www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskaldunak
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1936, 1950

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskaldunak, Nikolas Ormaetxea Orixe (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

VII. DENOK BAT

 

 

Negu luzean bost ipui eder

egun ta gaualdietan

ikasi nitun, artazuritze,

garbari ta ardazleetan.

Gaualdi bat dut ezin-utzia

istori labur onetan,

ua baitago ezarrienik

euskaldunen biotzetan.

 

Ortakoz, aipa-bearra dizut

azi ninduten sukalde:

ain zuzen, etxe aren izena

leen dakizun «Errekalde».

Nere leenengo euskal-eskola,

nere sortetxeko alde.

Euskalerriko biotza dut nik,

artaz nai baduzu galde.

 

«Elbarren» zaion auzoan dago

errian dan aundiena;

goiko auzoan balego, buruz

ager liteke gaillena.

Errekatxo bat ondoan: ikus,

egoki dun ez, izena;

larraiña goien, iru sukalde,

berria irugarrena.

 

Aur nintzalarik, bi ama-alaba

banetan ziraden bizi.

Txikienean alaba unideek

arretaz ninduan azi.

«Beste sukalde» zitzaionera

zenbat aldiz nun igesi,

amonordeak —zeruan bedi—,

aal du gaurgeroz ikasi.

 

Artzai bazera, ba dakizu zer

dan «arkume gaitzetsia»;

—praile bizardun batek jarrita

ori nun izengoitia—.

Ainak, ama bat, bi ere ez aski,

gose-erasana guzia;

beti erkitu geldi-bearra,

ama geigoren isia.

 

Ama gaisoak, aurraldi batez,

titi baiñon aur geiago:

ez nindun gaiztoz goseak utzi.

Gaurgero zeruan dago.

Azken jaioa nintzalako, ni

besteak baiñon aulago:

bi iñude ta ama baiño amona

ez nuan gorrotoago.

 

Basagizonak ara ziraden

igande gauez ta neguz:

bizi giñanen belarri, biotz,

pozten ipuiez ta kantuz.

Jai egin eta, goiko ostatuan

oi baiño obeki afalduz,

basora baiño leen, an genitun

adiskidengana agertuz.

 

Bezperondoan, neska ta mutil,

—artzai gaisoak mendira—

larraiñetara, txelaietara

mordoskan banatzen dira.

«Ingurutxo» bi molda ditute,

ba da jendea begira.

Pelotan eta palankan ere

nekez palta da partida.

 

Bitarte artan isil basoa,

ez aste-eguneko oiurik:

aizkorak, zerrak, otsik ez eta

gurdiak ere ez negarrik.

Ango musika errian, dena,

aire berri biurturik.

Gaur Plazaola'k isillarazi,

trena arren ere, damurik.

 

Laguntasuna zer dan ba dakit

ikazkiñari ikasita:

baso-zugatzak alaxe dira

elkarren lagun azita.

Nekez jaiotzen dira bi ondo

elkar biurri itsatsita:

nekezagorik arki diteke

aien artean errita.

 

Atsaldea alai eman, afaldu,

basorakoan gurera,

bata besteren urrena sartuz

osatzen dute billera.

Berri ta kontu, ipui ta kanta,

kolkoa dute betea:

bakarrago da txondarrak zaitzen

basoan talogillea.

 

Guzien buru Iriondo da,

Ataun'go seme prestua;

oiu batekin eman oi zizun

goizean jeki-ordua.

«Ots, mutikoak» esan ordez, du

«Angelus» otoitza artua;

arekin —etzun berandutarrik—

argitzen zien burua.

 

Basorako gai ez zan arteo,

lan egin zun nekazari;

iñork bada, arek irabazi zun

izardi-bidez janari.

Naiz eta, noiz-bein, mutilzai zutik

arnasez ziteken ari,

erakutsia emanez zuten

bizkorrenen aitzindari.

 

Urrena Beltxa, Euskalerriko

jakingai danen gordairu;

buruan ipui ainbat ez, baiña

sakelan ere bai diru.

«Ikazkin beltzak sakela zuri»

esana betetzen digu:

aren andreak azi detzake

izan dituen amairu.

