www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskaldunak
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1936, 1950

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskaldunak, Nikolas Ormaetxea Orixe (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1980

 

aurrekoa hurrengoa

IV. IRULEAK

 

 

Garoak bil zituten, egurrak metatu,

kristau ta abereen janak goi-gelan atetu.

Betorke nai dunean gure zaar Negu:

izotz, elur, bisutsak ezagutzen tugu.

 

Norbaitentzat, alare, zein urrun dago uda!

Leenbiziko otzikara San Simon ta Juda.

Esaerak dionez negua eldu da:

sutondora da atsoa, artzaia galdu da.

 

Zortzi illabete negu ba da naiko luze;

lio-lanak guzia eralgiko dute.

Betiko negu ori bikaturik ere,

atso-kontuak errez igaro dezake.

 

Goizetik gauerdira eguna luzatuz,

lo-naia, aizatzen dute ipuiez ta kantuz.

Euskaldun ele-ederrak urtero berrituz,

agoz-ago «omen»ka gerora bialduz.

 

Argia urratu bage jeki da garbari:

oillarrak esnatu du erne zan belarri.

Azken-soiñekoz garba bizkarrean jarri,

ta auzora lagunekin dioa kantari.

 

        «Lo nago ta logure, argi-oillarrak jo dute,

        argi-oillarrak jo dute eta eguna sumatu dute.

        Mari-begibakarra, ken zan besteko makarra;

        ur beroz ezin garbitu badun, begira zegon paitarra.

 

        Jeki adi, Katalin, uztan oia, Mari Martin;

        lagun guzi ook goazen lanera bizkarrean garbararekin.

        Errekaldera bide bat, Muno Txikira beste bat:

        orien bien bitartean sortu da sortzekoren bat».

 

An zuten egun artan Mikel lio-jotzen;

deitzen duten egunik ez dizu utsegiten.

Neska asi da labetik sortak ateratzen;

mintzatzeko biderik ozta dute galtzen.

 

Erdi-irrintzika asten da Maiñazi gaillena,

ukondoa jasorik, berotuz barrena.

Milla aldiz jasoko du jotzean armena.

Lio-xorta bukatzen ez dabil azkena.

 

Ondotikan lagunak ark aiña kalaka;

lotsaz ez du geldi nai iñork atzeraka.

Autsaldi bat emantez, egin dute taka,

eskuz igurtzitzeko darion mullaka.

 

Isilgunea dute batean egiten,

auzo guziko berri irauli dezaten.

Iturri naiz sukalde naiz ukullu daiten,

lan bera dute beti: besterik jorratzen.

 

Armenaren puztan bat garbatu bezala,

bestea jotzen dute iduriz oiala.

Iztargaiña arri dute, ta an igurtzi-aala,

arriak jalkitzen du gauz ez dan azala.

 

Bakoitzak bere xorta bukatzen dulariki,

lio!, otsegiten dio neskari Mañazik.

Ez dadukaten arren mingaiña geldirik,

areago ditute besoak zailurik.

 

Amonari diote eman suats-lana;

sukaldean ari da onduz aien jana.

Ornitu nai lituke aurten berreun kana:

orobat ezkon-sari zun, amak emana.

 

Neskak beretzat digu landu lierria,

amaika urtetatikan aitak berezia.

Lio-lanetan baita ain ongi ikasia,

bilduxea bide du ezkontzeko ornia.

 

Aurtengo sortak dauka mandioan bereiz;

ez bear bezain igar, aurten jotzeko ustez.

Baiña Mikel an baitu, an azken-egunez,

joaziko ditio, ez bien asarrez.

 

Ondarrak xeatzeko ba dizu jotzaille;

Azpirozko Marttolo, maiz an dan eskale.

Mikela Bordaren bat sortuko da ardazle.

Neska bera da, bere lana egingale.

 

Etorri da mutilla, lanari dakio;

neskak, xeatu-gaia ondoratzen dio.

Zerbait isil-gordeka adiraz nai lio:

ain mugonik edonoiz etor ez lekio.

 

—«Goien dauzkat nereak aski ezo oraindik;

zuk jotzea nai nuke ez balitz okerrik»—.

—«Ekatzizu bereela, labean sar leenik;

artean ariko naiz igarren ootatik»—.

 

Arlo aundia nai du orietan egin,

besteak xea-naiez atzera ez dedin.

Besorik balin badu, egiñen aalegin;

azalduko du lana beste edozeiñen din.

