www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau Erakasle Euskalduna
Juan Antonio Mogel
XVIII.mendea, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE VIII.

Madarikazioko itzen gañean

 

Benedicite, et nolite maledicere.

 

        G. Ekusi genuen igaro dan oraiñagoko doktrinan, nola onratzen dan Jainkoaren izena juramentu, zuzen ta bide onekoekin, nola desonratu gezurrezko ta beste bidegabekoekin. Ote dago Jaunaren izena desonratzeko beste bekaturik?

        E. Bai, ta au da maldizio, birao gaizto, edo lagunari ezarten zaizkan eskintza gogorrekin, ta alde onetatik arrapatzen ditu infernuko etsaiak anima geiago juramentu gaiztoen aldetik baño.

        G. Zer da maldizio edo madarikazioa?

        E. Da egoztea lagunari itzez, gaitz, edo kaltegarria dan gauzaren bat; nola diran esatea, arren illko al aiz, deabruak eramango al aute; ta pekatua da andiago, zenbat eta andiagoa dan egozten zaion gaitza; ala, esatea deabruak eramango al aute gaiztoago da esatea baño illko al aiz, gaizto ta kaltegarriagoa dalako deabruak eramatea iltzea baño.

        G. Zenbat gisa edo modukoak dira madarikazio, edo maldizio itzak?

        E. Iru gisakoak. Batzuetan madarikatzen da projimo edo laguna bere personan. Onelakoak dira esatea, itoko al aiz, ler edo estanda egingo al dek, Oñaztarriren batek eramango al au; egun on bat ekusiko ez al dek, lupu gaiztok joko al au; Jangoikoaren arpegirik ekusiko ez al dek, sabeleko gaiztok eramango al au. Noiz bukatu esan oi diran onelako eskaari benetan madarikatu, ta kristau onai illeak laztu edo zurtzen diztenak? Beste batzuetan lagunaren gaizki naiz, ta lagunaren diran aldetik madarikatzen da laguna bere gauzeetan, edo gauzak berak. Onelakoak dira esatea, Arren koko gaiztok eramango al ditu gari ta artoak, illko al zaizkik buztari (sic) idiak, Erreko al zako etxea... Beste batzuetan bakoitzak ernegutzaz biraotzen du bere burua, itzekin egotzirik gaitza bere buruari; onelakoak dira esatea, ni bezelakoak jaio ere bear etzuen. Ai! Amaren sabelean galdu banintza! Deabruak eramango al naute, ordu gaiztoan nere jaiotza; ta zenbat onelako?

        G. Bada beste madarikaziorik?

        E. Bai; madarikatzen dira beste kreaturak ere soil soillik, edo proximoaren gaitz iritzi gabe. Onela, zaldi edo idiren bat erori dalako, soroan sartu ta kalteak egin dituelako, edo eskuetan darabiltezen erremientak laguntzen ez dielako nai bezala, madarikatzen dituzte, erneguz, ta nasaitu nai dutela gaizki esanik alako kreaturen kontra. Oitura txatarra egiaz, baña ez ain gaiztoa nola dan lagunari egoztea bere personan, edo bere ondasunetan bere gorrotoz.

        G. Nai nuke enzun azaldura edo esplikazio zeze bat gauza onen gañean.

        E. Arrazoia dezu, zerren ez da erraz arkituko doktrina bearragorik, ta ala ez jakiñaz, ta ez ezagutuz daude okertasun asko. Guziak naastzen dituzte; juramentuak maldizioakin, maldizioak birao izen utsekoekin, ona gaiztoarekin...

        Ona lenbiziko jakinbide eztabaida gabea. Egoztea birao edo maldizio borondate gaizto, gaiz iritziko, edo gorrotozkoak proximoari bere personan, naiz bere gaizki naiz, bere ondasun, edo gauzaren batzuei da bekatu mortala, opa edo eskintzen zaion gaitza bada astuna geien geienean oi dan bezela.

        Emendik dator dala pekatu mortala esatea alako borondate gaiztoz, illko al aiz, ler egingo al dek, deabruak lagunduko al dik; etxea erre, edo ganaubak illko al zaizkik, oek diralako gaitz edo kalte astunak. Orobat aoz ezer ez esanagatik, biotzez eskintzen badira gaitzak, dira maldizio barreneko edo animatik irtenak, ta bekatu mortalak.

        Bakoitzak bere buruari erneguz ta benetan egoztea alako birao edo maldizio gogor ta astunak, ezagueraz, da bekatu mortala, ta andiagoa lagunari egoztea baño; zerren beartuagoak gauden gere buruak amatzera laguna edo proximoarena baño, beste gauza guziak berdin dirala. Nork ez daki bakoitzak bere burua iltzea gaiztoago, ta kaltegarriagoa litzakeala, proximoa iltzea baño? Bada bere moduz orobat batek bere buruari biotzetik maldizioak egoztea. Esan det erneguz, ta gaitziritziz danean; ez ordea bide onez balitza.

