! Baña adei-legez, besterik ezian, erantzun egidazu ia senarrik dozunentz.

        —Ba-neuke ixango, jan ixan ezpa'leu.

        —Orixe bai barrijaren barrija! Eta, zelan ixango zeunke, ba, jan ixan ezpa'leu?

        —Poloirik eta eperrik eta faisanik eta usakumarik eta bere ixakerearen kaltezko beste mizkeri askorik jan izan ezpa'leu eta lenengotarik ottuta eguan gaztañak-eta jaten jarrattu ixan ba'leu, oindiño bixirik iraun eukian. Orain, barriz, illik dago.

        —Aukera ederra, benetan! Baña, esan; nor zan zure senarra? atsegin ba'dozu.

        —Munduban ikusi al datteken gixonik ederren eta jasekuena.

        —Ixenez zelan eritxon?

        —Irrikatzen zagoz jakin artian eta esan egingo dautsut: Bertolda eritxon.

        —Bertolda al-zan zure senarra?

        —Bai, jauna; bai.

        —Berebixiko albistea guretzat! Eta Bertolda ete-zan, ba, munduko gixonik ederrena?

        —Nire begijen aurrian, beintzat, Narkisen idekua zirudijan. Edertasuna gorputzian dago, jakiña, baña sarrijago gixonaren onbidietan eta aren arimako edergarrijetan. Agattik diño esakuneak: eztala eder ederra dana, norberen atsegiñeko dana baño; eta ixan be, ba-dira gixonik asko gorputzez eder ixan arren, ixapidez ezaingarri baño ezaingarrijago diranak; eta beste asko, ostera, itxuraz itxusijak ixanda be, zerubak emon ixan dautsezan doaien bitartez, mattagarri ta eder egitten yakuzanak eurekaz artu-emonetan bixi biar dogunoi. Auxe berau jazo ixan zan Bertolda nire senarragaz be.

        —Semerik ba-al-dozu bererik?

        —Bat daukot, baña eztaukot.

        —Zelan daukozu, euki ezpa'daukozu?

        —Etxian dagonian, ba-daukodala esan dagiket; baña une onetan etxian eztalarik, ain barik nagola esan dagiket; ez al-deritxazu zeuk be?

        —Eta non dago orain zure seme ori?

        —Bere oskijai ittaundu ziñegijo, alde guztijetara beragaz batian juan oi dira-ta.

        —Mendiko andrea ixateko, andra zorrotza zara zeu, gero.

        —Oi! Irakasle onaren mendian egon nazala dot orretan ezagun.

        —Egija diñozu. Ara, ba, ene andrea; zugana zek ekarri nauan jakin erazo biar dautsut. Bakaldunak, gu guztijoen jaunak, zure semiaren eta bijon eske bialdu nau. Bertolda zure senarra zanari ixan eutsan oneretxijagattik, bere onduan euki gura zattubez bijok, eta zure semia bere jarraigoko andikijenetarikua egin gura dau. Baña, ene andra enia, urten egixu atera ezeren kezka barik, diñardugun baño erosuago itz egin dagigun.

        —Emen naukozu, ba. Zer da esan gura daustazuna?

        —Zer daukozu bazkaltzeko onik? —ittandu eutsan Erminik.

        —Iñoren lapikuetan zek dirakijan jakitteko usartu guraz dabillenak, berenak ondo miazkau dittuz, antza, erantzun eutsan Markolbek.

        —Emakume maltzurra zara, orrattiño.

        —Mendiko axe zorrotz onek eragindda, aurki. Baña bazkaltzeko zer daukodan jakin artian estu ta artega zakustaz, eta ara esan: basoko lau bedartxu daukodaz egostez lapikotxu onetan, eta gatz barik, atan be.

        —Lau bedar eta gatzik baga? Eune! Eta, zelan jan zeinkez?

        —Jateko gogua lango ongarririk eztago jakijentzat! Beraz, gure maia, zure bakaldunarena berarena baxen ornittuba ta taiutuba ixan oi da guretzat. Mendi gallur oneitan beti dator gosea jatorduba baño askoz len: lanian iñardutiak darakar gose ori. Eta siñistu egidazu: jantzar egotiak jakijak gozatsu eta on egitten dittuz, eta egarri ixatiak, ura ezti ta zoragarri.

