www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau Erakasle Euskalduna
Juan Antonio Mogel
XVIII.mendea, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa  

ERAKASTE XX.

Jan ta edan geiagiaren gañean

 

        G. Zeren gañean izango da gaurko Erakastea?

        E. Jan ta edan geiagiaren gañean.

        G. Zer du baña zer ekusi bostgarren mandamentuak geiegiazko jan ta edanarekin?

        E. Txit asko; bada eriotza eman ta artua eragozten diranean, eragozten ere dira osasunaren kalteko gauza guziak; ta geiegi jan ta edatea dira osasunaren kaltean. Eta zenbat beste kalte?

        G. Noiz izango da bada bekatu astun edo mortala geiegi jatea? Ezagun ta jakiña da edanaren bekatua orditzen danean bat bere borondatez. Baña jatean, egon liteke bekatu mortala?

        E. Bai ta ona noiz. Beñik bein da bekatu mortala Elizak agintzen dituen baraur egunetan bear ez dan orduan jatea baraur egiteko obligazioa dutenak. Orobat jatea aragi gauzak egun debekatuetan arrazoi zuzen, ta bidezko gabe.

        2. Jaten danean osasunaren kalte andian, ta ezagugarrian. Zenbat joan dira beste mundura sabelari geiegi emanaz? Badira batzuek; dio San Pablok, sabela Jangoikotzat artzen dutenak. Quorum Deus venter est. Izan dira bat baño geiago egin dutenak tema edo apostea nork geiago jan, ta etorri zaiztenak emendik kalte andiak osasunean, ta eriotza ere bai.

        3. Kastatzen danean geiegi janaz etxeko kalte ezagutuan, zorrak egiten dirala, edo larga pagatu gabe, mai ugari ta geiegia idukita.

        G. Jauna, enzun degu noiz bait aotik sartzen danak ez duela anima loitzen, ta bai irteten duenak.

        E. Egia batekin esan dizute herejia andi bat. Itz gaizki aituekin baliatu dira herejeak erakasteko Elizak agindu ezin dezakeala baraurrik, ta eragotzi ere ez aragia jatea. Eta zer? Adan, ta Eba etziran galdu Jangoikoak debekatu zien fruta janaz? Etzituzten galdu beren animako ta korputzeko doai ta grazia ederrak? Zorigaiztokoak bada Jangoikoaren ordez Elizak debekatzen dituen egunetan aragia jaten dutenak arrazoi zuzen gabe, baita ere baraurrak ausitzen dituztenak.

        Noiz edo berriz gertatzen da zerbait jatea lotsaz, edo munduko zer esanez, gaitzen bat egingo diolako zaio, susma edo sospetxarekin. Ez da bekatu mortala ziur, ta gaitz andia egingo diola ezpadaki; ala ere geiago kontu egin bear da osasunarekin, sabelaren atsegin apur batekin baño. Jaten dalakoa egin, jan gauza gutxi bat, ta onekin kenduko da zer esana, ta gorputzak ez du kalterik izango osasunean.

        Gaixorik daudenak, medikoak eragotzi dienean zerbait jatea, obeditu bear dioe ta ez jan, beintzat kalte ezagun ta andia egingo diola deritzon dui edo beste. Kalte txiki edo gutxiaren beldurra badago, ez da bekatu mortalera elduko alako jatea.