 

Urrena Irube, Donamarti'ko,

Amerikati itzulia;

ezkon-urtean il andrea an ta

senti zun ezin-etsia.

Geldi zitzaion diruaz, doi-doi

pagatu zuan ontzia.

Zeribait eldu bear, ta artu zun

basagizonen bizia.

 

Urrena Koxko, leen esandako

epotx, arbiazi-joa.

Esaten baita ziza larrean

bein nork ikusitakoa

ez dala azitzen? norbaitek begiz

geldirazi zun borroa.

Lepoa lodi, burua txiki,

ziza are eguterakoa.

 

Aren urrena Zarauz'ko Lete,

gain-zerran naiko egiña;

beti agotan erabiltzen zun

bere erriko txakoliña.

—Bakio'koak zer balio-omen?

Ixo Getari'ko miña—...

Alaare, napar-ardoagana

zun ezin-gordezko griña.

 

Gero Bustintza Mañari'koa,

itz laburreko gizona,

bere bizian baso-nagusi

baten mendean egona.

Mii-motelari bezala, kantan

mingaiña aska zitzaiona.

Saillean denak maiteena zuten,

ain baitzizun oial ona.

 

Gero, Oiartzun'go Mitxelena, leen

burni-olan ari izana,

deabru gorri, gizabeltz, lana

azala aiña alda zuana.

Kontrabandoan erori ta, asto

beltzarenak eramana;

muga-lagunen isilla, apezak

bezain gorde zedukana.

 

Eleder an zan, belarri-erne,

ipui ta bertsu jakin nai;

sukalde artan laratzak aiña

zekienik etzan nor-nai.

Ango kontu ta kanta alaietan

bat zan guzietan alai:

Euskalerria guzien Ama,

elkar ezagutuz anai.

 

Alako lagun, alako ola-jaun,

nagusiren gertaera,

arako aren zoritxar edo on,

beste aren biziera

esan ondoren, asten dituzu

bertso oberik nork aukera.

Zarauz'ko Lete'k onako onekin

eman zion asiera.

 

«Zazpi aizparen gai dan oiala

ebakirikan erditik,

alde batera iru soiñeko,

utzirikan lau bestetik.

Guraiziakin bereizi arren,

bakoitza bere aldetik,

ezagutzen da jantzi dirala

zazpiak oial batekin.

 

»Oialtzat artu zagun Euskera,

guraizitzat Bidasoa,

—ibai koxkor bat besterik ez da;

utsa... balitz itsasoa—.

Elkarren urbil daude zazpiak;

muga deitzen da Pausoa.

Zergatik izan ez bear degu

famili bakar osoa?

 

»Arbola baten zaiñatatikan

sortzen diran landareak

bezela gera, Bidasoa'ren

bi aldetako jendeak.

Berdiñak dira gure jatorri,

oitura eta legeak.

Ama Euskerak magal berean

azitako senideak».

 

«Oialarena ongi iduri zait,

—dio Beltza'k saietsetik—;

baiña sei zati diran tokian

zazpiren kontua nondi?

Bizkaia, Araba, Gipuzkoa ta

Zuberoa ta Lapurdi,

Naparroa bat ezagutzen dut

gezur-mugaz an-emendi.

 

»Zazpi baiño leen, esana aldatuz,

esagun, ba dirala aski:

Naparroa bat —eize gaisoa

bi zakur goseren jaki—.

Oso ta bakar Euskalerria

dela edozeiñek daki;

mugaz angoa Espaiñi ez da,

emengo au ere ez Prantzi.

 

»Lepoan zapi muga duela,

doi uki dio axala;

gorputza leengo ber-bera dula

zuur denak esan dezala.

Aizpa banaren mugarik ere ez,

izkuntza batago dala:

izketa-muga ezin ebaki

guraizeekin bezala.

 

»"Siñor" ta "Muxu" beste gauzarik

ez dut ikasi erderaz.

Prantzi aretan, Espaiñi ontan

beti mintzo naiz euskeraz.

Noranai noan, ateak zabal,

sartzen naiz arnasa lasaz.