 

Eztenik ez pattarrik ain zirikagarri;

geitxo edan bailuan, bero bero da ari.

Neska etortzerako irabaz du sari.

Tartea arkituko du elduz arenari.

 

Burua are ez du alper ari zer esanen;

berak jo, neskak irun, bien lana elkartzen.

Euna bezala ari da maitasuna azitzen:

geurtz an bien izena bai aal du bordatzen.

 

Lioak, bero-arin, sorgiña iduri du:

kolpe batez biguindu, besteaz gogortu.

—Maitetasunak zenbait erabe eskatzen du—

indarrez neke dana kantaz samurtzen du:

 

«Sabela betetzeak duela izardi?

larrua estaltzeak zer duen nork daki?

Leen-gurasoei Jaunak ez gogora, naski:

esatera noazu labur bezain garbi.

 

»Lurra antola, berdindu, erein eta atera;

zerbait era bear ta, gaiñezko du jorra.

Azkortu ta garbitu, sartu errekara,

aldi bateko dago samurtzen azala.

 

»Zenbait aldiz, ujola bulartzen danean,

gain-arriak iraul ta derama lorrean!

Andik atera eta bibelar gaiñean

meeki zabaltzen dute, zoztortu daitean.

 

»Zer zoritxar gerta da? Ikara da auzoa:

eriosuar duzu atso-sail osoa.

Aize-zurrunbilloak naasi du lioa:

mugaz berdindua da guzien arloa.

 

»Santurik balin bada zeru-baztarrean,

dei egiten diote erdi-negarrean.

Alperrik daitela ta, besterik ezean,

arri ta zur, begira daude zelaiean.

 

»Apezik non ote-da? Non lege-gizonik

zurea ta nerea bereiz dezakenik?

Ainbanatzeko ere ba du eragaitzik,

aizeak egaletan eraman dularik.

 

»Lioaren nekeak urte dantsu dirau:

udaleen, azken, negu, aste, egun eta gau.

Irun, austu ta eio, berriz austu ta xau:

bost kolperen lana da nire soiñeko au!

 

»Ez du guzia neke, bai ere atsegin:

onek elkartzen gaitu aiten aitonekin.

Irugarren amonak irun zunarekin

egindako jantzia deramat nerekin.

 

»Gure amak, kutxean noizko oialak ditu?

Amonen amonekin nik galdu dut kontu.

Bere eskuz, ezkontzeko zitunak eundu,

besteenbat eta geigo ondarez zun artu.

 

»Sare-xulo bakoitza lau ari-gurutzez:

aiñezkak zenbat zizta, neurtzen asi zaitez;

baiña ardatzaren birak guzi oien gaiñez:

zenbat gau eman zuten ipuiak esanez!

 

»Nere amaren ama dizut nik amona,

okotzez ta sudurrez berbera dagona.

Aitaren aita, berriz, dizut nik aitona,

bere aitaren taiu bereko gizona.

 

»Aitonen maillua ta amonen ardatza,

sukaldea leengoa, leen-legeko pertza.

Leengo burtzin, burtzingo, leengoa laratza,

berbera amonengandik datorren ugatza.

 

»Itza biurtuko dut maiteñoarengana:

begi-aurrean daukat aren esku-lana.

Arlo bat landu zizun aitamek emana;

gaurgero ornitu dizu ezkontzeko on dana.

 

»Aitzurrez lurra landu, eskuarez irin,

zelaitzen du, leenbaileen azia sor dedin.

Euriaren laguntza ostartearekin;

berrogei eguneko, lorea dizu urdin.

 

»Besteek lagundu dio gaiñeko lanetan;

baiñan ardatzerako bakar da gauetan.

Kiloa dezanean altxa gerrietan,

izpi guzi ook detza pasa beatzetan.

 

»Ezpain eta mingaiñak berebat lan dute,

aria berdintzeko txori-lepo bage.

Zein ezur-mamirentzat opa ez diteke

olako musu goxoz egin dan maindire?»

 

Ondora zaio neska, zertan dun arloa:

ark ekarri guzia bukatuz daroa.

—Goxo dira gaurgero ogi, gazta, ardoa.

—Goxoagoz beterik daukat nik gogoa.

 

«Lan ontatiko oialak bereizi arretaz,

balia bagindezke gu bi ook aietaz.

Zure naia ala balitz, ari pin gorriaz

batera zazu zeure izena nereaz».