        Baña zer esan sabel gaiztoko batzuen gañean, zeintzuek ondatzen duten etxea erregaloa erregaloaren gañean billatzen dabiltzala? Zenbat jaun edo andikien etxe daude zor gogorren azpian, konbite ots andikoak, ta munduan izena artzea gatik, egiten dituztelako? Lengo andikiak etzuten ezagutzen ez onelako mai aberatsik; zortzi edo amar prinzipioko bazkaria ez da gauza anditzat ezagutzen. Itxaso ta ibaiak eman bear dituzte arrairik onenak; egaztiak ugari ta mota askotakoak agertu bear dira maira. Zenbat beste asmazio sukalde-neskatxak arnasa artzeko astirik ez dutela! Nola damatxoak ase eziñ diran janzi edo soñoko asmo berrietakoz, ala da janean ere. Modara jan bear da, modara maia sentitu, ordua ere modakoa; lo egin bear dan orduetan, gaberdian apariaren erdian. Itz gutxian, janak ta jaunziak ondatzen ditu etxeak, gelditzen dira oñean zorrak, egiten dira berriak; artzekoak dauzkatenak ixillik egon bear, kaltez bada ere. Ondorengoak irtengo du esanaz, ez duela, maiorazkoak ezer zor; ta ala edo pagatzen ez dira, edo ez guziak, edo nekez ta modu gaiztoan. O konzienzia ederrak! Itz egiten da portizki, ta sendo sendo lapurren kontra, ta iñork ezagutu nai ez du lapurreta prestu ta onradu bat, zeña dagoan iñoren kostura mai ederrak idukitzen. Ixiltxorik dijoaz asko infernura. Zergatik kondenatu zan Ebanjelioko aberatsa? Mai andi ta ederraren zalea zan; janzi arroak billatzen zituen; au ere iñoren kalte ta zorrik egin gabe. Lazaro pobrearentzat gogorra zan, bada maitik erorten ziran ogi apurrak ukatzen ziozkan, bere zakurrenzat jana falta ez pazan ere. Iltzan aberats au beste bizio ezagun gabe, ta dio Kristo ber berak, enterratu zala Infernuan. Suaren goritasunak ematen zion egarri amorruzkoa; eskatzen zuen ur puska bat, ta ematen etzitzaion. Mingañ erregaloetara oitua bere bizitzan, ardorik ederrenakin gozatzen zanak, ezin antxitu du ur puska bat, ta nondik bekatu egin zuen, andik zeraman tormenturik latzena. Kastatu zituen ondasunak jan edan geiegietan, pobreai laguntzen etzien, ta gero jo zuen beste gabe Infernura. Ezta au Surio, ta Kantinpratoren ejenplo, enzute gutxi emango zaiona; da Ebanjeliokoa, ta Kristo ber berak kontatua. Sinistuko zaio? Orain bada, zer itxeron lezakete geiegi kastatzen dutenak janean ta janzian, pobreak bear lukeenak arrotasun, anduste, edo banidade mundukoak daramala? Norako dira etxeak zorpetu, zorkillak atzetik gaizki esaten dauzkenak, ta gero errentero gaixoai errenta berri ta gogorregiak egozten dizkieenak? Konfesatzen dira? Bai noiz edo berriz; akusatzen dira bekatu oek, ta ain astunak? Ezta burura etorri ere. Ezagutu bear ez lituzke? Bai; baña animako begiak odiatu ta geunduak dauzkate, ta igarotzen etzate Zeruko argiak. Zorionekoak begiratu ta pobre zaleak.

        Baña zenbat bekatu txiki izeneko edo benial egiten ez dira jan ta edanean! Zein gutxi diran bear bezela ezita daukatenak gustoaren sentidua! Zein gutxi diran premia utsez gelditzen diranak! Korputz ustelbera ta bekatuko au mantentzeko ez lirake gauza asko bear: Adanen jana bekatu ondoan zan izerdi ta nekearen irabazi laburra; piko orri batzuek estalkia, ta gero larruren batzuek. Ordea bere ondorengoak arkitu nai dituzte Paradisuko erregaloak, bekatu gabeak balira bezala. Pitxi, ta edergarri guziak, asmatu ta asmatu, billatzen dira buruak agertzeko munduan. Jaten da bada geiago atsegin utsez, korputzari iraunerazotzeko baño; orduetatik kanpora noiz burura datorren; billatzen dira janaririk gozagarrienak; jaten da sabela ixildu artean, ta bear bada onek eskatzen duen baño geiago. Gatzgabetxoa, edo erdi motela badago jatekoa, zerbait palta bazaio, ixillik egon bearrean, nolako erriertak neskame sukalde-zai, edo kozinerari? Maian jarri baño lenago gogoa mai onean, zer jango ote det? Nolako bazkaria ipiñiko ote zat? Biotza lenago betetzen da sabela baño. San Bernardo batek negar egiten zuen maian jartzeko unean, atsekabe ematen ziola jan bearrak. Zein urruti gauden! Txokolatea egin ezpada Karakasko kakao bakar ta piñarekin, laguntzen ezpadie azukre, ta kanela ederrak, igui ematen du, ta banidadez kontatzen da, nere txokolatea bai dala! Ala gauza guzietan atsegin osoa eman nai zaio gusto erabageko ta inoiz paketzen ez danari. Mortifikazioko birtutea zer dan ondo dakitenak, ta Kristoren eskola barrukotzat daudenak ere amiltzen dira onetan; ugartzen dira animak bekatu benial jarraituekin, ta biltzen dira sugai edo erregarri asko Purgatoriorako. Ez dute zer sinistu birtutean aurrerapen egiazkorik egitea, sentiduren bat badago ezi bage, edo ematen bazaio oituraz eskatzen duen gusto edo atsegin alperra. Jangoikoaren Erreinoa ez da jana ta edana, dio San Pablok. Esauri, zerk galerazo zion aitaren maiorazgo ta bendizioa? Mortifikazio piska bat sabelari gose apur bat ez emanak. Zenbat Jangoikoaren bendizio eder, zenbat animako atsegin eder galdutzen ez dira sentiduak bidegabero gozatzea gatik! Birtuteko bidean sartu zeratenak, sinis nazazute, ukatzen badiozute sentiduei alperrik eskatzen dutenak, izango dituzutela orazio, ta komunioko mai ederrean atsegin milla bider gozatsuagoak, ollagor, eper, bildots, ta korputzeko beste janari guziekin baño.