Erdalerrian susmo gaiztoa

aiek nitaz, nik aietaz.

 

»Sei aizpa dira, kantak diona,

oial batetik jantziak.

Oial ortatik gorputz banari

neurri banan ebakiak.

Bat ez gerala liokenari

eskatu berri garbiak:

jantzi utsetik iñork ez ditu

bakoiztatzen familiak».

 

Beti bezala, Beltx orrek jaso

ditu txaloak ugari;

aren urrena kantan asteko

gogoz jarri da Mañari.

Ikasiren bat botako dio

Gernika'ko Aritzari.

Atzetik an du Irube Manex,

«Ohore Eskual-herriari».

 

 

        ARBOLA BAT

 

        «Arbola bat zan Paradisuan

        Jaunak apropos jarria;

        mundu guziak artu egion

        lotsa ta itzal andia.

        Bere azpian bizitea zan

        Aita Adan'en gloria:

        andik kanpora zer topau eban

        ezpada negargarria?

 

        Arbola dontsu aren azpian

        bizi zan zeruan legez.

        Eukozalako atsegin danak

        eta nekerik baperez.

        Ai, begiratu baleutse beti

        lotsa on eta itzalez!

        Munduan etzan gaur arkituko

        onenbeste atsekabez.

 

        Arbola bat zan Bizkaia'n bere,

        neure anaie laztanak,

        zeiñen azpian, pozez beterik,

        egoten ziren asabak;

        kerizpe zabal artan jarririk

        egiñaz euren Batzarrak,

        buztarri barik libre ta ederto

        bizi ziran bizkaitarrak.

 

        Bere azpian umildu ziran

        Errege Gaztela'kuak,

        eta lekurik ez eben izan

        egundo, barriz, moruak.

        Barriro gura ba-dogu izan

        libre leen giñan lakuak,

        itxi daiguzan erdaldunentzat

        erdaldun diran kontuak.

 

        Aiztu daiguzan geure artean

        izan diran asarriak;

        izan gaitezan anaiak eta

        euskaldun zintzo garbiak.

        Betor guraso zarren fedia,

        betoz asaben legiak,

        bere negarrak legortu daizan

        ni jaio nintzan erriak.

 

        O, neure Erri maite-maitea!

        Zakustaz triste, negarrez;

        zeure alabak euren buruak

        baltzez estaldu dituez;

        trentza-mordoak tiraka atara

        ta sutara bota dabez;

        gaur euskaldunak dirala orreik

        ezin ezagutu leikez.

 

        Isildu ziren neskatxen kantak,

        mututu artzain-txistuak;

        zelai zabal ta jolas-lekuak

        gaur dira basamortuak;

        arroak beera itxasoruntza

        doazan errekatxuak

        gau eta egun txilioz dagoz:

        Ai! gara Gaztelakuak!

 

        Bakarrik dakust pozkarritxu bat:

        euskaldun ameen fedia...

        Benturaz onek bigundu leike

        Jaungoikozko asarria,

        eta zerutik jatsi barriro

        galdu zan libertadia,

        mundua mundu bizi dakigun

        Gernika'ko Arbolia».

 

 

Ba daki Irube'k —Beltxa'k esan-da—

sei eskualde dirala;

baiña, bertsotan ez da ain trebe, ta

jarraitzen du leen bezala.

«Gauden Eskualdun» mingaiñera du

gai berari dagokala:

fedez, euskaraz, zuzenez, orain

baiñon aundiago giñala.

 

 

        AGUR EUSKAL-ERRIA'RI

 

        «Zazpi Eskual-herriek

        bat egin dezagun,

        guziak bethi-bethi

        gauden gu Eskualdun.

 

        Agur eta ohore

        Eskual-herriari:

        Lapurdi, Baxenabar,

        Zibero gaiñari;

        Bizkai, Napar, Gipuzko

        eta Arabari.

        Zazpiak bat besarka

        lot beitez elgarri.

 

        Haritz eder bat ba da

        gure mendietan,

        zazpi adarrez dena

        zabaltzen airetan,

        Frantzia'n Espainia'n,

        bi alderdietan:

        hemen hiru, ta han lau,

        bat da zazpiretan.