 

Neskak etzun besterik buruan iraultzen;

baiñan izkutu ori nola ager zezaken?

Itzik ere etzun jalki ark asmatu arren:

begiz ta parrez, naiko garbi itzegin zuen.

 

Isil itzuliz, neskak itz aundirik ez du;

baiñan iduripena ez darabil antzu.

Mutillak oraindio egin dio deiñu,

esan nai ditiola azken-itz bizpairu:

 

«Erenegun aitari mintzatu nintzaion,

zureari gai ontaz agertu zekion.

Usu jakiñen dugu gogoko natzaion:

ala izanik liteke bi oontzat zori on».

 

Itzala sumatu du neskak inguruan,

burua makur eta eskuak agoan.

Bere lanera itzul da, dantza bat buruan:

ardatzak baiño bira geigo du gogoan.

 

Artean, garbariek lanen aringarri,

irauli dute lurra mokoz oni ta ari.

Baiñan alki dirala oitura zarrari,

txintxurra bustiz, ekin diote kantari:

 

        OI BART

 

        Oi bart, oi bart, zer aparia genuen bart!

        usapal bi ta eper bat:

        iru atsorekin amabost agure,

        ez giñan goseak etzin bart.

 

        Oi bart, oi bart, zer aparia genuen bart!

        iru uso, usapal bi, ta eper bat:

        iru atsorekin amabost agure,

        ez giñan goseak etzin bart.

 

        Oi bart, oi bart, zer aparia genuen bart!

        lau oillo, iru uso, usapal bi ta eper bat:

        iru atsorekin amabost agure,

        ez giñan goseak etzin bat.

 

        Oi bart, oi bart, zer aparia genuen bart!

        bost antzar, lau oillo, iru uso, usapal bi ta eper bat:

        iru atsorekin amabost agure,

        ez giñan goseak etzin bart.

 

        Oi bart, oi bart, zer aparia genuen bart!

        sei aari, bost antzar, lau oillo,

        iru uso, usapal bi, ta eper bat:

        iru atsorekin amabost agure,

        ez giñan goseak etzin bart.

 

        Oi bart, oi bart, zer aparia genuen bart!

        zazpi bei, sei aari, bost antzar,

        lau oillo, iru uso, usapal bi, ta eper bat:

        iru atsorekin amabost agure,

        ez giñan goseak etzin bart.

 

        Oi bart, oi bart, zer aparia genuen bart!

        zortzi idi, zazpi bei, sei aari, bost antzar, lau oillo,

        iru uso, usapal bi, ta eper bat:

        iru atsorekin amabost agure,

        ez giñan goseak etzin bart.

 

        Oi bart, oi bart, zer aparia genuen bart!

        beratzi zezen adar aundi, zortzi idi, zazpi bei,

        sei aari, bost antzar, lau oillo,

        iru uso, usapal bi, ta eper bat:

        iru atsorekin amabost agure,

        ez giñan goseak etzin bart.

 

        Oi bart, oi bart, zer aparia genuen bart!

        amar labealdi ogi, beratzi zezen adarraundi,

        zortzi idi, zazpi bei, sei aari, bost antzar, lau oillo,

        iru uso, usapal bi, eta eper bat:

        iru atsorekin amabost agure,

        ez giñan goseak etzin bart.

 

        Oi bart, oi bart, zer aparia genuen bart!

        amaika zagi andangorri, amar labealdi ogi,

        beratzi zezen adarraundi, zortzi idi, zazpi bei,

        sei aari, bost antzar, lau oillo,

        iru uso, usapal bi, ta eper bat:

        iru atsorekin amabost agure,

        ez giñan goseak etzin bart.

 

        Oi bart, oi bart, zer aparia genuen bart!

        amabi zagi ardanzuri, amaika zagi ardangorri,

        amar labealdi ogi,

        beratzi zezen adarraundi,

        zortzi idi, zazpi bei, sei aari, bost antzar, lau oillo,

        iru uso, usapal bi, ta eper bat:

        iru atsorekin amabost agure,

        ez giñan goseak etzin bart.

 

 

        EMEZORTZI SERORE

 

        Emezortzi serore eta bortz emagin,

        buruz arindu eta sartu dire sorgin.

        Uxta egiten dute larunbat gauerdin,

        erratz-girten gaiñean zaldiz doazanin.

