www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskaldunak
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1936, 1950

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskaldunak, Nikolas Ormaetxea Orixe (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

IX. LETARI

 

 

LEGORTEA

 

Bi illabete-legorteek aurreratu du Uda:

oraintxe ziñez artzai gaisoa galdu da.

Nekazaria aspaldi begira zerura:

belar, landare, zugatz... noiz datorren ura;

gezurretan ari da odeien itxura.

 

Samarko'k, esana da, kazkabarra agoan;

orduun belar aundirik ez da madioan.

Urlik lasto-zatuka an gorde omen zuan;

koka-aala belar, berriz, joale-zuloan,

el biribillak zerbait balekar ondoan.

 

Lurrak gorri zituten Maiatz-leeneraiño;

bei antzuak, lan bage, ustez larrerako;

munats-belar garbia, esne-beiendako;

txekorrendako ere sortzen aal-da naiko,

egualdien tankera balitza gisako.

 

Berrota zortzi orduz egoak indarra;

oraingoan luza du bi aldiz adarra;

Muturra agertu naiez asi zan belarra:

—«intz ugari duela, obe litz iparra»—

nekazari ta artzaiek as dute negarra.

 

Sasitik arantzera: ots, okerragora;

aize gorria albotik mutiri sortu da;

egoak utzi ditun izpien gose da;

indar aulago arren, luzeago okotza;

izotz gogorrak bezain gogor du biotza.

 

Zintzarriko belar ta zatukako lasto;

milla alako ganbaran ez litza deus asko.

Larre piskak mozteko, geiegi lau asto.

Ardi aulakm mingaiñez moztean larrosto,

illeak an naasita, an Erio gaizto.

 

Azari-larrukera artu du larratzak:

alorrak igar daude, ez mardul baratzak;

artoak ori-gorri, txuloz bababeltzak;

erdi-zemelik, berriz, orritan zugatzak;

kolore biziena adarretan untzak.

 

Axuri borrotua nonai marrakari,

illea bezin ez du betondoa garbi;

muturrean zolda, ta koloka belarrai;

anka baldatxak, eta mingaiña egarri,

ez dauka andik artzaiak aterarik ardi.

 

Ama gaisoak, aldiz, azal errapea,

arkaiñez eta artapoz josia andartea;

iztar-barrena gorri, illun betartea;

azkazala beratxa, lepoa luzea,

belarraz eiten dio lurrari galdea.

 

Itzalean larratza, ezeago bailitz,

ara doakabea buruz ta belarriz.

An usai, emen susmo, janik ezin arkiz,

marrakikarik ezin ta dabilla marmariz;

ontzak ala du urubi negargarria aldiz.

 

Ardi-jendea, alaare, ez daite kexatu,

garadi zabalean billa baitu gorku

Aurten mullo-belarra zearo du moztu,

bai garo-orria ere naiz erdi-gorritu:

goseak iltze orrek alderdi txarra du.

 

Sasi-bei eta beor, artu ditu agaitzak,

beren ille zutian zorrozturik ortzak;

lararupean ditute zurdel adakaitzak;

ille tartean, berriz, zorri eta pdrtzak.

Aurki mendera ditu Erio garratzak.

 

Aritz eta pago-osto, etxe-beien jana;

aizeak, eze danik, legortu du dana:

Esne billa alperrik da joan aiengana:

adarra bezain legor errapeko zaiña;

berak edan lezake luzatuz mingaiña.

 

 

OTOITZA

 

Andre Garaziz geroz egin da Letaai

Iribas'en dagoen San Permin beltxarai.

Urrena, Ama Birjiña Lezeta'koari

egin arren Larraun'ek gogotik eskari,

zerua tenkor dago biurturik arri.

 

Aralar'a asteartez egin zan erregu;

ez da ere kupitzen Mikel Goiaingeru.

Zerua noiz-artean ote-da asarretu?

Eliz-egutegiak beste egun bat ba du:

oraindi itxaropena ez da guziz galdu.

 

Azken-letarirako ez dute umerririk

leengoan jan zituten erdi-giarrerik.

Gogoz edo bearrez ez dute pestaraik:

otoitz obe egiten da zerura baraurik,

sabela astun danean, ez aaita damurik.

 

Leengo oiturak okertuz, jan-edan-zurrean,

aldapa goitzen zuten aspaldi luzean.