 

        Ekhalde-Iberian

        noiz othe-sortua?

        Lau mila urthe huntan

        hunat aldatua.

        Hain handi eta azkar

        lehen izatua...

        Orai gure haritza

        zion den murriztua!

 

        Gure haritz hau azken

        mende hautaraino

        zaharturik ere, zen

        eder bezein sano.

        Bere lur hoin garbian

        oso zagoeno,

        gainetik zoakona

        behar zen arrano.

 

        Hi haiz, Eskual-herria,

        haritz hori bera,

        arrotza nausiturik

        moztua sobera.

        Oi, gure arbasoak,

        ez, othoi, ez beira

        zein goratik garen gu

        jautsiak behera!

 

        Gureak ziren lehen

        bazter hauk guziak;

        arbaasoek utziak,

        hek irabaziak.

        Guri esker Frantzia'k

        eta Espaiñia'k

        daduzkate dituzten

        eremu handiak.

 

        Mairu beltza zelarik

        Espaiñia'n nausi,

        Navas'en eskualdunak

        egin zion jauzi.

        Hark ekharri gatheak

        han gintuen hautsi,

        eta hilez bertzeak

        igorri ihesi.

 

        Orduan gure alde

        oihuz zauden oro:

        "Bere lurretan nausi

        Eskualduna bego;

        Frantzia'k, Espaiñia'k,

        bai orai, bai gero,

        deus khendu gabe dute

        gerizatu gogo".

 

        Gureez gure lehen

        hain libro ginenak,

        ezin ahantziz gaude

        lehengo zuzenak.

        Zee ametsak ditugun,

        zer orhoitzapenak!

        Jaungoikoan bakarrik

        ba dakizka denak.

 

        Ez bahaiz, eskualduna,

        lehen bezein handi

        aphaldu gabe, xutik

        bederen egoadi,

        odolez eta fedez

        bethi berdin garbi,

        bethi tink, atxikia

        hire Euskarari.

 

        Zuri gaude othoitzez,

        Jaungoiko maitea,

        lagun zazu zerutik

        eskualdun jñendea.

        Begira dezan bethi

        lehengo fedea,

        zor zaizkon zuzenekin

        ardiets bakea».

 

Besteen kantak entzun osteak,

Oiartzun'go Mitxelena,

Euskalerrian ez baitzan ua

bertsolaririk aulena,

itsas-gizon ez izandu arren

aien berri zekiena,

buru ta mingain asi zitzaigun

itsasoetan barrena:

 

 

        ITSAS-GIZONA

 

        «Ikusia naiz zer bizimodu

        zailla dan nedazalgoa.

        Ez da atsegiña, lagunak, orain

        arlotzat dugun basoa.

        Zenbati bertsutan ageri bezain

        alper ez da artzai gaisoa...

        Ez da, geiagoz, atsegiñago

        mariñelen itsasoa.

 

        Arkaitz ta sasi besterik ez zan

        itsas-egi murritzera

        etorri ziran gure aitonak

        bizitetxea autatzera.

        Lur murritz onek bialdu zitun

        itsasoen sabelera

        neke gogorrez jateko billa...

        maiz, eriotza arkitzera.

 

        Leengo mendeetan gizon aundirik

        itsasoak eman digu:

        Mundu Berria sortu zalarik

        euskaldunak an giñan gu.

        Espaiñi'rekin, Portugal'ekin,

        gure gizonak bulartsu...

        Lurrak Elkano jaunari dio:

        "Zuk leenik irauli nazu".

 

        Fede-zur ez-ta diru-zur joan

        giñala balitz eleta,

        gogora bedi Urrestildarren

        seme genun Antxieta,

        —ark Gramatikaz erakus zigun

        Guaranitarren izketa—;

        inguru artan aipa dezagun

        Jerolimo Ezpeleta.

 

        Xabier aundik Malabaria'n

        jarraituz esku-bidea,

        aien izkuntzan ipiñi zuen

        kristauen ikasbidea.