 

        «Uju jupa labirulena, jupa jupa beti,

        odei guzien azpiti, sasi guzien gaiñeti.

        Sorgin oroin Errege da Akelarren jarri.

        Jupa erran dezagun, beti bizi bedi.

 

        »Oillo beltz eder orrek daukan egitea!

        Emakume zaarrenak sorgin biurtzea.

        Karakak egin eta, aren arroltzea

        bero bero da, baiñan laister du oztea.

 

        »Jakizu Zanpantzarrek duela kargua,

        gaiso idukitzeko erri-ingurua.

        Lumazko bururkoan dauka deabrua,

        penaz akabatzeko gure medikua».

 

 

        ARDO GORRI NAPARRA

 

        «A, a, a, ardo gorri naparra

        alimentu ona da,

        edan aal balin bada;

        a, a, a, ardo gorri naparra.

        E, e, e, ni ardoaren alde.

        Edan ardura bage,

        balin bada debalde:

        e, e, e, ni ardoaren alde.

        I, i, i, ardoak gaitu bizi.

        Noizik bein ongi busti

        edan bage ez utzi:

        i, i, i, ardoak gaitu bizi.

        O, o, o, au bi oontzako dago.

        Edan dezagun oro

        nik orain ta zuk gero:

        o, o, o, au bi oontzako dago.

        U, u, u, ardoak galdu gaitu.

        Geiegi edan dugu,

        lurra igaro dugu:

        u, u, u, ardoak galdu gaitu».

 

 

        NI ILTZEN NAIZEN EGUNEAN

 

        «Ni iltzen naizen egunean,

        ez egin nigarrik aurrean.

        Ezker eskuinetati

        zagi zatoak jarri,

        ardo ori itxi-idikian

        edan dezadan zeruian.

 

        "Libera me Domine" kantatzean

        ez busti isipurik urean;

        ardotan busti zazu,

        an ongi sartu zazu;

        ori naiko dut orduan,

        bizian bezala hilean.

 

        "Pater noster" apezak esatean,

        ez ni ehortzi Elizan;

        ehortzi nazazute,

        murgildu nazazute

        ardangelaren barnean,

        buruz kupela batean».

 

 

        TXANTON PIPERRI

 

        «Txanton Pipirri emen dago,

        limosna on bat balego.

        Kanta bear dot, baldin aal badot,

        neure sabelen gosea,

        erruki dedin jentea.

 

        Iru lagunek Ispasterren

        apostua egin eben,

        jango ebela goizik gauera

        amar erraldeko txala,

        nerau laugarren nintzala.

 

        Pozez nengoan zoraturik

        jateko lauren bat osorik.

        Nere kontuak beti alanguak;

        joan da poza potzura,

        amesak diran modura.

 

        Lekeitio'ko kalean

        bisigu denpora danean,

        ogei txitxarro eta geiago,

        eta guziak gauean,

        sartu dodaz sabelean.

 

        Orduan kontentu nago

        gauerdi osteradaiño.

        Andik goizera neure sabela

        beti dago gur gur gur gur:

        bartko aparia agur!

 

        Guztiz zabala dot sabela,

        bardin-bardin dot gibela;

        este bakotxak kabiuko leuke

        ganbela bete okela;

        baiña noz izango ote-da?

 

        Ez da errotan arririk

        neure agiña langorik.

        Neure agiñak zatiuko leuke

        ogi andi bat osorik,

        balego biguin-biguiñik».

 

 

        BESTA BIHARAMUNA

 

        «Iragan besta biharamunean,

        berek dakiten xoko batean,

        lau andre: hirur mutxurdin, bat alarguna

        jarririk itzalean,

        harri xabal bat belhaunen gainean,

        hari ziren, hari ziran trukean.

 

        Zer othe duten nik jakin nahi

        pitxarrarekin bertze jaun hori;

        zorroa du biribila mokho mehea,

        tente xutik egoiki:

        xahako bat othe-den nego ni,

        hanpatua, hanpatua ederki.

 

                Jes! Nik oraino zer dut ikhusten?

                Zer hegalpean dute gordetzen?

                Egoitza goxo hortarik, burua tente,

                xahakoaz trufatzen,

                —bihotzez azkarrago zeren den—,

                kuiattoa, kuiattoa hari zen.

 

        Handik ximiko, hemendik irri,

        haurrak bezala jostetan hari;

        gogotik emanen dute begi-kolpe bat

        hegalpean denari;

        hitz bat erran gogo diote sarri

        beharrirat, beharrirat kuiari.