        —Bene-benetan, ene andrea; zeure berbaikerearen adi egonaz beraz ezagutzen da noren ikasle ixan zarean: eguno zentzun bako itzik ateraten ezeban Bertoldarena. Baña, esan; zelan edo zer egingo dogu zure semia ezagututeko?

        —A ze ittaunea! Zabaldu ondo begijok a etorri dattenian eta ikusiko dozube, bai, itsubak ezpa'zarie beintzat.

        —Egin biarko, alajaña! Baña, aren begira gagozen artian, mesede andi bat egingo zeunskigu edarittegira eruango ba'gindduzuz. Zaldi ganera igon garean ezkero eztogu mendijotan ur tanta bat bera be edan.

        —Oba ez! Bai, ene zaldunok; zatoze neugaz.

        Eta Markolbek, artu gixonok eta etxe ondoko errekatxu garden batera eruan zittuzan. Ara eldurik, ba-diñotse:

        —Ona emen, zaldun zintzuok, nire ta neure semiaren edaritegija. Onaxe etorten gara egunaro a ta bijok gure egarrija kentzen, eta onaxe ekarten doguz batta geure aberiak be. Edan egixube edan-ala gure upelak utsittu ete-zeinkezan ardura baga, gabez nai egunez beti jarijoka egon arren, upelok ondo betiak dagoz-eta. Edan, edan; edan nai dozuben beste, ta neuk diñotsubet: iru egun osotan ekiñalian edan eta edan ba'ziñardube bere, etziñatekeze txolinddu be egingo, ezueri bilddurrik ez susmorik be etzeunkie ixango, ez-ta elbarri aztarrenik be artuko, askotan jazo oi yaken legez ardau lodi ta inddartsuz sabela neurri barik bete daruenai, ardauok, ba, gogua bizkortu bai, baña batta milla biarreztan eta zorigaisto ekarri be ba-dakijez egitten-da. Ganera, barriz, gixonari, ardauak buruba berotu ezkero, bardin ixaten dautso edozein dollorkeri egindda be, edo-ta edozein ganorabakokeri, kalekuen barregarri ta etxekuen negargarri. Emendik edan oi dauanak, ostera, beti dago gizaro batian eta beti dauko buruba bere senian.

        —Egi-egittan, andrea; zure edarittegi au baño zindduagorik nekez aurkitu letteke, eta zuk diñozun letxe, eztago emeko upelak ustuta geldittu dattekezan bildurrik. Baña, ez al-daukazu edontziren bat ur au artzeko, pizka bat edan dagigun, besterik ezian?

        —Emen eztogu antoxiñik ez pitxarrik ottuten, osterantzeko ontzirik edo morkorik be eztaukogu baña, egija esan. Baña edan gura dogunian, Jaungoikuak emoniko katillu ederretik zurrust egitten dogu edertosko; eskubak katillu bigurtzen doguzala esan gura dautsut.

        —Parisen Parisen legez eta Erromanen Erroman legez; eta guk be zuk diñozun eratara egin biarko dogu emen urik edatekotan. Baña, nor da or auntzakaz onantz datorren ori?

        —Orixe dozu be Bertoldin, Betoldaren semia.

        —Au bai barri pozgarrija! Erdu ona, Bertoldin.

        Bertoldin, barriz, mirarittuta geldittu zan zaldizko lagun areik ikustian.

        —Nongo morroiak edo zelako alkarren ganeko aberiak dira zugaz berbetan diñardubenok? —ittandu eban Bertoldinek.

        —Ederto sagardua! Aberetzat artu gattuz beronek bein-beñian! —uartu eban Erminik.

        —Urrundik orixe begittandu, gaxo oneri —urten eutsan Markolbek—. Ator: ator aurrera, seme, zaldunok berba egin gura daue-ta.

        —Zaldunak, erdi gixon eta erdi zaldi dira, oiez?