        Izketa-doaiz beterik, Jaunak

        ematen zion bidea.

        Oraiño orduan erderaz gendun

        euskaldun gaiso ook gurea.

 

        Basati aiek jendatu naiez

        Legazpi ta Urdaneta,

        nagusi ordez guraso ziran

        goituz juntxoen apeta.

        Lope Agirre'k bere jabe egin

        nai zuen Ameriketa.

        Gure egun ootan iritxia du

        Bolibar'ek aren seta.

 

        Gudarietan ezin-utziak

        Okendo eta Txurruka.

        —Europa zaarrak iretsi nai zun

        Itsaso bera marruka—

        aundiagoa gure euskaldunak

        aspaldi zuten burruka.

        Testigu bege aien izena

        ondatu zan punpuluka.

 

        Bearrak eta ekaitzak bultzaz

        galdua dute Iparra:

        Iñork orduko ezagun zuten

        Amerikan lur-batzarra.

        Terranova'n ta Neu-Eskozia'n

        zuten artu-eman zaarra.

        Lur enparauak billatzen ere

        izan zan aien bearra.

 

        Neke gogorrez ezetsirikan

        bakalloa ta balea,

        bizibidea ateratzeko

        debeku zuten pakea.

        Euskalerrian pakeago zan

        geldi zitzaien etxea:

        an ere noiz-bein bere aurrekin

        kezkaz zegoen andrea.

 

        Euskalerritik urruntzekoan

        itsas-egira begia;

        laphurtar giputz lagun ditugu,

        Urtubi, Ondarrabia.

        Begoña, Arantzazu, Giadalupe'n

        itsasoko Izar Maria;

        "Itziar" "Antigoa" ta abar

        biotzarentzat argia.

 

        Jonas iretsi zun arraiari

        arpoia zorrotz sartzean,

        ama ura bera zuten agotan

        ta batipat biotzean.

        Miñaren miñez aldegin naiez

        arek isatsa arrotzean,

        ontzi ta gizon galdu zetzaken

        zurrunbillozko leizean.

 

        Besoak ez du zeri eldu, ta

        itsasoan tinka ezin;

        ugin zutian tinka nai badu,

        arek darama berekin.

        Ontziak ez du besorik, baiña

        ekaitzen indarrarekin

        sabel zabala urez bete, ta

        itsasoaren ondakin.

 

        Naiko etsai zan itsasoa, ta,

        beren artean senide,

        eusko anaiak uretan ziran

        mendiko artzaien kide.

        Alkartasuna egiña zuten

        beti zitezen aiskide,

        besterantzeko itsas-lapurrei

        utzirikan beren bide.

 

        Amairugarren mendetik asiz

        emezortzigarrenera

        ez zan mugarik gure itxasoan:

        oro zebiltzan batera.

        Saiets-errien mende ez izanik,

        biurtzen ziran etxera,

        beren arteko autsi-osoak

        itzemanez konpontzera.

 

        Bizkaitar, giputz eta laphurtar,

        bizigai-billa, pakean,

        leengo gorroto beltzak utzita

        zebiltzan itsas-barnean.

        Etsaigo aiek —ez da arrigarri—

        berritu litezkenean,

        elkar-maitea sendotzen omen

        zuten "Faisan" ugartean.

 

        Ugarte onek jabe ezaguna

        fraide-etxe bat zun Laphurdi'n,

        Zubero'koa deritzaiona,

        bere mendeko lurrekin.

        Fraide artean anaitasuna

        Kristo'ren pakearekin;

        arrantzaleek aien biotza

        sumatu zuten berekin.

 

        Lur-billatzaille, gudari, lapur,

        amaika gizon bulartsu,

        aien nekeen berririk bage

        itsasoak onda ditu.

        Eguneroko arrentzalea

        ain gogoangarri duzu:

        neke ta atseden, ekaitz ta pake

        itsaso, legor... kezkatsu.

 

        "Etxe-egunetan" gorputza pake,

        baiña biotza du larri.

        Emazte ta aurren jaki ta jantzi

        nola ditzaken ekarri.