        Baña ez dira ixillik igarotzekoak Espiritu Santuaren esaera oek. Jan geiegian egongo da gaitza, edo eritasuna. Jan larregiak asko eraman ditu eriotzara; baña begiratua danak jaanean, luzatuko du bizitza. Jan neurrigabeak, edo asko janak dakar kolika, edo sabeleko miñ portitza. Berriz nolako kalteak animan? Kentzen du eragabeko jateak Jangoikoaren gauzeen gozotasuna, illuntzen du entendimentua, borondatea dago sabelean; aragia azkortzen ta arrotzen da tentazioetarako; asko janak azkenean dakar murmurazioa postre gozotzat; jaio oi dira erriertak. Jarri edo eseri ziran Israeldarrak jan ta edateko, ta jaiki ziran dantzatzeko ta gero adoratzera Jangoiko gezurrezkoa. Ijituko kipulakin azturik, Jangoikoak ematen zien janariaz asperturik, billatu zituzten edo eskatu beste janari batzuek; eman zizten Jaunak ugari galeperrak, ta beren sabeletan arkitu zuten eriotza. Oek dira fedeak erakasten dituen gertaerak. Dira asko, esan dezakegu Isaias Profetarekin zakur salobre, ta lotsa gaiztokoen gisakoak, ez dakitenak zer dan asetzea. Canes impudentissimi, nescierunt saturitatem. Itzeragiten die onelakoei Espiritu Santuak; Jan ta edan dezagun; berdin, laster illko gera. Esango balute bezala, ez galdu denporarik; ill ezkero ez da guretzat izango jan ta edaterik; orain goza gaitezen... Esan bear zuten laster illko gera, igaroko dira emengo atsegiñak; mortifika gaitezen eriotza on bat izaiteko (sic).

        G. Ez nuen Jauna nik uste orrenbat kalte zegoanik janean, zer esango dit bada edan bidebagearen gañean?

        E. Zer esan? Gauza asko esan nezakez, baña bear bearrak esango dizkitzudaz ezagutu ditzatzun askok ezagutu nai ez dituzten kalteak. Ala da; gutxi gutxi dira ardanzaleen artean ezagutzen dituztenak ordikeriatik datozen bekatu ta kalteak. Ez dute uste orditzen dirala auspez edo lau oñekoak bezala ezpadabiltza. Zutik etxera badijoaz, amar bider erorten ezpadira etxera eldu orduko, trokatzen edo errebesatzen ezpadute edana zakurrak jana bezala, begiak lausotu, oñak lokatu, korputza zabuka ebilli, ta mingaña motelduagatik, ez dute sinistu nai, gutxiago konfesatu orditu edo moskortu dirala. Ona beren konfesioa, ardoak zerbait berotu nau noiz bait, alegretxo ipiñi nau ardoak; baña Jangoikoari eskerrak ez nuen trokatu beste zatar batzuek bezala, nere oñen gañean etxera joan nintzan, ta gero oera errierta gabe. Galdetu bear zaie: eta emazteak esan zizun biaramonean orditu ziñala? Bai Jauna, baita agiraka galantak egin ere berandu etxera nintzalako, etxean bear diranak kastatzen ditudalako, ta sustraigabe itz egiten dedalako alako edan aldietan. Orra bada nola emazteak ezagutzen dituen obeto zure bekatuak zuk baño. Atoz ona, eta ala zoazenean etxera itza moteldurik, begiak lausoturik baten ordean argi bi ekusten dituzula, korputza zabuka, oñak lokatuta gelditzen zeranean, konfesatu bear izan bazenu, ondo konfesatuko ziñan? Ori ez Jauna, nere burua astunegia, ta mingaña lodituba gelditzen zat, ta ezin konfesio garbirik egingo nuke. Beraz etzaude arrazoi kristau gisakoan. Au ez da bekatu andi ta kalte andikoa?

        G. Noiz izango da bekatu mortala geiegi, edo bidegabeko edatea?

        E. Ori eranzun baño leenago jakin bear da oro bat bekatu egiten dala, naiz orditu didilla bat mas ardoaz, naiz sagardoaz, naiz beste edozein edarirekin: ordikeria osoa dala bekatu mortala, ezaueraz, ezautu bearraz, edo borondatezkoa danean. Ona zer dion San Paulo Apostoloak: orditzen diranak ere ez dute gozatuko Zeruetako Erreinoa; ta da esatea kondenatuko dirala, au aditzen da egiazko penitenzia egiten ez padute, zeña gutxik egin oi duten orditzeko oitura txarra dutenak: Neque ebriosi... regnum Dei possidebunt.