 

                Seina truk dirade zazpietarik,

                tantoz orobat bi aldetarik;

                xahakoak eroria mokhoz ipurdi,

                naski odol husturik;

                kuiattoa han dago etzanik,

                azken-hatsa, azken-hatsa emanik.

 

        —Gezurrik gabe goazen, Maria,

        eman jokoan ezti-eztia;

        hurbil zan untzi beltz hori, dezagun edan

        trago bat edo bia;

        bihotza dinat epheltzen hasia;

        harek zuen, harek zuen grazia!

 

                Zahagiaren seme joria,

                nun duk aixtiko zorro lodia?

                Gaizoa! lehen-birundan xurgatu dautek

                odolaren erdia.

                Orai hor ago, zimurrik aurpegia,

                kokoriko, kokoriko jarria.

 

        Nahiz zeraukan azken-eskua,

        Mariak zuen hasi gudua.

        —Truk—. Jo zan. Maria'k xango, Katixa'k xaldun,

        Marixumek hirua.

        —Mari Martin, xoratu zain burua:

        lauarekin hiruaren kheinua—.

 

                —Ago, Maria, othoi, ixilik,

                ez dun ikhusi nere kheinurik.

                Xorta bat edanez geroz, begiak ñir ñir;

                Zer, ez dun ahalgerik?

                Edan hezake azkarren hortarik

                gatilua, gatilua betherik—.

 

        —Ba zakinagu, tresna makhurra,

        ez dunala hik hatsa laburra.

        Ez dun, ez, dionan bezala, horma xurgatuz

        biribildu muthurra,

        ez eta ere gorritu sudurra,

        milikatuz, milikatuz elhurra—.

 

                —Apho mutxurdin moko-biphila,

                zeren ondoan othe-habila?

                Hatz badun gibelaldean,

                ikhusiko dun zenbat naizen habila;

                xuhur balin badun, neska xirtxila,

                ago ixil, ago ixil ixila—.

 

        Kartak utzirik eta tantoak,

        han zituzten han gero saltoak.

        Bakharrik hiruren kontra, zer eginen du

        gure Martin gaizoak?

        Nahiz izan azkar zango-besoak,

        hartu ditu, hartu ditu paloak.

 

        Herriko besta arrats-aphalean,

        lau gatu zahar Angelus'ean:

        bat maingu, hirur saltoka, sorginak puies

        zohatzila bidean,

        nik ikhusi ditut amets batean

        Akhelarre, Akhelarre gainean».

 

Bukatu dute lana atsalde-erdikoaz;

ontan birbiztu dira edari beroaz.

Ez da aspertzen mingaiña letani bat joaz;

gu baiña, aiek utzirik, bestetara goaz.

 

Neskak eioak ditu eun sare buruan;

Mikelengana doa lan berri besoan.

Ark ere erabilli du zertxobait gogoan.

Iñolaz ere, ez dio gordeko kolkoan.

 

—«Ez duzu lio-ondarrik utziko jo bage».

—«Zuregatik, Garazi, eguna dut bete.

Labean ez baduzu ondar aiek beste,

oraindi itz bi iraultzeko astia ba nuke».

 

Mikelek erazten du burutik zapela,

andik isilgorde bat artzeko bezela.

Ille bat errotikan erauzten duela,

ezpaiñez aizatu du, esanez onela:

 

«Leen arkitu dezake onek bere erroa,

alda dezadan baiño dakizun asmoa».

—«Esker onez artzen dut zure ele beroa,

ainbestez alki balitz nire gurasoa».

 

Artean, izkutuka ari da Gorritxo,

iztupa ta suaren aztarrena artzeko.

Gerriederrek Mikel ote-dun, maiteko,

luza arren, nai baiño leen zaigu jabetuko.

 

Sorgin-agin-zuloan koka-aala mullaztar

lurrean ipintzen du ikara ta dardar.

Eskutan atzera artu, artu-utz milla bidar,

bere burua atzitzen naiko lana dakar.

 

Igartxo dalakoan, agoz du lurrintzen;

erabilliz, ordea, geiago sorgintzen.

Zer gogora, zer asma, ez deusik asmatzen;

noizbait utzi bear ta, erabat dio uzten.

 

Zarpatik atera du sua piztekoa,

—errezalea da ta berekin daroa—,

Mustulur'en an dago zuti pagondoa:

aren katxak luzaro sua gorde doa.