        Mundu onetan gizonik bada

        gizartean errukarri,

        arrantzalea diteke, naski,

        denen antzatako jarri.

 

        Itsas-gizonak emaztea du

        goezean goizik senardun,

        eguerdian etxe-andere,

        arratserako alargun.

        Galerna eta zurrunbilloa

        ditu ez-usteko lagun;

        goizean urak bare dira, ta

        arratsaldean tontordun.

 

        Aize biguiñak oiala aizatuz

        doala, astren da kantari;

        aizetzarraren erronkarekin

        otoitz ona du marmari.

        Batzutan isil bestetan alai,

        arrantza-naiez ugari,

        itsasoaren mugimentua

        eragiñez biotzari.

 

        Geroenean arrantza aaztu ta

        bizia du gal-ordean;

        berea soil ez, an utzi ditu

        andrea ta aurrak etxean.

        Burruka latza besoan eta

        latzagoa biotzean,

        bukatuko da nozbait... itsaso

        ankerrak gogo dunean.

 

        Onez bukatu bada, aaztu zaio;

        ez daki zenbakarrena.

        Arrisku bera gorderik dauka

        uste baiño leen, urrena.

        Gaiztoz dalarik —ain aundi baita

        itsasoaren barrena—

        non ondatu dan berririk ez da:

        galdu zan oiu arena.

 

        Itsas-gizonak merezi badu

        neer kantean tokia,

        arrantzalea, gizagajoa,

        ez daukat aaztuz utzia.

        Gizon artean nekatzen danak

        izena nekazaria;

        arrantzaleak "erio-lagun"

        ez luke gaizki jarria».

 

Mikel Eleder erne zegoen

kantetan asi naiean;

ez zun burua irauli bear

istori eder zurrean:

istori aunitz, ipui ere bai,

da Naparroa zaarrean.

Iru Bigaen Zerga artu zuen

atsegin litekenean.

 

 

        IRU BIGAEN ZERGA

 

        «Kristo munduan agertu baiño

        serogei urtez leendanik

        Kimbro zeritzen gizon batzuek

        sartu ziran Iparretik.

        Prantzi-mugako Baretonsdarrek

        aiekin elkar arturik,

        ondatu zuten gure Erronkari

        etxe oro kiskalirik.

 

        Ordaiñak eman gureek, eta,

        betiko gerra-saria;

        bi zaldi gazte, lau ankak zuri,

        izar zuri bekokia,

        —denook dakigu alaxe zala

        Berdabio'ren zaldia—;

        urtero aiek billatzen, neke,

        irauli arren mendia.

 

        Argatik edo, iru bei gero,

        ortz, adar, kolore, bardin;

        aietan ere auta detzaten,

        amar dakazte berekin.

        Amairu ehun irurogeita

        irugarren urterekin

        Baretonsdarrek betiko zerga

        pagatzen zuten utsegin.

 

        Nola berritu zuten, ta nola

        oraindi duten ordaintzen,

        erne bazaute, lagun maiteak,

        saiatuko naiz garbitzen

        Orain arte esan dudan orrentzat

        ez da paperik agertzen;

        aurrerakoen garbitasunak

        Erronkari'n dira arkitzen.

 

        Bi artzai ziran, Pierres Sansoler,

        eta Petiri Karrika:

        beren ardiak nork leen eradan

        maiz ari ziran auzika.

        Alako batez Petiri'k Pierres

        asarrez il du kalika:

        Erronkari ta Biarno, ontatik

        asi ziran elkar-ilka.

 

        Biarnotarrek atzeman zuten

        Karrika'ren emaztea;

        sabela urratuz kendu zioten

        barnean zeukan semea.

        Au itotzeko arildu zuten

        ama gaisooren estea.

        Odol geigoren billa, suten da

        Erronkari'ko jendea.

 

        Pierresenean, ain zuzen ere,

        bataio-ondoko oturuntza,

        maaitiarrak baertan il zituten;

        ez amarekin umezurtza.

        Beste gizon bat bizirik utzi;

        zedin ama-aurren laguntza.

        Kalesak, ustez isillik, asi

        ziran Areta'n onuntza.