        Ona orain zuzenbide, edo adigarri jakiña. Galtzen dutenak argi arrazoizkoa ezagutzaz ta borondatez, Elizako Sakramentuak artzeko dui edo gauza ez dan bestean, egiten dute bekatu mortala. Ez dago egia au ukatuko duen jakitunik, ta edozeñek ezagutuko du egia dana. Orain bada joango baziña sazerdote bat gana oñak lokaturik, albo alboka, begi makaldu edo irabiatuekin, erdi illunean zaudela argi ederrean, ta min loditu ta katigatu nastearekin esango baziño: Jauna konfesatu nai det, enzun bear nau konfesioan, zer esango lizuke? Pizkorra balitza sazerdotea, esango lizuke: zoaz emendik ordu gaiztoan zuretzat; zatoz burla egitera Sakramentuari? Zu orain konfesatu oñen gañean nekez bazaude, gauza garbi ta zuzenik ezin esan badezu?... Sazerdote paketsu ta otzan bat balitz, esango lizuke: Gizon gajoa, zoaz etxera al dezun moduan, sartu zaite oean... Orra nola ez batak ez besteak konfesatu naiko zinduzkeen. Ez dute baña berak igarten, ez albo alboka egiten dutenik, ez mingaña moteldu zatenik, ta esango dute oñen gañean zebiltzala, oroitzen zirala biaramonean edanda zegoala ekusi edo egin zituzten gauzaren batzuek. Au ez da siñale edo ezaugarri ona sinistzeko orditu etzirala galanki. Amesetan igarotzen diran gauza askoz ere, oroitu oi gera iratzartuta gero, ta amesetan dagoanak ez du arrazoizko argirik. Ala bada moskor galantetik iratzartuta, oroi diteke mozkortza, edo orditzako denporan igaro zitzaionaz.

        Jauna, ni orditu nintzan uste ustekabean; ez nion igarri edateko unean anbeste igaroko ninduela ardoak. Atoz ona, edan zenuen asko? Egon ziñan luzaro edaten? Eta etzaitzu len orrelakorik gertatu? Noiz bait gerta diteke korputza aldi txarren bategatik gutxi edanda ere uste kabe ardoak geiegi berotzea; baña geien geienez asko edaten dutenak, edo luzaro orain puska, gero puska edaten daudenak igarri bear dioe jartzen dirala orditzeko irrisku, edo peligroan. Zenbat alditan lenago ere gertatu ote zaie beste orrenbeste? Berriz oituraz edo aldi askotan orditzen diranak, ezin iduki lezakete alako esesio ta estalgarririk.

        Eta trokatzea bekatu da? Ez beti, gutxi edanda, korputzaren aldi txarra gatik, ta ezauera gabe gaitz egin dionean, ez da bekatu trokatzea, edo errebesatzea. Ekusten dira ordi sats galantak iñoiz, edo gutxitan baño ez trokatzea; berriz ardan asko zaleak ez diranak, zerbait geiago kalte gabe edanda, bereala trokatzen. Baña ardo gutxik sentierazotzen dionak, kontu andiarekin edan bear du. Dakianak kuartillo batek galduko duela, ezin edan lezake kuartilloa bekatu gabe.

        Beste argibide bat igarteko noiz dan bekatu mortal edatea, au da. Dakianak zerbait geixeago edan ezkero, edo ardoak berotuta, onen indarrez egiten dituala bestela egingo ez lituzkean gauza gaizto ta bekatu mortalekoak, egiten du bekatu mortala ala edanaz, osoz orditzen ezpada ere. Ardoa ta lujuria dira senide urkoak. Ardoak dakar lujuria, dio San Pablok. Ardoaren berotasunak arrotzen du aragia, gutxitu entendimentuko argia; ta gero emendik oi datoz itz zatar, ta tentagarriak esatea, ikutze edo tokamentu loi ta animen galgarria egitea, ta zer ez? Bada edatea ardoa gaiztakeria oek eragiteko bestean da bekatu mortala, ta bekatu askoren itur-burua, zeña ausi bear dan salbatu nai bada. Eta konfesatzen dira onelako edateak? Bai berriz, moskor andi bat artzen ezpada, datorrena datorrela, ezer ezpalitza bezala, ez kausio edo jaramonik egin. Beste batzuek dituzu ardoa edan ezkero, poliki berotuta, erriertara emanak. Noiz geienez ekusten dira euskal errietan auzka, burruka, ta makillakak? Ardoak berotuta. Pesteetara dijoazenean gutxitan ekusiko dira burruka, ta makillakak soñu ta ardoarekin pizkorturik, pesta azkenerontz, edo pesta bukatuta, aserreak, deadarrak, aupadak, tentatzeak, ta burruka edo makillakak. Ala edaten dutenak, sartzen dira aserretik datozen bekatuen okasio ezagutuetan, jakin ezkero aserre erraza jartzen dala ardoa ondotxo edanda. Nork ez daki ardantegi edo tabernetan izan oi dirala burruka ta aserre gogorrak? Bitsa ezpañetan dutela; oñen gañean sendo egon ezin dirala ere, erriertarako bideak ematen, indar askokoa dala kontatzen. Zer dira edan leku edo taberna oek? Deabruaren elizatxoak, non eskillok edo kanpai orde enzuten diran baso ta pitxar soñuak, Jangoikoaren alabanzen orde, birao ta itz desonestoak.