        G. Ori ezin aitu det; nola bakoitzak bere buruari eskeñi diezakean bide onez, edo bekatu gabe gauza kaltegarria?

        E. Bere edo besteren baten on andiagoa gatik, naiz Jainkoaren amorez eskintzen danean Elias Profeta Santua egon zan eriotzari deiez, zerren naiago zuen ill, ekusi baño desonraturik Jangoikoaren izena, ta bere kontra Israeldarrak egiten zituzten bekatu itxusiak. San Pablok madarikatu zituen kristau ondo bizi ziranen artean ereiten zituztenak azi gaiztoak, doktriña txaar, eta eskandaluakin. Utinam et abscindantur. Onelako maldizio santu asko (maldizioaren izena eman bear ezpazate ere) arkitzen dira Eskritura santako libruetan, ta guziak sortzen ziran Jangoikoaren amore, edo zelo garbitik, ez projimoaren gorroto gaiztoz; ta emendik artu ezin dezakete biderik Kristau ernegari, ta estuak gaitzak eskintzeko beren buruai, ta lagunari. Batek esatea, ill nazala Jainkoak bekatu egin baño leenago; naiago nuen jaio ezpanintza onelako bekatuak egingo banituen, ez da egiazko maldizioa, ta bai itzkera ona, zerren obe dan ni iltzea, ni ez jaiotzea Jainkoa ofenditzea baño. Job santuak madarikatu zituen bere sorrerako, ta jaiotzako gau-egunak, bekatua madarikatzea gatik. Eliza Santuak, zeñek utsik ezin dezakean, madarikatzen ditu bere etsaiak, Gentes Paganorum, et hereticorum detere tus potentia conterantur, ez egiaz gaizki naiz, zerren poz andiarekin artuko lituzkean, biurtuko balira bere fede edo sinistera, ta bai Jangoikoaren amore ta zelo garbiz. Gauza bat da bada lagunari gaitza opa izatea edo eskintzea bakoitzaren amore gaiztoz, ta beste bat Jangoikoaren amore garbiz eskintzea. Emen beti gordetzen da karidadea, ta lagunaren ongi nai egiazkoa; ez ordea bakoitzak bere amore gaiztoz, ernegazioz, ta gaiz iritziz biraoak ezarten diozkanean projimoari.

        Baña nolakoak izan oi dira geienean enzuten diran gaitz eskintzak? Aserre gaiztoz, ta ernegazioz sortuak. Ni bezelakoa illda balego; jaio ezpanintza. Zergatik ote? Bekatu egin duelako damu onez, ta Jainkoaren amorez? Zein gutxi! Aserre ta estu aldietan, gaitzen batzuek etorri zaizkolako, zorrak estutzen dituztelako, zartzako naigabeen indarrez, animako pake, edo pazienziarik artu nai ez dutelako. Eta orren prest daude iltzeko? Eta ill ondoan ez dago zerk beldurtu? Sinisten ez dutenak, ez Zeru ez infernu, ez juiziorik dala, eskatzea eriotza irtezeagatik esturagarrietatik, arritzeko gauza ez da; baña sinistea dutenak, nola eriotzari deiez egon biotz gaizki prestatuarekin? Kristau onak beldurtzen dira ill ondoko etorkizunekin, ta Kristau pazienziagabeak, ernegatuak, biotz zital ta irritua dutenak eriotza billa, zerua tentatzen? Non da fedea? Zertaraño eldu liteke kristau batzuen itxumen gogorra? Dakitela gezurra dala madarikatzen dute beren burua, deabruak naramala, bizirik jaiki ez nadilla, nik orrelakorik esan edo egin badet. Au, gezurrez, esatea, zer da, baizik eskatzea Jainkoari eriotza ta kondenazioa?

        G. Eta gerra denporan gaitzak eskintzea etsaiai, bekatu ote da?

        E. Zenbat onelako enzun ote da Franzesekin izan dan gerran? Franzes bizirik geiago jaioko ez al da. Ondatuko al da Franzia guzia, ler egingo al dute Franzesak. Zein gauza gaitza bear bezela eranzutea galdetze oni! Ona Kristoren doktriña. Bedeinka zazuz madarikatzen ta persegitzen zaituztenak, egin orazio etsaiak gatik, ez bendekuko orazio edo eskariakin, ta bai borondate ta amore karidadekoan sustraituz. Zergatik ala madarikatzen dira gerrako etsaiak? Egiten dizkigen kalteak gatik? Ostutzen dituztelako diru edo beste gauzak? Ori da bendeku utsa, Kristok eragozten diguna. Gere bizitza kendu nai digutenai ere, ezin eskini gentzake gaitzik. Ezagutuko bagenu, nola geienez datozen alako gerra-azoteak gure bekatuetatik, geiago dendatuko giñake negar egitera, adoratzera joten gaituen Jaunaren eskua, muñ egitera bere justiziako zigorrari, etsaiak madarikatzera baño. Ordea gere bekatuak ezagutu nai ez ditugu, kentzen ditugu fedeko begiak Zeruetatik, ezarten ditugu lurrean, ta begiratzen diegu etsaiai aragiaren begi gaiztoekin.

        G. Gauza sinis gaitza esan dana. Eragotzita ezpadago etsaiak iltzea gerra zuzenean, nola egon liteke madarikatzea, edo eskintzea gaitza?