 

Oilloa batabila suge erdi-illarekin,

lepo-illea laztu, el nai ta ausar ezin,

mokozko bat eman ta izuz iges-egin,

mizto ager-gordeak eman bailezo min?

 

Ala ari da Gorritxo su eman, ez eman;

irazeki baiño leen bai baitakus egan.

Urrats alperrik aski egiñik birundan,

kokoriko jartzen da belaunak ikaran.

 

Ustekabe luza du suaren eskua,

onela laburtuko du arnas-estua.

Garra arturik, bereela billa nai zerua,

ezin zuzenagorik jun da aingeru-sua.

 

Itzali zaio oraintxe leengo itxaropena:

neskaren ordez, gauzek diote etsipena.

Ark ere emain lioke, dudarik ez dena:

Mikeli jarkitzeko non, orde, kemena?

 

Garazi'ren etxera jun dira ardazleak

illun-ezkilerako, orraztuz illeak.

Oraiño ba ditute ele ta meleak:

kanta argien urrena, naigabez beteak.

 

Itsasgizon ikazkin, negu-gau luzetan,

gordin jarduki bitez ontzi txaboletan.

Atsegiña dezagun guk billa bestetan:

atso arrai orien ipui ta kantetan.

 

Nor bere alkietan saiets-antza jarri,

luzatzeko tokia besoari utzi,

gorputz erdika dute dantza jatorra ari:

ez daude lanik bage lepo eta gerri.

 

Zenbait istori alai eman ta geroxe,

eriozkoetara egin dute bide.

Nondik asiko eta aipa da Alos-torre:

zarauztar zerrariei ikasia dute:

 

 

        ALOS TORREA

 

        «Alostorrea bai, Alostorrea,

        Alostorreko zurubi luzea,

        Alostorrean nengoanean

        goruetan, bela beltzak

        Kua! kua, kua, kua leioetan.

 

        »Etxe eder leio bage onetan

        enaiz sartu zazpi urte auetan;

        eta zortzigarrenean,

        neretzat zorigaitzean,

        Aita Beltran'en iltzean.

        Amandrea nerea nizaz

        bi erdi egin zanean,

        milla oillo il ziran

        ezkaratzean,

        zazpi zezen korritu ere

        enparantzean.

        Ni ere ba nengoen

        lumatxo artean,

        eta nere ama andrea

        urre-gortiña artean.

        Gero Bidania guzian

        bat zan erorik eta zororik,

        Aita Jauna nereak aura

        senartzat eman dit;

        baiña ez nuke trukatuko

        obeagoagatik.

        Aita jauna nereak

        niri eman zidan

        iminian dotea;

        amandreak ere isillik

        bere partea.

        Leenen gauean

        begiak, biotzak, loen mendean,

        baita berriz ere bigarrenean;

        irugarrena igaro baiño leen

        ondo poztu ziñan, Alostorrea,

        eldu zalako neregan semea.

        Alostorrea, bai Alostorrea,

        Alostorreko zurubi luzea!

        Alostorrean nengoanean

        goruetan,

        bela beltza kua kua

        leioetan.

 

        Andik jaiki eta

        urre-goruaz jo nuan;

        baiñan andik laister

        berri gaiztoak jo ninduan.

        —Zaldunak esan zion: "ixi, ixi,

        ama-doillorkumea,

        ez da bada ori zure esaterea".

 

        —Ixi, ixi, zaldun

        odol txarreko gaztea!

        Ala ere gutxiago zan

        zure eginpidea.

 

        Aizpa ederrak or daude

        ederrik eta galantik,

        atz ederrak eraztunez beterik,

        ez daukatela mantuetan zulorik;

        ala ere gutxiago begian negarrik.

        Amandreari ere bai,

        poza dario.

        Nere biotzari bakarrik

        mindura jario!

        Aita jauna nerea

        Gaztelan zanean,

        ixil askorik jaio zan

        Alostorrean semea,

        eta alare ixillagorik dago bakean,

        azitzen Zarautz-aldean,

        gure jatorriaren loitukerian.

 

        Ai au mindura beltza!

        Au nere lotsa!

        Alabak negarra ta

        Aitak lur otza!

 

        Zeiñek loitu zaitu,

        Alostorrea!

        Ai, nere aita maite,

        aita maitea!

        Iltzea ondo egin dezu,

        aita jaun maitea».