        Egiten ere dute bekatu mortal edaten dutenak etxeko kalte ezagutuan. Zenbat ardanzalek galtzen dituzte etxeak, egin zorrak, emazte ta umeak bear lukeena, ardoak daramatela; asko edan, bear gutxi egin, zorrak geitu, pianzetan sartu, etxera berandu joan, emaztea ernegatzen, umeak negarrez, ta aziera txarrarekin; itz batean, bizi dira onelakoak betiko bekatu mortalean, bekatu askorekin katea sendo bat egiten dutela. Nork ausi kate lodi au? Zarrago ta ardo zaleago. Eta ondo konfesatzen dira? Bai berriz. Esan ezkero, tragotxo bat geiago ezarri det noiz bait; ardoak noiz edo berriz berotu nau; ona konfesio garbi ta zuzena, beste kalte guziekin konturik ateragabe. Ez dakit nik nori obeto datorkion Dabiden aoz Espiritu Santuak diona: Egonik gizona onra andian, ez du ezagutu; berdindu da abere arrazoi bageakin, ta beren irudiko egin da. Ez dirudi gizona, gutxiago kristaua, adinbage, edo arrazoia illunduta gelditzen danak ardoaren bidez. Ez du ezagutzen bere jatorri ederra. Abereak berak baño abereago egiten dirala. Abereai ez dieza janeraziko bear dana jan ezkero; bear duena edan badu, eramana gatik ibaira, makillaka ere edaneraziko ez diezu geiago. Ez dituzu zabuka ta albo alboka ekusiko gaiso ezpadira; beti daude bear egiteko indarrekin. Arrazoirik ez dute, Jangoikoak eman etzielako. Baña gizon ordi bat ardoz ase ezinda; ordi ordi eginda ere ardo eske ekusiko dituzu; oñak lokaturik, zabuka, albo alboka, ta Jangoikoak eman zien arrazoiaren argia illuntzen dute ardo-lañoarekin. Orra zertara dakarren Jangoikoaren irudi edo antzera egiña dan gizona. Ai, dio Jaunak, Isaiasen aoz, zeratenak sendoak asko edo ugari edateko, ta gizon indartsuak edari ordigarri mota asko sabelean naastuzeko! Ai goizetik jaikitzen zeratenok ordikeriari jarraitzeko, ta berandu artean edaten dezutenak. Bildu ditzagun kalte egiten dituenak ardo larregi edo geiegiak. Galtzen du korputza osasuna galtzeaz. Galtzen du anima arrazoia galduaz, ta bekatuz zikinduz. Galtzen ditu ondasunak asko kastatu eragiñaz. Galtzen du onra, bada estimaziorik ez du ardora emanak; iñork piatuko ezin dio ixillik gorde bear dan gauzaren bat; galtzen du Jangoikoa, ta onekin Zerua. Ez dira oek kalte andiak?

        Baña sinistu diteke? Gizon edale, ordi-satsak uste du bera dala gizonik prestu edo onraduena; berak dakiala kastatzen; taberna zaleak ez diranak gatik esango dizute dirala prestuez, dollor, zeken, zikotz, diru goseak; ardipat ez gastatzea gatik urkatuko lirakenak. Ederki. Eta onra andiko gizona da ardotan duena ta ez duena ondaturik zorrez bete, ta zorkillak justiziaz darabiltena? Onra andiko ta gizon prestua da edantegi edo tabernan zorrak egiten dituena, ta etxea galtzen duena, iñork eman nai ez diola aurrez dirurik, ta zatar baldres baten fama edo izena ematen zaiola? Zenbat prestuago da daukana etxean bear dan gari ta ardoa, zerekin erosi bear diranak iñoren kalte bage, ta dakianak non gastatu ta non ez? Ez da obe eskribauak etxean olesik ez egitea, umeai zerekin bizi-modua eman idukitzea, errosario santua gauoro alkarrekin amorez ta pakean esatea, egotea baño beranduraño kanpoan kastatzen, ta gero errosario orde deadarra ta biraotzarrak egiten, zerekin umeak zuzendu ez daukatela?