Aien aiten aitonek, agiz, oiñutsean,

emazteek otoitza jalkiz ezpaiñean,

Jainkoa lagun zuten estutasunean.

 

Errikal lau arkume, Lekunberri'tik sei,

eramaten ditute amar ta irurogei.

Urrena Aralar'eko egiña dute dei

zerua beartzeko ein bear dala mei,

euritan leertu dedin begietako odei.

 

Galtzarbean arturik beren ertekoa,

—egun artan lotsa da zintzilik zatoa—,

erriak asi dira igaroz mailloa.

Gure biko gazteak bat baitzun asmoa,

saillean naasi bage jardukiz dijoa.

 

Elederrek bizi du amona elizkoi,

eskuetan lana, ta ezpaiñetan otoi.

Itzak beti baitzitun legun eta sarkoi,

umetan izan arren esaguera doi,

aren aholku zuurrak ditu bidez oroi.

 

Lekunberri'ko mugan leenengo oroipena

goiko bidexkan dagon Gurutzearena,

Ata'ko Gurutzera beiratu zuzena

egiñez, berri dute amandreen arrena,

goizetik otoitz onez berotuz barrena.

 

Bederatzi «Gloria» aingeru-taldeekin;

«Nor Jainkoa bezala?» ondotik eraskin,

(«Mikel» izenak au du barnean berekin);

dei eder au entzunik mutillak atsegin,

Bataioan igurtzi baitzuten arekin.

 

Lekunberri'tik gora Iribas-aldera,

aundia da an-emen-ka jendeen joera:

Madotz, Oderitz, Astitz, utzi ezkerrera;

zortzi erritakoak andi igotzen gera;

Baraibar'kotik beste seiek igoera.

 

Arruitz, Aldatz, Etxarri, Alli, Lekunberri

Iribas ta Mugiro, oiekin Uitzi.

Azpiroz ta Lezeta, Albisu, Gorriti,

Errazkin ta Baraibar: or dira amazazpi;

maillo-aldetik, berriz, Araiz'ko sei erri.

 

Gora-aala, noizean-bein itzuliz begia,

mutillak jalkitzen du dakien guzia:

«Arako an dagona, Beltxeran-erria;

barrenagoko arek Galtza du gorria...

—oroi du bakoitzaren ezizen bitxia—.

 

»An Elosta, an Gorriti kiputzek errea,

an Azpiroz-malkorra zugatzik bagea;

Uitzi'ko bi borda, baso-txondar-kea...

txokoanago dugu gure erri maitea:

orra Larraun guzia, erriz, bordaz, txeea.

 

»An Beruete'ko Orin; gero Basaburu;

aren eskuin Ultzama; laister Eltzaburu,

Orokieta ta Arraitz ikusko ditugu.

Aralar'a bidea dugunean buru,

Naparro guziaren erdia inguru.

 

»An da, mugalderago, Lantz'en aldamena,

—ba dakizu lau anai lapurren azkena

Barbara-Done-egunez urka zitutena—.

Dioten Prantzi-muga, zitala, alaena!

Amaika gaiztagiñek babes ar dutena...

 

»Burni-Gurutze-gora, Ata'ko zelaia:

—baso artan ba dago egur ta zurgaia—.

Sasibeien atzetik dabilla beizaia;

txabolan gaztagiten bestorduz artzaia:

aurten esnerik ez, ta aaztua du usaia.

 

»Basoan argigune aurkez Aundimendi;

bekokia ageri du Uitzi-menditi.

San Mikel'en Eliza ez dugu urruti:

arako bizkar artan orain dut ikusi...».

—leenik ikustean ez da asarre Garazi—.

 

Ezker, etxe txiki bat. «Trintate-elizatxo»;

amonak au Mikel'i maiz aipatzen dio:

aingeru danak baiño Jainkoa aundiago

(San Migelek esparik ontaz ez izango).

Naparren eraspena ori zan leenago.

 

Eliz onen sorreraz en da zer garbirik.

Aundigoko ori baiño ez ote-da leenik?

Ega'ko Trintatea ageri da artatik.

Ara begiratu bat bialdu bagerik,

ez du Mikel'ek uzten, amonak esanik.