        E. Ez bide dakizu ondo zer diozun. Gerran etsaiak, iltzea bendeku utsez, edo bakarrik nork beraren amore soill, ta aragizkoari begiraturik, da gauza eragotzia ta Jainkoaren Lege garbiak debekaturik dadukana. Baña ez da pekatu iltzea justiziaren amorez, ta askoren on ezagunagatik, etsai gerrakoai eriotza ematean gordetzen diranean gerra zuzeneko ordena, edo legeak. Emendik dator gerra gizon edo soldaduak ezin ill izatea entregatu nai diranak prisionero. Borrero batek justizia zuzenak agintzen dionean norbait urkatzeko, urka lezake bekatu gabe, ez ordea berari gaizki naiz ez gorrotoz, ta bai justiziaren amorez. Urkatzera daramanak noiz bait egin balio injuriaren bat, ta onen indarrez gogor ta pozik urkatuko balu, eginko luke pekatu urkatzean, dadukan asmo gaiztoa gatik. Ala gerran ere kendu bear da intenzio edo asmo gaizto guzia, ta bakarrik eriotza eman justiziaren amorez. Orra bada nola bekatua egon ditekean maldizioak egoztean gerra etsaiai, bakoitzak bere interes edo on utsari begiratzen badio. Projimoaren amorea beti gorde bear da; benganza bidegabea beti da eragotzi edo debekatua. Justiziak norbait urkaerazitzen badu, ta gu poztutzen bagera justiziaren amorez, ta munduari datorkion ona gatik, ez dago bekaturik; bai ordea gure gaizki naiz, edo gorrotoz gozatzen bagera. Gu bada poztuko bagiña gerrako etsaiak garaituak diralako, dala Elizaren kontra gauza kaltegarriak egiten dituztelako, edo dala justiziaren amorez, ez genuke bekaturik egingo. Baña maldizio aitatu ditugunak Franzesai egoztean, zer asmo edo intenzio zeukaten askok? Beren on edo interes utsa, gaizki naia, edo bidegabeko gorrotoa. Sinistuko zenuke? Bada Jainkoak debekaturik daduka edo nola, au da, alan gura, edo nola nai Deabru berari birao edo maldizioa egoztea. Ona zer dion Espiritu Santuak, Gaiztoak madarikatzean duanean Deabrua madarikatzen du berak bere anima. Deabrua ezin madarikatu dezakegu Jainkoaren kreatura dan aldetik, ez gure borrero edo bekatuen kastigatzallea dan aldetik bai ordea Jainkoaren etsaia dan aldetik; guk bere gaiztakeria madarikatzen badegu, gerenak ere madarikatzen ditugu; zerren guk ere egin ditugu bear bada deabruak baño gaiztakeria geiago baña aren ta geren gaiztakeriak zelo santuz madarikatzea ezta pekatu. Gerrako etsaiak ez dira Jainkoaren kreaturak? Ez da Jesukristo aiek gatik ill? Egin ezin dezakete penitenzia ta salbatu? Orain bada, deabrua madarikatu ezin badezakegu Jainkoaren justiziako ministroa dan aldetik, zergatik madarikatu gerrako etsaiak, egiten dizkiguten lurreko kalteak gatik, izanik oek ere Jangoikoaren justiziako ministroak? Zertako da berriz Franzes guziak arrapatzea maldizioetan? Zenbat kristau egongo dira reino edo nazio artan gaizkitzat ematen dituztenak beste gaiztoak egiten dituzten okertasunak? Ala bada esana esan, madarikatu genzakez gaizki egiñak, edo obra gaizto egiten dituztenak batez ere fedearen kontrakoak, ez ordea gaiztagillak berak, ez personak. Madarikatzen ditu Dabid Errege Santuak, Jangoikoaren agindu, lege, edo mandamentuetatik alde egiten dutenak. Maldedicti qui declinant a mandatis tuis. Ordea madarikazio au erorten da bekatuetara. Karidadeak izan bear du zuzendu bear dituenak gure itz ta gogo guziak.

        Zer esan bear da ganadu, patari, abere, ta giberriai (ganado lanak) egozten zaizten maldizio astunen gañean?

        Egozten bazaizte lagunaren gorroto edo gaiz iritxiz, esan degu dala bekatu mortala; zerren dan gaitza opa edo eskintzea projimoari bere ondasunetan. Ordea egoztea esturaz, bearrik ondo egin nai ez dutenean, soroetan sartzen diralako, edo onelako beste motiboren bate gatik; ta ez proximoaren kaltea dalako, izango da berez bekatu arin edo beniala. Baña oituraz egiten diran bekatu benialak dira kaltegarriak; ta prestatzen dute bekatu mortalera. Ekandu edo usario txarra artzen dutenak maldizioak ganaduai egotziaz, egiten ta errazten dira izkune gaiztora, ta gero erraz etorriko da ura egitera projimo berari. Badira kristau biotz gogor ta erruki gabeko asko, biraoka ta araoka esesten dienak arrazoi gabeko kreaturai. Gu gera Jangoikoaren esanak egiten ez ditugunak, bai ofensak, arrazoi ta fedea idukirik. Ganaduak serbitzen gaituzte gu obeto, guk Jangoikoa bera baño; eta zerbait uts egiten badute zaldi, idi edo bei arrazoi gabeak, guzia da deadarra, kolpe gogorra, ta biraoa. O erruki gabeko kristauak larga bada, larga oitura gaizto oni.

        G. Aitu det orain artean esan dana; baña ez diot nik iñori egozten maldiziorik; ez det esaten kristauak gatik illko al dala, ler egingo al duela, ez bestelako gaitzik etorriko al zakola; bai ordea birao txar batzuek Deabruak, Demonioa, Satanas, Barrabasa. Oek esatea bekatu ote da?

        E. Asko dago zer eranzun galdetze oni. Izen oek esan ditezke alde askotara. Batzuetan kontatze utsez, deitze gabe. Onela esaten da doktrinan, Demonioa dala gure iru etsaietatik bat, ta San Pedrok dio, gure etsai Deabrua dabillela gure inguruan. Jesu Kristok berak ere aitatu zituen Demonio ta Deabruaren izenak. Onela, Predikadoreak ere aitatzen dituzte erakastegi santuetan. Aitatze gisa au batere bekatu ez da. Beste aitatze bat da deitzez bezela izendatzen danean. Demonioetan, Deabruetan, Demonio, Deabru aserre aldietan, edo zerbait esatean. Ezeri ez dagokiola etsai oei deitzea iñoren kontra ez izana gatik, da oitura txatarra, bekatu beniala. Zein gauza lotsagarria Kristauen arterako! Batzuek nasaitzen dira itz oekin beren aserre aldietan. Obe litzake amore ta debozioz deitzea, Jesus ta Mariari gere esturasunean Infernuko etsai oei baño? Geiago kostatzen da deitzea izen ain santuei? Ez giñake nasaituko obeto deabru-demonioai deika baño? Ba da Euskal Errian itzkera askoren aora etortzen dana, ta da esatea utsari bezela deabruen etxe ta bidera. Deabruaren etxea da Infernua, bekatu mortalean dagoan anima; eta bidea bizitza gaiztoa. Utzi bear dira bada aitatze eragabeko oek bekatu benialak baño ez izana gatik.