        Jauna, arrazoi andiarekin itz egiten du orrelako edale ordi etxe ondatzalle, erriertari, biraoti, ta luxurioso gaiztoen gañean. Baña nik ez diot iñori gaitzik egiten ardoan igaroa gatik. Lotara noa ixill ixillik moskortzen naizenean, igarotzen zat goizerako. Badet zerekin kastatu etxeko kalte bage. Ez dizut guzia sinisten. Eundik bat topatuko al da ardanzalen artean zuk esan dezun bezalakorik. Baña dana dala, ordikeria benetako ta borondatekoa beti da bizio lotsagarri, ta animaren kaltekoa; beti eskandalo edo ejenplo gaiztokoa; au dalako bekatu ezagun ta ezkutatzen ez dana. Ezin komulgatzera joango dira Pazkoaz kendu artean eskandaloa bizio onetara oituraz emanak diranak; dira bekatari publiko edo agertuak, zeintzuei Elizaren aginduz eman bear ezaien komuniorik ondu artean erri guzikoak dakustela bere enmienda edo obetasuna. Ez dago bekatu au baño ezagun edo publikoagorik; ez du estalgarririk; erri guziak ezagutzen ditu nor diran, nola darabilten etxea, nola urte osoetan bat diran. Ezagutzen ez dituen konfesoreren bati ateratzen dioe absoluzioa gezurrekin, bekatuak erdikindu, murritu, ta edertuaz, baña onek ez dio komuniorako aterik idikitzen. Eskribiturik dago desegingo ez diran letrakin: Ez eman gauza santua zakurrai, ezta ere arri preziosorik egotzi ganadu belz, edo urde zatarrai. Ez da bekatari, geiago erabazi duenik zakur, ta urdearen izena, nola dan ordia. Ordia ta urdia gauza bat dira. Orditzen diran askok trokatzen dituzte edanak, zakurrak jana bezala. Ekusten dira orditu asko eroririk, ta zikindurik lokaitzetan urde zatarra bezala. Eta oei komunio santua eman? Oen eztarrira igaro Jesu Kristoren aragi Jangoikozkoa penitenziaren bidez, ta bizitza on batekin, anima garbitu, ta eskandaloa kendu artean? Nam et ad vos administrantes, utor verbis S. Chrysostomi, sermonem convertere necessarium est, ut multo cum studio haec dona distribuatis. Non parva vobis imminet ultio, si quenquam illius culpae conscii, huius mensae participem esse concedatis: sanguis eius de manibus vestris exquiretur; sive quis Dux militiae sit, sive praefectus, sive Princeps diademate coronatus, indigne autem accedat, prohibe; maiorem illo potestatem habes. Haec quotannis legimus. Nihilominus videmus ebriosos omnes ad mensam Domini accedere. Ergo non parva imminet ultio illis Parochis, qui Sanctum dant canibus, et margaritis omnibus preciosem Christi Carnem, mitunt in porcos. Ergo publice neganda est communio, etiam si confessi accedant, illis ebriosis, qui frequenter hac in re delinquunt, qui subertunt domos, et nullam possunt afferre excusationem: Nulla in patitur injuriam fama, qua carent. Concussi terrore cum ejiciuntur ex altari, agnoscunt iniquitatem: amici, et domestici subsannant eos, quasi excommunicatos. Experientia teste loquor. Opinio omnium theologorum est, non esse admittendos admensam Domini peccatores publicos. Siebriosis, consuetudinariis recidivis non est neganda communio, cui deneganda est?

        Baña dakuskun Eskritura santeetan esan danaren argia, ta zertara ekarri zituen edan geiegiak gizon gaiztoak ez ezen, baita ere on, ta ustekabe orditu ziranak. Gizon on ta santua izan zan Noe. Orditu zuen bein eskuartean matsa estuturik atera zuen ardoak, igarri gabe burura igoko zionik; bada etzan ezagutu mats-ardoa lenagoko denporetan. Burura igo zionean, gelditu zan dezenzia gutxirekin; parre ta siñu egin zion iru seme zituenetik batak, ta beste biak estaldu zuten arpegia alderaturik. Biurtu zanean bere konorte edo ezaguerara, bedinkatu zituen bere seme on estaldu zuten biak; ta beste gaizto burlariari adirazo zion nolako kastigoa itxeroten zien berari ta bere ondorengoai. Onela, orditze kulpa gabeko batek ekarri zituen Kanaanen seme-alabetara mendetasun ta kalte asko. Gizon ezin obea izan zan Lot; orditu zuten bere alaba biak Ordituta erakarri zuten engañuz berekin parte artzera igarri gabe aita gaixoak. Eta noiz? Bekatu zikiñak gatik beren begietan bezela Jangoikoak erre zituenean erri osoak jende ta guzi, goitik bialdu zuen suzko euriarekin. Mundu guzia beldurtu zuen. Olofernes Soldau askoren buru ain enzuna, noiz galdu zan? Orditu zan aldi batean; emakume batek ebaki zion burua, ta au eraman zuen zaku batean, ta galdu zuen ejerzitua ere. Noiz kendu zioen Dabiden seme Amnoni bere bizitza? Burua berotu zuenean ardoz. Esan zien Absalonek bere mutil morroiei, zaudete zai noiz orditzen dan Amnon, ta orduan ill zazute. Observate cum temulentus fuerit Amnon. Noiz irten zuten Israeltarrak Jangoiko egiazkoa adoratzetik? Jan ta edan galanki ta astiro egitera eseri ziranean. Noiz ebaki erazo zion Herodesek burua San Juan Bautistari? Konbite andi batean. Bai kristauak, nora niñoake kontatu nai banitu ordikeriatik etorri diran ondoren txarrak? Baña guziz dakartzi kalte andiak aragia daramalako bekatu loi itsusietara. Luxuriotsua da ardoa, dio Espiritu Santuak. Sabel ardoz berotuak erraz ematen du luxuriaren pitsa, dio San Jeronimok. Ordikeria guzia da urdekeria, bizio guzien gurasoa, gaiztakeria guzien iturburua, dio San Agustinek. Eurrez edo bata bestearen ondoren ausierazotzen ditu Jangoikoaren mandamentuak. Bere sabela da bere Jangoikoa. Ardoz berotuak arin egingo ditu juramentu bidegabeak, maldizio ta biraoak. Jaiegunak naiago ditu jan edan ta ardantegirako Elizarako baño. Guraso ordi batek emango die aziera gaiztoa bere umeai, ta ume orditu danak lotsarik, ekarriko ez dio gurasoari. Burua berotu ezkero, aserrea, burrukak, ta kolpeak. Zenbat itz desonesto, eskuka ta tentazio bide? Ardoa izateko ostuko du edozein gauza, iñoren honrari begiratuko eztio. Baña gaitz bada ere ezerekin beldurtzea, ta geiago konbertitzea ardo geiegira emana, kontatuko ditut ejenplo edo gertaera arrigarri bi. Ona lenengoa.