 

 

Beatzetan irra ta agoan listu-min,

bi kanturen tartean ba dute ere iruzkin.

Urren arloa dute Lohitegi'rekin,

ezkon-egun bereko alargunarekin:

 

        «Goizean goizik jeiki ninduzun

        ezkondu nintzan goizean,

        baieta ere sedaz apaindu

        eguzkia ateratzean.

        Etxeko-andere zabal ninduzun

        hameka orenak jotzean,

        bai eta ere alargun gazte

        eguzkiaren sartzean.

 

        —Murde Irigarai, ene jaona,

        altxa izadazu buruia:

        ala damutu ote zaizu

        enekin esposatzea?

        —Ez, etzitadazu damutu

        zurekin esposatzea,

        ez eta ere damutuko

        bizi naizano lurrean.

 

        Nik ba nizun maiteño bat

        mundu ororen ixilik,

        mundu ororen ixilik eta

        Jinko Jaunari ageririk.

        Buket bat igorri ditadazut

        lili arraroz eginik,

        lili arraroz eginik eta

        erdia pozoaturik.

 

        Senar illa eduki dizut

        nik zazpi urtez etxean,

        egunaz lasto piska batean,

        gauaz bi beso artean.

        Zitroe urez ukuzten nizun

        astean egun batean,

        asten egun batean eta

        ostirale goizean».

 

Ez dute aaztu ere jauregi-alaba,

Erregeaz ez jun nai emazte Hungarira.

«Or da Euskalerrian Atharratzen Sala:

ez naute ni salduko idia bezala».

 

        «Atharratze jauregian bi zitron doratu,

        Hungriako Erregek batño du eskatu:

        erantzuna ukhan du ez direla huntu;

        huntu diradenean batño ukhanen du.

 

        Atharratzeko hiria ordoki:

        hur handi bat dizu alde bateti,

        errege-bidea erdi erditi

        Maria Maidalena beste aldeti.

 

        —"Aita, saldu naizu idi bat bezala;

        ama bizi ukhan banu, aita, zu bezala,

        ez ninduzun ez juanen Hungria'n behera;

        baina bai ezkonduren Atharratze Sala'la".

 

        —"Ahizpa, juan zaite portaliala,

        engoiti horra duzun Hungria'ko erregea.

        Hari erran iozu ni eri naizala,

        zazpi urthe huntan ohean natzala".

 

        —"Ahizpa, ez nukezu ez sinhetsia

        zazpi urthe huntan ohean zirala;

        zazpi urthe huntan ohean zirala:

        bera jun nai dukezu zu ziran lekhila".

 

        —"Ahizpa, jauntz ezazu arropa berdea,

        nik ere jauntziren dut ene txuria.

        Engoiti horra duzu Hungria'ko erregea;

        pozik utzi ezazu zure sortetxea".

 

        —"Aita, zu izan zira ene saltzale,

        anaia gehiena diruen harzale,

        anaia gehiena diruen harzale,

        anaia ttipiena ene laguntzaile".

 

        —"Aita, juanen gira oro alkarreki:

        etxera jinen zira pena handireki,

        bihotza kargaturik, begiak bustirik,

        eta zure alaba thunban ehortzirik".

 

        —"Ahizpa, zuaz orai Sala'ko leihora,

        ipharra ala hegoa denez jakitera.

        Ipharra balin bada, goraintzi Sala'ri.

        Ene khorputzaren bila jin dadila sarri".

 

        Atharratzeko ezkilak, berak errepikatzen;

        hango jente gazteriak beltzez beztitzen.

        Andere Santa Klara hantik phartitzen.

        Haren peko zaldia urhez da zelatzen».

 

Zenbait urkabe-bertsu, Lanz'ko lapurrena,

ta amairu eriotza ein zitunarena,

ta abar, kantatu ziran orien urrena.

Ikus emen Imozko apezgaiarena.

 

Urka-bear bakoitzak bere egin-okerra

berez naiz bestez, ba zun koplatzeko oitura.

Gure gaiztagin onek ba zizun eskola,

ta Jainkoak lagunduz mintzatu zan ola:

 

 

        IMOZ'KO APEZGAIA

 

        «Egirik bada, egi da naski,

        urka-bearraren itza:

        aundiena da Jainkoarena,

        arren urrena apez-itza.

        Bi oon tartean, ez da gezurti

        ni lakoen eriotza.

        Entzu itzazute zengait egi-itz

        adieraz aal banetza.