 

Mendian dabillan, naiz Irurtzun'a doan,

Irutasun Aundia beti du gogoan.

Aurrek ori maitatzen amaren altzoan

ikasten zuten, ori murtxatzen agoan

amaika «Aitaren» eder artuaz kolkoan.

 

Agertu bat aurrena Irutasunari;

urrena, Gudari dun Goi-aingeruari;

Meza-aurreti, inguruan ba dute ekuskari;

Aralar'ez arontza Sakana da ageri,

Ziordi'ti Iruña'ra makiñabat erri.

 

Mutillak burura du Lakuntza'ko pertza,

—an gutxi gora-beera nun dagon arkaitza—.

«Pertzak pertz egin beza, emen da tripotza»

esatean bota du eskuetako otza:

poztu zun ordun ere Lakuntza'rrak ortza.

 

Noranai begira ta mendi ikaragarri:

itzul eta inguru, ba da zertaz arri;

Amonak Entzelai'ra baitzuen ekarri?

Mutillak sumatzen du orduko dardari:

gerta bezala dio jalkitzen neskari:

 

—«Leengoz atera nun kabitik mokoa,

(artean sok nekian erriko zokoa):

larranbillutan giñan: "Zenbat da mundua?"

esan nion; eta arek: "Aundi... Jaungoikoa..."

bein ere etzait aaztuko ango zirrakoa.

 

»Onera neizenero, berdin zait berritzen:

nern burua txiki beti dut sumatzen...».

Ingurura begira dazkagu zoratzen.

Mutillak ez du beste esanik asmatzen;

neskak ere zerbati du barnean sentitzen.

 

Jendeak eldu dira oiñuts eta baru;

iñoiz izatekoz, gaur samurtuko zeru.

Larre ezea, legorrak dularik zoztortu,

artxintxar eta arkaitzak muturra zorroztu,

larrurik lodienak dira azal-urratu.

 

Legor-apurra jan ta ur-ase bat egin;

—otzegia edanez, norbaitek sabel-min—.

Elizan sar-atera Letarien aitzin;

aldare eskueñatara sugearen osin:

an Kredo'ka ari dira dutenak buru-min.

 

Oin odolez busti du nodrbaitek zelaia:

ontan igar ezazu aien euri-naia.

Ola aurrera diteke Jaunaren garaif:

ain zuzen nabari da Urbasa'n odaia;

bezten asi danetik, ba du leertu-naia.

 

 

        «Begi zorrotzik biotz-berorik,

        egun bat uts egin bage,

        otoi ta asperen, ertsa baititut

        San Mikel eta Trintate,

        nere bertsu-lan au egitean,

        arren, datozkidala alde!

        Zillegi bekit gure Erriari

        egi latz biren esate.

 

        »Aurtzaroz geroz, ez izan arren,

        agurtuz Irutasuna,

        Eliztto aren arrian dantzut

        otoitz aien oiartzuna:

        Sancta Trinitas... Sancte Michael,

        Agnus Dei... "Barka, Jauna"...

        Ordutik zerbait ez ote-da alda

        Euskalerri fededuna?

 

        »Tximist-ostotzez, erakus Jauna,

        gure Sina-mendi ontan

        bakar zerala Jainko; sar zazu

        zure Legea guregan.

        Jabetasuna galdu dulako

        dago erri au damutan.

        Lurra galdurik, erritasuna

        egizu galdu ez dezan.

 

        »Aker bat dakust Zugarramurdi'n,

        noranai du lizun-atsa;

        ezin-egonez lepoa biur,

        ikara du beti isatsa.

        Ba derabiltzi leize, zubipe,

        sorgin ta lamien baltsa:

        Aralar onen Gurutz-oiñean

        garbi Jaunaren Bildotsa.

 

        »Sorgiñak, diot. Ogenik, ez da

        siñestuz oiek dirana;

        erriak dio, izena dunak

        ba dula, nai t'ez, izana.

        Etzuten, naski, eskubiderik

        odei ta tcimistengana.

        Erri xumeak siñesten zizun

        ikaraz, aien esana.

 

        »Atso lizunok pekatu aundi,

        —ez baitut nik aipatuko—:

        aur gaizta-ezak, eiten zituten

        aldare beltz artan lepo.