 

 

Ejenplo I

 

        Erakurten da anziñako Eremitar, edo Padar santuen bizitzetako Libruan, sartu zala gazte bat munduari largata basamorto batean, non egiten zituen penitenzia izugarriak. Deabruak ezin ikusirik eremutar gazte batengan anbeste orazio ta gauza on, ekin zion tentazio loi ta ezin zatarragoen bidez; ezin artu zuen atseren ta arnasa apur bat. Ala ere garaitzen zituen guziak biotzean sarrerarik ez emanaz. Zebillen buruz beera triste, ta pozik arkitu ezinik, ta esaten zuen, zer egingo ez nuke onelako tentaziorik ez izatea gatik? Agertu zitzaion Infernuko etsaia Aingeru eder baten itxuran, ta esaten dio Zerutik baletor bezala: Egin nai badezu nik esaten dizudana, ez dezu geiago tentaziorik izango. Egingo det eranzun zion gazte gutxi zekitzenak deabruaren mausa ta asmoak. Iru gauza oetatik bat egin bear dezu orretarako, dio gaizkin aingerutuak, edo andra batekin bekatu aragizko egin, edo gizon bat ill, edo bein orditu. O gazte eroa! Ez diozu enzuterik eman bear Aingeru gaizto orri, badirudi ere eder ta Zerukoa dala, erakasten dizunean Jesu Kristoren kontrako doktriña. Deabrua da. Gazte ero ark etzion igarri, ta bere tentazio guziekin irabazi zezakeana Koroa eder bat Zerukako iraun balu bere orazio ta penienzietan, galdu zuen anima. Asi zan eroa kontuak ateratzen deabruaren esanekin. Nik bekatu egin emakume batekin? Ori ez egitea gatik, ta pensamentu loi bati lekurik ez ematea gatik dira nere nekeak. Ez nik orrelakorik. Gizona ill? zeri ta zertara? Onen odolak nere odola eskatuko luke Abelenak Kainena bezala. Ordituko naiz bada bein emen ezkutuan, iñork ez nakusala; igaroko zat edana; ta tentazioetatik irtetzea gatik, egin dezaket. Edan zuen bada urte askotan ardorik aoan sartu ezpazuen ere. Erdi orditurik zegoala, deabruak eraman zuen andra bat baso artara santu bat erakusteko asmoz, ta sartu zan andre au gazte aren kobara edo mendi-gelara. Deabruak eman ziozkan orduan eremutar erdi edanari gerra andiak, ta erakarri zuen bekatu egitera andra arekin. Onen senarra joan zan bere andrearen billa ta arkitu zuen eremutar gaztearekin. Onek esan zuen beregan: iltzen ezpadet gizon au zabalduko du nik bekatu egin dedala bere emaztearekin, ta onen beldurrez ill zuen gizon gaisoa. Onela eragin ziozkan beste bekatuak, orditu zalako. O ejenplo arriak biguntzekoa! Santu andi bat izango zana egin zuen deabruak bekatari andi beingo batean, zekialako ardoaren bidez eragingo ziozkala bekaturik izugarrienak. Ai iraun balu orazioan! Larga ezpalio bere penitenziai! ardorik aoan, sartu ezpalu, ta nolako Koroa idukiko zuen gaur Zeruan! Enzun orain beste ejenplo beldur geiago emango diena ardanzale nekazariei.

 

 

Ejenplo II.