        Beste baitzuek (sic) erasten dizte itz oek, edo ganaduei, edo gizaseme edo alabaren bati. Ganaduai erastea ere bekatu beniala da, ez bakarrik itz alperrak diralako, zeñegatik eman bearko degun kontu juizioko egunean. Jesu Kristok dionez, baitaere ganadu Jangoikoaren kreaturak diranai aserrez ezarten zaizteelako bear ez diran itzak.

        G. Baña kristau batak besteari egoztea izen oek bekatu mortal ote da?

        E. Ezarten bazaio maldizio gisan nola dan esatea, deabruak aramala, milla demoniok eramango al au, da gaitz ezin andiago bat eskintzea, eta izango da bekatu mortala, esaten bada eskandaluz, gerta dakion borondatez, ta oitura gaiztoz. Au gero adituko degu argiroago. Esatea kristau batak besteari noiz edo berriz gorroto edo gaitznai andi gabe, Demonio ori ken akit emendik, Deabru ori ator ona, ez da bekatu mortala. Ordea, baldin esaten zaion persona bada lotsa andia zor zaiona, ta gizon aituen iritzian, bidegabe edo injuria andia egiten zaiona, alako izen gaiztoak egotziaz, egingo da bekatu mortala.

        Emendik dator, izango dala bekatu mortala. Ume batek bere Gurasoari betaz beta esatea, Demonio, Deabru, Satanas, izen gaizto oek erastean egiten zaiolako ofensa andia ta galdu lotsa, sentikizun andiarekin gelditzen dalako Guraso gaixoa.

        Oro bat esatea berez Kristau batek Sazerdote edo Errelijioso bati aserre gaistoan: Demonio ori, Deabru ori, litzake lotsaari edo afrenta andia, ta bekatu mortala, baita ere geienez morroe edo mirabe batek egoztea alako izen gaizto sentigarriak beren etxeko jaun edo andreari. Bekatua da andia edo txikia, nolakoa dan ematen dan mesprezio edo ofensa; ta mesprezio edo ofensaren andi txikitasuna ezagutzen da persona ofendituaren nolakotasun edo zirkunstanzietatik. Mutil batek besteari esatea atoz ona demoniori, ez da ondo egiña; baña ez dio ofensa astunik ematen gizonen aurrean, ta ala ez litzake izango bekatu mortala alako esatea. Baña esatea ume batek arpegiz arpegi gurasoari, kristau batek sazerdoteari, serbitzari batek etxeko jaunari nork ezagutzen ez du dala naigabe andirako bidea? Jangoikoak agintzen die umeai gurasoak onratzeko, kristauai sazerdoteak errespetatzeko, ta morroe mirabeai lotsa gordetzeko beren nagusiei. Beraz desonratzen badira ofensa ta sentikizun andia artu oi dan itzekin, da gauza astunean ausitzea Jangoikoaren legea.

        G. Eta gurasoak umeai esatea, ator ona Demonio ori, Deabruaren seme ori, zer bekatu da?

        E. Gutxi gutxitan esatea, ez da bekatu beniala baño izango; ordea sarri esatea, edo izen gaizto oek erastea oituraz, da bekatu mortala, etxean ematen dan aziera ta ejenplo gaiztoa gatik. Seme-alabak ikasten dute doktrina gaiztoa, ikaratzen dira birao alakoak enzunda, jartzen dira kezka animako andietan bekatu mortalen bat egin ote duen gurasoari alako itzak esateko biderik eman ote dioen, aldi askotan gai edo motibo andirik eman ez dutenean ere. Auzoetan jakiten ta gaizki esaten da, alako guraso biraotiak gatik. Zer itxaron dezakete alako etxekoak? Ai! ta zein beldur izateko dan aotik sarri irtetzen duten Demonio izenak, irten ditezen animan dauzkeen etsai gaizto oetatik! Biotz beteak gañez egiten du, dio Kristok. Nola erregiñatuko dute Jesus ta Mariak Demonio ta Deabruen izenak ugari dabiltzan etxean? Kristoren umeak diran semeai esan ta esan Deabruen Ume ta Kastak? Ekusiko dira guraso gaizki azi batzuek aurtxo arrazoi gabeai biraoak ugari ezarten, negar egiten dutelako, pakean ez daudelako. Au da pago bati madari edo txarmenak eskatzea. Bestetik aurtxo alakoen animan dago Jangoikoa, daude garbi garbirik, dira egiaz bezela bere umeak, ta deitu deabruen umea, ta Infernuko kasta gaiztoa? Eta ori itzoro, sarri, ta eskandaluz?

        E. Bai, ta da burua gorde bear danean anima galtzalletatik. Kristok esan zien Apostoluei: zuen arteko bat Deabrua da, ex vobis unus Diabolus est, au da deabruaren lanean dabill. Esan zuen Judas gaiztoa gatik. Emakume batek esango balio garbitasunaren tentatzalleari, Urtikan prestuez, dollor, Deabru, demonio, edo Satanas gaizto ori, ez luke gaizkirik esango, ez bekatu txikirik ere egingo, bai egia esan, ta arrazoi onarekin. Alako tentatzalleak dira Deabruaren eskupeko, serbitzari, eta bitartekoak, ta iges bear zate Infernuko berai baño ere beldur geiagorekin. Esan itz gogorrak, ez egon makal, gatz gabe, otz otzik. Eztzaie ordea esan bear illko al aiz, demonioak eramango al aute, ta beste madarikazioko itzak; asko da aserre ta gorroto santu batekin beste itz gogortxoak esatea, iges egitea, ta igesik ezin badu, deadar egitea, ta gordetzea bere burua egin ala guziakin.