        Jainko-Bildotsak esana baitu

        aurrak beretzat uzteko,

        Aker-kiratsa Jainko egiñez,

        an zizkioten mendeko.

 

        »Akelarre beltz, damurik au i

        Europa guzik ezagun!

        Akerren larre, sorgiñen bilgu,

        deabrua dukala jaun...

        Aur garbi oiek aingeru bana

        dute zaindari ta lagun;

        zeruan daude guzion Aita

        ikusten gau eta egun.

 

        »Jainko-Bildotsak suntsitu digu

        akerren jaurerri ori;

        olako jaunik iñoiz ez bedi

        Euskalerrira etorri.

        Lizunkeriak sasi ta larraz

        bete ez beza gure mendi.

        Aralar ontan Jainko'Bildotsa

        gaurgeroz Errege bedi.

 

        »Ots, baiña! Or dator! Buruz aker ta

        egoz, puztanez ersuge:

        lizunkeria, mendia-gora,

        gure egun oetan ere.

        Erdera agoan, euskera... noizbait;

        soiñean, isil naiteke:

        neskaso gurbil, orde, ergel aunitz

        ez bait-nituke nai andre.

 

        »Mikel'ek baiño gorago nai du

        aldare bat Artxueta'n;

        andik odei-ats bat edatzen du

        aizearen lau aldetan.

        Erri au ere ikusi nai du

        ats lizun orren mendetan.

        Ez aal naiz ni illen gure zeru au

        goi-argi ikusi bagetan!

 

        »Ots, orde! Beste sugetzar ori

        ez da batere ederrago:

        katamotz-buru ta atzapar, dator

        limikatuz sudur-zulo.

        Prantzi-muga du egoitza gorri,

        eriotz oroen zoko.

        Zenbat il-ezur liteke

        il zituena apentzeko!

 

        »Eren-suge au Mikel'ek il zun

        Teodosi'ren urtetan;

        Jainko-bildots il Aren ginduz

        illa betiko geneukan.

        Pizberritu da Lanz'ko lapur ta

        Goñi anaien mendetan.

        Jainko-bildurra muga altxatuaz

        il bedi erabatetan.

 

        »Lauek etzuten, egin-kalterik

        beren buruaz ordaindu;

        irurook, orde, gizon bat il-ta

        artu zuten naiko pagu.

        Ortzak ortza, ta begiak begi,

        aintziña zuten eskatu;

        lege zaar aren gogortasuna

        euskaldunekin da gaindu.

 

        »Iruña'k ez nai; ez Naparroa'k

        negar-egunik igaro,

        zedilla aientzat, eskatu zuten,

        zigor ua biguiñago...

        Barkapen-ustez, ai ai egonik

        urka-bear-orduraiño,

        "Il bitez" dio azken-erregeek.

        Ari ere ez barkatuko.

 

        »Erna adi, napar, euskaldun, erna

        gaurko lozorro orretati.

        Ezak siñismen; esku oriek

        ez biaez, aurrera gorri...

        Artxueta'tik ikusten ditut

        Gorriti ta Lekunberri:

        giputzek eman bezate ango

        il ta kiskalien berri.

 

        »Bizkai-aldean oroi detzadan

        iraiezez Oiñaz-Ganboa;

        bertagokorik Euskalerrian

        aipatzera gaur ez noa.

        Sugetzar orri Mikel'ek kendu

        zion ezpataz lepoa, egiñik,

        morroi zintzo bezala,

        Bildots illaren gogoa.

 

        »Ots, arren! Orain datorren au da

        sugerik lazkarriena:

        koko-erritik birauz beterik

        besteen aldean gaillena;

        siña, Aundi-mendi; odeiak, ego;

        zazpi burutan eztena...

        Egun-argia itzali du, ta

        lurra mendean du dena.

 

        »Zuk, Jainko-Bildots, lurraren jabe

        bialdu Mikel morroia,

        zu-il gurutzea buruan dula

        aiza dezan suge loia;

        su-leize ortan gori dezala

        mingaiñean dun erdoia;

        beti oiñazez, il bage, beza

        soil zeruaren oroia.

 

        »Gure aitonen Jaungoiko audi,

        irutan santu zerana,

        zure semeek lizundu dute

        ez diteken izena.

        Euskalerrian ez bedi zabal

        koko-erriko legena.