        —Egin-egiñian eztau ori esan gura ixan, besterik baño —atzaldu eutsen Markolbek—. Zaldi ganietan ikusten zattubez, bai, eta olakorik emeko maurtubetan ikusi eztauanez, zerbat esan gura ta orrexek urten dautso.

        —Oneik dauke ankazkua! Seiña bakotxak! Oneik bai leberrak arin ibiltteko!

        —Lurrera eltzen dozaan laurok zaldijaren ankak dozak —esan eutsan amak— eta albuetatik dingilizka yaguazan bijak, barriz, zaldiz yaguanaren bernak.

        —Oneikaberiok beraunezko sabela-edo dabe. Antza, bai; burdiñea jaten daragoioe-ta.

        —Bai, mutil; estañozko estiak yauezak —esan eban barreka Erminik—. Au da mozoluaren andija! Eztau onek daborduko attaren antzik artu gura! Zurretan be zurra ta zorrotza eban onek a, baña beroneri laster yako igarri astokillo andi bat dana. Zer atsegin artu legi bakaldunak tenteltzar onegaz? Eztakit nik; baña dana-dala, eruan egin biar dot-eta... Tira, i, Bertoldin; gertu adi, gugaz etorri biar dok-eta!

        —Nora eruan gura nozube, baña?

        —Bakaldun jaunaren jauregira.

        —Zetarako? Andikijen antzera, otsein eta guzti bixi ixateko?

        —Bai, txotxo. Au zoragarrizko memelotxuba!

        —Eta jauregija zer da: arra ala emia?

        —Euk zelakua gura. Ator gugaz pozik eta eure zorijona antxe ezagutuko dok.

        —Eta, zelako soñekuaz dago jantzitta zorijon ori, ikusi ta beinguan ezagutu dagidan?

        —Urrez, zillarez eta arribitxiz beteriko jantzijagaz. Eu be orrexetara jantziko aue, dotore baño dotoriago, ta andrandijakaz eta zaldunakaz autubetan iñarduko dok, eta guztijak men egingo daue, eta guztijak gur, bakaldunaren andikijenik andikijena bai'intzuan.

        —Eta gure auntzak-eta eruan al neikez nik bakaldunaren aretora neuk gura dagidanian?

        —Eruan ezin, ostera? Bai, aurki. Ator, ezeren kezka barik. Eta zuk, ene andra orrek, zelan dozu ixena, oindiño jakin barik nago-ta?

        —Markolbe derist —erantzun eutsan andreak.

        —Markolbe Anderea, etorri nai ba'dozu, gertu zadiz zu be, ta guazen guztijok.

        —Ni juan? Nik neure txabolatxu au iztia, naiz-ta etxe au zoiez eta zotzez egiña ixan, baserrittarrak bere maltzurkerija iztia baxen gaitz dozu, ene zaldun ori. Eztot nik besterik gura albait lenen emendik alde egin dagixuben baño. Mendiko ixakerea etxagoko uriko bixikereari ta eneuke nik an beian ondo ixango. Eta nerue semetxu bakar oneri be, arren, ezegijozube niganik aldendu erazo. Zer gin daike onek onik ni barik? Laugarren egunera orduko galduta legoke gaxo au. Ama naiako, baña ondo dakit gai zakarrez egiña dana, ta iñok baño obeto dazaut buru ariña daukona. Bakaldunaren jauregijan guztijen barregarri ixango litzake gixagaxo au, ta nik baño obeto dakixube alako lekubetan olako txaldanik gura ixaten eztabena, gixon zurrak eta maltzurrak eta euren zeregiñak ziatz beteten dakijezanak baño.

        —Jakin eztagijana irakatsi egingo yako. Ba-dau an irakasle onik ixango, ta azikera ta ikaskera onik ba-deutse an emongo.

        —Zer diñok ik, ostera, ene Bertoldin orrek? Ba-dok juan gura ala ez?

        —Zugaz juatekotan etsi egingo neuke. Osterantzian eztot emetik urten gura.

 

aurrekoa hurrengoa