 

        Leiotik jauzi neskamea, ta,

        eman baitzien goraintzi,

        baretonsdarrek jende-biltzeko

        inguruetan irrintzi.

        Irrintziaren oiartzunari

        laisterkan egiñik aintzi,

        arroil batean atzeman, eta

        kalesak il-gogor utzi.

 

        Urtzainki, Isaba, Garde, Ustarrotz,

        Erronkari-ibar osoa

        gizonez ustu. Beste ainbeste

        Baretons Biarnokoa.

        Onek eta arek laguntzat deitzen

        du okola, Erioa;

        esaten errez da non asten dan

        bi erreren gorrotoa.

 

        Naparroa'ko Erregeak nai

        luke egin bien pakea.

        Alperrik. Urren Apezpikuak

        egin nai du bitartea.

        Ez da pakerik. Aundiagoa

        errien gerra-gosea.

        Ez-ustekoan, noizbait... ba dute

        artzai-mendiek pakea.

 

        Mugan daukate Aragoa'ko

        Anso deritzan arana:

        arek auzia ebaki die,

        entzuna da aren esana:

        "Baretonsgoek paga bezate

        aurrera, leen oitzen zana".

        Urterik ez du zergak utsegin

        ordudanik guregana.

 

        Ernaz-mendi'ra joan nai duna

        Uztaren amalauean:

        an biltzen ñdira San Martin-arri

        dalakoaren oiñean.

        Amar beitatik iru bereizi

        meurri berdin-berdiñean;

        gero, gaebitu, auzirik sortu

        balitz arte-barrenean.

 

        Ango-emengo Alkate Jaunak

        urbildurik biz batean,

        aiek azpitik, oiek gaiñetik,

        eskuak arri-gaiñean,

        sendoagorik zin-egiteko

        jartzen tute gurutzean,

        Isabakoak denen gaiñetik

        daduzkalarik mendean.

 

        Ola daukela, prantses-izkuntzan

        esan oi dute iru aldiz:

        "Pax avant", au da, "Pakea aurrera",

        gorroto-naiak itzaliz.

        Artzai-artean gaur ere ba da

        erra-bidea aldez-aldez;

        baiña naiago "pakea aurrera"

        itz au gogora ekarriz.

 

        Ahetze'k eta Saraitzu'koek

        Baxenabarrekoekin

        artzai-arteko autsi-mautsiak

        urtero ditute berdin.

        Udan onera, neguan ara

        dabiltz beren ardiekin;

        ez litzake eder asarretzea

        odol-anaia anaiekin.

 

        Egiazko dan istori zaarrez

        Naparroa'k ba du ugari;

        au bezain zaarrik eta berririk

        Europa'n ez da nabari.

        Lekuko dago Ernaz-mendia,

        lekuko San Martin-arri,

        Erronkaldarrak, Baretonsdarrak

        lekuko ditezke ekarri».

 

Txokoan ixil bazan beste bat

ere, kanta-zai zegona:

goierritarra, buru-zuria,

azkeneko Ola-gizona;

aitona, baiñan oraindik leeden;

bera, Matxin Lekuona.

Kantuz asteko zoratzen zegon;

entzungo dezu ziona:

 

 

        AZKENEKO OLA-GIZONA

 

        «Tiriki-tauki-tauki,

        mailluaren otsa...

        Gaur gora nai nukela

        nik Gabi-arotza,

        bai burni-arotza,

        mailluaren otsa.

 

        Tiriki-tauki-tauki...

        Olaren durunda

        gure ibar-zelaietan

        noiztandik entzun da?

        Noztandik entzun da

        Olaren durunda?

 

                  * * *

 

        Leenen maillukaria,

        omen Tubalkain;

        leenengo Ola-gizona,

        antziñako Matxin.

 

        Orduan mundikan-nai

        mendiak meatza;

        mendiak meatza, ta

        basoak ikatza.

 

        Basoak ikatza, ta

        beso-zaiñak gatza,

        kintaleko maillua

        "matxin" batek dantza.

 

        Beti —tiriki-tauki—

        eztarrian kanta,

        ardoz ondo bustita,

        etzedin narranta.