        Leendanik ba du gaitzik aski, ta

        oildu betza aiek aurrena.

 

        »Ez ote-ziñan bearrekoa,

        gure aiten Euskalerri,

        erri-lurretik alde egin bage

        biur zindezen mende-erri?

        Fedearekin erritasuna

        gorde beintzat. Jabe berri

        Jainko Aundiak egiñen zaitu

        Siñismenaren geigarri.

 

        »Bebil inguru, lur biribilla

        gaiztoz ta gaitzez naasirik

        Gurutz-oiñeko Bildots-alboan

        zora bege egon nai dut nik,

        eguna sortzen dan alderdira

        begiaz beti zorrotzik.

        Gurutzepean dabillen lurra

        oiñez ukitu bagerik.

 

        »Eren-sugeai laket emanez,

        Bildotsak gudu deritza:

        lurra azkazalez urrezkoz jota

        sortu du txingi tximista.

        Mikel bialduz, suntsituko du

        esaien saldo bortitza.

        Artean emen etenik bage

        egiñen diot otoitza.

 

        »Pake-zantzuan Bildotsak berriz

        besoz lurra jo dezaño,

        lur eta biotz baretu arte

        otoi ta arren emen nago.

        Ez bedi biztu sorgin-aker, naiz

        katamotz Prantzi mugako;

        beti-betiko leizera bedi

        sugetzar Koko-erriko.

 

        »Birau bezain oben gaiztorik

        eguzkepean ez baita,

        ain eder, ortaz, Jaungoikoaren

        izena goi-aipatzea.

        Or dituzu bi Santu euskaldun

        Xabier eta Loiola...

        mundu osoan zabali dute

        zure izen orren ederra.

 

        »Gure erri dena barka-gai aal da

        bi Santu oriengatik.

        Izkuntza au birauz loi bear balu,

        ez nuke nai Euskerarik.

        Ala balitza, ez dut bizitzan

        jetsi nai mendi ontatik;

        ez, beintzat, gure mintzo ontan Jauna

        betiko jaso bagerik.

 

        »Jaunak arnasa dit oraindio

        nere lan au jarraitzeko;

        biotzak diraust bein ere ez dala

        Erri maite au galduko.

        Erritasuna gorde badeza,

        Erri-lurraz jabetuko.

        Beza Siñismen; ta ain gogo dunik

        Jaunak ez dio ukatuko».

 

        Eliz-barnean dago jendea,

        belauna josiz lurrean.

        Apaizak asi-du Letaria

        zeru ta lurren aurrean.

        Odeirik bada sabel gorririk,

        samurtuko ditu, urrean,

        ainbat lagunen otoitz beroaz

        zulaturik saietsean.

 

        «Jeki, Jauna, ta lagun gaitzazu!

        zure izenarren gorde gu!

        gure belarriz aiteri egin

        zeniena aditu dugu.

        Kyrie eleison, erruki, Jauna!

        besterik merezi dugu.

        Gurasoetaz oroi zerala

        ordean, entzun iguzu».

 

        «Erruki», «entzun», «barka», diote:

        irutara dute eskari;

        azkenik berriz, irutan Agnus

        oiu Jainko-Bildotsari.

        Begira, beintzat, fede bizizko

        aurreko Naparroari.

        Ez uka, damuz fedea biztu

        nai duan oraingoari.

 

        Irutasuna zuten agotan

        Xabier'ko zupizguan:

        Madalen eta Prantzes anaia

        orrek sugartzen zituan.

        Indi-aldean aren ezpaiñak

        beste lelorik etzuan:

        alboko batek Loiolaz ere

        berori aitortzen zuan.

 

        Irutan santu dan Jainkoari

        naparrak dio jaiera;

        ez liburutik, ameen altzoan

        gerez ikasiak gera.

        Leen Naparroa genun Zubero'n

        bidez iristen bazera,

        ango dorreak iruna tontor,

        nere esanaren aldera.

 

        Irukoitzaren Elizattora

        jende-saillaren lerroa,

        begiak apal, biotza goian,

        kanta-durundaz dioa.

        Eliza aundiak ez du erantzun

        gaur bezain mardul orroa;

        baiña zelaiak beela jaten du

        gora bialduz mintzoa.

 

        Elizattoan bakoitzak dantzu

        leengo otoitzen oiartzuna,

        ainbat naparrek berriro piztuz

        bezala sendotzen duna.