        G. Enzun ditut atsegin andiarekin gauza ain jakin bearrak, ta sinisten det maldizio astun, gogor ta biotz gaiztotik irtenak dirala bekatu mortalak, zeren gaitza nai izatea lagunari bekatu dala guziak dakiten. Baña alako maldizioak egozten ezpadira borondate gaiztoarekin, ta bai itz utsez aserre aldietan, ezin izango dira bekatu mortalak.

        E. Ezin eranzun nezake galdetze oni Santo Thomas Erakasle andiaren doktrinatik artu ditudan argiekin baño: Iru gisara, dio Maisu andi onek, maldizioak egotzi ditezke. Lenbizikoa, egozten danean gauza txiki, arin, edo kalte laburren bat eskintzen dala; onelakoak dira esatea, ujol, ujol, edo busti, busti egingo al aiz, eroriko al aiz min andi gabe. Itz oekin etzaio eskintzen lagunari gaitz andirik; izango dira bekatu arin edo benialak aserrez esaten diranean, ta au ere ez, adiskidetasunean, ta olgantza utsean esaten badira. Bigarrena, esaten diranean aserre txiki, ta beingo batean uste ustegabe bezela asmo gaiztorik biotzean ez dagoala. Ex levi motu, et subreptione. Irugarrena, gorroto oso ta borondate gaiztoarekin esaten diranean. Santu onen doktrina zuzena da; baña gaizki aditzen bada, izango da kaltegarria. Galdetu baño leenago eranzun oi dute maldiziogillak, Jauna, esan nion, illko al zala, bizirik etorriko ez al zala, arraio gaiztok eramango al zuela; baña bereala damutu zitzatan; gatzgabe esan nion. Damutu zitzatzun laster? Damutzea ondo da; baña ez du eragozten egin zan maldizioa gaiztoa izatea. Gizon batek beste bat banatzen edo iltzen badu, banatzalle edo eriotzgiñari damutuagatik, banatua ta illa; ill banatuak izango dira. Luxuriako bekatu andi baten erori zan Amnon Dabiden Semea; egun askotan ebilli zan okasio billa, ta bekatua eginda bereala damutu zitzaion, amoretik igaro zan gorrotora. Baña damu onek etzuen eragotzi, bekatua izatea len egin zuen gaiztakeria. Ala bada maldizio egiña maldizioa da gero damutua gatik. Beste askok uste dute borondate gaizto gabe esaten dituztela, aserrea igarotzen zaienean nai ez diotelako lagunari gaitzik etortzeko. Zenbat bider gertatzen da aserre aldian gaitza nai izatea, ta paketuta ez? Zenbat bider aserre orduan kolpetzen da projimoa, ta gero ez du nai alakorik egitea! Santo Thomasek dio mobimentu edo aserre txiki eta beingo batean, edo ustekabean bezela esaten diranak, bekatu benialak dirala. Baña ez dio aserre andiz, ta uste jakiñetan esaten diranak, dirala bekatu arinak. Ala bada noiz edo berriz adiskide diranak, gaitzik alkarri urrutitik ere nai ez dienak jokoan bezela ex ludo, edo gatz gabe aserre beingo ta txikian esaten dituztenak, ez dute bekatu mortalik egingo. Baña nork libratu bekatu mortaletik kristau aserre-erraz suturik egozten dituztenak oituraz edo sarri? Batean ezpada bestean izango dute borondate gaiztoa. Eta nolako eskandalua artzen ez dute enzuten dituztenak? Nola jakin lezakete oek, esaten dirala borondate gaizto gabe? Ala, errazak diranak maldizioak egozten lagunari, ematen dute zer esana, jarraibide, edo ejenplo gaiztoa; ez dute ezagutu nai beren bekatuak, konfesioan garbitzen dituzte beren buruak, esanarekin gaitzik nai ez nion, bereala damutu zitzatan, ta egiten dituzte konfesio ta komunio gaiztoak. San Pablok argiro dio: Maldizio gillak ez dutela sarrerarik izango Zeruetako Reinuan. Neque maledici... regnum Dei possidebunt; aditzen da, penitenzia egiazko ta ondu gabe. Judasen kontra mundu guzia jaikitzen da bere ezpañ gaiztoekin laztan edo apa egin ziolako Jesus bere Maisuari. Zenbat kristau mingain gaiztoko, maldiziogilla diaz Jesu Kristoren aragi ederra artzeera komunio santuan! O Judasen lagunak! O Judas baño gaiztoagoak, esan bear nuen! Daramazute mingain ta biotz gaiztoetara Jangoikoaren, ta Birjiña Mariaren Seme bedeikatu ta ederra? Konfesatzen ditut maldizioak komulgatu baño leenago. Bai, baña zenbat ederkeri, apainduria, ta estalgarrirekin? Eta non da ontzea? Non negar egitea? Etxe asko Infernu egiñik daude, gurasoak, alkarri iraasten dizte. Umeai zenbat? Oek zer ikasi dezakete alako eskolan? Zerbait kalte egiten bazate, matasa, ollo, ardi, ta asko alditan aza-kipula batzuek gatik, guzia da esatea arren bada besoa igartuko al zako, itoko al da... O itzketa infernukoa! Bai, ongi diot infernukoa; au da infernuko erdera, arnegu, ta madarikazioa. Ona zer dion San Joan Ebanjelistak: Infernuan daudenak Zeruko Jainkoari ezarten diozke maldizioak, oñaza, miñ, edo dolore andien indarrez. Blasfemaverunt Deum Coeli pre doloribus et vulneribus. Nolakoa izango da oen eriotza ta azkena?