 

        Dantza-sokarik bazan,

        an Gabi-arotza;

        tobera-jotzen, berriz,

        ez bait-zan arrotza...

 

        ...gaberdian gaberdi,

        eztairikan bazan,

        gure Ola-gizona

        antxen izango zan.

 

        Erriko pesta-zurri

        zezenikan aal-zan?

        eskuan kapa gorri,

        buruz beera plazan.

 

        Onean jostaillu, ta

        leertzean eztanda...

        obeto adituko

        bi bertsoz esanda.

 

        "Esku" itzetikan bezain

        zuzen eskukada,

        "Matxin" itzetik datoar

        zuzen "matxinada".

 

        "Matxinoak" Azpeitin

        Jesus-zigortzaile,

        aurpegia beltz-gorri

        beti ikus bat-zaie.

 

        Azpeiti dala Azpeiti,

        Riojan San Millan...

        an bai, euskal-amaren,

        burni-barrak pillan!

 

        Baiñan, besterik beste,

        Matxinoen poza

        beti, tiriki-tauki,

        mailluaren otsa.

 

                  * * *

 

        Mendian Zear-ola

        errekan Gabia...

        Gabi-olaetako

        taukaren aundia.

 

        Tiriki-daunga-gaunga

        onen oiartzuna

        Euskalerri guzian

        nork ez dun entzuna!

 

        Ots onixi eskerrak

        "Bizkaitik, burnia";

        an labratuz mundua

        txoil bai-dago ornia.

 

        Ez Bizkaia bakarrik;

        Euskalerri dana:

        dan guztia Ola-zar

        leen bait-degu izana.

 

        "Izana" diot, eta

        ala da izan ere...

        antziñako "Ola-zarrak"

        gaur "orma-zar" daude.

 

        Urrestilla'n amairu

        ziran, bai galantik!

        Banan-banan geldi, ta

        jun bear guk andik.

 

        Ni Legazpira nintzan

        gazte ta lerdena

        —Bengoleako Olean

        neu nintzan gaztena—.

 

        Au ere gelditu zan...

        an zan gure pena!...

        Gipuzkoan Bengola

        geldi zan azkena.

        An zan gure pena!

        Oletan azkena...

 

                  * * *

 

        Ez da geroztik iñon

        tiriki-tau otsik;

        ez du iñork ezagutzen

        gaur Gabi-arotzik...

        ...tiriki-tau otsik

        ez Gabi-arotzik.

 

        Baiñan, mundua mundu,

        nik Matxin izena...

        Leenena Matxin bazan,

        Matxin baita azkena».

 

Ez dira aspertu jardunez, baiña

basora joan-beharra:

bidean diran arte, ba dute

illargiaren adarra.

Aiek nai baiño leen asiko du

zabaltzen egunabarra;

ozenagoa jo bearko du

Iriondo'k deadarra.

 

Aien etzauntza,zarba ta garo:

ezurrendako gogorra;

ekaitz-burrunba datorrenean

gaitz-erdi, balitz legorra.

Erantzi-bage lo egiñean,

ez gozatzen soin-enborra;

gaur, biar, etzi, ezin pagatu

gorputzari zaion zorra.

 

Udan Egoak legortzen dula

zokoenik dan baztarra,

txabol batean ainbat lagunek

sumatzen dute su-garra!

Itzul-iraulka lorik egin ez,

egunez arlo zakarra;

alaare, Iriondo'k naiago omen-du

etzauntza artako aiñarra.

 

Bein edo beste, basoz kanpora

gauean bada gelditzen,

oge zurian ezin asmatu

omen-du lorik egiten.

Berriz basoko kdamaiña txarra

duelarik atzematen,

«emen nauk, lagun, zer lo ederra!»

agotik zaio jalkitzen.

 

Etxe sendoan bizi giñanook

oraindi kontu-kontari,

neguko gauak izan genitun

belarrien asegarri.

Gauak laburtzen asiak ziran,

ekin bearko lanari;

aegun luzeko nekeaz ezin

gau motxean ipuika ari.

 

aurrekoa hurrengoa