        Zeru-gaiñetik dakustelarik

        gizonen umiltasuna,

        euri ta beste mesede aundi

        bege, ez dator gaur illuna.

 

        Maite ditunak zigortzen ditu

        Jainkoak. Berak esana.

        Damu diranik kupitzen dute

        indartsu ta aaltsu dan Jauna.

        Gizonak, bera txiki sumatuz,

        dakus Jainkoa aundi dana;

        izen aundi au aitortu-ta, aldiz,

        oso daukagu gugana.

 

        Sugetzarraren morroiak, Bildots

        onagana jeiki dira;

        morroi indartsu Mikel or dauka

        Aren esanai begira.

        Bildots otzanak autsiko ditu

        eun milla alako balira;

        ezpata aurrean, sartuko ditu

        betiko illundegira.

 

        «Nor Jainkoa aiña?» izena baitu

        gure gogoen Mikel'ek,

        izen au baiño ederragorik

        Aingerurik ez du bestek.

        Sugetzarrari moztu ditio

        ezpat-ukaldiz egoek;

        leen sabelka, ta orain iraulka

        artu du jeki-eziñek.

 

        Larraun'go otoitzak lurrin-ontzian

        bialduz lau aizetara,

        gaur arte legor ziran odeiak

        ernaltzen ditu gogara.

        Ara, aurkez-aurke jarri bi odei

        Berin'dik Artxueta'ra!

        Burruka naiez ikusita, aiek

        bizigo zeruetara.

 

        Ek bezain gizon argal zalarik,

        Elias'ek arren aundiz,

        goitik euria debeka zuen

        iru urte ta sei illabetez.

        Urrena, berriz, euria nai ta

        biotz berez, mingain berez,

        jasa gozoak eratsi zitun

        lurra beterik emaitzez.

 

        Ainbat ezpaiñek, ainbat biotzek

        gaur dagiten eskaria,

        alper ez dala sumarazteko,

        emanen Jaunak euria.

        Etxe-zokoan ezin oiña-altxaz

        aitona damuz geldia...

        Biotza altxatuz odeia zula,

        ain baitu fede bizia.

 

        Letari oien urrena, aldare

        banari belauna bigun;

        bereela Meza, ta aren ondoan

        Aingeru Aundiari mun.

        Ez dira aspertzen naparrak ontan

        naiz ari gau eta egun.

        Gipuzko, Bizkai,Euskalerritik

        gero ta geiago lagun.

 

        Zenbat gizaldik kokatu dute

        Irudi ontan ezpaiña!

        Zaar ta aurrek oro, naiz ez ikusi

        begiz Aralar'ko gaiña,

        Bera jeisten da erririk erri

        urbilduz bakoitzagana,

        Aralar-mendi, zerua bera

        eramanaz aiengana.

 

 

AINGERUA ERRIZ-ERRI

 

Gogoan bizi dut nola giñan

Lekunberri'ko mugara,

Erri Gurutza, mutil mordoska,

gizon larrien illara...

Mugan itxaron; luzaro bage

malkorrak kanta-dundara.

Ara Aingerua! lerden nabari!

Gure biotzen dardara!

 

Erri-Gurutzeak elkarri mun, ta

oro belaunez lurrera...

Veni creator esan ondoren,

guziook jekitzen gera.

Aingerudunak ugal-potoak

bere gerritik atera;

urren erriko aingerudunak

aurrekoaren jazkera.

 

Oian, bei, ardi bedeikatuaz

doa mugatik errira.

Ezkil-dorrean bi mutil daude

noiz agertuko begira.

Txanpurrion'go biur-gunean

egin duteneko bira,

dandaraz dute usuagotzen

biotz guzien pilpira.

 

Ez dut bein ere ain alai egin

erri maitean sarrera.

Amonak oro aurrak besoan,

leiora dute joera.

Ikulluan bei eririk bada,

ager dute larraiñera.

Goi-aingeruak, igarotzean,

dezan leengo osasunera.

 

Elizarako garai danean,

soiñeko onenak jantzirik,

jende larriak, iñoiz bezala,

ez dira zango-nagirik.

Bular-umeak artu-ta andreak

asma dutenaz apaiñik,

Aingeruari mun dagiote,

beren aurrak eskaiñirik.