        G. Kaltegarria ote da umeentzat gurasoak birao maldiziokoak egoztea?

        E. Nola ere dan. Nork esan zenbat kastigu egin dituen Jainkoak? Esan zion bein guraso batek zortzi urteko aurtxo bati, otso gaiztok jango al au. Etzan itz au utsean gelditu. Gurasoa bera joan zan meza enzutera; elizan zan artean sartu zan etxean otso eme otsakumetxuak azitzen zegoana. Etxean zegoan mutiltxoa, artu zuen otsoak, ta erdibitu zuen. Piztia gose ark jan erdia, ta beste erdia eraman zien bere umeai. Biurtu zanean gurasoa etxera, arkitu zuen odola ugari, ta aurrik ez. Zerua artu nai zuen negar ta deadarrez. Ordea etzuen biztu semetxo otso ta onen umeak irentsi zutena. Españako erri batean esan zion ama batek bere aurtxo bati, amorratuko al zaik; eta andik laster, baita niri ere. Enzun zuen Zeruak eskaari gaizto au; egun gutxiren buruan ama semeak ill ziran amorru gaitzarekin. Beste guraso, Aita Kalataiud ain enzunarekin konfesatu zanak, esan zien aserre batean bere umeai, illko al zerate; zeuzkan bederatzi seme-alaba, ta guziak ill zitzaizkon luzabide gabe. San Agustin elizako irakasla andiak dio, esan ziela bere egunetan guraso batek bere amar umeai, Arren paratuko ez al zerate. Guziak artu zituen korputz ikara edo dardara andiak; irten zuten erririk erri inon gelditu edo paratu ezinda. Santuak berak ezagutu zituan aien arteko bi anai arrebak, eta dio nola bera testigu zala sendatu ziran San Esteban martiri gloriosoaren erlikien aurrean orazio eginarekin. O Guraso gogorrak! Zuen aserre gaiztoa gatik etortzen zaizte seme alabai anbat kalte. Zuek eranzuten dezute, estuak eraso zidan, oitura txarrak atera zidan. Baña goiz edo berandu eraatsiko zaizte umeai zuen birao tzarrak. Amaren maldizioak aterako ditu zimentu edo sustraiak; berriz Aitaren bedeikazioak sendotuko ditu Semeen etxeak. Esan nai du Espiritu Santuak itz oekin, Amaren maldiziok galtzeen dituela etxeak, dala umeen ondabidea, eta aitaren bedeikazioak ekartzen dituela umeen gañera zoriontasun andiak.

        G. Gauza arrigarria, Jauna; Jangoikoak nai espadu gurasoak madarikatzea beren umeak, zergatik enzuten ditu beren eskari txar ta bidegabeak? Zergatik kastigatu umeetan gurasoen bekatua?

        E. Iru arrazoi gatik. Lenengoa, Jainkoak ezagutuerazi nai duelako gurasoen autoridade, jauntasun, ta eskubidea umeai agintzeko, ta oek ikasi dezen lotsa gordetzen gurasoai kastiguaren beldurrez. Bigarrena, kastigatu nai dituelako guraso berak beren bekatua gatik maldizioak erastean umeai. Irugarrena, kastigatu nai dituelako seme alabak, beren esan onik egin naieza gatik ematen diztelako gurasoai naigabe andiak. Jangoikoaren Legeko laugarren Mandamentuak dio: Onra itzatzuz Aita ta Ama, bizi zaitean luzaro lurrean. Beraz nola gurasoak onratzea dan bizitza luzea izaiteko bide ona, ala lotsarik ez gordetzeak izan bear du bizitza laburra idukitzeko gañibet ezkutuko bat. Gurasoak, kontu mingañarekin. Utzi itz gaizto, birao ta maldizio ondagarriai. Nai dezute jakin nola eskuratu, ta ezi umeak? Nola esanera ekarri burukomiñ ta kalte gabe? Azi Jainkoaren beldurrean txikitxotatik, erakatsi doktrina, ta lege santua, itz egiten asitzen diranetik; ez dezatela etxean birao ta maldiziorik enzun, ta bai egunoro Errosario santua ta beste itz Jangoikozkoak. Okerrik egiten badute, bizitza gaiztora ematen badira, larga biraoak, ta artu zigorra, ta gordeko dezu bere anima Infernutik, dio Espiritu Santuak. Tu viroa percuties eum, et animam eius de inferno liberabis. Maldizio orde egotzi bedeinkazioak, erregutu seme-alabak gatik Jaunari, ta esan sarritxo, Jainkoak adu onekoak egin zaitzala, ta onelako itz onak.

        G. Eta bekatu andia da ume batek maldizioa egoztea Gurasoari?

        E. Andia baño ez? Ona nolako epai edo sentenzia ematen zuen Jangoikoak oraingoa bezain santua etzan anziñako legean. Aita edo Amari maldizioa ezarten dion umea, ill didilla, ta bere odola erori didilla bere gañera. Zer itxaran dezakete alako seme-alabak! Orain kastigatzen ez da lurrean bekatua, orduan bezela; baña Kristauaren bekatuak andiagoak izanik, gerorako gordetzen ditu Jangoikoak kastigu guziz ikaragarriak, egiten ezpada egiazko penitenzia.