 

        Jainkoak deitu nindun bidetik

        aldegin nuen, damurik.

        Aren legea erakasteko

        ez nuen izan gogorik.

        Orain, ordea, emen nagozu

        jendei aurpegi emanik,

        urkamendiko eser-lekua

        sermoi-alki biurturik.

 

        Senar-emazte bi semerekin

        il nituen gau batean;

        iñork ikusi ez nindula-ta

        geldi naiz erdi-pakean.

        Barneko oiua ezin isilduz

        nenbillen urtebetean,

        gauezko loa egiten nula

        pekatu aren gaiñean.

 

        Eliz batean sartu naiz eta

        aditu dut bear ainbat;

        oiu sarkorrak entzunik ere

        biotza zekena daukat.

        Apaiza ari zan, pekatu egin

        ta gorde oi dunarentzat:

        neretzat jator itzegin arren,

        nik ez itz aiek neretzat.

 

        Jainkoa (apeza) «Kain» oiuka

        ta Dabid'i igarle Natan;

        barnean piztu nai zuen arra

        neronek itotzen nuan.

        Aiek gogor, ni ez biguiñago,

        aldegin nizun andikan,

        piztu nai zuen ar arengandik

        iges egin ote-nezan.

 

        Alako batez, geroenean,

        atzitu nau justiziak;

        ezin biguindu zuten biotz au

        presondegiko kateak.

        Eriotzera galdu ninduten;

        orduan ziran nekeak!

        il-bildur onek mendera ditu

        ni lako ezigabeak.

 

        Nere buruaz, noizbait bear ta,

        lotsatzen nintzan asia;

        eriotzaren mugatik ara

        ba da leize izugarria.

        An erortzea jakiña neukan

        ez banun damu bizia;

        apeza laister eskatu nizun

        ta, argaz zeruko grazia.

 

        Gizon santu ark astindu nindun

        burutikan beatzera;

        barren au lasa-naiez, aipatu

        zidan Jaun errukibera.

        Bildur-lotsatiki eraiki nindun

        Jaungoikoa maitatzera,

        Jaunak bakarrik eskuan daukan

        maite-damuan urtzera.

 

        Pekatu ordez eskaintzen diot

        eskatu ere eriotza;

        urkabez baiño damuz iltzeko

        berri zadala biotza.

        Ez dut ez etsai nik, urkabea

        altxako didan arotza;

        ez, estutuko naun sokaduna;

        ez dut ikara lur otza.

 

        Lepa-sokaz bat egiten dula

        bioz-damua leer bedi;

        gaiztakeri ook an urtu bitez,

        zerura zuzen jun nadi.

        Baiña ordurako, zentzua galduz,

        ontan iraun ez banegi,

        ordukoz orain damu dut, Jauna,

        damu biotz-biotzeti.

 

        Zuk, nere eskuz ildako oriek,

        barka idazute zerutik:

        Jaunaren altzo maitagarrian

        ez daiteke gorrotorik.

        Barka idazute, nere etxekoak,

        utzi zaitutet bezturik;

        damuaz, orde, nola barkatzen

        ikasi Jainkoagandik.

 

        Neri begira zauten guzi ook,

        ikasi zer dan gaiztoa:

        emen nauzute nere egiteaz

        urkabe ontan igoa.

        Luzaro bage, biurrez estu

        didatenean lepoa,

        buka zazute, neronek ezin

        bukatu dutan Kredoa.

 

        Berriz ta berriz azkeneraiño

        barkatu, Jesus aundia!

        Idazu gaur gaur paradisuan

        lapur onaren zoria.

        Zure laguntza-bidez idazu

        damu erdiragarria:

        ikusiko dut Jainkoren Jainko

        itzaltzen ez dan argia».

 

Arloa bukatuxe gauerdi aldera,

ezin utziko dute linaien ondarra.

Nai ta nai ez erre edo irun ein bear da:

ostera, billa dator gauerdiz sorgiña.

 

Danbolin'en andreak komeri egiten

atxo guziak ditu parrez urrarazten.

Amonak sukaldea txukun du ekortzen,

aingeruk, ez sorgiñak, dantzatu ditezen.

 

Beteluko sorgiñak orduko bil ziran

Lekunberri-ondoko bideburu artan.

An egin zuten dantza uju tarrapatan;

aurrek loa gozoa etxe-oialetan.

 

aurrekoa hurrengoa