 

Izurritean ukullukoak

ager ditute plazara;

bedeikapena barratzekoan

eldu dedin aietara.

Etxe ta landa, larre ta baso,

gurutzaz lau aizetara,

osasun eta poztasun sartu

da zoko guzietara.

 

Aldapa-gora goazelarik

Oillarradar zelaietan

Santa Kurutz'en Elizattoa

dago Gorriti-bidean.

Mikel'ek ere Gurutzea du

buru ta beso-gaiñean:

onela garbi irakasten digu

nora bildu gaitezkean.

 

Kanta-mintxoak pago-tartean

egiten digu durundi;

mendiak ere erantzuten du

luzaro gure ondoti;

mugar geran baiño leenago

begira an dago Gorriti...

Mikel'ek azken-bedeikapenez

bedeikatzen digu Uitzi.

 

Orrela dabil erririk-erri,

Naparro'ko Aingerua:

aldi bateko, denetan utziz

berak dakarren zerua.

Itzul gaitezen Aralar'era

an baitaika jar-lekua,

an mun emanez, arkitzen dugun

lurrean paradisua.

 

 

EKAITZA

 

Mun eta musu, beratu dute

Aingeruaren biotza:

odeiek gaur ez dute gezurrik;

jo dute gudaroko otsa;

ostots legorrak igaro oi dira

billatuz erri arrotza;

baiña aurpegian zirrara sartuz

eldu da egurats otza.

 

Elizaldia bukatu-aala

mordoka doaz zelaira;

itxaro-bidez gora ditute

begiak odeietara:

«Oraingoan, bai, atzoko ontzaran

oiua gezura ez bada,

—esan du batek— euri gozoa

jetsiko da lurretara».

 

Egunez ontza suma ezkero,

esana da laister euri;

besteek: «Oillo bat oillar egiñik

atzo kukurrukuka ari:

orrek ekaitza berekin oi du

utsik egin bage ekarri».

Etxanderaren ezpain-otoitzak

ez ote-zion igarri?

 

Katua goizik musu-garbitzen

besteak ikus omen-du:

ark ere, erriak asmatu dunez,

ekaitz laisterraren zantzu.

Azkenik, batek igarpen oiek

onako ontaz garai ditu:

lurra, artaraiño legor zalarik,

satorrak gorri du urratu.

 

Gaur ez da arkume-janik; an daude

gelan burruntziak baztar;

ez da su-garrik; ez, oi bezala,

tantaz jausten koipe-negar.

Erteko legor usai bagea

zintzurra-barna nola sar?

Ua aiek listuz busti bezala,

goiak ugalde balekar!

 

Ipar-aizeak leenengo odeiei

bultz egin die urrutira;

aien atzetik beste ta beste

burruka-bage jun dira.

Araba-aldetik, Gipuzkoa'tik,

jar dituzu bi, begira;

aizea arrotuz, erronka aurrena,

urrena tximis-dirdira.

 

Ipar-odeia geldi dagola

urbiltzen da Arabakoa;

ostots-burrunda bizigo dator

maiztuz, luzatuz orroa.

Bien arnasak billa dute elkar,

bi sabelek gorrotoa:

oien burruka beeti ikusteko

jendeak ba du gogoa.

 

Ata-gaiñean elkartu dira

atzetik utziz ostarte.

Eguzkitatik begiratuta

margo beltzagoa dute.

Tximistak argi duan aldiro

ageri dira auts-kolore:

auts ori, iralkiz, Jainkoak euri

berez biurtu dezake.

 

Gauez, ogera dioanean,

burtziña arturik eskuan,

txinarrak barna sartuz, amonak

autsa biltzen dun moduan,

biamonean autsa zirikaz

sua arki baitu barnean...

ala Jainkoak odei beltzetik

oiñaztura pizten zuan.

 

An dago Jauna. Utsetik oro

egin dunak ezin aal-du

odeiaren beltz eta bustitik

su kiskalgarria sortu?

Su orrek, berriz, odeia leertuz,

euria digu barratu.

Asi du noizbait;

berreun mingaiñek

Mikel'en izena aipatu.

 

Belarrietan egetotsa-antza;

ez da jenderik ikara;

zugatz-orria, legorte luzez,

ain baitzegoen igarra:

euria mardul, orria gogor,

ots ori berezkoa da:

alor egarrik txir egiten du

kare bizien erara.