        G. Zein dira ordea geien erorten diranak maldizioko bekatuetan?

        E. Txit asko; baña ona ezagunenak. Ekusiko dituzu Jangoikoaren deikoak deristen asko, edo aterik ate dabilzan pobre eskatzalleak ematen ez dienean limosna, irteten dutela maldizioka etxe artakoen kontra; an dira birao arao gogorrak, etxe guzia erreko al dala; eskean ekusiko al dirala, egun gozorik ekusiko ez al dutela, ta nork esan zenbat biraotzar? Nik badakit, egiazko pobreai al dala egin bear zaiela limosna, ez dala gogorra izan bear berekin; eman ezin bada, ez arpegi gaiztorik erakutsi, ez itz txatarrik esan, ta bai esan arpegi amorezko edo errukiarekin, Jangoikoak lagun dagizula. Emango dana, eman biotz prestu ta borondate onarekin Kristo berari emango bagiño bezela. Gure modu gaiztoagatik bidaltzen badira anima naigabe ta penaz beteakin, beldur izatekoak dira pobren maldizioak. Ona zer dion Espiritu Santuak: Gose danari ez begi gaiztorik erakutsi; ta ez aserre biderik eman premian arkitzen danari; ez begirik atzeratu pobreagandik aserratu ez didin, ta ez diozu biderik eman bear maldizioren bat egozteko atzetik, zeren bere animako naigabe, edo mingoiztasunean irasten dizun maldizioa, enzuna izango da. Egia da gaizki egiten dutela pobreak alako maldizioak egozteaz, ta emengo ernegu ta biraoetatik igaroko dirala Infernuko biragillen artera egiten ezpadute penitenzia. O negar egiteko gauza! Emen daramate bizitza nekez betea, ta lapur gaiztoa bezala dijoaz asko kurutzetik infernura. Ai! jarraituko balie pobreak, Lazaro pobreari! Onek etzion biraorik egozten aberats zeken gogorrari, igarotzen zituen gosea, zauri ta oñazak pazienzia andiarekin; argatik eraman zuten Aingeru onak ill ondoan. Ez ditu enzungo Jangoikoak pobre, gaizto, gazte, alperreriak eskera ateratzen dituenen biraoak; ez da bestelakoenak ere, ezpadezu zer eman etxeko kalte ezagun gabe. Baña badira erri guzietan pobre egiazko asko, aterik ate ezpadabilza ere; ala ezpagera errukiorrak, oen naigabe ta negarrak igaroko dira Zerura ta maldizio gabe ere ekarriko dituzte kastiguak goiz edo berandu ondasunak iduki ta laguntzen ez dienetara.

        Erori ere oi dira maldizioko bekatuetan, senar ordi, ta moskortzeko oitura gaiztoa dutenen andreak. Etxera agiri ez diranean, edo moskorturik datozenean, au da beren soñu ederra: Azkenekoak edango al ditu, itoko al da. Au da senarra ontzeko bide ona? Senarra ordi bat, emaztea biraoti gaiztoa, umeak edo negarrez, edo oro bat gurasoai biraoka. Esan dezakete Infernua da nere etxea. Oro bat zelo gaizto edo bidegabekoetan sarturik daudenak, zenbat maldizio gorrotozko?

        Berriz nork esan zenbat maldizio egozten dituzten auzitan dabiltzanak? O auzi zorigaiztokoak! eta zenbat anima daramazuten Infernura!

        Ordea ezta erraz arkituko nork maldizio geiago egin oi duen, nola neskatx bekatuan erori, onra galdu ta galae ederrak ukatzen dionean bere gaizki egiña, edo eskeñi zion ezkontza. Orduan da esatea: Ah gezurti, palso andia! Mingañak irtengo al dik. Anbeste itz labañ eman niri, nerekin ezkonduko zala, etzidala ukatuko; juramentu egiten zuela, emango zidala ezkontza papela, leenago lurrak paltatuko ziola niri ematen zidan itza jan baño; ta orain galdu ni, agurtu bekatuaren igargarri ta frutua, ta uka? Asmatu, ez dedala berea, adiskide izan naizala beste batekin, ta utzi ni or konpon uts batekin? Mutil madarikatua, itoko al da, lurrak irentsiko al du, deabruak aidean eramango al dute; ez diot parkatuko eriotzan balego ere. Ai ezagutu ezpanu alako gizaseme anima gabea! O ni bezelakoa sortu ezpalitza! Ederki diozu, neskatx eroa! Zu bezelakoak sortu ezpalira, ez lizake izango anbeste bekatu ta eskandalu. Nora da zure anziñako amore itxua, egon ezin ziñala bera ikusi gabe? Galai gaizto ori, maiteago zenuen Jangoikoa bera baño; galtzen zenuen anima origatik. Enzuten zinituen orren itzak parre ta algara gozoakin. Orain berriz birao gorrotozko ta onik ekarriko ezin dizuenekin madarikatzen dezu. Irten bazenu zere asmoarekin, ukatu ezpalizu itz emana, izan bazenu zere gogoko ezkontza bekatuaren bidetik, zorionekoa ni, esango zenuen. Diot berriz, ta aspertuko ez naiz esatez: Infernuko tormentuen asipenak daramaztela emen Kristau askok beren biraoakin; damutzen zatela bekatua, ez Jainkoaren ofensa dan aldetik, ta bai lurrean dakarzien (sic) kalteak gatik. Infernukoen soñuak kontatzen dituzte emen geroko ondo ikasteko. An ere alkar madarikatzen dute bekatu lagunak, batak besteari ezarten dioela kondenazioaren kulpa, edo errua. Egia esan bear da, onera ematen diran emakumeak dirala txit gori ta beroak ontasunean; baña oro bat gaitzera obentzen badira. Ez dago zerekin berdindu emakumearen aserre sua, dio Espiritu Santuak. Non est ora super iram mulieris. Gorrotoan neurri ta mugarik ez dute, pakera ekartzen osoz txit gaitzak dira; ezten guziak baño zorrotzagoa da beren mingaña, gaizki esaka, ta biraoka jarduteko, ta eskuetan ez duten indarra, arkitzen dute ezpañetan; piztiarik gaiztoenen eden, edo pozoia arkitzen da beren ezpañ-azpietan. Venenum aspidum sub labiis eorum. Bai, emakumek bai, zuekin naiz oraingo aldian. Zoratzen zaizue batzuei, alabatzen zaituztenean gizon eroak eder-iritxi edo galantasun galgarri bate gatik. Enzuten badituzute itz labañak, zatarrak, amoragarriak, edo aurrera igarotzen badira gizasemeak eskuak lasai ta askatuak erabiltzera, parre galanki egiñ algara gozoak, ta arro arrorik esan biotz ondoan, zenbat maite nauten! nola naizan billatuagoa beste neskatxak baño! Aserratu bearrean sendoki, aienatu, edo urtikatu bearrean urruti, egon beren ondoan. Eta pakean igaro bear diran naigabeak, ez igaro aserre ta biraoka baño. Ixillik egon bear danean itz egin; ta itz egin bear danean ixillik egon. Zuzen dijoaz gauzak. Jangoikoaren grazia ederra galduagatik, ez estutu, ta bai naigabe lurreko bat izaten dan aldietan. Onelakoan, birao ta madarikatzeak. Basaurdea itxasoan, ta izurdea basoan. Ez ditut aitatu gabe utzi bear itxas aldeetan enzun oi diran beste soñu oek. Arraioa; Arraio gaiztok eramango al au. Marinel edo itxas gizonetan ugari dabiltza itzkera eder oek. Nik ezin aitu det nolakoa dan oen kristautasuna. Dabiltza arrisku edo peligro txit andietan, burruka bezela olatuekin aize portitz bat asko da jirabiratu edo itzultzeko onzi argala, ta dijoazenak bekatu mortalean, Jangoikoaren etsaitasunean, igaro ditezke txit erraz uretatik betiko suetara. Ordikeria, lujuria, ta biraotzarrak ez dira egiaz bide egokiak gorde ditzan Jaunak anbeste peligrotik. Arraioai deiez, estu dabiltzan bakoitzean; ito eginik edo itozeko zorian badabiltza, promesak egiten dituzte onelako edo bestelako Elizara joateko. Baña gero, aurrera biraoak. Daramate bizitza gogorragoa Kaputxino batena baño. Zer da ordea ansi, bizitza gaizto batek laguntzen badio? Igarturik dagoan aritz bati alperra da ezartea ongarri, sats, edo simaurra. Ezea badago asko aurreratuko du. Ala dira bekatu mortalarekin, au maite dala, laguntzen diran neke ta kurutzeak.