 

        Gizon opizio andiko bat zan ardora txit emana, ta zuen zorionez emazte Jangoikozale bat, zeñek beti eskatzen zion Jaunari nola edo ala beldurrez bazan ere, ekarri zezala senarra beragana. Egun batean ardoz berotuta zijoala gizon au, igaro zan zementerio edo illen obitegitik, ta arri batean labandurik jo zuen bea, ta artu zuen kolpe galanta, ta asi zan biraoka, alakoak oi duten bezala. Agertu zitzaion itxura beldurgarri bat, ta nola ardoak ez duen anbeste beldur, galdetu zion gizon edanda zegoanak: Nor zera zu? Ni naizana izango zera zu ere, erantzun zion defuntu beltzak. Zerana zerala, atoz nerekin apaltzera nere etxera, esan zion gizonak. Zoaz bada aurrera, ta nik geroago jarraituko dizut, eranzun zion defuntuak. Eldu zanean etxera gizon ardaotia, sartu zan arduratan egin zuen konbita gatik; esan zion emazteari zer gertatu zitzaion. Beldurrak igaro zion ardoaren indarra. Jarri ziran aparitan ate kalekoak morrollo ta giltzekin ondo itxirik; onik onenean jo zuten ate kisketa. Nolakoa gizon gaixoaren izerdi larri ta ikara? Emazteak esan zion: biurtu zaite Jangoikoagana; arzazu gogoa ez geiago ardorik eztarritik igarotzeko; bear bada barkatuko dizkitzu, Jangoikoak lengo bekatuak. Ala egin zuen gizon ark; etorri zan defuntua ateak orpotik aterarik, iges egin zuten nora al etxekoak, ta gelditu zan gizona maian igesik ezin eginda. Emen nadukazu, eman dizudan itza bete det. Non dezu jatekoa? esan zion defuntu izugarri ark. Iru egunen buruan etorriko zera nere konbitera. Agur, ta ezkutatu zan onenbesterekin. Emazte onak azkortu edo animatu zuen Jangoikoaren miserikordiarekin. Presta zaite denporarik galdu bage konfesio oso edo jeneral bat egiteko. Ala egin zuen negar andiekin; ta epe edo iru eguneko plazoa eldu zanean ames modu batean eramana izan zan leku ikaragarri batera, non ipiñi zizten janaritzat sugeak mai sutu batean, ta inguru artan zeuden munduan ardanzale ordiak izan ziranak. Esan zion defuntu itsusi agertu zitzaionak, orra niri ematen zatan kastigoa nere ardan edate ta ordikeria munduan egin nituenak gatik, edan zazu zuk ere emengo ardoa. Erdi illik zegoala gizon ura, iratzartu zan, ta biurtu espirituz egin zuen biajetik, nora joango zan benetan ta betiko emazte onaren orazioak erakarri ezpalioe penitenzia edo konfesio oso ta damu andiko batekin anima garbitzea. Aurrerakoan egin zuen bizitza guziz on bat, ardorik aotik igaro bage. O emazte errukarri alako senar ordi ta ardaotiak dauzkatzutenak! Zertako dira zuen biraoak? Nai dezute infernura jetsi senar gaiztoekin? Obe ez dezute aitatu dedan emazteak bezela eskatu Jangoikoari ondu ditzala zuen senarrak? Biraoka emaztea, umeak ernegu ta gorroto bizian, senarra ordituta, esan dezakete egiaz, nere etxea Infernua da. Infernus domus mea est. O gizon zorigaiztoko, bizio onetara emanak zeratenak! Zer esan zuek gatik? Defuntu ordi izan, ta kondenatua agertuta ere etziñokela largako oitura ondagarri orri. Abranek esan ziona aberats kondenatuari, erregutu zionean bidaldu zezala Lazaro: predikatzera senide lurrean larga zituenai, ez dezutela egiaz sinistuko, ez penitenziarik egingo pizturik defuntu batek predikatzen badizute ere. Neque si quis ex mortuis resurrexerit, credent. Daukazute Kristo Moises baño obeagoaren legea; daukatzuez profeta lege-erakaslak, ta oen esanik aitu nai ez da. Defuntu agertzearen ikara ta beldurra igaroko litzake ardoa edanaz berotzeraño burua. Zer itxeroten dizu azkenean ardanzale itxutua? Ona zer dion Espiritu Santuak: beren matsa, beazun matsa, ta mordoak guziz garratz edo mingoitzak. Dragoien beazuna beren ardoa. Edari ederra infernuan emango zaiena. Larga egidazute bada esan ditzadan Joel Profeta santuak esaten dizten itzak: Esna zaitezte gozoro ardoa edaten dezutenok, egizute negar ta ulu. Ken zazutez eman dituzuten eskandaloak. Ardo ain gozoro zuen aotik igarotzen dana, biurtuko zatzue animako pozoi gaizto. Igaroko da arin edanaren atsegiña, baña betikoa izango da ekarriko duen miña. Erraz billatuko dezute konfesore on bat aztertzeko anbeste pekatu nola egiten dituzten ardora emanak. Egin denpora guzi orretako konfesio jenerala prestaera onekin; larga lagun ta leku tentagarriak; utzi edateko okasio ezagunak; egin penitenzia oso bat. Ala izan didilla.

 

aurrekoa