 

Elkarren gainka datoz odeiak

urrun zebiltzan taldean:

bekaitzez ezin gelditu dira

leena aurretik ikustean.

Ala artaldeko ardi sarkoia

dakustelarik barnean,

besteak, soinka esi-zulotik

sartzen dira belazean.

 

Esker eta arren, Eliz-barnetik

odeiaren burrunbotsa

entzuten dute, ta leioetan

tanta larrien as-otsa.

Ordu luzean atertu bage

lasatzen zaie biotza;

etxeraldian atergunerik

izan ez ta lute poza.

 

Etxera-bear, ta asmatzen ere ez

belauneri kentzen lurra:

egun luzea biur zitzaien

eek nai aldean laburra.

Noizbait eldu zan, ezpaiñez gogoz

egin-otoitzean apurra.

Mun-bitartean, kanta au Mikel'i

oles eta azken-agurra:

 

        «Jaunaren morroi leiala,

        gure erriaren itzala:

        dakigun arren aingeruetan

        indarrez aundi zerala,

        "Mikel" izenak esaten digu

        "Nor Jaungoikoa bezala?"

 

        Bein, bita, irutan Santu,

        ezilkor eta indartsu;

        guzien gaindi, Beraren itzez

        eramankor, errukitsu...

        Izen au gure biotz-agotan

        beti dezagun edertu.

 

        Luziper izarretako

        beste Jainko omen-zalako,

        Jaun aundiaren aurka jeki zan

        ez izan nairik mendeko.

        Morroi zintzo orrek sartu zinuen

        inpernua sekulako.

 

        Jainkoaren Gurutzari,

        Satan'en ikaragarri,

        eraman zuzen zeruetara

        egiten dugun eskari:

        Euskalerriak eutsi bezaio

        aitonen siñismenari».

 

Atergune da, ez luzaroko;

artu dute etxera bide.

Urak eskainka —orain egitan

lurreko gezurren orde—.

Ata-zelaia jo duteneko

Larraundar guzien talde

orduko pago aipatu artan,

—galdu baita— dira gorde.

 

Bost gizon biran, beatzik beatz,

ezin gerririk atzeman;

ario artan beste sei adar

zeduzkan adaburuan.

—Leengo ondo arek berreun bat ardi,

ekaitza gogor zanean,

ille-izpirik busti bagerik

omen-zeduzkan azpian—.

 

Tximist-bildurrez elorri-xuxta

ezkerrean du Garazi'k,

bedeinkatua dala, jendeen

oker-ustez aitzinatik.

Dir-dir-aldiro «Aitaren»-entzat

eskuiña nai du jaberik...

siñiskeriak Siñismenari

ez aal dio ontan kalterik.

 

Bere burua motx ez egin nai,

Eleder eskutsik doa;

ontatik ikas siñiskeri au

indarrez noraiñokoa.

Atertu-aala, bana-banaka

berritzen dute txangoa:

odeien antzo bereizten dira...

bai ere gure bikoa.

 

Ata'ko Burnigurutz-alboan

geldixeago dirala,

leenik beratzi Gloria, gero

«Nor Jaungoikoa bezala?»

Lekunberri'ko mugako artan

esanik dago, beraala;

amona xintxook etxe-zokotik

agindu baitzien ala.

 

Andik etxera, goiak ateri;

etxera sartuz ostotsa.

Berriro odeia berdin naastu da,

berdin lasa du mototsa.

Zeruak entzun duala, dio,

goizeko otoitzaren otsa...

Txangora bage diranai ere

zabaldu zaie biotza.

 

Amona xintxook Mikel'i dio

ontaz eta artaz galdea;

argitasun on emanik ere,

ez ark nai bezain luzea.

Otoitz au, ori, egin aal-ditun

ez du bildur galdetzea;

mutillak isil jasan, amatxik

ematen dion nekea.

 

Aitonik ba da, ogerakoan

izar dagoen begira;

bakarren batzuk ostarte-erditik

bizia dute dirdira.

Bekokietan suma dularik

Araba-aizeren pilpira,

aldi bateko jasak igarriz,

sartu da bere tegira.

 

aurrekoa hurrengoa