        G. Zer? Arraioari dei egitea bekatu ote da?

        E. Enzun kontuz. Arraioa uts utsik esatea geiago geitu gabe, berez ez da pekatu mortala; zeren arraioak esan nai du oñaztarria; ta esatea aserrez oñaztarria ez da bekatu andia. Nola deitzea sugea, otsoa, leoia, geiago esan gabe, bekatu mortala ez dan, ez da esatea ere soil soilik Arraioa, edo oñaztarria. Esango balu arraioa bere buruaren edo lagunaren gaitz naiz, edo beste itz gabe deseatzen duela erortzea arraio edo oñaztarria bere edo lagunaren kontra, ori litzake bekatu mortala. Baña geienez esan oi dute orrelako asmo gaizto gabe oitura txaarrez, ala enzun ta ikasi dutelako zaarretatik, ta ez dakitela geienak zer esan nai duen izen onek. Asko dira uste dutenak egin dutela birao andi bat arraioari dei egiñarekin; kezkatzen ditu asko konzienziak gaitz andi bat esan balute bezela ta egin dezakete bekatu mortala, berez mortala ez dan gauzeetan, mortal iritziz esan badituzte. Ala bada arraioa esateko oitura eduki dutenak, agertu bear dute konfesioan, uste bazuten zala bekatu andia, edo ez da baidaren batean egon baziran; ez berez bekatu mortala dalako; ta bai beren ez jakiña gatik, utzi bear da oitura txar au zerren asko diran jakituria gabeko jenden artean uste dutenak dala bekatu andia arraioari deitzea; ta etzaie eman bear eskandalurik enzuten dutenai; ta guziz gurasoak, daukatelako ejenplo ta aziera ona emateko obligazioa. Baña edozeñek ezagutuko du esatea Arraioak eramango al au, edo illko al au, dala maldizio andia, ta berez bekatu mortala, libratzen ezpada esalea gutxi gutxitan, gogo txar gabe, ustekabe edo beingoan bezela, ta eskandalurik ematen ez dala, esan duelako. Baña usarioz, edo oituraz esan oi dituztenak, ezin libra litezke bekatu mortaletatik, eskandalua gatik gutxienez.

        Noiz berriz ondo gogoan al dute, nolako bekatua dan borondate gaiztoko maldizioa? Nor arrituko ez da San Pablori enzun ezkero, maldiziogillak ez dutela sarrerarik izango Zeruetako Reinoan? Nori buruko illeak jaiki edo zurtuko etzaizko enzun ondoan San Agustin andiak diona, maldiziogillak eskua artzen dioela Jangoikoari, projimoaren kontra ematen dutela itotzeko, edo iltzeko sentenzia, ta Jangoikoari eskatzen diola borrero izateko, edo kunplitzeko berak eman dien sentenzia? O lotsagabetasun berdin gabea! Jangoikoa borrero egin nai? Agindu Jesu Kristok barkatzeko etsaiai, barkatuak izan nai badegu, ta guk eskatu berari kastiga ditzala? Noren gañera joko du kastiguak? Eskatzalle gaiztoaren kontra: Biotz gogorren jabeak gaizki ibilliko dira azkenengo orduan, dio Espiritu Santuak. Nai ditugu izan Zeruko bendizioak? Sartu bada betiko gere biotzaren barren barrenean San Pabloren itzkera au: Bedinka mundu guzia, ta ez iñori maldiziorik egotzi.

 

aurrekoa hurrengoa